Mari Gorri
Marijane Minaberri

Gure Herria, 1961

 

 

 

Peioren lapina

 

      Amatxiren lapintegian bazen lapin kume bat Peiok oroz gainetik maite zuena. Ardura joaiten zen haren ikusterat, hautatzen zituela harentzat belharrik hoberenak, orhatzen zuela artarekin harek jan behar zahia.

      — «Hori, ene lapina da», zion amatxiri errana, bere begi zabalak baimenaren beha zabaldurik. Horrek erran nahi zuen ere nehork ez zuela lapin hartaz arta hartu behar, harek salbu. Amatxi baten bihotzak nola errefusa dezake zerbait bere semebitxi bati? Lapina geroztik zen Peiorena.

      Haunditzen ari zen beraz, haurrak artaturik. Artetan, nahi dut, amatxi ere pasatzen zen handik, bainan ez sekula haurraren bixtan.

      Peio xoraturik egoiten zen bere lapinarekin. Zoin zen eztia, haren larrua zuelarik pherekatzen! Ez zen sekula eskapatzen, haurrak hari buruz zuelarik eskua luzatzen; iduri zuen maite zuela haren pereka. Zonbait aldiz ez othe zion, bere beharri luzeak zituela muhitzen, agur erraiten? Orduan Peio irri-karkailaka hartzen zen. Eta gehiago dena, iduritzen zitzaion lapina harekin irriz ari zela!

      Biak uros bizi ziren beraz, elgar zutela konprenitzen. Bainan, denbora joanez bezala, Peioren buruan griña bat hasi zen pizten. Ortzegun guziez amatxik ez zuena lapin saltsa on bat egiten? Ezen, egun hartan, haurrek ez zuten eskolarik eta beren ait'amekin ziren Peioren kusiak jiten amatxiren ikusterat. Orai artio Peio ez zen axolatu bazkari hortaz. Bertze guziek bezala, ezpainak milikatuz, jaten zuen lapinkia. Bi aldiz nahiago oraino, ontsa goxoa hatxemaiten baitzuen.

      Alta bihotzak huts egiten zakon amatxik beharrietarik hartzen zuelarik hil behar zuen lapina. Gibeleko zangoetarik dilindan ezarri eta kask! esku zabalaz idor-idorra joiten zuen buru gibelean gaixo alimalea. Gero ahatik Peiok ez zakien zer pasatzen zen. Egundaino ez zuen kuraiarik ukan gehiagoren ikusteko. Amatxik errana gatik ez zuela gehiago sofritzen desmurditua zelakotz, ez zen probetxurik, ez zen egoiten ahal.

      Eta orai gogoratzen zitzaikon haren lapin maitea gizen-gizena zela, ederra egina eta goiz edo berant amatxi ohartuko zela hari.

      — «Ez da posible!», zion bere baitan. «Ez da posible!»

      Balditurik gelditu zen, amatxiren behakoa haren gainean pausatua ikusi zuelarik. Oihuka hasi zitzaikon:

      — «Ene lapina da! ene adixkidea! Ez dut nahi hil dezazun»

      Amatxik, harriturik, so egin zakon. Deus erran gabe joan zen urrunago. Orduan Peio jin zen bakarrik gibelerat eta bihotza erdiraturik hartu zuen xede haundi bat. Lapintegia idekirik, hartu zuen bere adixkidea eta laster egin ondoko alhor batetarat.

      — «Habil», zion lapinari, «habil, eskapa hadi!»

      Bainan lapina, ihes joaiteko orde, han zagon adixkideari so, sudurra zimurtuz elheka ari nahi izan balu bezala.

      — «Bainan habil hortik», zion berriz Peiok, zangoz joiten zuela lurra. «Ez duk konprenitzen hil nahi hutela? Amatxik bihotz ona dik, bainan jende haundi bat duk. Ainhitz gauza baduk jende haundiek konprenitzen ez dituztenak gehiago».

      Lapinak egin zituen bi jauzi, ez eskapatzeko, bainan hartarik urbiltzeko. Peiok hartu zuen besotan, haur ttipi bat bezala bulunbatu, pottaz estali eta berriz lurrean pausatu. Gero, gibelerat so egin gabe, lasterka etxean sartu zen...

      Supazter xokoan zagon triste-tristea amatxi oihuka aditu zuelarik:

      —«Peio! Peio, txauri fite. Norbait bada zure ikusterat jina!»

      Leiotik so egin zuen. Korlean haren lapina jauzika zabilan. Amatxi haren gibeletik, hura ezin hatxemanez. Jauzi batez kanpoan zen mutikoa.

      — «Ez dezakozula minik egin! Gibelerat jin da; ez nuen nahi jin zadin gibelerat!»

      Amatxik denak konprenituak zituen...

      — «Zendako nahi duzu min egin dezakotan?» zion eztiki galdegin.

      — «Ez duzu hilen, saltsan jateko?»

      — «Ez araiz».

      — «Zendako?» zion haurrak harriturik. Ez zuen amesten ahal jende haundiek maita zezaketela lapina saltsan baizik.

      — «Zendako?» dio amatxik besoak altxatuz. «Zuk sobera maite duzulakotz. Ez dea hori aski arrozoin haundia? Eta ere... horrek maite zituelakotz. Ale, ezar-azu berriz bere tegian.»

      Bihotza zorionez altxaturik, Peiok hatxeman zuen errexki bere adixkidea eta tegian ezarri.

      — «Ikusten duk hori?» zion beharrirat erran. «Harrigarri duk eta ez dezakeat sinhets. Amatxik denak konprenitzen ditik.»

 

* * *

 

      Handik lehen ortzegunean, familia usaian bezala elgarretaratua zen. Denak harritu ziren: Peiok net! errefusatu zuen lapin saltsa. Gohainditu grimasa bat ere egin zuen, otto Battittaren bekainak kurioski zimurtu baitziren orduan. Amatxi bakar-bakarrik zagon deus ez balitz bezala, ziola:

      — «Peio, egun egin dautzut aratxeki lexa bat. Pentsatzen nuen ez zinuela lapinkirik janen.»

      — «Zer du haur horrek?» zion berriz ottok, kexuan. «Tema guziak pasatzerat uzten dazkotzu, ama. Gaizki ikasi bat atherako da hortarik. Lapina ez duela gehiago maite, orai?»

      — «Sobera maite, behar bada», zion amatxik irri maltzur ezti batekin...

      Peioren bihotzean bazen bozkariozko su haundi bat. Su horren inguruan dantzan ari zen bere adixkide lapinarekin. Ezin finituzko ingurutxo bat zeramaten biek, denak konprenitzen zituen amatxiren ohoretan.

 

Mari Gorri
Marijane Minaberri

Gure Herria, 1961