Arrainak ura baino
Equus
Gauza garrantzizko guztiak gertatzen diren bezala gertatu zitzaigun geuri ere: ustekabean. Nik ez dakit zergatik eta, batez ere, ez dakit nola, elkarren besoetan erori ziren gau hartan Rita eta bion gorputzak. Egia esan behar badut, ez nuen halakorik hain azkar espero. Gordeta neukan gertaera hartarako itxaropena eta desioa, amuarrainak eltxoa amesten duen beste, baina elkarrekin irtendako lehen gauean bertan gerta zedin, ez nengoen prestatua. Harrigarria egin zitzaidan Ritarekin oheratzea. Larrigarria, esango nuke. Handik aurrera pixkatean ere ez nintzen egon prestatua Ritarekin ohean behar bezala gozatzeko. Denbora behar izan nuen azal berri hartara egokitzeko, ertz haien guztien gutiziak ezagutzeko eta, batez ere, neure lurraldeak baimenik eskatzen ez zuten fereka berri haien menera estuasunik gabe jartzeko. Labur eta egiazki pare bat hitzetan esateko: izututa nengoen, nola txirrinda kamioiaren alboan. Nerabetuta banenbilen ere, ez nintzen haur bat, eta desioaren aurrean balaztak erakutsi zituen zuhurtziak. Nahi nuen, egia da, beste ezer baino gehiago munduan, baina bestetan ez bezala, alboan neukan emakumea ezatseginduko zuen ezer egiteak kezkatzen ninduen. Ez nion ezer gaiztorik egin nahi, lehenago zintzilikatuko nintzen lepotik, baina ezin kendu nuen gainetik emakume hura uxatuko zuen hankasartzeren baten beldurra. Izan ere, lehenago bitan banatzen nuena, gauza bat eta bakarra dela ikusi bainuen berari esker. Orduan ez nintzen horretaz zehatz jabetzen baina orain argi dakit. Ritak biak batzen zituen bere baitan, beste nehork ez bezala: haragia eta gogoa. Lurra eta ura. Ez zen egun arrunta izan hura. Aspaldian lez, ospitalean zitaldurik ibilia nintzen denbora guztian, ipurdia inon pausatu ezinda. Vladimirren albistea ezagutu nuenetik, ez nintzen izan lehengo gizona bera. Lankideek ere sumatu zidaten zerbait baina, behin eta berriz esan nien arren, ez zuten ulertu nahi izan ez neukala inorekin hitzegiteko gogorik. Ez eurekin eta ez beste inorekin. Batzuetan gehiago kostatzen da axaleko bi hitz alferrikako esatea, besteetan diskurtso mamitsu oso bat baino. Behin eta berriro eman zidaten telefono deien berri baina baten batek nire lekuan erantzuteko esaten nien nik, berdin zitzaidala Osasun Sailburua edo Bayer-eko Zuzendari Orokorra bazen ere hariaren beste aldetik nire bila zebilena. Ez nuen inorekin hitzegin nahi arraioa, are gutiago begi-bistan ez neukan norbaitekin. Marka bat hautsi behar duen kirolariak bezala, indar guztiak neuretzat behar nituen, behingoagatik sikiera: gau hartan Ritarekin neukan afaltzeko hitzordua. Beti bezala, Mendiondo adiskidea izan zen olioa sutatik kentzen ausartu zen bakarra. Egun guztian ez nuen ikusi baina baten batek zerbait esango zion eta han agertu zen, eskuak amantal zurian lehortuz. — Laboratorioko buru izatea gauza bat duk eta bestea lankideak torturatzen ibiltzea. Ikasleei begiratu ere ez omen diek egin gaur, fakultatetik hona etorri ostean. — Ez duk hainbesterako Inazio, hemen denok zeuzkagu egun txarrak. — Hik asteak daramatzak, Simon, aste osoak, heure barruan sartuta eta trikua bezala kizkurtuta, arantza eta guzti. Hemen jendea berbetan hasia duk. — Egin dezatela, bada. — Nik bete diat nire lana. Entzun nahi baduk, esan diat. Hortik aurrera heure kontua duk —eta etorri bezala desagertu zen, laborategiko atetik kanpora, agurrik ere esateke. Ez nion kasu handirik egin. Norbaitek nire kontrako zerbait edukitzeak ez ninduen harritzen, bai bainekien ez nintzela batere fin ibilitakoa azkenaldian. Beti ezin da asmatu txinaurririk zapaldu gabe ibiltzen. Baina gauza bat da hori eta bestea, egin zuten bezala, Mendiondo laguna nire kontra xaxatzea. Ezin nuen horrelakorik onartu eta aurrerantzean begiak argiago erabiliko nituen laborategian nor zen nor ikusteko. Sugea beti dago igel gose eta, azkar edo berandu, derrigorrez bistatzen da azalera, arnasa hartzera. Gure laboratorioan ere agertuko zen nor edo nor nire aurkako pozoitik garbitzera. Lana amaitutakoan, Ritaren bila joan nintzen parkera ilundu baino lehen. Egun guztiko ordu guztiak itxarote hartan emanak neuzkan, bata bestearen ondoan, guztiak eta bakoitza neure barnean ezin kabituz. Beste oihartzunik, beste akordurik... beste ezer ere ez buruan. Ez eta Mendiondoren hitzak ere. Konturatuta nengoen berriz ere jostailu berria nahi duen haur setatiaren gisara nengoela jarrita baina ez zitzaidan axola gainerakoen usterik. Behingoagatik neuk benetan nahi nuena egitera erabakita nengoen, uhinak harkaitzak baino haruntzagoko hondarra behin eta berriz busti nahi duen bezala, eta ez zidan ezerk eta inork uste hori aldaraziko. Iritsi nintzenean, Iparra zebilen parke inguruan eta bizkarraren gainean jarri nion neure jakea Ritari, betiko lekuan eserita zain aurkitu nuenean. Eguzkiak itsasoa gehiegi gorritu gabe amaitu zuen arratsaldea. — Horrela hobeto, schatz —esan zidan eta besotik helduta itzuli ginen nire autora. Kilometro eskaseko bide hartan gorde genuen isiltasunak argi adierazi zigun bioi, elkarren begiramenduan genbiltzala arretaz eta mataza harilkatzeak baino haruntzagoko eremu badaezpadakoetara abiatuak ginela, jakin gabetan ziur nora. Helmuga argi bat ikusten denean, sendo joaten daki pausoak baina zer nahi den, zer gertatuko den, inork ez dakienean, kiribilez betetzen da bidea, alferrikako bihurtuz lasterbide guztiak. Bide oro ibili egin behar izaten da oso-osorik eta pauso bakoitzean pentsatu non jarri behar den hurrengo oina. Zapatapean sentitu egin behar dira lurraren zimur guztiak eta orduan erabaki, orduan bakarrik, norantz eman hurrengo urratsa. Horrexek beldurtzen gintuen biok eta horrexek isilarazten gintuen parkeko aldapa beheran. Gainera, beti erabilitako hitz eta moduek fitsik ez zidatela balio banekien. Ordura arte izaniko gizonaren ausardiak ez zidan balio. Lehenagoko hitz antzuen lekuan, berriak behar nituen, egiazkoak eta nire baitaren berri argi adieraziko zutenak. Batetik, Rita ez zelako nire betiko zozokeria haietan sekula korapilatuko eta, bestetik, neuk ere ez neukalako bide zaharrak berriz ibiltzen hasteko batere gogorik. Indarrik ere ez, seguru asko. Gerta zedina gertatu, berria eta ezberdina behar zuen izan niretzat Ritarenak. Horrelaxe erabakita nengoen, atzerago aitortu dudan bezala. Hala ere, ezertaz konturatzen ez eta nik uste nuen neu bakarrik nenbilela estututa eta urduri, baina Rita ere larri ibili zen, larri oso, nire besotik zintzilik. Bere betiko izaera tinkoa galdurik, estreinekoz ikusi nuen zalantzan egun hartan eta esan dezaket harrezkero, ez dudala beste inoiz hain galdurik ikusi. Irribarrea zeukan hortzetan bai, bistakoa zen pozik zetorrela nirekin, baina keinu hartan bazen beste zerbait ere, edozein modutan adierazi ezin dena esango nuke izu puntu bat ere agertzen zitzaiola begien argitasunean. Afaldu bitartean ez zuen plater bakarra ganoraz bukatu eta neu ere larri ibili nintzen eskatutakoa amaitzeko. Ez neukan goserik, ez egarririk, emakume haren hitzena izan ezik. Alabaina, orduan hitz egindakoak ahaztuak dauzkat honez gero, hain izan baitziren gezak elkarri esan genizkionak. Lotsatzeko moduko hitz hutsalez bete ziguten elkarrizketa urduritasunak eta bestearen aurrean zakar, geza edo faltsu agertzeko beldurrak. Non erosten dituzu trikota egiteko hariak? eta antzeko pitokeriak galdetu nizkion nik, isilik ez geratze aldera. Berak, ostera, nire lanari buruzkoak galdegin zizkidan, kortesiazko formula hutsak erabiliz. Ezkutatu egin nahi izan nion zizareen aurkikuntza neurea zela. Berak bere semearena ezkutatu zidan bezala, ezkutatu egin nion ospe haundikoa nintzela eta bazter guztietan erabiltzen nindutela txorimaloaren antzera. Beranduago etorriko zen, baldin eta etorriko bazen, horretarako aukera. Ez nuen nahi inola nire sonak eraginik izaterik. Ni Simon Azkue nintzen, erdia gizon eta erdia sagu, bi besoak luzatu eta matazatik harilkoa egiteko bakarrik balio zuena. Ez beste ezer. Erretiratzeko ordua iritsi zitzaigunean, irudimenik gabeko luzamendutan ibili zen Rita alferrik. Hurrengo taberna bat aipatzen zuen betiere, etxerantz abiatu aitzin. Oheratzea atzeratzeko, azkenaurreko ostatua eskatzen zuen aldioro, gau guztian ezer edan nahi gabe egondakoak. Ezagunik ez genuen, zorionez, gau guztian inon topatu eta une batean emakume hura alboan edukitzeko neure zorionaz jabetu nintzenean, gure artean nor zen zaldi eta nor behor jakiteko gogoa piztu zitzaidan. — Goazen etxera Rita —esan nion, eta tabernako gainontzeko bezeroei begiratuta— hemen ez zeukanagu deus. Gaur balitz bezala oroitzen naiz orduantxe, eta hitz haietxek esatean izan zela bere azala lehenengoz ukitu nuen unea. Musu eman nion tabernaren erdian, lehenengo musua, lehenengo fereka. Ezpainetan ez baina ezpainetatik oso hurbil eman nion, bereganako nire asmoa adieraziz baina ezertara indartu nahi gabe. Milimetroka eman nahi nituen pauso guztiak, inolako okerrekorik gerta ez zedin. — Hire etxera joango gaituk —erantzun zidan— nirean ama zagok gaur lotan. Autora bidean, Ritaren ama, andre adindu bat, irudikatu nuen laupabost urteko haurrarekin lotan edo, hobeto esanda, Vladimir Lauer Zabaleta haurra irudikatu nuen bere ohe txikian amonarekin lotan. Eta zehazki zergatik esaten ez badakit ere, ume huraxe, edo hobeto esan, ume haren sekretoak, sekulako traba egiten zion nire lasaitasunari, oztopo segurtasunari. Ez nuen fitsik esan, hala ere. Ez nuen ezer esan nahi izan. Ez gau hartan behinik behin. Nahikoa neukan neure burua sagu izatetik zutitu eta zaldi aurkitzearekin. Horrexek galdu ninduen, premia horrexek. Ezin baitzen ezkondu nire nahia oherakoan egin genuen bide azkarregiarekin. Ez dakit nola zehaztu baina esango nuke Ritak gordinegi eman zituela gau hartako pauso guztiak, gordinegi neure iritzirako. Bare-bare gertatuko zela irudikatu nuena, kolpeka gertatu zen nire larria handituz. Nire ustez, emakume komunistek edo emakume suediarrek sexu kontutan jokatzen duten bezala jokatu zuen Ritak ere: etxean sartu, komuneko atea guztiz itxi gabe egin beharrekoak egin eta ni erazten hasi baino lehen, ohe gainean eseri zen biluzik. Anjaren “sexu zientifikoa’’ ekarri zidan, nolabait, gogora. — Emaidak zigarro bat —esan zidan— behar diat eta.
Piztutako bat jarri nion ezpainetan eta ezer edan ote nahi zuen galdegin nion ondoren. Ezetz, ez zuela ezer nahi, baina ekartzeko botila bat ur sukaldetik. Gauean, behar bada, egarri izango zela eta.
Oso beldurtuta nengoen, katakume bat elurretan bezainbeste. Hanka hutsik egin nuen sukalderako bidea eta lurreko keramika hotzak areagotu baino ez zidan egin larritasuna oinetatik gora. Neuk desira nuen emakumea neukan ohean zain baina, hala ere, pozaren putzua zalantzek eta kezkek osatzen zuten, harrez betetako okela zatia bailitzan. Dena azkarregi zihoan nire iritzirako eta ez nekien gertakizunen abiadura hura nola geldotu. Gainera ez nengoen seguru zaldia ote nintzenez eta Ritak zaldia beharko zuen aurkitu nigan, ziur, behin halako pausoa ematea erabaki bazuen. Botila urarekin itzuli nintzenerako, izarapean zegoen egokituta. Bere begien aurrean kendu behar izan nituen arropa guztiak eta, zin dagit, lotsatu egin nintzela lan horretan. Ohituta nengoen besteen aurrean biluzten, hondartzan, laboratorioan, frontoian... baina Ritaren aurrean lehenengo aldia zen. Gerrikoa, prakak, alkandora... kendu ahala, ahultzen sumatzen nuen neure adorea, kokiltzen ausardia. Oldarra gero eta apaltzenago. Zalditik sagura nindoan gogoz kontrako bidean. Bizkarra baino ez nion eskaini biluzte espero gabeko hartan. Ni ezertara ausartzen ez eta berak eten zuen, hala ere, bion arteko hari isila. — Ipurdi polita daukak, Simon. Neuk ere zigarro bat isiotu nuen ohean sartu bezain azkar. Erre ahala eta Ritaren bi begiak neuri so zeudela konturatuta, argi ikusi nuen dena izango zela aurrez pentsatutakoaren alderantziz: neu izango nintzela behorra, alegia, eta Rita zaldia, handik aurrera beti izan den bezala. Neu izango nintzela biotan bigunena, nola labanaren aurrean gurina.
Arrainak ura baino |