|
Mari Gorri
Ezkongai-lorearen kondaira
Duela ainhitz eta ainhitz urthe —nork erran othe dezake zonbat urthe?— erreka baten zolan komentu zahar batek zituen bere murruak zeruan gora altxatzen. Haren murru-harriak, neguek zituzten horzkatuak, haren teilatua makatua. Ondo hetako laborariak ziren artetan haraino joaiten. Joaiten udan; bakanago neguan. Ekartzen zituzten hornidura zonbait, milesker erraiteko han bizi ziren serorer, heien othoitzen medioz uzta ona egin zutelakotz, edo ondo hetako izpiritu gaxtoak zirelakotz ihes joan. Ezen komentu zaharrean, nahi zen bezain andeatua izana gatik, egoileak baziren. Zazpi serora xahar bizi ziren han, Jainkoaren bakean, gizonez errespetaturik. Goiz guziez, mendietako kaskoak argi-hasteak ilhunbetarik atheratzen hasi baino lehen, zoatzin zazpiak, ilhunak oraino ingurinatzen zuen kapera ttipirat, beren othoitzen egiterat. Othoitza hasi baino lehen, dorrearen gainetik (zonbat zen hura ere minberatua!) zazpi brontza-xilintxek alegerarik bazterretarat zituzten beren zeinuak berduratzen. Gaua erortzean, egun guzia airos lanean ari izanik (ezen arima garbiak eta xinpleak bethi airosak dira) zazpi serorek zuten berrh. kaperako bidea hartzen aratseko othoitzaren egiteko. Zazpi ezkilen zeinuak berriz gauaren bakean barreatzen ziren. Ondoetan pasatzen ziren jende bakarrek zuten orduan poneta burutik kentzen, zakitelakotz emazte debotak zirela othoitzean ari, heien eta heien familien gainerat zituztela Jainkoaren benedizioneak galdatzen. Egunak zoatzin egunen ondotik, urtheak urthen ondotik. Seroren othoitzer segitzen ziren othoitzak, ezkilen xilintxer, xilintxak... Zerua izan zadin suzkoa edo hormazkoa, zazpi itzal joaiten ziren barne-biden gerizan othoitzerat, zazpi zeinuk zituzten kantatzen goiz-aratsetako anjelusak. Igandea zen besta eguna eta argi-hastetik ilhun artio serorak eta zeinuak ziren aldizkatzen Jainkoaren laudatzeko. Urtheak ziren segitzen urtheeri, ekartzen zituztela murru zaharretan gero eta gehiago uspeldura, gero eta gehiago ilhe xuri seroren buruko xurien pean. Egun batez, mendietan oiharzunak hedatu zituen usaian baino zeinu tristeagokoak... Jainkoak zuen bere ganat galdegin serora hetarik bat. Bere ahizpek ezarri zuten lurrean, dorrearen oinetan, ezkiler eta othoitzer ahal bezain urbil. Urtheak zoatzin urtheen ondotik, serorak seroren ondotik. Zeinuek zuten bethi eta usuago boza tristea hedatzen... Ondar serora bethikotzat ahizpen ondorat joan zelarik, kapera-dorrean zeinuak ere lokartu ziren. Gehiago ez zen ez matutinik ez anjelusik. Bakea, bake sarkor eta oso bat, eztitasunez betherikakoa, zen denen gainean zabaldua. Aratsetan, zonbait aldiz, gauaren sedena altxatzean, ezkilek, hotz-ikarak harturik bezala, zuten murmurikaño bat adiarazten. Laborariek ahantzia zuten orai komentuko bidea. Emazte xahar batzuek zioten, gauaz, seroren mamuak zirela jiten komentu hutsaren ikusterat eta mendietan aditzen zen zeinu-murmurika zela heien kantuen oiharzuna... Zonbait aldiz, ahuntz bat edo bertze, sartzen zen murru zaharren artean sortzen ziren belharren goxaro jaterat. Bainan artzainek ez zuten leku hetan egon nahi. Ezen, ez zirena han ikusten seroren itzalak gauaz kurri, eta aditzen zeinuak intzirika? Euri, haize eta elhurrek ari zituzten emeki-emeki murru zaharrak lurrerat aurtikitzen. Laparrek beren aztaparrez zituzten lan hortan laguntzen. Egun batez, galerna bat ingurinaka zabilalarik erreka zolan, bere hasarre izigarrian, lurrerat aurtiki zuen oraino xutik zagon dorrea bere ezkilekin. Erori ziren beren oinetan lo zauden seroren hobien gainerat. Lurra zelakotz han harrotua, barna sartu ziren lurrean, nahi ukan balute bezala bethikotz joan beren lagunen ondoan lokartzerat. Egunen ondotik egunak, neguaren ondotik primadera. Belharra sorthu zen nasaiki, kukutzen zituela bere kaparen pean hatz guziak. Elgarrekin, serora eta zeinuak zagozten bethiko loan sartuak. Primadera bethean, handik pasatu zen, ardi erregelatu baten gibeletik, artzain gazte bat. Airea zen arin eta ezti; lehen hostoek zuten beren sudur puntta fresko berria denetan kanporat luzatzen hasia. Komentuaren galmenduak ziren aihen berriz estaliak. Lehenagoko dorrearen oinetan, egundaino leku hetan sorthu ez ziren lore batzu ikusten ditu artzainak. Baziren han, graziaz eta frexkotasunez betherikako zazpi landare berri, bakotxak ekartzen zituela zazpi xilintxa ttipi... Zazpi xilintxa zabiltzanak daldarikan, primadera haizean, beren ingurinan hedatzen zutela parabisuko baratzetik bakarrik atheratzen ahal den usain-on bat. Balusa bezain eztiak, argi-hasteko lehen ufa bezain arinak, mendietan dirdiratzen duen elhurra bezain xuriak, zazpi ezkilak bezain pollitak, zazpi serorak bezain garbiak, lehen ezkongai-loreak ziren lurretik atheraiak...
Mari Gorri |