Asekaitz
Martin Iturbe

CAP, 1974

 

 

AZKENAREN ATARIAN

 

Nenkarren bideak

azkena jo du.

Ortzi urdiña

zulatzeraño

jalkitako

arkaitz gorria

dut

nere bizitzako

azken-zatia.

Eziñaren atarian

exeri naiz.

Izerdi otza,

besterik ez,

neke guzien etekiñ...

Bizi guzian

bide-lagun nuan

ITXAROPEN SENDOAREN

su-garra

ez dut itzali.

Bere etxera deitu nau

etsipenak.

Ezetz esan diot.

Buru bat ba dut;

bi eskuren jabe naiz.

Neronek sortuko ditut

kateak;

neronek zorroztuko ere

burni-ziriak,

arkaitz bizia zulatuaz

ibil-bide

eman daikien

nere oiñeri.

Oinperatuko dut, bai.

gaillurrik goienena.

Nere indarrez oinperatuko ere.

Gaur ez ba-da, bigar...

Guziaren jabe

izango naizen

usteak

arnas berria

eman dit,

larriaren laiño artean

itxaropen-argiz

ostarte egiñaz.

Ortxe dakust

neke guzien

saria.

Bestela,

utsa litzake bizia.

 

Asekaitz
Martin Iturbe

CAP, 1974