Arrainak ura baino
Hasier Etxeberria

Elkar, 1999

 

 

Bladi

 

      Amodioaren lehen zurrutadetan erotuta genbiltzanean, ezagutzen hasi eta lau hilabete eskasetara, hartu genuen elkarrekin bizitzeko asmoa. Batak besteari begiratu eta aparte ibiltzea zentzugabea zela erabaki eta teilatu beraren azpian bizitzen jarri ginen. Ohe bakarrean lotan.

      Biok beldurtzen gintuen horrek, bai Rita eta bai neu, bietako inor ez baikinen harlauza lau eta garbi. Bizitzak ibiliak gintuen alde batetik bestera, batzuetan atseginean, gehienetan zorigaitzean, eta ondo kolpatutako txalupak ginen, hondoari kateatuta bai, baina nork bere koskak gainean zituela. Urte batzuk bizirik egin dituen edonori gertatzen zaio hori.

      Bizimodu berri horretarako, neure buru gora-beherati honetaz gain, nire trabarik handiena Hans Lauer zen. Gutxi zekien berak, Stuttgarteko kartzelako zuloan, nolako oldarrez eragiten zuen gure bikotearengan. Askotan, present ez dagoenaren zama handiagoa eta indartsuagoa izaten baita, bertan aurrean dagoenarena baino. Ikusten ez duen sugegorriaren beldurrez bizi da beti artzaina, bazterren batetik noiz agertuko zain.

      Halaxe ibiltzen nintzen neu ere, Ritak eta biok ez baikenuen sekula ere Hansen arazoaz behar bezala hitzegin eta ez genuen korapilo hura behar bezala askatzen asmatu. Ez genuen Hansen akordurik estaltzen, berari buruz hitz egitea ez zitzaigula batere kostatzen ematen zuen baina itxurak ziren, axalak estaltzen zuen mamia baizik ez. Ni, esaterako, ez nintzaion sekula ausartu Hans egiazki nola oroitzen zuen galdetzera, haren usain eta ferekak, haren hitzak, nireen gainetik altzatzen ote ziren oraindik ala, aitzitik, erabat estaltzen ote zuen Simon Azkue berriak harenganako sentipen ezti oro. Ez nion galdetu, azken finean, gehien irrikatzen nuena: haren zuloa betetzeko beste ote nintzen.

      Ohartzeke, Hansen gaia gu bion arteko laino xume zegoen bihurtuta Rita eta bion harremana estaltzeko modukoa ez zen baina diztira kentzen zion behintzat gure zorionari. Hansi buruz ezin zen lasaiki mintzatu gure etxean, denok baikenekien han, inori ez ziola mesederik egiten haren aipuak.

      Nik Ritari begiratze hutsarekin jakiten nuen noiz igarotzen zen, haize bat bezala, Hansen infrentzua gu bion artetik. Begiak apalagotu egiten zitzaizkion Ritari Hans gogora ekartzen zuen bakoitzean: ninietako beltza grisaskatu eta sekula inori hitzik esan gabe, bazterren bat bilatzen zuen urjentziaz, malkoen lasaitua sentitzeko. Gertaera horiek ezkutatzen saiatzen zen hasieran eta kezka handiagoa eragiten zidan guztiontzako begi bistakoa zen egia estaltzen ibiltze horrek, min, traizio, edo dena delako sentipen hura neurekin erdibitzen saiatzeak baino.

      Emakumeek euren gizonekin izan ohi dituzten kontuetako hamaika entzutea egokitua zait neure lanbidean baina, gizona naizen aldetik, badakit emakume baten bihotzeko gorabeherak ulertzen saiatzeak ez duela deustarako balio. Ibaiko ura joaten entzutea bezalakoa izaten da hori. Banekien, beraz, ezer handirik ez nezakeela egin, alferrik zela Ritaren barnean gertatzen zenaren neurriaz jabetu nahi izatea. Hala ere, neure lekua garbi neuretzat izan zedin nahi nuen. Ritak neuretzakoa izan behar zuen erabat, neu berarentzat izango nintzen bezala, harreman hura ez baitzen takian-potian edukitzen den horietakoa.

      Rita maite nuen biziki eta hori bainoago, ezin asmatuko nukeen bizitzen haren auzotasunik gabe, haren hitzik eta ferekarik gabe, haren arnasarik gabe, haren babesik gabe. Berarekin egoten nintzenean, ez ninduen ezerk kezkatzen ez eta lehenagoko nire sentipen beltz eta sarri haiek ere. Beragandik urruntzen nintzen bakoitzean, ostera, noiz itzuliko nintzen zen nire buruhausterik behinena. Aldendurik egin beharreko orduak edo egunak aurrez neurtzen nituen, eta kirolari batek frogarako egiten duen bezala, egiten nuen nik prestaketa, emakume harengandik urrunduta egonda ere airoso itzultzeko.

      Berari ezer esan gabe, eta gure elkarbizitza ez nahastearren, bazterrean laga nituen neure-neureak nituen zenbait gauza eta ohitura. Horietako batzuk handiak eta maiteak ziren niretzat, esate baterako, arrantzurako zaletasuna. Ritarekin bizitzen jarri nintzenetik, ez dut kainaberarik esku artean berriz eduki. Lupiak eta urreburuak lasai asko dabiltza ni gabe. Astean behin edo birritan joaten nintzen lehen, hutsik egiteke, arroka bakartiren batera, edo murru zaharren batera eta hantxe garbitzen nuen burua, kainaberaren harian baino, beste ezertan pentsatu gabe.

      Bazterrean utzitako beste gauzetako batzuk, txikiagoak diruditen arren, ez dira garrantzi gutxiagokoak. Etxe barruko ohiturak izaten dira horiek, ohea horrela edo bestera egiteko gutizia, noren arropak non gordetzeko lekua, liburutegiaren ordenamendua eta, batez ere, komuneko kontuak.

      Bat bada horien guztien artean biziki garrantzizkoa eta gaurdaino inongo gizasemeri aitortzen entzun ez diodana: Ritarekin bizi naizenetik, zutik egin ordez, komunean eserita egiten dut nik txiza. Emakumeen antzera jarrita, gizonezkook daukagun abantailari eta erosotasunari egin diot nik uko horrela, elkarbizitzaren izenean. Ez dut sekula zipriztintzen bazterrik eta hori gutxi bailitzan, lehortu egiten dut paperez zakilburua. Baliteke, emakumeen eran jarrita, beste gizonezko guztiek makurtuegi ikustea euren burua, baina hori eta gehiago merezi zuela Ritak erabaki nuen eta ez dit horrek kolokan jarri nire gizatasunik. Aitzitik, orain naizen gizon berriaren berezitasun baizik ez dira bilakatu halako gauza txiki eta handi guztiak. Hemen ere, orain nagoen ziega estu honetan etxean bezala jokatzen dut, Ritarenganako ohiturak zaintze aldera.

      Zorionekoa nintzen, beraz, azkenean. Hainbeste kostatu eta gero, sari guztiak neuzkan nirekin: lana, dirua, osasuna, ospea, eta azkenez, bere altzoan hartzen ninduen bakoitzean, munduan diren izate guztiekin eta, batez ere, neure buru terral honekin adiskidetzen ninduen emakumea.

      Alabaina, gauzak argi nahi nituen nik berak ere nirekin bizi nahi bazuen, zein leku zeukan Hansek?

      — Hansena aspaldi amaituta zagok, schatz, iragana duk hori.

      — Zergatik egiten dun negar orduan, haren itzala agertze hutsarekin?

      — Horrexegatik, iragana delako, eta izandakoa badenez, noizean behin bistatu egiten duk akordua. Iragana ez duk ezereza, Simon. Iraganak gorputza zeukak hik eta nik bezalakoa, eta inork gonbidatu gabe esertzen duk askotan mahaira, nahi gabetan ere bai. Ez hadi kezka, ordea, nik hi bakarrik maite haut eta hirekin egin nahi diat hemendik aurrerako guztia.

      Hitzak. Emakume hitzak. Halako eta antzerako gauzak maiz entzun arren, nire kontsolamendua ez zen erabatekoa izaten. Ezin nuen ezer egin zinez eta horrexek jartzen ninduen sutan: ezer egin ezinak. Ritari sinetsi ala ez sinetsi, besterik ez. Alabaina, Stuttgartera egin nahi zituen bidaiak ez eragoztea erabaki nuen. Joan zedila Hansekin hitz egitera eta berarekin behar bezain luze eta zabal mintzatzeko aholkatu nion. Gauza horiek hitz egindakoan bakarrik geratzen direla eta argi. Ezetz erantzun zidan, ordea, ez zeukala Hans sekula gehiago ikusteko asmorik, gutun bat igorri ziola jada, eta hori esatearekin batera, alde egin zuen nire ondotik bazterren batera, berriro ere Hansen oroitzapena lasaitzera, seguru asko.

      Erabakitako elkarbizitza hartarako, hamaika gauza egin behar izan nuen, txintik ere atera gabe, eta guztien artean gogorrena, zalantzarik gabe, Hans Lauer terrorista hari atariko atea betiko ezin itxia. Esan liteke, gure etxean, hiru edo lau mila kilometrora zegoen batek agintzen zuela gauza eta gertaera guztietan.

      Ezin nuen jakin zer komeni zitzaigun gehiago, Rita behin betiko Hansi agur esatera joatea ala, besterik gabe, geure artekoa bere horretan bizitzen jarraitzea.

      Bi aukerek zeukaten arriskua. Rita Hans ikustera joaten bazen Stuttgartera, bazitekeen nireganako guztia kolokan jartzea, berak maite izandako gizona han barruan ikusitakoan. Beldur hori nik baneukan behintzat: gizon harekin alderatuta, ni ezdeusa iruditzea Ritari. Bisitak freskatu egin zezakeen Hansen izaera, eta iragana lotsagabeki eseriko zen horrela gure mahaira, eta gainera, norbaitenganako pena hurbil egoten da askotan maitasunetik emakumearen bihotzean, gauza beraren bereiztu ezinezko bi aldeak bezala.

      Ez joanda ostera, bazitekeen Hansekin ondo jokatu ezaren mamua neurrigabeki handitzea eta azkenean biok, Rita eta ni, deblauki irenstea gaitz horrek. Gainera Vladimir zegoen tartean, lau urteko mutil azal zuri eta kaskagorria. Lehenengo hilabetean amonaren etxean geratu behar izan zuen gaixoak, Ritak ez baitzuen nahi beste trabarik gure harreman hasiberrian.

      — Umea ondo zainduta zagok, hago lasai Simon. Hobe duk horrela. Gero ere izango duk astia haurra ezagutzeko.

      Egunero joaten zen Rita bere amaren etxera, Vladimirren gora beherak ikustera. Eskolara ere laguntzen zuen beti, eta noiznahi esaten zidan barkatzeko baina afaltzeko bakarrik, berak semearengana joan beharra zeukala eta. Hala ibiltzea baino hobe zela edozer esan nion nik azkenean, eta gurekin jarri zen bizitzen Vladimir, Ritaren urtebetetze egunean bertan, martxoaren 23an.

      Lehenengo egunetan uzkur hurbiltzen zen nigana umea, beti amaren gona ostean babestuta. Seigarrenerako lortu nuen, hala ere, adiskide egitea, edo behinik behin lagunak bagina bezala jardutea. Baina gauzak ziren bezalakoak ziren eta ez norberak desira zituen eran.

      Bavariako garagardorik onenak baino germaniar itxura handiagoa zeukan eta dauka oraindik ere Vladimirrek. Urrutitik ikusten zaio hari nondik duen jatorria. Orezta eta guzti aurpegian, gure artera agertzen zen bakoitzean, eskutik hartuta ekartzen zuen Hans Lauerren oroitzapen ia ukitzeko modukoa. Haren laino xumea euri bihurtzen zen Vladimirrengan iragazten zenean.

      Ezinezkoa zen niretzat aita eta semea bereiztea. Haur gaixoak bere aita ekartzen zidan parera eta orduan, Ritak haren besoetan ezagututako gozamenak gaixotzen ninduen, Vladimir dohakabea gorrotatzeraino.

      Hala ere, haurrarena lehendik zegoela konponduta esan zidan Ritak halako batean. Hansek eta berak erabakita zeukaten, Vladimirrek 16 urte bete arte, semea sekula aitaren bisitan ez eramatea Stuttgartera. Kartzela zuloak handiagoak izaten dira haurraren adimenarentzat eta inori ez zion onik egingo semeak aita preso ikusteak. Alabaina, noizean behin eta udako oporretan, Hansen gurasoekin biziko zen Vladimir, Koloniako etxean. Hansek ez baitzuen nahi bere semeak Alemaniako berri ez jakiterik eta zeregin hori onartua zuten eurentzat haurraren aitona-amona alemaniarrek. Horrelaxe zeukaten ohituta umea, nik ezagutu nuenean.

      Egia esan behar bada, ez zitzaidan entzundakoa bidegabea iruditu.

      Normala zen Hansek semea berarentzat ere nahi izatea. Horretan bat netorren berarekin, aitak aita izan behar baitu lehendabizi eta semeak ere behar du hori jakin, gerora okertu eta aldrebes ibiliko ez bada. Gauza batzuetan, eredugarri egiten hasi zitzaidan Hans Lauer neuri ere.

      Eskaera bat egin nion Ritari: Vladimir izena gordintxoa egiten zitzaidala gu bizi ginen parajerako, eta ardura ez bazion, lagatzeko haurrari Bladi deitzen Vladimirren ordez. Farre baino gehiago, algara egin zuen Ritak hori esan nionean eta musu emanez batera erantzun zidan,

      — Zozoa haiz Simon, hori konpon ezak Vladimir berarekin.

 

      Bladi izan zen, beraz, handik aurrera Vladimir niretzat. Bladi, Abadiņoko santua bezala, eta ez Vladimir, beste Ilitx errusiar boltxebike hura bezala.

      Hasieran amorratu egiten zen haurra bere izena mozten nion bakoitzean, baina zela edo hala lortu nuen azkenerako, bai bera eta bai mundu guztia, izen berrira ohitzea. Nire aldeko garaipen txiki bat izan zen hura, gaur egun Ritak, familiakoek eta lagun guztiek deitzen baitiote Bladi, Vladimirri. Leninen zeukan polboraren ke usain gorria Koloniako aitona-amona germaniarrekin egoten denean bakarrik edukitzen du Bladik, han Vladimir deitzen baitiote denek oraindik ere, ahuntz bizardunaren ohoretan. Niri berdin zait hori, ordea, urrutiko tximistak ez baitu sekula inor itsutu gaurdaino.

      Gainerakoan, aspaldi konturatu nintzen Bladirentzat Simon izango naizela beti. Alferrik ibili nintzela seme deitzen eta horrelako tonto usainetan. Bladiren aita Hans da, ama Rita den bezalaxe, eta hortik aurrerako antzerki guztiak alferrikakoak dira, batez ere, haur kaskagor alemaniar batentzat.

      Neuretzat ere hobe da horrela, ezinezkoa baita semetzat hartzea hainbeste buruhauste emandako gizonaren fruitua. Semea baino gehiago, semena da niretzako Bladi, Hans Lauerrek nire Ritaren barnean zoritxarreko unean isuritako hazia. Izan bedi, beraz, Bladi gurean eta Vladimir aitaren lurrean. Izan dadila Kolonian nahi dutena, eta egin bezate ume horretatik germaniar handi eta gorri bat, nola ardi-esnetik mamia.

 

Arrainak ura baino
Hasier Etxeberria

Elkar, 1999