|
Mari Gorri
Lapinaren jokutria
Ihiztari eta zakurrez hantatu oihan batean bizi zen lapin bat. Orai artio, bere zalutasunari esker, lasterkatzale guzier zen eskapatu. Bainan, orai, zahartzen ari zela zuen senditzen. Zonbat denboraz ihes egiten ahalko zuen oraino? Jadanik, joan den goizean, zakur-ihiztor batek guttitarik huts egina zuen; ziloa ez balu urbil izan, akabo zen haren bizia. Egun batez, jarri zen pentsaketa: «Ez duk probetxurik, beharko diat zerbait egin. Orai artio baninduten zangoek salbatzen, ez diat gehiago heier fidatu behar. Egun batez berdin izaiten ahal nuk zakurrez inguratua, eskapatzeko ahalik gabe. Orduan, adio larre gorrailetako jauzi-punpeak, adio xarbota eta hezkai usaindatuekin egiten ditudan apairu goxoak.» Debru zahar baten abileziarekin, asmatu zuen behar zuela arte bat hedatu bere etsaier. Haren etxetik urrun haundirik gabe, bazen leze haundi bat. Ontsa ezagutzen zuen lapinak. Udako bero haundiek setiratzen zutelarik, haren hegian egin kafia batetarat zen jiten, frexkura puxka baten bilha. Bai, zinez, leze lanjerosa zen. Ondo-ondorat urbildu artio ez zen nehondik ageri. Bakotxak bazituen hartarat erortzen ikusiak! Pluf! egiten zuten zolako ura hunkitzean. Leze hartarat ahal balitu aurdiki zakurrak? Hain xuxen aditzen ditu zakur-ihiztorren marrumak. Etxerat ihes egiteko orde, beharria luzatzen du belharraren gainerat. Eta gero, segur zela ikusia, jauzika badoa lezeari buruz. Haren gibeletik, ehausia-zanpaka, zakurrak zoin gehiagoka dira abiatzen. Lezearen ixkinan heldu bezain fite, brixt! lapina sartzen da bere ziloan. Zakurrak, berriz, beren boleran, buruz beheiti erortzen dira aldizka putzu zolarat. Ihiztariek zer nahi ikusi zuten, soka batzuekin putzurat jautsirik, zakurrak ezin atheraz bizirik. Denbora berean, bidean mulixkan, lapina bazoan, bihotza arin, bere etxerat. Egun hartarik goiti, zer bakea ez zuen ukan! Fama hitsa hedatu zen bazter heiendako eta ez ihiztariek ez zakurrek ez zuten gehiago harat urbildu nahi. Zer bilhakatu zen lapin maltzur hura, nahi zinukete jakin? Nehork ez du egundaino jakin. Gauza bat segurra da bakarrik: ez du, bertze anaia ainhitzek bezala, bere bizia kasola baten zolan utzi. Ainhitzek usteko dute nihaurek pentsatua dutala ixtorio hau. Ez da egia. Herriko ihiztari guziek dute erraiten eta bakotxak, berari gertaturik, egia dela finkatzen. Norbaitek dudatzen ahal othe du ihiztarien erranetan?
Mari Gorri |