Asekaitz
Martin Iturbe

CAP, 1974

 

 

BETI GALDEZKA

 

Galdera bat naiz

ezurretik

azaleraño.

Galdera utsa!.

Galdera bakoitzak

ba du

erantzun bat.

Erantzuna ere

neroni naiz.

Galdera...

erantzuna...

Biek alkarri itsatsiak...

Begiek

argia dute amets;

egarriz doanak,

ura.

Orratz buru-estuarentzat

ari mehea behar...

Besteren arnasetik

ezin ninteke bizi.

Arnas estua

nere arnasa!!!

Galdetu beharraren

eztenak

larritu egiten nau;

erantzun eziñaren

larriak

itotzera narama...!!

Aize zabalak

osijeno apur bat

eskeñiko ahal dit,

arnas-aldi bakoitzean

galdera berri

biurtu nadin!!!

 

Asekaitz
Martin Iturbe

CAP, 1974