www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Patxiko Txerren
Antero Apaolaza
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Patxiko Txerren, Antonio Trueba / Antero Apaolaza. Auspoa, 1962

 

aurrekoa hurrengoa

—VII—

 

        Lapurreta izan zanetikan zortzi illabetera, udaberriko arratsalde eder batean, zijoazen D, Jose eta Anjel Etxe-alai aldera.

        Eskopeta ordez zeramaten esku makilla lodi bana, eta aien arrimoan pauso ematen zuten nekez, bide txiorra gora.

        Ezin ezagutu zitzakean apaiz jauna. Aren lengo arpegi argi eta ederra oso narrastua zegoan, eta bere begirakuna tristean ikusten ziran aren animako naigabeak... Ez zegoan asko obeki Anjel; gizajoaren arpegian makurra eta gorputzaren argaltasuna ikustean iñork ez zion astebeteko bizirikan emango.

        ...Apaiz gizajoak, bera laguntasun premian arkituagatikan, lagundu eta animatutzen zuan bere illoba.

        —Anjel gizajoa! Animatua adi —esaten zion—. Ez duk ikusten zer arratsalde ederra?... Muga guztiak loraz eta arbola danak ostoz betetzen ari dituk, eta adar bakoitzean txori bat ari duk kantari... Juanak... joan... Oroipen mikatzak aztu egin bear dituk. Zer nai duk aposta, egun gutxi barru ezer izan ez bau bezela agoala?

        —Ai osaba! Egia da, arbolak, zelaiak, txoriak eta inguru guztiak farrez eta kantari daudela, baña nere biotza negarrez dago.

        —Lenago ere esan diat, juan zana joan uen. Orain egin bear duk igarotakoak aztu eta len bait lasterren sendatzera... Oraindikan gaztea aiz eta denboraz ezkonduko aiz Mikaelarekin eta danak biziko gaituk ongi.

        »Zer! Ez al aiz gauza Etxe-alairaño joateko?

        —Beldur naiz, osaba, elduko ote naizen, nik txit opa izanagatikan...

        —Saiatu gaitezen ba... Mikaela gaixoak ez zidukak, gu besterikan, nori begiak itzuli, eta iñola al degula, ez zioagu utzi bear bakardadean, bere anai gaiztoak ematen diozkan tratu gogorraren artean.

        —Bere anaia! Ai osaba! Ez egonik lurrean justiziarikan alako pizti gaiztoarentzat? Non da Jaungoikoarena agertu gabe?

        —Anjel! Jaungoikoa justua duk eta beti zeduzkak gogoan gizonak egiten ditugun gauza txarrak eta onak. Patxik... naigabeak emanaz kendu ziek bizia bere gurasoari, eta, sinistu zak, lentxo edo geroago arkituko duk merezi duanarekin.

        ...Onela izketan eldu ziraden osaba illobak Etxe-alaiko atari aurreko intxaurretara.

        Orduantxe zetorren Mikaela barrenetikan, mantalean artalea arturik eta purra esanaz larrañean aztarka zebiltzan egazti batzueri...

        Gaixoa zegoan beltzez jantzia!

        Lutua zedukan gorputzean!!

        Lutua biotzean!!

        Alegiñak egin zien osaba illobari sartu ziteztela sukaldera, baña aiek naiago izan zuten eseri atari aurrean zegoan liña arri baten gañean, zergaitikan ez zuten indarrikan eskallerak gora ta bera ibiltzeko.

        —Eta Patxi? —galdetu zion apaizak.

        —Goizean Bergarara joan da, jauna, —erantzun zion Mikaelak.

        —Artoak ereiteko egunetan gaude, eta oraindikan ez dezute ankarik soroan sartu, ikusten dedanez.

        »Zer asmo du zure anaiak nekazaritzeari ala atzera uztean?

        —Ai Don Jose! Ez dakit nik zer pasatzen dan gure etxean...

        »Bi edo iru bidar izan gerade deituak Bergarara Patxi eta ni aitortzeko, beorren etxean egin zan lapurreta arengatikan kartzelan sartu zuten ikazgiñak zerbait esanik.

        »Aspaldi onetan ez da iñor gurekin oroitzen, baña ala ere nere anaia joaten da Bergarara egun biz bat... Ez dakit nik zer esan eta zer pensatu, eta daukat erru gaizto bat, gauza onetxek ez ote zituan nere guraso maiteak galdu.

        »Ai nere aita eta ama biotzekoak! —esan zuan Mikaelak negarra txirrioan zeriola...

        —Ia, ba, Mikaela... sosega zaite piska bat —esan zion apaizak...

        »Konformidadea da, kristau guztiak degun zor aundi bat. Zure gurasoen bizia Jaungoikoana zan eta berak kendu zien.

        »Aienatu bear gera gure Jaungoikoak egiten duanagatikan?

        »Pazientzia, ba, Mikaela, eta esan egiguzu, zerk, zure ustetan, il zituan zure guraso zorionekoak...

        —Izango dira sei edo zazpi illabete —esan zuan Mikaelak— asi zala etortzen gabaz gure etxera Patxikin itz egitera itxura gaiztoko gizon bat...

        »Bai nere gurasoak eta bai ni, arritu eta ikaratutzen giñan gauza arekin.

        »Arrats batean, oeratu giñanetikan laister, ikusi nuan nere aita, jaikirik oetikan, zijoala oiñ puntetan Patxin aposentuko atera. Maiz oi zuan bezela, orduan ere zegoan nere anaia len esan dedan gizon arekin, atea barrendik giltzaz itxirik.

        »Ordu laurdenen bat egon zan aita ate ondoan, eta biurtu zan berriz oera...

        »Andi puntuko sentitu nituan nere aita eta ama gaixoak zotinka eta negarrez urtutzen zeudela... baña ixilik, ni lo nengoalako ustean.

        »Biaramon goizean jaiki ziradenean ozta ozta zebiltzan zutik, eta esan zitzakean igaro zutela gaixo aldi izugarriren bat, eta zerbait izan bear zuan, zergatikan andik iru illabetera il zan nere ama maitea, eta illabete geroago itxi zituan betiko begiak nere aita gizajoak...

        —Egia balitz —esan zuan Anjelek bekokia joaz esku zabalakin—, egia balitz neri orain bururatu zaidana...

        —Ixilikan egon ari, Anjel, —esan zion osabak—, alako gogorapenik egin gabe... Ori egia balitz infernuak ere ez likek artuko!

        Mikaelak ez zion igarri osaba illobak esan nai zutenari...

        —Eta... zer bizimodu egiten dezu, Mikaela gaixoa, gurasoak il ziraden ezkero, zure anaiarekin? —esan zion Anjelek.

        —Zer bizimodu esaten du! Sekula ez diot arpegi argirik ikusten.

        »Sekula ez dit itzik egiten, eta maiz ostikoka eta golpeka zauritzen nau —esan zuen neska gaixoak, begiak igortziaz amantalaren ertzakin...

        —Puzuni gaiztoa! —esan zuan Anjelek ukabillak estutuaz—. Ni egongo naiz berakin eta nik esango dizkiot merezi dituanak.

        —Ez, ez, ez, Jaungoikoaren amorioagatikan, ez ezer esan Patxiri —esan zuan Mikaelak beldurrez ikara— zergatikan ilko ninduke baleki nik ezer esan dedanikan...

        —Ondo da, ondo da, —esan zuan Don Josek.

        »Iduki zazu pazientzia egun batzuetan, Jaungoikoak emango dio osasuna Anjeli eta orduan nere illobak aterako zaitu otso gaizto orren atzamarretatikan.

        —Jaungoikoagatikan bada, ixildu gaitezen!... An nun datorren nere anaia...

        Alaxe zan. Orduantxe zetorren Patxi etxe azpiko langatikan aurrera.

        Danak ixildu ziran alkarri begiratuaz.

        Patxi, ikusi zituanian Don Jose eta Anjel, piska bat astoratu zan, zergaitik beldur zan zerbait esango ziotela merezi zuan bezela, baña laister bereganatu zan eta asi zan kopeta illuntzen.

        —Nondikan nora abil, Patxi? —esan zion apaizak.

        —Simonenian izan naiz lengo egun batean agindu nion uztarriya egin ote duan.

        —Denbora asko bear izan duk emendikan Simonenera joan etorria egiten.

        —Simon orrek ba berakin bazkaltzeko pakerikan ez dit eman eta ala gelditu naiz.

        Apaizak eta Anjelek sinistu zioten, eta eren artean gogora zuten, Mikaela deskuidatu egingo zala esatean Patxi Bergaran zala.

        —Eta... zer asmo daukak, Patxi? —esan zion Don Josek—. Auzera danian artuak erein zituztek, eta ik oraindikan zoi bat bakarrikan ez duk itzuli. Zer egiteko asmoa duk?

        —Ez erein... da nere asmoa...

        —Ixilikan ago alakorikan esan gabe! —esan zion Don Josek.

        —Etxea eta lurrak saldu, eta Oñatira nua bizi izatera nere arrebarekin. Onen balioarekin jarriko dut denda koxkor bat, eta ogitarako lain aterako al degu; eta ez beti emen lertutzen aritu taloak ta babak jan eziñikan...

        —Baztarra saldu! —esan zuan apaizak zerura begiratuaz—. Etxea saldu esan duk! Ez duk posible, Patxi! Ez diat ikusi artian sinistuko ain biotz gogorra eta ain buru makurra dekanikan...

        »Ire aurrekoak jaio eta bizi izan ziran etxea! Ire gurasoak jaio, bizi eta il ziraden etxea! Eori jaio aizen etxea! Patxi!! Edo txantxetan abil, edo erotu egin aiz...

        —Ez bata eta ez bestea —esan zuan Patxik, asiyaz asarratzen...

        »Zer sartu daukate erok iñoren guazatan? Ni naiz anaiarik nausiena, nere aita il zan testamenturikan egin gabe, eta nik egin nezake etxe onekin gogoak ematen didana.

        —Etxea eta lurrak, ireak bezela dituk ire anai arrebanak...

        —Nik eman ezkero bakoitzari aginduak dauzkaten bostegun dukatak, ez du iñortxok zer ikusirikan.

        —Zer negargarria! Zer gaiztakeri! —esan zuten batera osaba illobak, Mikaela gaixoa, Patxin aurrean begiak jasotzen atrebitu eziñik, negarrez zegoan bitartean.

        —Esan dut lenago ere, nik egingo dut gogoak agintzen dirana —esan zuan Patxik geroago eta asarreago—. Zaitu bezate euren etxea eta ez auzokoa, zergatik iñoren buruko miñak, astoak iltzen ditu.

        Patxi jiratu zan beste aldera bizkarra jasoaz, eta sartu zan etxean kantatuaz:

 

                Nik badut liburutxo bat

                duana esaten,

                iñor ez dedilla asi

                auzo gobernatzen.

 

        —Mikaela! —esan zion apaizak— atoz gurekin. Iges egin ezazu anima galdu orrengandikan, eta ez zaiozu geiago arpegira begiratu.

        —Ai Don Jose! Ori egingo banuke, ez nuke ordubeteko bizirikan —esan zuan Mikaela gaixoak, beldurraz ikara apaizangana arrimatuaz.

        —Mikaela! Mikaela! —ots egin zuan Patxik sukaldetikan—. Or ez zaizu ezer ere galdu! Or ez daukazu zer egiñikan!

        —Ez zaiozu kasorikan egin, eta atoz, atoz gurekin, —esan zioten Don Josek eta Anjelek neska gaixoari esku muturretikan elduaz.

        —Ez, ez, Ama Santisimarengatikan! Ikusiko balu ni erokin nuala, egun pauso eman baño lenago, ilko giñuzke irurak. Agur! Agur! Obeitu egin bear diot! Bestela, ni errukiena —esan zuan Mikaelak Don Joseri eta Anjeli esku banatatikan elduaz eta belaunak ikaraz zituala. Eta sartu zan barrura negarraz eta atzera begiratuaz.

        Osaba illobak asi ziraden bide txiorra bera, itzik egiteko almenikan gabe eta noiz baño noiz negarrak ertengo.

        Galtzadako zubitxora eldu ziradenean, eser ziran atsegitera...

        Tan, tan, tan, ari zan joten Abe Maritakoa San Blasko kanpaia. Apaiza eta Anjel jarri ziran buru utsean eta errezatu zituzten iru Abe Maria...

        —Sinistu beza, osaba, —esan zuan Anjelek errezatu zutenean—. Sinistu beza; Patxik salduko du etxea, eta ez da konbeni beste eskuetara aldatu dedin Etxe-alai. Orixe erosten enpliatuko ditut lapurrak utzi zizkidaten diru apurrak, eta, Inazio datorrenean, Jaungoikoak nai badu etorri dedin... etorri dedilla aberats, edo etorri dedilla arditikan gabe... esango diot: Inazio! Or daukazu zure gurasoen etxea, zure anai madarikatuak saldu zuana; eta Jaungoikoak nai izaten badu, Mikaela eta ni ezkondu gaitezen, Etxe-alain biziko gera Inazio etorrera arte, eta gure alegiñak eta gure izardiak jantziko ditu orain gorri dauden lur ederrak...

        —Ori, Anjel, ori! —esan zion osabak lepotikan elduaz—; lurraren gañean ez duk ire biotza baño ederragorikan...

        —Simon uztargiña ez da, an datorren ura? —esan zuan Anjelek.

        —Bai... bera duk —esan zion osabak— eta ez dik etxetikan datorren antzikan. Gezurren bat esan dik Patxik!

        Simon jaietako arropakin eta asto bat aurrean zuala eldu zan zubira.

        —Arratsalde on, edo gabon onezkero, Don Jose konpañiarekin —esan zuan Simonek, astoari issssooo esanaz.

        —Kaixo, Simon! Nondikan zatoz?

        —Or... Tolosa aldian izan naiz uztarri batzuekin.

        —Eta ezerki egin da?

        —Ez dut ba gauza aundirikan egin, jauna. Bi egunian an egon aiz, eta erekin atzera ez etortzeagatikan, utsian eman ditudala kontu, ardit baten irabazirikan gabe.

        »Eta zer egingo nuan? Gaurko egunean etxetikan kanpora dabillenak, poltsa beti eskuan bear du, eta ala ere, or be alde orretan, zai zai daude noiz bat artuko, larrutzeko; nik beñepeñ oingo biajian ix-ixilik ederrak artu ditut; esaten diot, gaurko egunian ezin ankarikan atera lezake etxetikan...

        »Eta eurok, pasiuan izan dira? Ondo alaxe, ondo! Konbeni zaizka orlako ibili batzuek Don Anjeli...

        —Bai ba... Ustez uste gabe, Etxe-alairaño eldu gera.

        —Hola! Hola! Poliki izan da...

        »Eta... zer dio jende arek? Inazion berririkan izan dute?

        »Egun urte badira ikusi ez ditudala, ez Patxiko eta ez Mikaela...

        —Zori gaiztoan, ez dute ba Inazion berririkan.

        —Bai, Inazio etxian balego, beste ollarreak egingo luke kukurruku Etxe-alaian... Mundu onetan ez da izango amarik, Patxi ori baño aur okerragorik jaio duanik, eta bestela galdetu deiotela beran arreba zintzoari eta beran bazterrari.

        »Ay! Juanek eta Fraiskak, zeruan egon ditezela, Juanek eta Fraiskak jasoko balute burua eta orko joan etorria ikusi, beriala lirake berriz illik.

        —Badakizu Patxi etxea saltzera duana?

        —Aitaren eta Semearen! Zer esaten du, Don Jose? —esan zuan Simonek siñatuaz.

        —Aditzen dezuna...

        —Ba! Ezin sinistu lezake orrelako erokeririkan! Etxea saldu, Jaungoikoan izenean!... Ez nuke salduko nik nerea, mundu onetako urre guztiagatikan ere... Zer da gauza oberik, esan al izatea baño egunero: sagar au nere aitak sartua da; intxaur ori, nere aitonak; or egoten zan nere amona goruetan; an nere ama, gure praka zarrak konpontzen; eta beste alako milla eta milla gauza, nik ezin esan nitezkeanak?

        »A! Patxi pardel! Baldin Inaziok baleki zer igarotzen dan bere etxean, laister litzake etorri eta galerazi Patxiri astakeri ori egitea. Erakutsiko lioke ark, norekin eta nola dabillen, Patxi alfer orri.

        —Baaa... Inazio gizajoak ikusi ez dezan bere gurasoen etxea iñoren mende, nai du nere illobak erosi...

        —Ongi asmatua! Oraintxe erori naiz astotikan, Don Jose, —esan zuan Simonek, irribarre egin eta begiak kiñatuaz—. Orrela egia da Mikaela eta Don Anjel ezkontzen dirala? Urte askotarako eta osasunarekin izan dedilla, ni uztargiña naizen bezela.

        »Urre puska balitz baña geiago balio du neskatxa orrek. Ama ber-bera atera da. Eta zer bizimodua ematen dion gaixoari perdulario orrek! Zer gauza beltzak ikusten diran mundu onetan!

        —Baña nola Anjelek, lapurtua izan arren, aberatsan otsak dituan, Patxik, dadukagu bildurra, asko paga erazi naiko diola.

        —Arrazoia du, Don Jose. Eta nork! Patxik!... Diruagatikan salduko luke bere odola ere.

        —Ba... orretako egin bear diguzu mesede bat, Simon.

        —Nere animarekin eta nere biziarekin, jauna. Esan beza zer egin bear dedan.

        —Zeorrentzat balitza bezela, Etxe-alai erosi.

        —Ez beza geiago itzik atera. Bigar, Jaungoikoak nai badu, meza ondoan gañerakoa itz egingo degu.

        —Eskerrak milla, Simon.

        —Zer esker eta zer... eskerrak izan oi dira apaiz-etxekoan...

        »Barkatu beit, Don Jose..., astekeria bat ia esan nuan eta... Ainbestekin gabon, eta bigar arte. Nai dute etxeraño lagundutzea?

        —Ez, Simon, eskerrik asko, eta eskumuñak emazteari.

        —Asko poztuko da... Eman beiote nere izenean ere andra Josepari.

        —Bai, eta gañera esango diogu, bigar zu zatozenerako, gertu iduki ditzala sartainkara bat urdai azpiko eta pitxar bat txakoliñ.

        —Je, je je! Ez dira gaizki etorriko, jauna.

        —Bigar arte ba, Simon.

        —Ongi bijoaz.

        —Uztargiña joan zan bere bidean, eta osaba illobak asi ziraden etxe aldera arrimatzen, iguzkiak bezin argi egiten zuan idargia lagun zutela.

 

aurrekoa hurrengoa