Mari Gorri
Marijane Minaberri

Gure Herria, 1961

 

 

 

Arrosen kondaira

 

      Duela ainhitz eta ainhitz urthe, marbre xurizko gaztelu xoragarri batean, bizi zen printzesa gazte bat. Haren familia zen mundu guziko aberatsenetarik bat.

      Haren arropa guziak ziren zeta ederrenetik eginak. Haren zangoak larru xuriz ziren beztituak. Haren esku ttipi, pollit legunek ez zuten lana ezagutzen; ez zakiten zer zen ez orratz ez kilu bat. Haren bisala ederrenetarik balin bazen ere, hits eta zurpail zen bethi barnean egonaren bortxaz. Haren ilhe urhe-kolore ederrak ziren lurreraino heltzen. Izena zuen Blankita, erran nahi baita: «Xuria».

      Horien guzien gainerat gauza bat bitxia bazen: erregearen baratze famatuetan ez zen arrosa xuririk baizik. Bazter guzietan printzesak ez zuen gauza xuririk baizik ikusten.

      Iduriz uros bizi zen beraz, eta haren nahi guziak ziren gazteluko neskato-mutilendako manuak. Deusek ez zuen printzesari falta egin behar, deusek ez zuen haren bizian itzalik ezarri behar.

      Hamabortz urthe bethe zituen egunean, Blankitak pusatu zuen hats-beherapen haundi bat. «A! zer bizi debaldea deramatan! Gaztelu eta arrosak bezain hitsa eta gosturik gabea. Hainbertze nahi nuke ene biziari balio puxka bat eman lezaken zerbait egin!»

      Hori gogoan harturik, joan zen aita-erregea zagon tronu-alkirat, othoiztuz utz-zezan zerbaiten egiterat. Erregearen hasarreak ezarri zituen denak harriturik: «Nola! hi, ene alaba, nola nahi dun hemendik athera biziarekin negurtzeko? Zeren eskasa dun bada hemen?»

      — «Deusen eskasik, aita. Soberakinean nago. Bainan mundu zabalean ez othe da ainhitz jende beharretan denik?»

      — «Debruetarat joan ditela bertzeak! Ez pentsa goseak eta hotzak dagoztener; adina baino lehen horrek daun kopeta zimur-araziko. Hemendik joaiten bahiz, hitz daunat, ez dun ni ganik deus laguntza ukanen.»

      Hola mintzatuz uste zuen erregeak bere alabaren idaia zuela sanjaraziko. Ez zuen bere alaba ezagutzen: biharamunean, argia ontsa zabaldu aintzin, Blankita, ondar behako bat emanik bere gaztelu xuriari, bazoan mundu zabalerat.

      Ez zuen sosik batere berekin. Bizitzeko, lehenik, behartu izan zen bere ilhe hori ederraren saltzerat. Ikasi zuen ere josten, hazi eraiten eta iruten. Erhiak zituen orratzarekin sistatu, zangoak bidetako laparretan larrutu. Haren zaia xuriak ez zuen luzaz iraun. Haren ordaintzeko ez zuen pagatu ahal izan arropa ilhun idor bat baizik. Haren zangoetan ez zen gehiago zapata xuri larruzkorik, bainan eskalapoin dorpe, oxen batzu. Egunez-egun, herriz-herri, ibili zen printzesa gaztea, hemen haur sortu-berri bat troxatuz, han nigarrez ari zen haur bat kontsolatuz, malurosak zoinatuz, penetan zirenak lagunduz. Ainhitzetan, jateko, ez zuen arboletan hatxemaiten zituen fruitu zonbait baizik. Bainan bazoan aintzina, dener bere irri ezti, elhe on eta laguntzak zituela emaiten.

      Azkenean, haren besoek, akidurarekin, bihotzaren bolerak ezin zituztelarik segitu, hartu zuen etxerateko bidea. Eta goiz batez, begiak plazerrez distiraturik, ideki zuen gaztelu-korraleko borta. Orduan, haren bihotza hasi zen punpeka. Arrosak... Arrosa xuriak ziren koloratuak! «Jainkoa! zer gauza xoragarriak!» zuen oihu egin, lore taulenari urbilduz. Orduan, arrosa urhe kolorea zitzaion mintzatu:

      — «Urhe eta ezti kolore naiz bilhakatu, zure ilhe ederrak sakrifikatu dituzun egunean, Blankita.»

      Eta arrosa gorriak zakon xurxurikatu:

      — «Jauntzi gorria hartu dut orratz batekin xixtaturik odoldu duzularik eskua eta laparrek zure zangoak zarramiskatu dituztelarik».

      Gero, xuri-gorri zen arrosak zion beharrirat erran:

      — «Orhoitzen zira besoetan bulunbatu ñimiño guziez? Ene ]oreak heien eztitasuna du mirailatzen».

      Lore-zango guziek berriz zioten batean:

      — «Gira berde, gorrail, gaztena-kolore zure kloska eta arropen ohoretan».

      Blankita xoraturik han zagolarik, ikusten du bertze lore guzien artean elhurra bezain xuri gelditua zen arrosa bat. Hunek dio erraiten:

      — «Zure arimaren pare naiz hola gelditua».

      Hitz horiek aditzean ,zorionezko nigar bat jautsi zen printzesaren begietarik eta arrosaren bihotzerat erori.

      Orduz geroztik, munduko baratze guzietan, kolore guzietako arrosak sortzen dira goizetan, izar-ihintz xorta bat bihotzean.

 

Mari Gorri
Marijane Minaberri

Gure Herria, 1961