Arrainak ura baino
Baionako katedrala
Erabaki nuen bai, ataka negargarri hartatik irteteko erabaki beharrekoa: Baionako katedrala lehertaraziko nuen. Bere hormatzar eta atrioa, kanpaiak, urrezko aldarea, organoa eta tontorraren punta. Denak birrinduko nituen eta lagako nituen lurrarekin berdinduta. Harria hautsaren menpera makurtuko nuen jaungoiko txiki baten ahalmenarekin. Eztanda Parisetik ere entzungo zen eta hango kea ikusiko zen ilargitik bertatik. Bertikalak ezagutuko zuen azkenerako deskantsua, harri bat bestearen ondoan, denak lurraren horizontalaren gainean etzandakoan. Zutinaren tentsio bertikalari gaindituko zitzaion etzandakoaren bakea. Zergatik ez iezadazue galdetu, baina horixe izan zen nire erabaki irmoa. Kosta ahala kosta, Baionako katedrala desagertu egingo zen bere lekutik, eta harenak izandako oinarrietan hartuko zuen leku nire gizatasunaren oroitzapenak, gaztelu garden baten antzera. Harriaren betidaniko lekua hartuko zuen gizon honen saminaren akorduak. Denek jakingo zuten Simon Azkue ez dela ergela, eta zizareen bizimodua ezagutzeaz gain, gogoak hala agintzen dionean, inork ez bezala dakiela berak antolatzen jaialdi piroteknikoa, triskantza eta dena dardarka jartzerainoko lurrikara. Denek jakingo zuten egunen batean, maitasunak eta amodioak ez duela inongo garaitan ezagutu oroitarri handiagorik Baionako katedral makurtarazia baino. Nik etzandakoak ezkutatuko zuen betirako Verona eta erakutsiko zuen, beste ezerk ez bezala, zein izan daitekeen handia benetako gizonezkoaren bihotza. Denbora eduki dut, astia frango ziega bakarti honetan, erabaki hura ganoraz eta patxadaz aztertu ahal izateko. Batek baino gehiagok esan izan du ero batena behar zuela izan derrigorrez halako irtenbide gordinak. Baliteke. Zuen guztion gezur horretatik aldentzen nauen lurraldeak har baititzake nahi beste izen. Zergatik ez da, bada, erokeria izango nik hautatutakoa. Dei iezaiozue nahi bezala, gizon honek bere benetako baita baretzeko hartutako bideari. Dei iezadazue ero, dei iezadazue hiltzaile, terrorista, zorigaiztoko eta nahi duzuen guztia. Bost axola niri, neu zuen eguneroko absurdotik nagoen bezain urruti baitzaudete zuek nire oraingo zorion tinko honetatik. Ez didazue esaten ahal niri neure buruaren berri. Baionako Katedrala lehertzeko erabakia hartutako egunetik, beste ezerk ez zidan aldatu ahal izan aldartea. Ez eta Rita eta Bladiren itzulerak berak ere. Hegazkinetik jaisten ikusi nituenerako banekien beste edozein unetan joan zitezkeela berriro, ni bakarrik utzita, eta harrigarriro gogortuta ikusi nuen neure burua, Katedrala suntsitzeko erabaki hark elikatuta. Rita ezagutu nuenetik eginda nengoen gizon berriari, tasun berri bat gehitu nion horrela borobilduz erabat nire baitak eman eta nahi zuen guztia. Ez zegoen beste irtenbiderik erabakitakoa lehenbailehen betetzea baino. Neuk behar nuen eduki lehendabizi Simon Azkuerengan segurantza, eta jakin egin behar nuen gai nintzela Hansen itzala betirako hondoratzeko Katedralaren zuztarretan. Haren hondarren gainean haziko nintzen ni erraldoi galant, eta egingo nintzen bakar Ritaren bihotzean, Hansen akordua geratuko zen betiko nire balentriak irentsirik, nola zapuak eulia.
Arrainak ura baino |