|
Mari Gorri
Andere Ahuntz
Etzan aintzin iguzkia mendi gibelean sutan zagon tenorean, andere ahuntza heldu zen merkatutik, bidez bide, urhatsa zalu, etxeari buruz. Buruaren gainean, adarren artean tinke kokaturik, zeraman gatz untzi bat beterik. Zangoa segur harroken gainean, pentsaketa ari zen bidea pasatzen bidenahar. Ikusten zuen jadanik bere pittika ttipien zoriona, gatza ikusi orduko. Zaharrenak, mihi luze bat zuen ezpainetan pasatuko, aintzinetik jastatua balu bezala. Bigarrena, jauzi punpaka, mulixkan zen ariko amaren inguruan, hain arin eta pollit, pusatzen ari zakon bi-, zarra balantzan ari zakola haizean. Bertzea, ñimiñoa, bere bihotzaren segeretuan maitena duena delakotz flakoena, bertzea haren sabelaren ondoan zen emanen, urhatsez urhats zuela segitzen, begi ezti batzuekin haren muhimendu guziak segituz, Ba, gaur berean zuen dener jastaraziko erosia zuen gauza ona. Afaiteko eginen zituen mingotx gazituak eta ere... Bainan, zer othe du bada aditzen? Zer ikusten?... Basurde bat da trostan heldu, bere pasaian denak uzkaliz. Bide bazterrean jartzen da ahuntza, ximixta batean pentsaketak eginik. Eskapatzen balitz, fite laike gibeletik harrapatua, hila, jana. Ez, hobe du azkarrarena egitea, ontsa ikasiarena. Jartzen da beraz bide bazterrean xut. — «Egun on, jaun Basurde». — «Egun on! Zer ekartzen duzu hor?» — «Untzi bat, gatzez betherik, merkatutik, Jauna.» — «Ha, ha!» dio basurdeak, eta badoa aintzina. «Utz dezagun urruntzerat», du pentsatzen. «Orai badiot gainerat jauzi egiten, bere adar zorrotzekin berdin nik kolpaturen. Aldiz, gibeletik badakot, uste gabean, jauzi egiten...» Hortzak ur eginik trostan bazoalarik, aditzen du mendia inharrosten duen orro bat; bere prisan, pasatzean, leoinaren zango punta zuen lehertua: «Ez duka kasu egiten ahal, hizan bezalakoa! Zangoa dautak lehertu, eni, oihaneko erregeari. Eta jadanik nian tripan min.» Bere buruaren salbatzeko, basurdeak du orduan bere apairuaren dolua egin, erranez: «Tripan min? Behar zinuke horren sendagailua andere ahuntzari galdegin. Ba omen ditu erremedio mota guzietarik. Oraixet dut ikusi merkatutik gibelarat heldu; fite dugu gibeletik hatxemanen.» Ikusi zituelarik bere bi etsaiak hari buruz heldu, ahuntzak, harrialdurarekin, uzter zuen untzia lurrerat. — «Beraz, ahuntz», dio leoinak, «ba omen dun tripako minaren sendatzeko erremedioa. Behar dinat faltarik gabe.» Ahuntza, ideia xoragarri bat bururaturik, irriz hasi zen bere bizarrean: «Ba, badut. Bainan bakarrik ez dezaket nehondik egin.» — «Zer behar dun? Erran zan. Ene sendatzeko badakin deus ez dela sobera.» — «Jauna, sendatzeko, behar duzu basurde zingar zafla bat ederra pikatu eta gaziturik jan. Maluroski, nik ez dut gatza baizik». — «Hara erremedio errexa egiteko, eta gainerat ene gostukoa; Basurde, dio lehoinak hortzak erakutsiz, haugi hunat.» Eta basurdearen auhener kasurik egin gabe pikatzen du zingar zafla bat ederra, ahuntzak beherala gatzez birbiratzen duena eta begiak hetsiz jaten du. Basurde ihesari da emaiten, bainan oihu batek du lekuaren gainean itzatzen: «Ago hemen! Jadanik ene mina duk eztitua; bertze puxka batekin nuk sendaturen.» Bigarren zaflaren jaten ari zelarik lehoina, basurdea da, hinkita-hankata ahal zuen bezala eskapatu. Lehoinak, ontsa aserik, ez du gehiago kasurik egiten ahuntzari. Hau, gatz untzia arintxago, bainan bihotza oraino gehiago, aintzina joan da etxeari buruz. Afal ondoan, ilhargi xuritarat frexkura hartzean, zer plazerrarekin du gertakari hori bere pittika ñimiñoer erranen! Ahuntz batek basurde-lehoinak enganatzea, ez da egun guziez gertatzen. Bihar, herri guziak jakinen du haren balentria. Eta xahartzearekin, bizarra xuri-xuria izaiten duelarik, su bazter xokoan zangoak berotzean bidenahar, bere boza daldarikatuaren argitzeko arno berotu xorta bat edaten duela, bere haurren haurreri du kondaturen: «Egun batez, merkatutik heldu nintzalarik gatz-untzi bat buruan...»
Mari Gorri |