Mari Gorri
Marijane Minaberri

Gure Herria, 1961

 

 

 

Moriko

 

      Xakur ttipi bat zen, beltza, ilhea idor. Uralde batek bere etxekoetarik berexirik kume zelarik, bizi zen oihan batean. Gazte-gaztea, behar izan zuen ikasi janaren hatxemaiten. Zer bizi tristea zeraman! Bethi bakarrik, goseari, hotzari, etsai mota guzieri buru egin behar!

      Haren ona nahiz, huntz batek egun batez erran zion:

      «Adixkide bat bahu, bizia errexago litaikek hiretako.» Ordu berean, xakurrak adixkide baten ukaiteko xedea hartzen du.

      Biharamunean, oihan bazterrean, ikusten du bera iduri alimale bat iguzkitarat mulixkan ari zena. Otso gazte bat zen.

      — «Nahi duk ene adixkide izan?» dio xakurrak galdegiten.

      — «Segur, nahi baitut. Bakarrik, ez dakiat zer den adixkidetasuna.»

      — «Adixkide izaitea duk elgar laguntzea goseari, hotzari eta lanjerrari buru egiten. Hori duk elgarrekin jostatzea, elgar konprenitzea eta maitatzea.»

      — «Bon! Ontsa duk.»

      Joan ziren biak promenatzerat, alegerarik, kanpo ederrean. Bat batean, tiroa bezala partitzen dira biak: lapin gazte bat zen heien aintzinean altxatu. Xakurra baino xaloinago, otsoak harrapatzen du eta jaten ezpainak milikatuz.

      — «Eta? Nun da ene partea?» dio xakurrak.

      — «Hire partea? Nik diat hatxeman; nik diat jaten. Entsea hadi ikusteko puxka baten hartzerat?»

      Buztana aphal, gogoa triste, zakurra joan zen bakarrik etxeari buruz, zuela pentsatzen: «Ez duk ba oraino hau izanen ene adixkidea!»

      Biharamunean, ikusten du hartza mainatzen erreka batean. Bere pata haundiekin ura zuen sorbalder beheiti igortzen. Mila ur xorta dantzan ari ziren haren inguruan, iguzkitarat zutela dirdiratzen.

      — «Zer larru ederra!» dio xakurrak.

      — «Beroxko sasoin huntako» dio hartzak.

      — «Gauaz bethi nago hotzak» du intzirinatzen xakurrak.

      — «Haugi ene ondoan lo egiterat. Ene berokia baliatuko duk.».

      — «Zoin den gixakoa», zuen arats hartan pentsatzen xakurrak, hartzaren ondoan zelarik lo egiteko plantatzen. Lokartzerat zoalarik, hain goxoki hartzaren berokian, marruma izigarri batek dio jauzi egin arazten:

      — «Ez duka fitexko gelditu gogo? Oilo koroka bat baino gehiago ez hiz gelditzen. Ez diat hirekin lorik egiten ahal, begirik hesten ahal.» Eta ostiko batez xakur gaixoa igortzen du kanporat.

      — «Hori ere ez duk ene adixkidea izanen», du pentsatzen gaixoak, hotzak kalkarikan doalarik bere lekurat. Pentsaketa tristerik zagolarik, urbiltzen zaio erbi bat.

      — «Nor hiz hi?» dio xakurrak.

      — «Ez nuk ezagutzen? Ni nuk azkarretan azkarrena, erbia. Deusen beldurrik ez diat nik.»

      — «Beraz laguntzen ahal nuk?» dio xakurrak esperantzaz bihotza hanpaturik.

      —«Araiz... Haugi enekin; ez duk gehiago deusen beldur izaiterik.»

      Ordu berean, miru bat, karrankaka, heldu da heien gainerat, bere apairuaren bilha. «Amen» erraiteko artean, erbia sartzen da zilho batean, utziz xakurra miruarekin borroka. Gudua irabazi balinbazuen ere, xakurra gelditu zen odoletan. Zoalarik bere zaurien sendatzerat, zuen tristerik pensatzen: «Hori har adixkidetzat? Egundaino...»

      Xakur gaixoa zen arrunt ilhundua, etsitua. Nehork ez zuen lagundu nahi, nehor ez zen gai haren adixkide izaiteko.

      Bere bihotz-minaren puxka bat eztitzeko, zabilan oihanean kurri, ikusten duelarik ezagutzen ez zuen alimale bat: bi zangoren gainean zabilan kurri. Zer othe zen? Urbiltzen da ahal bezain eztiki. Trunko baten gainean ikusten du jartzen alimale berri hori eta han jaten hasten. Xakurrari, urrunerat, botatzen dazko xingar kailuak.

      — «To», dio xakurrak otsoaz orhoituz, «hunek jaterat dautak emaiten.» Urbiltzen da, deskantsaturik. Gaua zen heldu. Airea freskatzen hasi zelarik, gizonak (ezen, gizon bat zen) sua pizten du. Estalgi haundi batean inguraturik, gauaren pasatzerat da prestatzen. Xakurrari iduritzen zitzaion gizonaren begiek «haugi» zakotela erraiten. Luzaz, dudan egon zen. Azkenean, gizonaren ondoan etzan zen. Ardura, begi bat idekitzen zuen lagun berri horren gainerat. Ostiko bat ukaiten balu! Goizaldean, konfiantzaz betherik, lokartu zen gogotik.

      — «A!» zion iratzartzean, orhoituz hartzaz, «a! hunek bederen ez dik bere berokiaz dolurik!» Boza ezti batekin, orai gizona mintzo zitzaion:

      — «Nola othe duk izena? Beltxa hiz. Nahi duk Moriko erraitea nik?»

      Adixkide berri horren gibeletik zoalarik oihanerat, suge bat, xixtuz luzatuz eztena, heldu zen Morikoren sistatzerat. Bi makhil ukaldiz, gizonak dazko hausten errainak.

      — «O! zion xakurrak salbatzailearen eskuak milikatuz, o! (eta zuen pentsatzen erbiari) orai badakit zer den adixkide bat!»

      Bigarren gauean, bi adixkideak jarri ziren afaldurik ur bazterrean. Morikok zuen burua gizonaren belhaunetan pausatua. Ihiztariak ikusten othe zuen xakurraren begietan sekula itzaliko ez zen amodio bizia? Senditzen othe zuen, mihi kolpean, Morikok bere bizi guzia zakola emaiten, bethikotz hari estekatzen?

      Ilhargi urrezkoa zeruan gora igan zelarik, ikusi zituen bi adixkide berriak elgarren berokian lokartuak.

 

Mari Gorri
Marijane Minaberri

Gure Herria, 1961