Arrainak ura baino
Hasier Etxeberria

Elkar, 1999

 

 

Dianaren erdian

 

      Louiseren gauzarik ederrena, bere handitasun emea iruditu zait beti. Bere barne egoera zein den ezagututa, ez dago sinesterik zer-nolako ematasuna erakusten dakien, eta emetasuna diodanean, amatasuna ere esan nahi dut, zalantzarik gabe. Haren begietara begiratuta badirudi, bere zoritxarrak, edonoren zoritxarraz jabetzeko bertutea ezarri diola. Hala iruditu zitzaidan niri, beste behin ere, Didier Dorise eta Elosegi utzi, eta afaltzera bere etxera itzuli nintzenean.

      Parisen biok bakarrik eta benetan egoteko euki genuen lehenengo aukera hartan, bezperako axalkeria ahaztuta, emakume haundia topatu nuen berriro Louiseren begietan. Sentiberatasunez eta adiskidantzaz betea. Ederra, dotorea eta amultsua.

      Berriz esan zidan jai neukala nire baitako borroka hartan. Aurrez galdutako guda baizik ez zela izango nirea. Berdin ziola Ritak beste bat maitatzen zuela egia ala gezurra izateak. Nire barnean zegoela gudaleku benetakoa eta nire barnean bakarrik benetako pakea, nonbait izatekotan. Neure burua babestu behar nuela ere esan zidan eta uxatzeko euki nitzakeen pentsamendu ero guztiak. Seguru asko, barnean neukan mesfidantzaren gaitza ez zitzaidala hil artean sendatuko eta berarekin bizitzen ikasi beharko nuela, minbizidunek egiten duten bezala euren gaisotasunarekin.

      Louiseren hitzak entzun ahala, bere buruaz ere ari zitzaidala otu zitzaidan eta gehiago sentitu nintzen anaia-arreben arteko bilera batean, emakume guztiz desiragarriaren parean baino. Bere hitzen gainean hartuko nuen lo gustura, sehaska zahar batean bezala.

      Ez nintzen ausartu, hala ere, Baionako Katedralarekin harturik neuka erabakia aitortzen. Egia esan, inori eta sekula ezingo nion aitortu halakorik, ez eta leherketa eginda gero ere, bai bainekien baliogabetu baizik ez zukeela eginen balizko aitortza horrek nire sendabidearen indarra. Banekien, gainera, egiteko asmoa neukana Louiseri esanez gero, asaldatu egingo zela nirekin eta ezin izango zuela ulertu nire erabakirik. Ezingo zuen ulertu inola, Baionako hondar birrindu haien beharretan nengoela ni neu gizonaren tamainaraino hazteko.

      Alabaina, bere hitzak entzundakoan, ziurtatu egin nuen hartutako erabakiaren bidea zela ibili behar nuen bakarra. Nire baitako bakea lortzeko agindu zidan berak eta ez neukan beste aukerarik Baionakoa baino. Egia esan behar bada, neure-neurea zen aurkitutako irtenbidea. Irrigarria ez balitz, orijinala ere bazela esango nuke Baionako Katedrala ipurdiz gora botatzeko nire asmo aldaezina.

      Ohera baino lehen, biharamonean elkarrekin ikusiko genuela Paris hitzartu genuen eta primeran iruditu zitzaidan niri, hiru egun barrura arte ez baineukan beste zereginik. Hiru egun barru bai, ordea, berriro bilduko nintzen Elosegi eta baterijole potoloarekin eta arin ibili beharko nituen hankak neure arrasto guztiak atzean laga eta, inork ikusi gabe, “zera hori” eta kloratita guztia Chateau Landon hoteleko armairuan ezkutatzeko.

      Louise eta biok biharamon hotz baina argi hartan elkarrekin ikusi genituen lekuei esker, beste Paris bat ezagutzeko parada eduki nuen. Oker diot baina, ez baitzen beste Paris bat izan egun hartan bisitatu genuena, ezagutzen bainituen lehendik ere, orduan ibili genituen leku gehienak. Esan nahi dudana beste gauza bat da. Esan nahi dudana, Louiseri esker, beste begi berri pare baten jabe egin nintzela da. Kartzela honek orain ematen didan bakeak erakutsita dakit, urrunduta bakarrik ikusten baita mendia.

      Esate baterako, erabat hunkiturik geratu nintzen Louisek Notre Dameko zoko batera eraman ninduenean. Ohituta nengoen ni elizatzarra turista begiekin ikustera, Ritarekin ere izana nintzen han urte batzuk lehenago, baina ez nuen sekula uste izango, niretzat postale hutsa baizik ez zena, benetako babesleku izan zitekeenik inorentzat. Ez nuen sekula esango, Louise eliza baten barruan era hartan jarrita ikusiko nuenik, bi begiak itxita eta barneko ahotsaren zain. Neu izan nintzen eliza barru hartan galduta ibili zena: ez nuen asmatu Louiseren extasi hartan zer egin.

      Niretzat, ordura arte, XII garren mendeko eliza ederrenetakoa baizik ez zen izan Pariseko Notre Dame. XI garren mendean jasotako eliza zahar baten oinarrietan mende luzeetan itsas-korala legez hazitako etxe gotiko harroa, paristar txiroenek larogeita zazpi urteko nekeen gainean zutitua eta Frantziako bazter guztietatik etorritako gosetuen bizkar gainean, dorrerik garaienak oinarrituta zituena. Harrigarria izan da beti, behartsuen ezerezak nola lagundu izan duen historian zehar oroitarririk nabermenenak tentetzen eta nolako zentzugabeko adorez egin izan duten hori, gainera.

      Urte batzuk lehenago elkarrekin bisitatu genuenean, Ritari esan nizkion gogoeta horiek beroiek eta kexatu egin zen biziki nire ozpin ikuspegia erakutsi nionean eta gai nintzela esan zidan, jaialdirik ederrena purtzilkatzeko. Hobe nuela, alegia, botila erdi hutsak ikusteko ohitura ezkorra beste baterako utzi, baldin eta ez banuen Pariseko egonaldi erromantiko hura hankazgoratu nahi.

      Ritak emandako aholkuaren akorduari esker, ez nion antzekorik aipatu Louiseri eta XIX garren mendeko Viollet-le-Duc arkitektoaren berrikuntzak eta eskulturak goraipatu nituen, egiazki estimatzen baititut Abbadiako Antoineren gaztelua Hendaian jaso zuen gizon ospetsuaren lan horiek ere. Esan gabe geratu nintzen, ordea, Notre Dameko oholak lortzeko, zuhaitz bat bera gabe utzi zituztela Paris eta ehun eta hirurogei kilometro bitarteko baso eta oihan guztiak. Esan gabe geratu nintzen elizaren orube guztia beteko zuketela langintza haietan hildakoen gorpuek, bata bestearen ondoan jarri ezkero.

      Louisek ostera, beiradurak goraldu zituen, nork eta noiz eginak ziren ez zitzaiola axola esan ostean, haien argitan nola aurkitzen zuen indarra erakutsi zidan. Berak aitortutakoaren arabera, leku hartara joaten zen erabat suntsituta ikusten zuenean bere burua. Sinesgabea izanik ere, katedralaren ilunpeko espazio hotz, isil eta handi hartan bakarrik aurkitzen omen zuen atseden aski, bere buruaz beste ez egiteko. Han, eta hantxe bakarrik, aurkitzen ei zuen berak beste batzuk lagunartean, kirolean, edanean edo auskalo zertan aurkitzen duten kontsolamendua Ezustekoa izan zen niretzat, neuk Baionan birrindu nahi nuena bezalako leku bat Louiserentzat hain baliotsu gertatzea. Une batez kolokan jarri zuen horrek nire erabakia: Baionako Katedralean ere egon zitekeen Louiseren antzeko beste norbait nik leherkariak jarritakoan. Munduan azkenengo gauza egingo nuke horixe, Louiseri edo bera bezalako baten bati kaltea, alegia. Zer egingo nuen baina? Behar beharrezkoa zen niretzat Baionako Katedrala lehertaraztea, ez neukan nire izaera tajutzeko beste inolako biderik. Izan zedila, beraz zedina.

      Zer besterik bisitatu nahi nuen galdegin zidan Louisek eta La Defense ikusi nahi nuela erantzun nion. Miterrand zaharrak bere loriatarako jasotako auzo berri hartan, bazirela egundoko etxetzarrak, munduko multinazionalik haundienenak, eta ordura arte sekula ez nuela aukerarik izan haraino hurbiltzeko.

      Arratsalderako utziko genuela hori erantzun zidan Louisek eta hobe genuela lehendabizi, Beaubourg aldera joan, Pompidou Zentroa ikusi eta bertako kafetegian zerbait janez, atsedentzea.

      Ez nion nik ezetzik esan, gogoko izan baitut beti Piano eta Rogers-en eraikin lotsarik gabea. Ikusi dudan bakoitzean, txipiroia ekarri izan dit gogora, edota galtzerdia, halaxe baitago eraikia etxe hori: barrukoz kanpora eta kanpokoz barrura.

      Katedralean eduki pentsamenduak egin nuen harako bide guztia. Ez nuen hartaz pentsatu nahi baina egiazki jarri zitzaidan zalantzan Katedralaren helburua. Ez nion buelta gehiegirik eman nahi, baina oso urrutiko oihartzun batek esaten zidan, konpondu beharreko katramila neukala nire erabakian. Nola egingo nuen aurrera Baionako Katedralaren harrien azpian Louiseren antzeko norbait harrapa nezakeela jakinda? Ez al zuen horrek lausotuko nire irtenbidearen borobiltasuna? Ekintza eta sarraski borobila behar nuen nik nahi nuen lekura iristeko, eztanda erabat mantxarik gabea Lehenbaitlehen behar nuen gainbegiratu, erabakitako guztia.

      Beaubourgera iritsi ginenean, eta hango hoditzar kolorezkoak bistatu zirenean, hura bezalako leku bat ere ez zela txarra izango nire leherkariak jartzeko hasi nintzen pentsatzen baina “egia, gurean ez dago haren parekorik. Pompidou zentroa hankaz gora bota ezkero, umezurtz lagako litzateke Frantziako kulturgintzaren muin benetakoa, bere baitan sortzen, lantzen eta mugitzen baita frantziarren musika, zinea, dantza, arte plastikoa, antzerkia eta disziplina oro. Nik maite nituen gauzak ziren horiek denak. Pompidou Zentroa hankaz gora bota ezkero, neu ere damutuko nintzen, beraz, ederki, eragindako atzerapenarekin.

      Gurean, ostera, gehienez ere, turistentzat eraikitako hilotz eder bat suntzitea baizik ez nukeen lortuko Bilboko museo berrian bonbak ezarri ezkero eta, jakina, lehendik hilda dagoena bakean lagatzea lege da beti. Ezer ez da aurreratzen, gorpu jaio dena mila zatitan txikitzearekin.

      Madrilen ere ez dago Pompidouren parekorik. Han ere, turistaguneak dira gehienak edota bestela, El Prado bezalako almazen dotoreak. Ez zidan, bada, Beaubourgeko adibideak balio Baionako Katedralari ordezkorik aurkitzeko. Louise bezalako arima galduren barnean harrapatzen banuen azpian, hori ez zen nire errua izango. Kasualitateak ere leku berezkoa dauka alde guztietan.

      Bazkalorduan, bere haurgintza kontuak nola zeuden galdegin nion Louiseri, nire kontsultara ekarri zuen arrazoia gogoratuz eta berak arazo guztiak behin betiko filnituak zirela erantzun zidan. Sei urte bazirela ematutuak lotu zituenetik.

      Noizbait damu zitekeela esan nion nik, oraindik gaztea zela eta bazitekeela berarentzako moduko gizon batekin noizbait haurra egiteko beharra sentitzea. Balizko amodio handientzat beti gorde behar dela leku bat, gaineratu nion.

      Ez adarrik jotzeko erantzun zidan eta ea ordura arte kontatu zizkidan guztietatik ez ote nion deusik ulertu. Zozoa ote nintzen ere galdegin zidan ondoren eta nirekin ez haserretzeko eskatu nionean, halakorik nahi banuen, lagatzeko alde batera bere amatasun kontuak agindu zidan.

      Bere lanaz hitzegin genuen orduan: nola lau urte zeramatzan zineman paper bakar bat antzeztu gabe. Nola Frantziako antzerkian ere ez zegoen lanik kafesne koloreko emazte batentzat eta nola zaharregi ari zen egiten pasareletako gaztetxoekin lehian eta gora eta behera ibiltzeko. Gero eta zailagoa ei zeukan hori ere eta gero eta gehiago ibili beharra omen zeukan, bezperakoa bezalako afari eta vernisage txoroetan. Zertan hartzen zuen atsegin galdetu nion orduan, non pake.

      — Inon ez maitea, halakoxea da paristarron bizia —erantzun zidan, eskutik heldu eta mahaitik altxarazten ninduen aldi berean— Goazen zorioneko La Defense hori ikustera.

 

      Microsoft, Mitsubishi eta National Bank. Sony, Nestlé eta Krafft.

      Handietan handietatik, zein ez zegoen han. Etxe garaiak, hogeitaka solairutakoak, gizakiaren oreka zentzua ere zalantzan jartzen zutenak harri eta altzairu, porlan eta beira, iragarki erraldoiak etxe erraldoien zapeletan, neurri bortitza, diru-meta digante piloa, ekonomiaren suge-habia, etorkizunaren sinboloa, helburuen paradigma, piramide berrituak, mendearen azken lorpena, planetaren errapea, neurri guztien egiazko erretena, amets ororen definizioa, agindu guztien ahotsa, lege guztien jatorria, Anaia Handia.

 

      Argi berri batek jantzi zidan adimena. Erabakita zegoen: han ez baina antzeko lekuren batean jarriko nituen nire leherkari guztiak. Ez nuen Baionako Katedralerik suntsiko. Ez nuen Louiseren antzekorik harrien azpian harrapatuko. Horren lekuan, garaiaren benetako bihotzean bertan gezia sartzeko ere balioko zidan nire erabaki aldatu berriak, nire erabaki zoragarriak.

      Diruguneren bat lehertaraziko nuen batere errukirik gabe, batere zalantzarik gabe, batere damurik gabe. Soka berarekin lotuko nituen bi ertz. Halaxe pentsatu nuen nik orduan.

      Eskerrikasko, beraz, Paris, eskerrikasko La Defense eta eskerrikasko Louise maitea, laguntzeagatik gizon honi zehazten bere erabakia, nola artizarrak marinelari etxerako bidea.

 

Arrainak ura baino
Hasier Etxeberria

Elkar, 1999