|
Mari Gorri
Joanes Zirtzilen anaia
Behin bazen muttiko bat hain desordenatua eta urdina, nun deitzen baitzuten «Joanes Zirtzil». Bere liburu guziak uzten zituen alabaltsa lurrean, zapata zikinak berdin mahain gainean ezartzen eta taulier berri edo garbiaren gainerat ixurtzen eskolako ankre guzia. Egundaino holako mutiko tertelik ez zen ikusi. Egun batez, «Aphaindu» izena zuen sorgina sartu zen haren ganbaran. Ikusi bazinute harek egin zuen begitartea! — «Manera hunek ez du hola irauten ahal», zion erran Joanes Zirtzili. — «Zoaz baratzerat, anaiarekin josteta artzerat. Anartean, zure ganbara dut puxka bat muntatuko.» — «Ez dut anaiarik», dio Joanesek sinkulinaka. — «O, ba! dio Aphainduk, baño baduzu. Behar bada ez duzu ezagutzen, bainan ez kexa, harek segur ezagutuko zaitu. Zoaz othoi, anaia jinen da zu ganat.» Joanes Zirtzilek ez zakien zer pentsa; bainan halere badoa. Lohian itsaloska hasten da jostetan. Ixtantean, urxintx ttipi batek jauzi egiten du arbola batetik lurrerat, bere buxtan flokaxia bandera baten gisa gora duela ekartzen. — «Ene anaia zirea?» dio galdegiten muttiko ttipiak. Urxintxak so egiten dako goratik: — «Zure galdeak nau afruntatzen. Ene larrua da egun guziez garbitua. Ene kafia artoski atxikia. Ez nuke, segur, zure anaia izan nahi». Jauzi batez badoa arbola baten gainerat eta Joanes gelditzen da bakarrik. Errepittitta bat heldu da jauzika haren ondorat pikorkatzerat. — «Ene anaia zirea?» dio galdegiten Joanesek. — «Ez, egiazki. Zer bekokia duzuna! Baratze guzian ez duzu hatxemanen ni baino pruntagorik. Egun guzia pasatua dut ene lumen lisatzen. Zure anaia? Zinez, ez duzu pentsatzen!» Lumak harrotzen dituela, airatzen da. Haurra berriz ere bakarrik da gelditzen. Ixtant baten buruan, horra nun heldu den gatu bat ederra. Zangoak zikintzeko beldurrez bezala iduri zuen puntten gainean zabilala kurri. — «Zu zira ene anaia?» dio berriz ere Joanesek. Begietarik ximixta dariola, gatuak dio: — «Zure anaia, ni? Zoaz miraila batean zure buruari so egiterat. Goizetik hunat ene beztiari naiz milikaka ari. Zuk aldiz ageri duzu ez zirela biziki garbitzen. Ez dut, uroski, nehor familian zure idurikorik.» Bizkarreko ilhea harrotzen zuela, gatua badoa urrunago. Joanes Zirtzil pentsaketa zagolarik, trostan heldu da xerri bat. Muttikoak ez du, segur, hari behako bat bera emaiten. Xerri bat! Pentsa! Bainan horra nun bera hasten den elheketa. — «Egun on, anaia!» Harrialdurarekin Joanesek jauzi bat egiten du! Zer bekokia! Hasarrean dio ihardesten: — «Ez naiz zure anaia, ni!» — «Araiz! Nere familia ontsa ezagutzen dut, segur. Nahiz, aski nuke behako bat emaitea zure esku-zangoer... Txauri enekin; joanen gira biak putzuan mainatzerat. Gero, ongarrian itsaloskatuko gira.» — «Ez dut ongarria maite.» — «Zaude ixilik. Beha zazu zure arroper, zure oinetakoer, zure gorphutzari. Txauri, othoi. Elgarrekin jostatuko gira. Eta gero, ukanen dugu apairu bat ona: untzikuzkina zahiz zopaturik.» — «Ez dut ur zikinik maite», dio Joanesek oihu egiten, nigar-marraskan hasten dela. Ordu berean, «Aphaindu» zen etxetik atheratzen: — «Denak ditut garbitu eta beren lekuetan ezarri, zure ganbaran, Joanes Zirtzil. Hemendik aintzina, bethi hola behar dut ikusi. Bainan, behar bada, enekin muttiko prunt eta garbi izaiten ikasi baino nahiago duzu anaiarekin egon?» Bi nigarren artetik, Joanesek hipatu zuen: «zurekin! zurekin!», Aphainduren zaier zela aztaparkatzen. Xerria, bere begi errondak errondatzen zituela gehiago oraino, gelditu zen harrialdurak mututurik. Azkenean, Joanes Zirtzil etxean sartzen ikusi zuelarik, joan zen bakarrik putzurat, ziola: «Hobe! Gehiago ur zikin izanen duk neretako!»
Mari Gorri |