Arrainak ura baino
Penelope eta Ulises
Lankideek ez zidaten lehenengo egunetan deus antzeman baina nik banekien ez nintzela lehenagoko gizon berbera. Arratsalde hartan Rita ezagutu nuenetik, anartean benetan bizitzen hasi gabekoa nintzela iruditzen zitzaidan. Ez dakit argi nola adierazi, berez ez baitzen ezer handirik gertatu parke hartan: mataza bat harilkatu, ez genuen besterik egin, baina hura baino lehenago bizi izandakoaren oroitzapen guztiak kolorgeak begitantzen zitzaizkidan, behe-laino itsu batek estali izan balitu bezala nire iraganaren zantzuak, edo nik ezagututako guztiak, neure lekuan, beste batek bizi izan balitu legez. Mozkorturik edo drogaturik bezala, zentzu guztiak erabili gabe, joan zirela iruditzen zitzaidan hogeita hamalau urtetan ikusi eta ikasitako guztiak. Haurtzaroko garairik kutunenak, sarritan gogora ekartzen nituen haiek, zentzugabeak gertatu zitzaizkidan Rita ezagutu nuen egunetik aurrera: zozokeria inozoak, ezertarako balio izan ez duten irudi ezdeus eta txepelak, edonor lotsarazteko modukoak. Iruditzen zitzaidan ez nuela une bakar ere bere osotasunean bizi izan, ordura arteko guztia gezurrezkoa izan zela, mundu guztiko aireportuetako Rolexak bezala. Rita ezagutu izanak beste neurri batean jarri ninduela bizitzen, alegia. Desoreka haren kinkatik libratu ustez, egun batzuetan oroitzapen maiteenei atxikitzen saiatu nintzen, aita, ama eta familiarteko eszena gozoenei heltzen nien, txaluparen kateak aingurari bezala, baina ezerk ez zeukan Ritaren akorduak bezainbesteko indarrik nigan. Ematen zuen garrantzia galdu zutela nire bizitzako pasarte guztiek eta bakarrik nengoela nork daki zelako amildegiaren aurrean. Txarrena ez zen hori, ordea. Neronek ere banekien iragana arbuiatzeak oraina beti jartzen duela dantzan eta nortasuna kolokan. Ez dagoela ahaztura bezalako gaitzik norberaren pusua bilatu nahian dabilenarentzat. Lehenago trenaren gurpilpean bezala, edozein haizek etzateko moduko txorimalo eginda ikusi nuen neure burua orduan. Horixe bakarrik behar nuen, bizi nuen badaezpadako egoera hura larriagotzeko. Izutu egiten ninduen sentipen hark. Laguna, senarra edo dena delako gizona kartzelan zeukan emazte bati erreparatu nion neurri gaberik; ezer apartekorik aipatzekorik ez zeukan andre baten gose nintzen, sekula ez bezala. Ahots bat, bi begi eta trikota bat eskutan. Besterik ez nuen nik aurkitu parke hartan baina nahikoa ziren horiek, ni bezalako mutil bat erotzeko eta neukan guztia galzorian jartzeko. Lehendik ere nahiko korapilo baneukala banekien eta kaka nahaste berririk ez zitzaidala komeni erabakitzen nuen batzuetan. Besteetan, ordea, kontrakoa pentsatzen nuen eta emakume hura izan zitekeela nire zorigaitz guztien kontrako irtenbidea deliberatzen nuen. Haren bizkarrean eta haren alboan bila nezakeela beste inon aurkitu gabeko bidea. Baietza eta ezetzaren artean ibili nintzen garai hartan igeri, erreka azkarrera jaurtitako pilotatxoa bezala: batzuetan urpean itota, eta besteetan, urazalean nabarmen. Neurririk gabe dantzatu nuen alimoa gora eta behera, hotza eta beroa, zerua eta infernua, noiznahi tartekatuz, eroek bakarrik egiten dakiten moduan. Ospitaletik irteteko ordua iritsi baino lehen, lau egunetan jarraian egin nuen alde lanetik. Egia zen inor ez zegoela niri kontuak hartzeko, baina neu nintzen ospitaleko ginekologia zerbitzuko eta, batez ere, laborategiko buru. Neu nintzen nagusia, horrek dakarren menpekotasun guztiekin. Ordura arte, neu izan nintzen beti lehenengoa sartzen, neu azkena irteten. Neu eredu, lankide eta ikasle guztientzat. Inazio Mendiondo lagun zaharra izan zen zerbait gertatzen ote zitzaidan galdetzen ausartu zen bakarra. — Ez daukak betiko muturra. Hik badaukak zerbait —esan zidan korridoreko kafe makinaren ondoan txokolate bero bat hartzen nengoenean. Harrituta zebilen nire hutsegiteekin, ezagutzen ninduen bezala ezagututa, jakin bazekien zerbait gertatu behar zitzaidala hartara ibiltzeko. Berak bazekien lana nuela lehenengo gauza neure bizitzan. Bazekien, zorte haundia eduki nuela zizareen ernalketaren baldintzak gizakiarengana ekarri nituenean, baina beti esaten zidan neure buruari merezimedurik kentzen ez ibiltzeko. Joka nezala Einstein berri bat banintz bezala, zer arraio, beste edozeinek ere halaxe egingo zukeela nire lekuan. Profitatzeko gertaera hura ahal nuen bezainbeste eta ez emateko aurreari sekula atzea. — Beti ari haiz hire sistema ez dela gauza haundia esaten. Alderantziz egin behar duk. Gauden lekutik gauzak ikusita, erraza duk gaur egunean gizakia laborategian ernaltzea baina hik zientzilari senarik izan ez bahu, oraindik kimika alferrekoaren katramilatan galduta genbilzkek, bide garestiagoren baten beharretan. Erraza duk hire aurkikuntza baina heuri bururatu zitzaian, ez beste inori. Ez ezak hori ahantzi sekula.
Behin baino gehiagotan, neure arrakastak eragindako zalantza gordinak harrapatzen ninduenean, Mendiondoren lagunartea bilatzen nuen, aldartea alda ziezadan. Bazeukan nire berri, ez alferrik ibiliak baikinen hamaikatxotan elkarrekin. Baita parrandan ere, baldin eta nonbait afaldu eta hiruzpalau kopa hartzeari parranda dei badakioke. Geza bainaiz ni, horretarako ere.
Ez nion, baina, deus erantzun nire jokaera aldatzeari buruz galdegin zidanean. Ez ezer ezkutatu nahi niolako, lagun apurretakoa nuen nik orduan Mendiondo, baina nola kontatuko nion, bada, izenez baizik ezagutzen ez nuen emakume baten antsiaz bizi nintzela eta dena lagako nukeela albo batera, zizareak eta gizakiak, harexekin parkeko eserleku batean trikota egitera jezartzeagatik? Tristetzat har nintzaketen laborategiko guztiek, hala irizten bazioten, ez zidan horrek ardura handiegirik sortzen, baina ez nuen nahi erotzen hasia nintzela pentsa zezatenik. Gainera ez nion inori erakutsi nahi Rita Zabaleta deitutako altxor haren aztarnarik. Hori neure kontua zen, norberarena, egiazko altxor guztiak izaten diren bezala. Lau egunetan ibili nintzen, beraz, parkean zelatan. Lau egunetan emakume harixe urrundik begira. Bekatuan ibiliko banintz bezala, autoa parkearen aparkalekuan laga ordez, beherago lagatzen nuen, egunkariak saltzen dituzten tabernaren atarian. Handik oinez joaten nintzen, inor ezagunik bidean aurkitzeko beldurrez. Ohizkoa baitzen kalera irteten nintzen bakoitzean jendeak burua jiratu eta niri behatzea: “Azkue ginekologoa da hori —esaten zuten— haurrak laborategian egiten dituena”. Autografo bila ere hurbildu izan zitzaizkidan behin baino gehiagotan umeak, bezperan telebisioan edo aldizkariren batean ikusi nindutela eta. Gorritu egiten nintzen halakoetan eta zailagoa egiten zitzaidan pausoa, neuri begira irudikatzen bainituen inguruko guztien begiak. Ospea bestelakoentzat asmatutako onura da. Behin parkera iritsitakoan, hurritz arbola batzuen azpiko eserlekuan jartzen nintzen, Rita egoten zen lekutik berrehunen bat metrotara. Arratsalde guztia pasatzen nuen ikaraz, hark nire aldera noiz begiratuko zuen beldurrez. Ez nuen inola ere nahi, ikus nintzan. Ez nuen nahi, ume lotsatiaren antzo, berari begira nenbilenik susma zezan, gizona hortxetik hasten baita galtzen bere balioa: gizonaren lekuan, haurra bistatzen den unetik. Gizonak gizon behar du, ezer izango bada. Han, urrutitik begira, ez zitzaidan hain emakume txikia iruditzen Rita. Zelai berdea zeukan atzetik eta berun koloreko itsasoa aurretik. Kolore ezberdineko bi margo haien erdian zegoen bera eserlekuan jarrita eta trikota egiten. Horregatik begitandu zitzaidan handiagoa, berdea eta berunaren artean bera zelako kolore ezberdin bakarra. Arratsaldeko geriza lez, luzatu egin zitzaidan bere irudia. Adimena urruneko emakume hari adi, hontzak arratoiari bezala behatzen nion nik, baina saguaren bihotza daukan hontzak bezala behatzen nion, eta ez harrapari goseti soilak legez. Badakit ez dela errazki ulertzekoa baina batera sentitzen nintzen zelatan zegoen ehiztaria eta, aldi berean, ehizatua, ezinezkoa izan arren gertakizun hori. Ritak han nengoela bazekiela iruditzen zitzaidan horretarako arrazoi zehatzik eduki gabe. Bazekiela, ausartu ezinda, hurriztiko eserlekuan kizkurtzen nintzela trikuaren antzera, bera zegoen lekutik berrehunen bat pausora. Irudipen hori etortzen zitzaidan bakoitzean, lotsatu egiten nintzen neure buruaz eta hura ez zela hogeita hamar urte ondo asko betetako gizona ibiltzeko modua erabakitzen nuen, aurre egin behar niola gertaerari, eta emakumearen ondoan esertzen ausartu, egun hari zegokion mataza hariltzen laguntzeko. Bere erabakien jabe behar du izan gizonezkoak. Zer pentsa, hala jokatu, horrela irizten diot nik. Ohituta nengoen, ordea, egin behar nituenen kontrakoak egiten gehienetan. Esate baterako, gaztetandik nahi izan dut injineru izatea, zubiak eta errepideak egitea gustatuko litzaidake niri. Amak familian sendagile bat nahi zuela eta, hemen nago orain ginekologo bihurturik. Harri eta burdinen pisua eta erresistentziak kalkulatzen ibili ordez, emakumeen hanka tartean sartuta ibiltzen naiz beti. Material hotz eta bizigabe artean nahi nuen nik lan egin eta hemen nago alderantzizko lekuan, bizitza bera sortzen duten odolezko iturriak aztertzen espezializatua. Halatsu daude beste hamaika gauza ere nire bizitza aldrebes honetan: urdina behar zuen lekuan, gorria, eta beste aldera. Dena azpikoz gora eta atzekoz aurrera. Baina ez, ezin adieraz nezake Rita trikota egiten ikusten nuen bakoitzeko zirrara. Alferrik nabil lan horretan. Penelope iruditzen baitzitzaidan niri, kartzelan preso zeukan Ulisesi trikota egiten. Penelope berria, hari bat eta beste bat, urruti dagoenaren mesedetan eta itxaropenetan trikota ehuntzen. Ondamua eragiten zidan horrek, Ulisesi bekaizkeria izugarria nion, inbidia gorria, baina berdin jarraitu nuen, hala ere, hiru egunetan zehar hurritzaren hostopean ezkutatuta. Hostailan babestuta, azeria legez. Laugarren egunean aldatu egin zen dena: Ritari harila erori zitzaion magaletik parkeko zelaian behera eta hura jasotzera jaiki zenean, bere begiek eta nireek topo egin zuten jolasean zebiltzan ume batzuen artetik. Eskuarekin egin zidan kasu, geltokietan trenari agur egiten zaionean bezala eginez. Bat-bateko gorrialdiak harrapatu zizkidan matrailak, nerabea bainintzen, eta aztoraturik sumatu nuen odola zainetan bizkor, nola gasolina gasolindegiko hodietan. Ez neukan ihesbiderik eta bere albora hurreratu nintzen, ahal izan nuen irriparrerik zabalena hortzetan jarrita. Aldi berean nengoen estu eta lasai. Estu Ritarengana nindoalako eta lasai nire barnean lotsarazten ninduen zelatako egoera ezinezko hari amaiera etorri zitzaiolako, nolabait, gurutze bidea finitzen denean bezala. Txorimalo eta jaun, aldi berean. — Kaixo aspaldiko. Ibili naiz begira baina ez zaitut egun hauetan parkean ikusi. Pasatu al zaizu lehengo eguneko tristezia hura? —galdegin zidan. Bere ondoan eseri eta ez nion ezer erantzun. Arnasa behar nuen lehendabizi. Ez nekien zer esan eta ez neukan emakume harentzat gezurrak asmatzen ibiltzeko gogorik. Gertatzen zena gertatu, bizitza berri baten aurrean sumatzen nuen neure burua, har izateari laga dion mitxilikotak nabaritzen duen eran. Iragana iragan huts zen, atzean lagatako denbora alferrikakoa. Bizipen antzua. Akabo azalkeriak eta disimuluak handik aurrera. Akabo Azkue doktorearen ospe eta bentaja guztiak. Gizon berri bat izango nintzen, gizon soil eta bakar bat. Ni neu, alegia, aitortzeak lotsatzen banau ere. — Ez, ez zait pasatu, gainean daukan oraindik... —erantzun nion bere galderari azkenez— baina ohitzen ari naiz horrela bizitzen. Grazia egin zion, antza, nik esandakoak, begietara behatu eta irriparre egin baitzidan, gehiago bere begi beltzak erabiliz, ezpainekin baino. Monna Lisa berritua lez ikusi nuen bere txikitasun eztian. Emakume haren edertasunak ez zeukan parekorik. — Gaurko gizonak ez du piperrik balio —gaineratu zidan supituan—. Beldurrak jota bizi zarete, zeuon urrats benetakoa noiz aurkituko. — Askotxo esatea ez al da hori? —galdegin nion, gizonezko guztiok, neu barne, kasik iraindu egin gintuela irudituta. — Ez gizona, ez da zure kontrako ezer baina ez esan niri aspaldian kokilduta bizi ez zaretenik. Behorrak lotsagabetu ginenetik, akabo zaldi harroak. Ezer ez duk lehenago bezala. Hika hasi zitzaidan. Toka, arraioa. Hitzetan adierazitakoak baino areago, esateko erak asaldatu ninduen. Emakume hark, nirekin jolasean aurrera egiteko gogoa zeukala iruditu zitzaidan duk aditza, aditz laguntzailea, edo dena delakoa, entzun nionean. Konfiantza eskaintzen zidan, lagunarte bat. Ateak ireki eta hurbilago nahi ninduen, zalantzarik gabe. Bestela ez zidan adiskide eta etxekoentzat erabiltzen den eran hitz egingo. Bihotza, etxea eta ohea eskaintzen zizkidala iruditu zitzaion nire desio erotuari. Ezer lehertuko ez bazen ere, zuzia isiotuta zegoen. Askoz beranduago baino ez nintzen konturako, ahal zuen guztietan, toka mintzatzen zitzaigula Rita gizonezko guztioi. Hika egiten zigula, alegia, hi baiginen bere azaletik kanpora bizi ginen gainerako guztiok. Batez ere ni bezalako karramarroak. — Baliteke —erantzun nion berak jaurtitako sare probokatzaile hartan erortzeko asmorik gabe eta beste leku batera eraman nahiz geure arteko hizpidea— Zure lagunarentzat da, beraz, jertse hori. — Bai halaxe izango da, egunen batean amaitzen badut, behinik behin —erantzun zidan, siku. Zozoa behar nuen izan lagunaren gai horretaz ez zuela mintzatu nahi ez konturatzeko baina, hala ere, neureari eutsi nion. Egia esan, huraxe zen jakin nahi nuen gauza bakarra: bere egoeraren albiste nahi nuen. Libre ote zegoen nahi nuen jakin. Trikota merezi zuen lagun hura nor zen ezagutu nahi nuen. Senarra, senargaia, bizilaguna edo besterik gabeko adiskidea ote zuen jakin minez nengoen. Zeharka galdegin nion. — Luzerako al dauka kartzela zure lagun horrek? — Betirako, adiskidea, betirako —erantzun zidan, orratzetatik begirik apartatu gabe. Halako erantzun izugarriarekin ez nintzen beste ezer galdetzera ausartu, zeren eta gartzelako lau hormetan neure burua irudikatzeak adina, ezerk ez baininduen ikaratzen garai hartan. Igogailuetan ibiltzeko ere arazoak edukitzen ditut nik, arnasa hasten baitzait halakoetan faltatzen eta, zer esanik ez, arropa dendetako aldagela txiki eta sargorietan sartu izan naizen guztietan. Praka berriak erostea baino nahiago izaten dut nik beste edozer. Hala ere, bizitzak irakaspen ederrak ekartzen ditu lehenago edo berandu eta nik orain badakit kartzela ez dutela lau hormak jasotzen. Kartzelak askotan oinarriak leku harrigarrietan edukitzen ditu. Isilik geratu ginen, beraz, baina nolaz eta batzuetan isiltasun erabatekoa izaten den bi pertsonaren arteko hizpidearen iturri, berak hartu zuen hitza eta luze jardun zuen Hans izeneko bere lagunaren berri ematen. Orduan jakin nuen Rita ez zegoela libre. Bere barneko sukaldean aspaldiko su batek agintzen zuela eta haren txinpartetan bizi zela oraindik ere, gauetik goizaldera amatatu gabe eusten dion txingarra profitatuz bezala. Nik Ulises deitu nuen hura ez zen, bada, Ulises deitzen egiazki. Aitzitik, Hans zeukan izena. Erabakita zegoen gizon haren kontra egongo nintzela aurrerantzean lehian eta Hans guztiz izen arrunta zela pentsatu nuen, gaztelerazko Pepe edo Manolo bezala. Frantsesezko François, ingelesezko Bob edo gure Pello arruntenaren antzera. Lehenengoz entzun nuenean, kamiolari zabar baten oihartzunak ekarri zizkidan Hans izen monosilabikoak gogora. Alemanian ezagutu zuen Ritak, Bremen-go jatetxe batean zerbitzari ibili zen garaietan. Gaztetan, alegia, oso gaztetan. Ordura arte berak ez omen zuen bizitzako berririk behar bezala ezagutzen. Hansek erakutsi ei zion bitan banatzen dela guztia: aberatsak alde batetik eta langileak bestetik. Hori da dena. Ez gehiago eta ez gutxiago. Singlea irudi lezakeen arren, tarta bakarra dago hemen denon artean banatzeko eta ez omen zaio inori laga behar dagokiona baino zati handiagorik hartzen bertatik. Hala esan zion Hansek eta hala sinetsi zuen Ritak. Amen. Guztiz elementala iruditu zitzaidan berak esandakoa baina ez nion, hala ere, ezer ihardetsi. Ni han banengoen ez zen Ritak munduari eta kapitalari buruz zeukan iritziarengatik, ni han banengoen, beragatik zen. Bere begi eta ahotsarengatik, esku artean zeukan trikota harengatik, eta ahalik eta azkarren, bere azala neurearekin ferekatu nahi nuelako, izerdia egin eta gero arte. Bi besoak luzarazi zizkidan supituan eta mataza berri bat jarri zidan gainean. — Gaur ez egin negarrik gero —esan zidan irriparrezka— neu nahikoa nauk negar egiteko eta. Harilkatu bitartean kontatu zidan nola Hans delakoa, Alemaniako Brigada Antikapitalista Gorrietako buruzagi izandakoa zen. Nola Europako polizia guztia bere atzetik eduki zuen zorabiatuta zazpi urtetan zehar eta nola zigortu zuen, azkenez, Berlingo epaitegi faxista batek hil bitarteko kartzelara. — Zerbait egingo zuen, bada —galdegin nion, amona zaharren antzera. Ritak une hartantxe jaso zituen estreinakoz begiak nireetara eta izotza aurkitu nuen lehenago suzkoak izan zitezkeen ninietan. Berriro ederretsi banituen ere, irripar oro ezabatu zuen ezpainetatik eta bere ahotsak lehenagoko berotasun guztia urrutira jaurti zuen oso. Metalezkoak iruditu zitzaizkidan bere hitzak, kanpaiarena baino, aiztoen metalaz egindakoak. — Nire Hans, Hans Lauer duk. Zozoa haiz? Ez dituk albistegiak ikusten ala? Zer egin eta nola jarraitu asmatu ezinda, itsaslabarretan zebiltzan aspaldiko kaio eta kulisketan jarri nituen begiak, nonbait jartze aldera. Lotsatuta nengoen halako galdera egin izanaz. Pentsatzekoa da askotan egingo ziotela nik egindako galdera hura bera Hansen berri jasotzen zuten guztiek. Halako zigor gogorrera kondenatu bazuten, arrazoiren bat izango zela horretarako. Zerbait egindakoa izango zela Hans famatu hura eta ez zela aingerutxo soil bat izango, alegia. Damu nintzen neuk ere beste guztiek bezala jokatu izanaz, barnean neukan emakume harenganako sentipen gozoak, apartekoa nintzela sinestarazia baitzidan eta apartekoa legez jokatu ordez, mundu guztiak egiten zion galdera arrunt eta maltzur berbera luzatu bainion neuk ere: zerbait egingo zuen, bada, zerbait egingo zuen, bada... Baboa halakoa! Nabarmendu beharrean, zozoen artaldean sartuta ikusi nuen neure burua batere pentsatu gabe egindako galdera hura zela medio. Egindakoa eginda zegoen, ordea, eta ez kikiltzea erabaki nuen. Huraxe zela bide bakarra Ritarekin behar bezala mintzatzeko. Ez, ez nuen ezagutzen Hans Lauer edo dena delako komunista ospetsua, eta zer? Horregatik merezi al nuen gordinkeria hura? Ritak ere ez zekien nor nintzen ni eta hamaikatxotan erakutsi ninduten telebista eta egunkarietan. Bistan zenez, berak ere arrastorik ez zeukan Simon Azkueri buruz. Zer arraio. Ezer ez erantzutea erabaki nuen, beraz. Isilik egongo nintzen handik aurrera, saminduarena eginez. Nahi zuena konta zezala, nik, behinik behin, ez bainion deus gehiago galdetuko, nahiz eta jakinmina uholdeka zetorkidan une hartan eta irrikatzen negoen Hans delakoaren bitartez, parean neukan emakume haren bihotzak hankak non jarrita zeuzkan jakiteko. Areago, esango nuke une hartan neuzkan guztiak emango nituela jakinminaren sukar hartan zentimetro bat bada ere aurrera egiteagatik. Eta kontatu, kontatu zituen guztiak. Hamar urte zeramatela elkarrekin Hansek eta berak. Oporretan eta ahal zuen bakoitzean, Hans ikustera joaten zela Stuttgarteko kartzelara eta nola egiten zitzaizkion gero eta gogorragoak gizona ikusteko egiten zituen bidaia luze haiek, gero eta jasangaitzagoak presondegian sartzeko pasatu beharreko kontrol umiliagarriak, bai baitzekien Hansek bere ikustaldiak biziki eskertzen zituen arren, bera, Rita, zoritxarraren menpe sentitzen zela laguna han barruan ikusten zuen bakoitzean eta egunetik egunera itzaltzen zitzaiola gizonaren akordua eguneroko gauza txikien zurrunbiloak irentsita, pilak ahitutako linterna bati argia apurka amatatzen zaion antzera. Oraindik ere oroitzen naiz, halako kontakizun gogorraren erdian, grazia egin zidala pilak eta linternak aipatu izanak. Ez nuen, hala ere, irri imintziorik ere egin. Rita serio ari zen bere kontakizunean eta ez neukan berriro baboarena egiteko asmorik. Emakumeak esaten zidan hitz bakoitza, antsiaz entzuten nuen. Arretaz jarraitu nuen bere kontakizun oro, nire egarri zoroarentzat edabe hoberik ez zitekeela egon konturatuta. Ezin zuen Hans gabe bizitzen asmatu, ederrak izan baitziren elkarren alboan egindako urteak, berak sekula bizi izan zituen onenak, baina haren egoeraren menpe ere ezin zuen jarraitu. Azken finean, Hansek hautaturiko gerlari-bizitzak ez zuen berarentzat balio. Bide hartan ez zihoazen inora, tristeziaz eta zorigaitzez betetako putzura izan ezean. Hansen antzera pentsatzen zuen berak ere, bitan banatuta zegoela mundua, baina eguneroko kontraesanak bizi nahi zituen Ritak. Kezka haundiak bazterrean lagata, korapilo txikiak askatzen ahalegindu nahi zuen. Gainerako gehienek bezala, gazi-gezetan aurkitu, aurrera egiten asmatzeko adorea. Berak ez zuen, Hansek bezala, bizitza kartzela zulo batean edo bala baten aurrean galtzeko hauturik sekula egin. Ez zegokion bizimodua suertatu zitzaion amodioaren zozketan. Zailagoa gertatzen zitzaion berari Hansi baino, iraultza jokabide bihurtzen zuen bizikera hura. Horregatik ez zuen jakin nahi izaten Hans nondik nora ibiltzen zen ezkutuan, horregatik ez zion lagundu sekula hark egindako gauzetan. Behin eta berriz itxuraz, izenez eta etxez aldatzeko prest egondakoa zen bai, hartara behartzen baitzuen maitearen jarduerak, hortik aurrera, ordea, ez eta izpi bat ere gehiago. Beldur handia zion berak poliziari eta, batez ere, laguna noizbait salatzeko arriskuari. Ez zuen Hansek egindako ekintzen aldetiko ezer zehatzik jakin nahi izaten eta beldur hartatik babesteko, artazi irudikatu batzuekin zekien mozten euren bien arteko harremana: alde batera geratzen ziren Hans eta bere ibilera guztiak, beste aldera bien artean zeukaten mundua. Derrigorrean ezkutuan bizi beharra egokitu zitzaien iheslarien bizimodua. Orain egun hura gogora ekartzen dudan bakoitzean, denbora guztian lelo aurpegia jarrita eduki nuela iruditzen zait. Kontatzen zidana izugarria izanik ere, ni gehiago nengoen bere hitz aukeraketaren arretan eta bere hizpideak zerion musikaren gozamenean beste ezertan baino. Aho zabalik egongo nintzela iruditzen zait orain, sekula ez baitzidan ordura arte emakume batek hainbeste eta era hartara hitzegin. Etengabeko jarduna zeukan Ritak eta nik horixe baizik ez nuen nahi: bere hitzak ez etetea sekula. Denbora guztien finitzeraino bere hitzak entzuten jarraitzea. Zakurra artzainarekin bezala egon nintzen, hots eta keinu txikienari ere adi. Eldarra ere ez nuen edukiko urruti, trikota eskuetan abandonatu eta neuri ari zitzaidan emakume beltxaran hari begiratzean. Hans bai, zuzena zen, erabatekoa, koskarik gabekoa, borrokarik gogorrenerako jaiotakoa. Germaniarra izaki, deliberatutakoari eusten ei zion beti. Bizitza honetako lehenengo aukera eta bakarra, gauzak bere zuzenean jartzen ahalegintzea zen berarentzat, baita azala ere galduko bazuen horretan. Beste erremediorik ez zen gelditzen, bere ustez, bizitza adarretatik helduta benetan bizi nahi zuen gizakiarentzat. Garairik beltzenetan, Alemaniako polizia eta Interpol guztia atzetik zutenean, etsipenez begiratzen omen zion Ritak lagunari, beldur hartaz guztiz nekatuta. Hansek, ostera, zorigaitzean eta atsekabean hazitakoaren irriparra bueltatzen ei zion. — Harresia bota behar dinagu, Ines, harresia birrindu eta Alemania aske bat lortu. Bitartean ez zagon beste biderik —esaten omen zion beti soinean eramaten zuen liburua atera eta Brecht-en poemaren bat ahots goraz irakurri baino lehenago. —Bat loturik deino, ez gaitun libro izango, laztana. Alemania erdibitzen zuen harresia inork bota baino, erori egin zen berezko ustelez, hainbeste urtetako pisu beltzaren zamapean, baina Hans ez zen horregatik kartzelatik libratu. Han jarraitu beharko zuen berak, hogeita hamar urtean itzalpean usteldu eta gero, baten bat urrikalduko zitzaion artean. Kontrako espaloitik abiatutako Rudolf Hess berritu bat baizik ez omen zen Hans Lauer, gaurko alemaniarrentzat. Ahaztu beharreko iragan zati baten gisa ikusten dutela esan zidan Ritak azkenean eta horrek ere, are gordinagoa egiten ei zion Hansen akordua eta hark eginiko eginahal guztien sofrikarioa. Bere burua kartzelarako bidaia haietan zahartzen ikustea ezinezkoa egiten zitzaion Ritari, gero eta ezinagoa. Negarrez itzultzen zen Hansi bisita egiten zion bakoitzean eta treneko bakardadean zetorrela: ez naiz gehiago Hans ikustera itzuliko, erabakitzen ei zuen etsituta. Gainerako lagun eta lankideek atsedenerako eta oporrerako hartzen zituzten egun berberak, atsekaberako hartzen zituen berak eta hala ez omen zegoen bizitzen asmatuko zuenik, ez emakume eta ez gizonik. Are ezineramangarria zen berarentzat egoera, beti etxetik eta jaioterritik urrun ibili izanagatik, lagun gutxi geratzen baitzitzaizkion inguruan. Hala ere, beti itzultzen zen Hansengana apurtu ezinezko kate hartan betiko harrapatuta balego bezala, errekako zirimolan hostoa bezala. Azkenengo aldia, hilabete lehenagoko Santu Guztien zubian. Rita apur bat isildu zenean, parkeko jezarleku hartan gertatutakoaz ohartu nintzen: asebeteta sentitu nintzen. Bat-batean gainezka. Asetuegi. Liburu zuri bat banintz bezala hurbildu nintzen emakume harengana, nire bizitzan lerro berriren bat izkiriatuko nuen esperantzan baina, lerro bat ezik, historia oso bat jaurti zidan emakumeak altzora. Lehen ez neukan zama berri baten jabe nintzen supituan eta harritu ere egiten ninduen horrek: zer dela eta esan zizkidan Ritak kontu horiek guztiak, ia ezagutu ere egiten ez ninduen honi? — Bi arrazoigatik —erantzun zidan— Bata, beharretan nintzelako, eta bestea, konfidantza diedalako hi bezalako zaldi zaurituei —Hitz horiekin dena argitu balit bezala jarraitu zuen Hansen gora-beherak azaltzen, arratsaldeak bertan behera egin eta iparreko haize hotz batek eserlekutik jaikiarazi gintuen arte. Ez noa Ritak orduan aipatutako oro hemen jartzera, asko baitira ihesian ibilitakoaren oroitzapenak eta asko zoritxarrak jotakoaren kontuak, baina esan dezadan, haren aurpegi eztia ikusita, laguna eta maitea nor zituen zein gozo erakutsi zidan entzunda, Hans Lauer edo dena delakoaren azalean egon nahi izan nuela neuk ere. Emakume hark bere denbora eta arnasa guztiak zeuzkan jarrita urrutiko zulo batean usteltzen zeukaten gizon harengan. Are gehiago, ezin zuen bizitzen asmatu bestela. Hari gertatutakoek osatzen zuten ardatza. Ondamua nabaritu nuen, bai, nire baitan uholdeka. Berdin zion betiko kartzelak, berdin zion denak, emakume hark hain amultsuki eta ezti egingo bazidan neuretzat ere eskuetan zeukan hura bezalako trikota, nola kaskabeltxak kumearen habia.
Arrainak ura baino |