Mari Gorri
Marijane Minaberri

Gure Herria, 1961

 

 

 

Xuriko, ahuña ttipia

 

      «Orduan, otsoak jauzi egin zuen ahuñaren gainerat eta jan zuen.» Manex, ahuntz-zaina, arrats guziez bezala, ixtorio ilhun hori kondaturik bere azinderi, joan zen lo egiterat. Ahuntz, aker, ahuña eta pittika, denak lokartzerat abian ziren. Bainan Xuriko, ahuña xuriak, ez zuen lo egiteko enbeia izpirik. Ezagutzen othe zuen otsoak jan zuen ahuñaren ixtorioa? Gau guziez, etzaterat joan aintzinean, Manexek zuen kondatzen, ziola nehork ez zezan gero buruan pasa mendirat joaiterik!...

      Ixtorio hori aditzen zuen guziez, oilo-larrua zuen senditzen gorphutzean hedatzen. Ez beldurrez! o, ez! bainan gaitziduraz, ba, gaitziduraz!

      «Ahal dea, zuen pentsatzen, ahal nexka ttipi eta bildotx-jale otso baten gatik debekatua izan zaukun mendigainerat jauzika hartzerat joaitea?»

      Leio idekiaren aintzinean, zeruko izarren dirdirari xoraturik so zagola, pentsatzen zuen otsoak jan ahuntzeri. A! izan balitz hek bezain azkarra...! Ez zuela minotarik ere dudatuko! Bainan, gaixoak, zer egiten ahal zuen? Denek zakoten erraiten bere zeta arroparekin eta dantzako zapetekin iduri zuela panpina arin bat. Otsoak ahamen batez luke jana... Alta, segurtamena ukan zuelarik lagun guziak zirela lokar tuak, jauzi batez leiotik zen eskapatu.

      Zer ikusgarri xoragarriak ziren agertzen, mendiari goiti joaitean! Izarrek pindarkatzen dituzte haizeak daldaran derabiltzan belharrak. Haitzen adarrak, ilhargiaren herrautsa garbitu balute bezala, agurka ari ziren hura pasatzean. Gorago, izaiek zuten gomitatzen ur-begien xurxurikaren aditzerat. Xurikok ez zuen ere egundaino usaindatu hoinbertze usain on kanpoetan.

      Eta loreak! A! Ikusi bazinuzte lore hek denak! Izar dirdirez argituak eta zilharrez pindarstatuak, dena usain on eta grazia... Eta horiek denak otso basa faltsu baten ontasunak? Ez da holakorik amesten ahal. Gero eta gehiago hasarretua, Xuriko heltzen da harroka haundi baten gainerat. Haren zangoetan hedatzen zen aintzira bat hain barna, nun ez baitzen zolarik ageri, ur gaineko dirdiren eta zimurduren artetik ontsa behatua gatik.

      Bihotza hunkiturik Xurikoren pollitasunaz eta haren gaztetasunaz, mendi guzia zen hats-beherapenka ari. Izaiek eta haritzek, argi-muthil eta julufraiek, sorhopilek eta urerreka jauzikariek, denek zuten othoizten joan zadin handik, tenore zeno.

      Xurikok milesker zuen erraiten belharrer eta urer, arboler eta lorer; bainan han egoitea zuen hautatua.

      Mendi guzia hari so zagon, bihotza tinkaturik. So zagon harrokaren gainean xut zen ahuña kuraia handikoari; oraino ikusten ez zuen etsaiari burua gora agertzeko, han zagon, gorphutza hedaturik. Zoin zen ilhun mendiaren bihotza! zoin eztiki nahi izan zuen etxeko bidean ezarri ahuña ttipia! Debalde gorrian, ahatik: buru gibelean bazuela idaia bat, mendiaren beharrirat erran zuen Xurikok.

      Ordu berean, gauaren ilhunean, irri maltzur, kirriska gaixto latzgarri batek urratu zuen gauaren bakea. Otsoa, alimaleko otso beltz, itsusi bat, bulharrak marrumaz inharrosirik, hortzak jadanik xorroxturik, ilhargitarat zutela dirdiratzen, begiak su-ximixtaz argiturik, otsoa zen agertu. Lehen aldikotz, orduan, Xurikok dolu zuen bere ausartziaz. Otsoa, aldiz, lorian zagon ahuña gazte, inoxent horren erhokeriaz. Ezpainak jada milikatuz, dio gaixoari:

      «Heldu hiz, dudarik gabe, jan ditudan anaien mendekatzerat?

      — Ez, jaun otsoa.

      — Behar bada ez ditun sinhesten artzain xoxo horiek erraiten dituzten ixtorioak?

      — O! ba, jaun otsoa! Bainan egia erraiteko, ez nintzan zure ikusterat jina.

      — Aha! beha zazue huni! zuen otsoak karraskatu. Eta zeren ikusterat jina hiz, purtxil txarra?

      — Nahi nuen... zion ahuñak daldaran, nahi nuen mendiko erregea ikusi.

      — Zer darasan! zuen orro-egin otsoak. Mendian ez dun errege bat baizik. Eta hura, ni nun. Aditzen dun? Ni, otsoa, nexkatoen, bildotxen eta ahuñen jalea.

      — Segur, diozunaz geroz, ohore hori zurea litaike zuzenaz. Bainan, nehork, nahi den bezain boteretsua izana gatik, ez du deus egiten ahal sorginen podorearen kontra.

      — Zer podore?

      — Zure kusiari salhatu nahi nuen podorea...

      — Zoin kusiri? dio otsoak gero eta gehiago hasarreturik.

      — Zure kusi axeriari, dio Xurikok, beldurrez daldarika, bainan esperantza bihotzean.

      Otsoa, hasarrez erhoturik eta jelosiak urturik, hartarik urbildu zelarik, ahuñak uste izan zuen, haren ondar orena zela jina. Bainan otsoak, boza ahal bezenbat eztituz, othoiztu zuen hari salha zezan sorginen podorearen berri. Erraiten bazakon —ala fe— hitz emaiten zakon korrale guzietako ahuntzak jiten ahalko zirela, beldurrik gabe, alhatzerat mendi gainerat. Pentsatzen ahal duzue ahuñak ez zuela elhe llilluragarri horietarik deus sinhesten! Nahi zuena zen otsoaren kexaduraz baliatu. Bizarra aizean dantzan zabilala, ahal bezain eztiki, sakatzen dako bere alegiazko segeretu famatua:

      — Errege izan aintzinean, aitoren seme guziek behar dute lehenik sakratuak izan. Mendiaren erregeak ez dezake lege hori bazterrerat utz. Hortakotz, sorginek hautatua dute, egiazko erregearen seinale gisa, koronetan ederrena: zeruan pizten diren izarretan haundiena eta dirdirantena, artzainizarra. Sorginen biltzarrak hori du finkatu. Bere burua izar haren pean ezartzen duena izanen da errege ezagutua...

      Gero eta gehiago kexu, bertze norbaitek har dezan haren lekua, otsoak galdegiten du nola egin.

      — Nola egin? dio ahuñak harriturik. Zu bezalako otso abil batendako da errexenetarik. Hortxet, aintzira horren erdian, ez othe du bada artzain-izarrak izarniatzen?

      — Konprenitzen dut, dio otsoak. Eta gehiago berandu gabe, igerika badoa izarrari buruz. Burua ezartzen du haren pean urean sarturik, eta ixtantean atheratzen, ura dariola, hatsankaturik.

      — Errege nun beraz orai?

      Berea gogoan Xurikok dio ur bazterretik:

      — Zure burua senditzen duzu lehen zinenetik bertzelako?

      — Egia erraiteko, ez, dio otsoak, bethi konfiantzaz betherik.

      — Beraz ezar-azu oraino burua koronaren pean eta egon zite han, egon zite, zerbait diferentzia ezagutu artio.

      Alimale zozoak, urguluak itsuturik, obeditu zuen. Hainbertze denbora egon zen ur barnean nun itho baitzen! Panpa-bitxi desegin baten pare ikusi zuelarik ur-zolarat erortzen, Xurikok pusatu zuen bihotzaren zolatik hats-beherapen haundi bat. Leher egina, bainan zorionez bethea, harrokaren gerizan zen lokartu. Haren loaren begiratzeko, haritzen kaskoek ilhargiaren arraiak zituzten gelditzen. Izaien adarrak agurka ari ziren bethi, hartarik zituztela urruntzen uli eta sistuliak, pantalla batzuen pare. Ur-erreken murmurika eztiek zuten kulunkatzen, loreak zoin ederrago jartzen ari ziren denboran, haren begien xoratzeko iratzartzen zenean.

      Xuriko lo zagon eta ametsetan ari zen. Ikusten zuen artzainen zoriona, otsoa hila zela jakiten zutelarik, bai eta bere lagunen bozkarioa, jakiten zutelarik mendiko ontasunak zituztela orai danik eta bethikotz bakean jastatzen ahal.

      Xuriko lo zagon, ikusten zituela artzainak xirula joiten eta izaien eta haritzen, argi-muthil eta julufraien, sorhopiloen eta ur-erreka jauzikarien erdian mendiko ahuña guziak alegrantziaz dantzan.

 

Mari Gorri
Marijane Minaberri

Gure Herria, 1961