Arrainak ura baino
Hasier Etxeberria

Elkar, 1999

 

 

Koskarik gabetan

 

      Irrigarriak egin zitzaizkidan biharamonean erosi nituen egunkari guztiak. Denek erakusten zuten argazki haunditan, Madrilgo Burtsa makurtua, suntsitua eta birrindua. Bestetan baino gehiago salduko ziren egun hartan egunkariak, seguru. Guztiek aipatzen zuten gertaeraren izugarria eta hildako hamazazpien zerrenda.

      Barkaidazue krudelkeria baina nik egindako lehenengoa, zerrenda horretan euskal abizenik ba ote zen begiratzea izan zen. Behatzaz irakurri nituen goitik behera: Cervera, Cuevas, Gutierrez, Hermoso, Zambrano eta horrela. Bazen bat, ordea, Lopetegui deitzen zena eta berehala jo nuen orrialdeetan barrura, nor ote zen jakitera. Lasai hartu nuen arnasa gutarra ez zela jakin nuenean: “Jose Manuel Lopetegui, 37 años, natural de Cuenca. Se encontraba revisando los equipos de relojería cuando sucedió la deflagración. Deja mujer y dos hijos de corta edad”36.

      Hildakoen artean ez zegoen Louiseren antzekorik ere eta horrek Baionako Katedralaren erabakia aldatu izanaz poztu ninduen. Batek jakin zer-nola hartuko nuen Katedralaren harrien azpian, dohakaberen bat hartu izan banu. Madrilen hildako gehienak, ordea, Burtsa korridoreak ziren, Burtsako langile arruntak edota garbitzaileak. Inor apartekorik ez.

      Dena irten zen, beraz, borobil. Ekintzarekiko jabetzaren arazoak baizik ez ninduen kezkatzen. Denek egozten zioten ETAri han gertatutakoa. Barne Saileko Ministroak, egileak zeintzuk ziren ere esan zuen agiri batean. Ziur zegoen Pizkor komandokoak bakarrik izan zitezkeela hain gordinki aritutakoak: Santurtun, Beistegi eta Lopez de Guereñu izeneko hiru gazteren erretratoa argitaratu zuten ia egunkari guztiek. Euren berri emanez gero, hamar milioi pezetako37 saria zegoela salatariarentzat. Betebehar demokratikoa zela hori eta deitzeko 900676767 dohaineko telefonora. Eskerrik asko.

      Horixe egin nuen, beste ezer baino lehen. Telefono kabina batetik hotsegin nuen 900676767 telefonora eta Santurtun, Beistegi eta Lopez de Guereñuk ez zutela Madrilekoa egin esan nien. Pizkor Komandoaren kontua ziri hutsa zela, alegia.

      — Dígame su nombre y dígame en qué se basa su afirmación38 —erantzun zidan idazkari ongi trebatu batek.

      Antzarrak perratzera bidaldu baino lehen “Neuk egin baitut Burtsaren kontrako ekintza” erantzun nion euskaraz.

      —¿Cómo dice39?— galdegin zidan azkenez, eta telefonoaren eskegiteko klikada baizik ez nion eskeini, putaseme hari.

      Sutan jartzen ninduen inori ezer esan beharrak baina, egia, harro esan nion telefonoaz bestaldeko ahots hari, neu izan nintzela eta ez beste inor, Madrilgo Burtsa Etxe famatua hegan bidali zuena. Nik, eta ez beste inork, jarri zizkiola hegoak, alegia, Burtsaren etxetzar hari. Izenik aipatzeke, Simon Azkue egiazko jainko txiki bat dela adierazi nion, bere zizare erreinuaren gainetik.

      Ondorengo egunak Paradisuaren erdiko trontzotik hartutako modukoak gertatu ziren Rita eta nire artean. Nik ez-ezik, berak ere begi berriak erakutsi baitzizkidan nigana jarrita.

      — Schatz, ez haiz lehengoa bera —esaten zidan behin eta berriz, edozein aitzakirekin.

 

      Dena joan zen pikutara, ordea, Espainiako Barne Ministroak egindako adierazpen batzuren kausaz. Komunikabide guztiak bildu zituen bere inguruan, nik ez beste inork gezurta zezakeena adierazteko: Madrilgo Burtsako ekintza burutu zutenak atxilotu egin zituztela eta berandu baino lehen jarriko zituztela epailearen eskutan. Ez zegoela zalantzarik. Guardia Civilak harrapatu zuela, ikerketa neketsuen ondotik, Pizkor komandoa. Kaka putza berriro.

      Alde batetik pozik egon beharra neukan ez baitzebiltzan nire atzetik baina, bestetik, ezin eraman nuen nik eginikoa inori leporatzerik. Neu nintzen Madrilen geratutakoaren erantzule bakarra eta nardagarria egiten zitzaidan hiru gazte haiek komisaldegian jasotzen ari zirena irudikatzea. Louise bezalako dohakaberik ez nuen Burtsaren harripean harrapatu baina hiru errugabe haien egoera errukarria egiten zitzaidan.

      Dena apur bat gehiago korapilatze aldera, zenbait egunen buruan, komunikabide guztiek zabaldu zuten Pizkor komandokoek onartu egin zutela epailearen aurrean Madrilgo Burtsa lehertu izanaren ardura. Eurek jarri zituztela leherkariak, Burtsaren zuztarretan.

      Zerbait egin beharra neukan baina, zer egin, ordea? Ezer esan gabe inori, nola adierazi mundu guztiari Simon Azkue zela gertatutako guztiaren erantzule bakarra? Neure Bizitza Berria arriskutan jarri gabe, nola erakutsi neu nintzela balentriaren egilea?

      Kezka horretxi irtenbiderik aurkitu ezinda egon nintzen ondorengo hiru hilabeteetan. Ez atzera eta ez aurrera, inolako erabakirik ezin hartuta ibili nintzen, putzuan geratutako izkira bezala. Neure erruz kiskali egingo zituzten hiru gazte haiek, oliotan ondo frijitu lehendabizi eta izozkailuan betirako sartuko zituzten ondoren.

      Horrexetan euki zuen, eta horrexetan bakar-bakarrik, nire ekintzak akatsa. Seinale bat, zigilu bat, nolabaiteko sinaduraren bat egitea ahaztu zitzaidan Madrilen eta damu nintzen, biziki damu. Aski nuen, leherketa baino lehen, telefonoz beste erakunde edo norbaiten izenean, atentatuaren jabetza erreklamatzearekin. Aski izango zen piromano ero bat nintzela aitortzearekin, edo antikapitalista sutsu bat. Poliziak bai baitaki ETAk ez duela sekula gezurrik esaten horrelako gauzetan eta aski izango zen hori gauzak hainbeste oker ez zitezen. Ez zegoen, ordea, atzera egiterik. Egindakoa eginda zegoen eta akats bakarraren zama horretxekin egin beharko zuen aurrera Gizon Berriak, dordokak bere oskolarekin bezala.

      Gainerantzeko gauza guztietan, Simon Azkue Berria gizon zoriontsuaren paradigma izan zen handik aurrera. Ez zen egon egunik, arnasa hartze hutsaz gozatzen ez nintzenik, hainbestekoa baineukan bizipoza. Lehenagoko burutazio beltz guztiak, Madrilgo harripean geratu ziren harrapaturik eta Hans Lauerren akorduak ez zuen sekula berriro muturrik ere erakutsi gure etxean. Ez aipamenik ez eta ere oroitzapenik. Haizeak eraman zuela zirudien, ahazturaren eremura. Gainera, Gizon Berriak asetzen zituen denak, emazte eta senide, lankide eta adiskide.

      Mendiondok ere aitortu zidan egun batez, ez nintzela lehenagokoa bera, beste bat nirudiela. Berriro hasi nintzen nire zizareen loriatik edaten, deitutako lekuetara joaten eta horrek harritu egiten zuen Mendiondo, bai baitzekien zenbat gorrotatzen nituen lehenago horrelako betebeharrak.

      — Norbera ondo dabilenean, Inazio, gainontzeko guztia tajuz egoten duk gehienetan —erantzun nion.

 

      Esan liteke, beraz, Madrilekoa gertatu eta gero, ez dela egon nire pareko gizonik: gauza txikienak haundi iruditu zaizkit handik hona eta arazorik handienak txiki. Aingerututa ibili naiz geroztik, ia lurrik ere ukitu gabe, zorionaren hegadan. Hiru mutil haien akatsa izan ezean, borobila zen guztia.

      Huraxe nuen koska eta huraxe samina. Horregatik aldi berean atsekabetu nintzen eta aldiberean lasaitu, polizia andana bat zarataka erori zitzaidanean gainera, Ospitaletik etxera nindoan arratsalde batean.

      Preso ninderamaten, preso, esku biak atzean bortizki loturik. Harrapatu egin ninduten eta orduan bai, desagertu egingo nintzela iruditu zitzaidan plazerez, instant batean aire gozo edo argi eder bihurturik. Batere akatsik gabea bihurtu baininduen nik egindakoa lau haizetara zabaltzeak, Simon Azkueren albiste egiazkoak edonora hedatzeak.

      Gauza guztien gainetik bizi naiz harrez geroztik, erabateko borobiltasunean, nola izarra ekialdean.

 

Arrainak ura baino
Hasier Etxeberria

Elkar, 1999