www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Patxiko Txerren
Antero Apaolaza
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Patxiko Txerren, Antonio Trueba / Antero Apaolaza. Auspoa, 1962

 

aurrekoa hurrengoa

—III—

 

        Udaberriko arratsalde eder bat zan.

        Don Jose eta bere illoba indianoa, bakoitzak bere eskopeta anka artean arturik, zeuden muga baten gañean eserita, aurreko egian ji eta jau zaunkaz zebiltzan erbi zakur eder biri begira.

        —Osaba —dio Anjelek—. Uste det Pintok eta Leonek lorratza galdu dutela. Obe ez genduke etxera joatea? Zergatik illuntzera dua eta berori ez da gauzako gabaz bide txior abetan ibilteko.

        —Arrazoia dek, Anjel; arratsaldean asko ibilli ez bagera ere, oso nekatua arkitzen nauk; abarka zar batek aña ez diat balio, Anjel, eta onezkero, obe izango diat nik, neguan suan ondoan eta udan itzalean, pake pakean egotea.

        Osaba illobak jarri zituzten eskopetak bizkarrean eta fiut fiut zakurrei txistu egiñaz, jetxi ziran mendiyak bera.

        Anjel zijoan aurrena, eta etxera bidea utzirik artu zuan Etxe-alaira zijoan bide txiorra.

        —Nora goaz? Etxe-alaira? —esan zion Don Josek.

        —Bai, osaba; antxe atsedengo degu piska bat, eta nik erango det trago bat ur, egarriak itotzen nauka eta.

        Osabak, irribarre egiñaz, esan zion:

        —Ta, ta, ta. Anjel! Ainbeste baztar ikusiya izanik, ez daukak abilidaderik ire desioa ezkutatzeko.

        —Zergatik esan du ori, osaba? —esan zuan Anjelek, anpolaiaren kolorea artuaz.

        —Zergatik ez diat nik uste Etxe-alain atsegin lezakela, pago zar onen itzalean baño obeki, eta ur goxoagorik eran ere or altz tartean dagoan iturrian baño.

        —Baña, emen.

        —Esan zak emen ez dagoala Mikaelarik, pitxarra eskura emateko.

        —Osaba!

        —Esan zak egia, Anjel, aitortu zak, Mikaela ikusteko pozak eramaten auela egunero Etxe-alaira. Zer gaitz ziok gauza orretan, izanik bera neskatxa on bat, eta ire asmoak zuzenak?

        —Egia da, osaba, oingoan igarri dio.

        —Guk, burua zurituta degunak, urrutitikan usaia artzen diagu.

        —Bai ba, osaba, maite det Juanen alaba, eta uste dut berak ere ez daukala iguirik neretzat, eta barkatu beit, osaba, orain artean ixilik idukitzea gauza au.

        —Ez duk ixillik iduki, ez, Anjel, zergatik ezin ezkutatu dik ire arpegiak biotzak sentitzen duna.

        —Baña, zer egiten duk ire intentzioak erakutsi gabe Juaneri, Fraiskari eta aurrena Mikaelari berari?

        —Ain dirade zuzenak eta leialak eze, beldur naiz, osaba, arrazoirikan aditu naiko ez dutela, beste asko eta askok pozik adituko litukian arrazoiarengatikan beragaitik.

        —Ni naiz aberatsa, eta erak ez.

        —Orrek ez dik arrazoiaren izenik merezi. Noizdik duk pekatu aberatsa izatea, aberastasuna ekarri bada, ik ekarri dean bezela, ere izardiarekin irabaziya?

        —Ez osaba, baña, denbora gutxi barru, erak izan litezke ni bezin edo ni baño aberatsagoak, eta orduan.

        —Orduan esango ditek, erak ez zergatik ez dute biotz eta pentsamentu txarrik, baña bai beste mingaiñ luzen batzuek, diruagaitikan ezkontzen aizela.

        —Arrazoia du, osaba, ez zitzaidan orrelako gauzarikan burutatzen.

        Onetan eldu ziran osaba illobak Etxe-alaira.

        Juane, bere emaztea eta semeak ari ziran etxeburuko soroan arta jorran.

        —Zer berri da, Juane? —esan zuan Don Josek.

        Ez dago gauza berririkan, jauna. Goizian izan da Inazio Bergaran eta Amerikako korreoa etorriagatikan, ez zan guretzat kartarik, gure esperantzak eta gaberdiko zakurran ametsak berdin.

        —Zer amets eta zer —esan zuan Anjelek—, beti ur epelean ibilli gabe, oingoan gogor asi bear degu.

        —Eta zer nai du ba egitea? Duazela Jaungoikoarekin, gorde ditzela bostegun milla errialak eta gastatu ditzatela osasunarekin, gu, biziko al gera gere pobrezan.

        —Arrazoia du aitak —esan zuten Mikaelak eta Inaziok.

        —Orixe esaten dut neronek ere —geitu zuan Fraiskak.

        —Mokorda zar bat! —esan zuan Patxik, eskuan zuan atxurrarekin, bost edo sei artalandara zatituaz.

        —Tripa erre! —esan zion amak—. I bezela izango gaituk, dirua beste Jaungoikorikan ezagututzen ez dekan ori! Orretxek galdu bear au i! Orretxegatikan ustelduko aiz i kartzelan batean!

        —Bai, Fraiska, bai, asko da —esan zuan apaizak—, oinguan parte arrazoia dauka. Neri begitantzen zait, alferra izango dala berriro eskribitzea, zergatik ezagun da testamentarioak fede gaiztoan dabiltzana, eta nik uste dut onena izango litzakeala zeutako bat sartu ontziyan eta, gari berriak arte esanaz, bertara joatia.

        Juane ez dago orretarako edadean. Patxik ez du eskolarikan.

        Berak ditu kulpak, jauna, esan zuan Fraiskak, amaika alegiñ egin zaio bere denboran, baño gelditu zan, goiko abe zar ori baño eskola geiago bage. Ez du arreban antz aundirikan! Gaixoak ez du izan Inazio beste maisurikan. Lau egun ez dirade eskribitzen asi zala eta egiten ditu esola batzuek ederragoak. Erai begira txoratu egin lezake!

        Bai, esan zuan Patxik, ori saiatzen da ikasten. Don Anjelen aurrean lotsatzen dalako, eskribitzen ez dakila esaten.

        Mikaela jarri zan txingarra baño gorriago.

        Ondo egiten dik, esan zuan amak, ez, i bezela izango duk, atxur kerten ori.

        —Pakea, Fraiska, pakea! —esan zuan Don Josek—; esanak esan, eta goazen beste artikulo batera... Inazio... izango uke animorikan liña potzu aundi aretan sartzeko?

        —Apaiz jauna, nere aitak eta nere amak agintzen badirade, ni joango naiz munduan azkeneraño.

        —Ai Don Jose! —esan zuan Fraiskak—. Nere sabeleko seme maitea, itxasora bealdu!

        —Arrazoia dauka Fraiskak —esan zuan Juanek—, gizona, idiya dabillen lekuan.

        —Ez zazute umekeriarik esan —dio Anjelek—. Itxasoan bezelaxe etorri lezake, usterik gutxien degunean, lurrean ere eriotzako ordua. Iñor ez da itotzen Jaungoikoak nai ez duanian, eta arek nai duanian, ito lezake katillu bat uretan ere...

        —Egi aundia, Don Anjel —esan zuan Inaziok.

        »Ia ba, aita, baldin beorrek eta amak nai badute, joango naiz salto bian Amerikara eta beriala naiz biurtu nere bostegun milla eta ondarrak arturik poltsan, zergatik negargarria da, emen pobreak egonik, gure txanponekin farra egin dezen prestuez aiek.

        —Arrazoia duk —esan zuan aitak—. Zer deizkiozu zuk, Fraiska?

        —Nik zer esatea nai dezute? Zuek egiten dezutena ikusi, eta... Ama Birjiña Karmengoak gorde dezala nere biotzeko semea.

        —Au ikusia dago —esan zuan Don Josek—. Egin ditzagun gañera bear diraden prestamenak eta joan dedilla Inazio ainbat laisterren.

        Andikan zortzi egunera sartu zan Inazio, Donostiatikan ateratzen zan ontzi batean; ango ezagun batzuentzat Anjelek eman ziozkan karta batzuek, eta Don Josek, nai ta nai ez, poltsan jarri ziozkan urre zar batzuek berekin zituala.

 

aurrekoa hurrengoa