Arrainak ura baino
Hasier Etxeberria

Elkar, 1999

 

 

Hileta

 

      Esaten dute bi pertsonaren arteko maitasuna hegada laburreko txoria baizik ez dela izaten. Istant, egun edo hilabete apur batzuen buruan, krask, apurtzen dela amodioa, harrika kraskatzen den bonbilla bezala, eta gero kristal apurtu horietan egindako zaurien mina baizik ez dela geratzen oroitzapenean. Hala izango da gainerako guztientzat, seguru asko. Ez dut nik hemen ezetzik esango. Ez baitakit, eta ez eta jakin nahi ere, beste inoren konturik. Geuri gertatutakoa bakarrik ezagutzen dut nik eta hori guztiz alderantzizkoa da, izan ere, denbora iragan ahala, ateak eta leihoak zabaldu behar izaten baikenituen gure etxean, Rita eta bion arteko maitasunaren kausaz.

      Baten batek pentsa lezake idatzi berri dudan guztia metafora merke bat baino ez dela, zela-ahalako idazle hasi berriaren exagerazio neurrigabe bat, baina ez naiz ni honaino poesia egitera etorritakoa. Nik deskribatzen dudana gertaera fisikoa da erabat, goitik beheraino fisikoa, plater baten erdian tomatetan jarritako gibel frijitu zati bat bezain fisikoa eta zehatza.

      Askotan gertatzen zitzaigun hori guri, etxean eta elkarren ondoan geundenean. Hainbestekoa zen sumatzen genuen zoriona, non leiho eta ate guztiak ireki beharrean aurkitzen baikinen, baita negu gorrienean ere, zorionez itoko ez baginen bertan, arnasarik gabe geratutako txepetxen antzera.

      Lehendabizi, elkarri begiratzen genion Ritak eta biok, eta ondoren, hitz gozoren bat edo igurtzi txikiren bat nahikoa izaten zen, etxean zegoen aire guztia lodiarazteko. Esan liteke aireak laga egiten ziola aire izateari eta kasik uraren loditasuna hartzen zuela askotan, gu bion arteko zera hark eraginda. Horregatik zabaldu behar izaten genituen bazterrak, bestela itoko ginen bertan.

      Gertaera errepikatu horren emaitza dira elkarrekin ditugun hiru semealaba ederrak.

      Iņaki da lehenengoa, Mendiondo adiskidearen gorazarrezko izena daukana. Ez dago ondo nik esatea, baina Iņakiren jaiotzarekin sentitu nuen ni neu neure baitatik baino haruntzagoko animalia nintzela. Nire azal eta haragietatik, zati batek egin zuela alde, eta nirekin edo ni gabe, ez zegoela jakiterik ume hartatik zein gizon osatuko zen gerora. Mendian behera botatako harria zela iruditu zitzaidan gure semea. Bazitekeen behera iritsi baino lehen mila zatitan apurtzea, edo bazitekeen osorik heltzea. Hori ez zegoen jakiterik. Inork halakorik jakitekotan, neu nintzen aproposa, ez alferrik ekartzen bainituen mundura egunean bizpahiru gizaki. Automatikoki egiten nuen lan hori eta gorrotatu ere egiten nituen, bankari batek bezero arruntak legez, munduko gauzarik normalena balira bezala gertatzen ziren erditzeak. Okerka zetozen umeki zailak bakarrik nituen nik gogoko, nire adimenari apustu egiten ziotenak, eta bereziki, gizaki berriaren hil ala biziko borroka nire esku geratzen ziren uneak nituen maiteen. Egunerokotasuna ezustekoaz eteten zuten erditzeak soilik nituen gogoko. Gainerako guztiak, mekanika huts bihurtu ziren, ez beste ezer, nire lanbidean aurrera egin nuen ahala.

      Alabaina, hamaika aldiz entzunagatik eta norbera beste guztien neurri horietatik kanporakoa dela pentsatu arren, begiak bete egin zitzaizkidan pozez eta gatzez Iņaki etortzen ikusi nuenean. Behingoagatik, neuk ere beste gizon guztien zorionetik edan nezakeela sumatu nuen, eta hortik aurrera, ez dakit argi adierazten, grazia egin ote zidan ala ez, gertakizun hark.

      Felix jarri genion izena bigarrenari, mutil ederra hau ere baina lehenengoa ez bezala, belarriengatik ez balitz, erabat amaren ezpalekoa. Ixabel da hirugarrena eta oraingoz azkena, urtebete ere ez daukan panpina da bera, hau ere amaren egikerakoa. Egia esan behar bada, bera dut hiruretan maiteena eta agian horrexegatik izan zait debekatua: bera jaio zenetik denbora gehiago daroat ziega honetan preso haren alboan baino. Seguru asko gertaera honexi zor diot, gainera, harenganako mira aparteko honen hainbesteko handitzea.

      Elkarren segidan etorritakoak dira hirurak Bladiri konpainia egitera. Bata bestearen atzean, bost urtean hiru haur, ezin zuen izan bestela. Batera bizitzera jarri ginenean argi adierazi baitzidan Ritak, sexu gai horietan neu izanagatik jakitun, berak ez zuela sekula antisorgailurik hartuko. Horiek, gizonek emakumeekin pentsatu gabe asmatutako gauzak izaten direla, eta ezetz eta ezetz, berak ez zeukala gibela testosterona hartzeagatik hondatzeko asmorik. Alferrik izan ziren azken orduko pilulen alde esan nizkion guztiak, asko aurreratu zela horretan eta ia batere ondorio kaltegarririk gabekoak egiten direla orain. Zientzia asko aitzinatu dela ginekologiaren alorrean. Berak ezetz eta ezetz, sekula eta betiko. Amen.

      Rita ezagutzen duen edonork badaki halakoetan ez dagoela berarekin ezer egiterik. Horrela jartzen denean eta gauza bat tinko sartzen zaionean buruan, alferrik ibiliko zara jardunean eta gauza guztiei buelta eman nahian. Betetako zahagian ez da ardo gehiagorik sartzen sekula.

      Ritak berak esaten du maiz, gauza gutxi dituela argi buruan baina ez duela oraingoz besterik behar. Ondo konpontzen dela erabakita dauzkanekin eta ez ibiltzeko txoro usainetan alferrik. Gauzak diren bezalakoak direla eta ez dutela zer ikusirik batak edo besteak pentsatzen duenarekin. Naturaren legeak direla agintzen dutenak eta kontra eginez gero, azkar edo berandu, beti etortzen dela izarren mendekua nonbaitetik.

      Ritak azukrez betetako ur izaten daki askotan. Alferrik saiatuko zara gehiago nahasten bere baitan. Beteta egoten da, eta kitto, beste guztiak gainezka egiten du haren adimenetik, gehiegizko aparrak garagardo basotik behera bezala.

      UBGaren fidagarritasunari buruz hitzegin nion orduan, Umetoki Barneko Gailuari buruz, alegia. Baina hori ere ezetz. Bere gorputzaren barnean ez zuela onartuko jaiotzez ez zekarren tresna artifizialik, eta umeak edukitzeak kezkatzen baninduen, hartzeko neuk nahi nituen neurriak baina bera lagatzeko bake santuan.

      — Alferrik ari haiz Simon. Naturan ez duk aurkituko animalia eta abererik halako lanetan sartzen denik. Hobe huke, garai batean bezala, eurei begiratzea. Heuk ere zor diok zerbait naturaren azterketari. Nondik atera huen, bestela, zizareen metodoa?

      Niri, ordea, egia guztia esan behar bada, ez zait sekula gustatu kondoia erabiltzerik. Goxokia plastikoa kendu gabe jatea bezala da hori. Mamia jan baino lehen, odolosteari hestea erretiratzen diot nik beti. Beraz, gaztetxoen antzera ibili ginen hasieran, bukatu baino lehen, kilkerra kantatzen hasterako, zulotik irtenez. Baina hori ere ez zen modua. Alde batetik estatistikak ederki ezagutzen nituen, eta hala ibiliz gero, erdietan baino gehiagotan egoten da emakumea ernaltzeko arriskua. Bestetik, ez esan niri konparatzerik dagoenik maitearen barruan poz ederrean hustutzea, presaka eta larri hazia non isuri asmatzen ibiltzearekin. Batak ez dauka bestearekin zer ikusirik. Amets gozoa eta gaiztoaren hainako tartea edukitzen ahal dute biek, batetik bestera.

      Horregatik, eta egia esan behar bada, bai diru aldetik eta bai bestela, familia aurrera ateratzeko aukera guztiak geurekin genituelako, ez genion uko egin seme-alabak edukitzeari. Alderantziz, askeago sentitu nintzen gerta zedina gertatzea erabaki genuen egunetik. Sekula baino gozamen handiagoaz ibili izan gara biok harrezkero. Hori bai, Ritaren hilekoaren zain egoten naiz ni, beste ezeren baino gehiago, eta etorri ez zaion bakoitzean poztu izan naizen bezala, poztu egin izan naiz etorri zaion guztietan.

      Luzera begira, gainera, mesede egingo zion Bladiri gure erabakiak: arreta guztia berari eskaini ordez, ikusminaren zati gero eta txikiagoa zegokion senide bat jaiotzen zen bakoitzeko. Hala bihurtzen zen niretzat Hans Lauerren soslaia gero eta sotilagoa, gero eta apalagoa. Inguruan beste sagarrondo batzuk landatzeak ezkutatzen du lehen bakarrik zegoena.

      Esan liteke Ritak eta biok elkarrekin egin dugun haur bakoitzeko, lehenengo biekin batez ere, hondar gurdikada baten pean estaltzen genuela Hansen akordua. Lehenago ia egunero ozen eta garden agertzen zitzaigun mamua bizitzaren lubizian geratzen zen harrapatuta eta erdi ezkutuan, egunerokoren gertakizunak estalirik. Erraldoia txingurrituta geratzen zen haur bakoitzaren etorrerarekin. Jaio berriaren gora-beherak apartak baitira gainerak guztiak ahazteko. Arazo oro haurgintzak estalita bezala geratzen dira, haurra apur bat hazi, oinez abiatu eta eguneroko bizitzara makurtu arte, behinik behin.

      Orain dela urte t’erdi, ordea, goitik behera aldatu zitzaigun bizimodua. Rita zazpi hilabetekoa zegoen Ixabelekin, ipurdi-sabelak ederki gizenduta eta gantza gorputz guztiko azalaren azpira sakabanatuta.

      Egunkariak irakurtzen badituzue ederki oroituko zarete Hans Lauer lepotik zintzilik agertu zela kartzela barnean itota. Komunikabide eta hedabide guztietako lehen albistea izan zen gertakizun hura, eta Stern aldizkarikoek funtzionari bati erosi zioten ezkutuko argazki hari esker, betiko geratu zaigu itsatsita memorian gizon gazte, mardul eta kaskagorri haren gorpua, sokatik behera dilindan, harategiko arkumeen irudiz.

      Hansek argazkian erakusten zuen aurpegiak ez zuen deus adierazten. Ez pozik, ez izurik, ez beste ezer. Ematen zuen hilda zegoela aspaldi bere burua urkatzen hasi aurretik. Horiaren horiz argizarian egina zirudien bere aurpegiak eta ezpainetan behera nabaritzen zitzaion listuzko hari mehe batengatik izan ezean, txontxongiloa zatekeen era hartan zintzilik ikusita.

      Agintariek bere buruaz beste egin zuela esan zuten, eta gainera, benetan halaxe izan zela jakin dut gerora, baina istilu larriak piztu ziren Alemania guztian bere hileta egunetan.

      Ezkerreko erakundeek kartzela barruan erahil zutela esaten zuten.

      Eskubikoek, Estatuari ezin dakiokeela leporatu, frogarik gabe, Estatua bera auzitan jartzen duen gertaerarik. Batzuei eta besteei, alemaniar orori azken finean, dozena bat urte lehenago Baader eta Meinhoff-i gertatutakoa etorri zitzaien berriz ere gogora. Orduan bezala orain, balizko indar beltz baten inguruko zalantzek eta kezkek biderkatu zuten berez izugarria zen Hansen gertaera. Gizona urkaturik, sokatik zintzilik, kartzelako isolamendu ziega batean. Bere buruaz beste eginda edo norbaitek erahila, bazter guztiak harrotzeko moduko gertaera izan zen hura.

      Ezagutzen zuten guztiek ere halaxe zioten, Hansek ez zuela sekula bere buruaz beste egiteko asmorik aitortu, ez zela bigun horietakoa. Ezinezkoa zela halakorik gertatu izana sinestea bera bezalako iraultzaile peto bati. Etsaiari gustu ez emate hutsagatik, halako pentsamenduetatik ihes egiten zuenetakoa zela hura. Bere buruaz beste egin aurretik, hamaika garbituko zituela lehenago, alegia.

      Astebete iraun zuten liskarrek, eta auto erreketak eta kale kalapitak nonahi piztu ziren aldi horretan, nola Berlinen bertan, hala Hamburgen,

      Frankfurten edota Alemania guztiko hiri jendetsuenetan. Tren bat ere atera egin zuten protestariek bere bidetik bultzaka, eta ondorioz, pare bat egunetan egon zen moztuta Alemaniako trenbiderik erabiliena.

      Protesta egun haiek, gogora ekarri zioten mundu guztiari, bakea ez dela izaten lore iraunkorra eta edozein mementutan ager dezakeela gizarte aztoramenak muturra, bazter guztiak kolokan jartzeraino. Lili hauskorra izaten dela bakea, haize handia pizten denean.

      Lehenengo hegazkina hartu eta han joan ziren Bladi eta Rita Koloniarantz. Bladik bederatzi urte bete berri zeuzkan eta agur esan behar zion betiko sekula ikusi gabeko aita ospetsuari. Rita, Ixabel nabarmenki sabelean zuela joan zen seme zaharrenari laguntzera. Hala esan zidan niri behintzat.

      — Han egon behar diat Simon. Derrigorrez joan behar diat. Ez duk Hansengatik, Bladigatik egin behar diat hau.

      Gure bikoteak iragan dituen egunik larrienak izan ziren orduango haiek niretzat, eta orain oroitzen naizenean ere, gaixotu bezala egiten naiz orduango minaren akordu hutsarekin: larritu egiten zait barrua, bihotza azkartu eta adimena ilundu.

      Alemania ikaran jarri zen beste edo gehiago jarri zen nire izaera ere zalantzan egun haietan. Nire zoriona, Ritaren poxpolurik gabe, deustarako balio ez zuen argizari alferrikakoa zen. Gorririk bezala geratu nintzen Ritaren bat-bateko urruntzearekin, gorririk eta elbarri mundu guztiaren aurrean. Pauso bakar bat emateko ere gauza ez nintzela.

      Hileta baino lehenagoko egunetan gure etxeko telefonoa ez zen istant batean isildu. Nik alemanieraz ez dut tutik ulertzen, baina Ritak bai, dozena bat dei baino gehiago jaso zituen albistearen berri jakin zen egunean bertan. Lagun zaharrak ei ziren gehienak, eta oharkabean, Hansen heriotzearen tristurari, iragandako gazte denboren mina gehitu zioten dei haiek Ritaren baitari. Hans hiltzearekin, aldi bat ere joan zitzaion Ritari ihesi. Tinko sumatu nuen, hala ere, emaztea. Itxura batean bai behintzat.

      — Amari esango zioat gurera etortzeko. Ez haut bi haurrekin bakarrik lagako.

      — Hori gutxienekoa dun Rita. Baina zer egingo dinat nik egun hauetan hi gabe? Utz iezadan Koloniara laguntzen.

      — Ez eta pentsatu ere. Han traba baizik ez haiz izango niretzat, ez duk jendea ezagutzen. Hizkuntza eta lekuak ere ez. Gainera hobe duk Bladi hi gabe agertzea hara.

      Aireportura lagundu eta ama-semeak hegazkinean sartzen ikusi nituenean, ezerezak irentsi zidan barrena. Neure baitara lotzen ninduten lokarri eta tinkarri guztiak han joan ziren hegaka, DC9 berri baten barnean eserita. Kolokan baino gehiago, esan dezaket geratu nintzela luma bat haizetan bezala, non erori asmatu ezinda eta gainera, larrituta, aztoratuta eta guztiz izututa. Gizona bainoago, nirudien tximino txiki bat, aireportuko leiharretatik haruntz begiak jarrita.

      Lehenengo aldia zen ia bost urtetan emakume haren auzotasunik gabe geratzen nintzela, eta etxean utzitako bi haurrak amarik gabe ikustea huskeria iruditu zitzaidan niri gertatzen zitzaidan umezurztasunarekin alderatuta. Ni ezer gabe geratzen bainintzen Ritaren urruntasuna zela medio, arnasarik ere gabe. Niretzat bizitza, bere aldapa, zailtasun eta atsegin guztiekin, urpean gertatzen den kontua baita eta Rita da nire biriketara airea eramaten dakien bakarra munduan. Ito egingo nintzen Ritarik gabe, neure ganora ezaren saldatan, une batetik bestera.

      Hilda egon arren, Hans Lauerrek irabazi egin zuen beste behin ere gure arteko borroka ezkutua. Bere hileta egunek iraun bitartean banekien Rita oroitu ere ez zela egingo nitaz Alemaniako gertakizunetan katramilatuta. Bakarrik sentitu nintzen, zeharo isolatuta mundutik. Herren eta ezgai zernahitarako. Banekien Rita falta bitartean, beste ezertara ezingo zuela jarri nire adimenak, ez lanera, ez eta ere zain neuzkan bi seme koskorrengana ere. Ezgauza nintzen ni erabat ezertarako, gurpilik gabeko gurdi alferrik galdu bat.

      Aireportutik etxera bidean nindoala, egun gutxi batzuetako kontua izango zela pentsatu nuen. Gizon heldua nintzela eta nonbaitetik atera behar nuela aurrera jarraitzeko adorea. Ustekabean baina, aspaldian edukitzen nituen bezalako pentsamendu eta gogoeta beltzek agertu zuten muturra nire garondoko ertz guztietatik. Ritak utzitako eremu ezereza primerakoa zen euren ezkortasunik ilunenaz harroki lora zitezen. Aski sendatu gabe nengoela, neure buruaren beldurrez jarraitzen nuela konturatu nintzen orduan. Emakume haren ondoan egindako denbora izan ezik, gainerako gauza guztiek lehengoan jarraitzen zutela, alegia, nire baitan. Betiko gizona nintzen Ritarik gabe geratutakoan, betiko gizon terral eta badaezpadakoa.

      Albistegi guztietan agertu ziren Hansen hiletaren irudiak. Itzela izan zen bertara bildutako jende mordoa. Gehienek oliba koloreko jakeak zituzten soinean edo, bestela, larru beltzekoak. Emakume askok, zapi urdinak, gorriak edo kapelu kolorezkoak zeramatzaten buruan. Gizonetako gehienek bizarra eta gure parajeetarako orrazkera exotikoak direnak zeramatzaten, kolore biziz margotuak. Banderak ere gorriak eta beltzak ziren gehienak baina ikurrina handi bat ere agertu zen bazter batetik. Ritaren lagunen bat izango zen, seguru asko, hura zeramana. Inguruan poliziaren furgonetak ageri ziren hilerriaren sarreran eta hirurogeiren bat polizia, kasko eta guzti jantziak.

      Lehenengo iladan, zazpi-zortzi lagun agertzen ziren nabarmen kanposantu zibileko ehorzketan eta alde guztietatik botatzen zituzten lore gorrien artean. Lau, Hansen anaia-arrebak edo koinatak izango ziren, senitartekoak behinik behin. Beste hirurak ederki ezagutzen nituen: Hansen aita Gunter, Bladiren udako argazkietatik ezagutzen nuena, umea eskutik oratuta zuela ageri zen. Bladi bera bigarrena, izu aurpegiz hornituta eta Rita hirugarrena, zapi zuri bat buruan eta betaurreko beltzak jantzita. Bladiren amona falta zen doluan.

      Irudietan Ritari mikrofono bat hurbildu zioten kazetariek baina berak ezezko imintzioak egin zituen, ez zuela ezer esan nahi erakutsi zuen nabarmen. Hala ere, zerbait esan arte ez zuten bakean utzi kazetariek.

      Gure albistegietan ez zituzten, ordea, bere esanak itzuli eta Ritak adierazitakoa ulertu gabe geratu nintzen. Hala ere, bera ezaguturik, ziur naiz, Hansenganako gorazarre hitzak izan zirela berak esanikoak. Haren oroitzapena ez zela hain errazki lurperatuko, esan zuela, alegia. Ez zuela sinesten Hansek bere buruaz beste egin zuenik eta estatu kapitalista zapaltzailea zela gertaturikoaren erantzule bakarra.

      Nire alboan zegoen eserita Benita, Ritaren ama, ni bezalaxe albistegiei begira. Bere begietan negarrik ez egiteko ahaleginaren zantzua nabaritu nuen nabarmen. Bera izan zen Iņakiri eta Felixi erantzun ziena, ama non zegoen galdetu zutenean,

      — Amatxo Bladirekin joan da oporretara, baina hiru egun barru, igandean, hemen izango da.

      Hiru egun eta hiru gau. Denbora luze ikaragarria. Hiru egun oso Ritarik gabe. Eta okerragoa zena: gertaerek irentsita, nitaz oroitu ere egin gabe ibiliko zen Rita. Hiru gau eta egun Hansen parajeetan. Hansen herrian, Hansen lagunekin, Hansen etxean, eta agian, garai batean Hansekin ezagutu zuen ohe berberean lotan. Gehiegi zen niretzat.

      Gaueko albistegien ostean, zoratu baino lehen, ohera joatea erabaki nuen, baina han, izarape bukagaitz hartan, bakardadearen mamu galanta zegoen kizkurturik eta irentsi egin ninduen, zurp, urreburuak zizarea bezala.

      Bere tripetatik ihes egin ezinda eman nuen gau guztia izerditan eta maindire artean galduta. Goizeko lehen argiak iristerako, erabakita neukan erotzen hala jarraitu baino lehen, hobe nuela neuk hartzea gertaera guztiei aurrea, berandu baino lehen, eta hobe nuela egoera hartatik behingoz irteteko erabaki beharrekoa erabakitzea. Eta egin beharrekoa lehenbailehen egitea. Itoko nintzen bestela, nola ur handitan sagua.

 

Arrainak ura baino
Hasier Etxeberria

Elkar, 1999