Arrainak ura baino
Hasier Etxeberria

Elkar, 1999

 

 

Parkean

 

      Garai hartan ezagutu nuen gaur nire emaztea dena, Rita. Nik hogeita hamalau urte nituen orduan eta, gehiegi esatea ez bada behintzat, azeri zaharra nintzen gona kontuetan ordurako. Aukerarik ez zitzaidan sekula faltatu emezkoen harien katramilaturik ibiltzeko. Aldizkari batean baino gehiagotan “Urrezko ezkongabea” nintzela argitaratu zuten. Nik, ordea, banekien hitz horien atzean zegoena beste kontu bat zela. Egiazki esan nahi zutena beste gauza bat zela, mutilzaharra nintzela, alegia. Urrutira joan gabe, neronek ere banekien hori. Baina zer egingo nion, bada, neuretzako moduko emazterik inon aurkitzen ez banuen?

      Ez beza inork pentsa, ordea, neskarik ezagutzen ez nuenik. Nire eskuek hitz egiten balekite, hamaika gerri emeren berri aipatuko lukete, hamaikatxo hezetasunez hitzegingo. Ahalegin handiegirik gabe harrapatzen ninduten euren mende. Emakume gehienak neure ospearen irrikan edo nik ez dakit zeren esperantzan etortzen ziren nire besoetara. Aspertu egiten nintzen, baina, hasi eta denbora apurrera. Txikitandik eduki akats hori, sekula ez bainaiz izan hasitako gauza bat amaitzeko, ez eta bildumarik kutiziatuena ere.

      Alabaina, denboraldi sutsu ugari ezagututakoa naiz, eder askoak gainera, istant batez argi guztia eurentzat hartzen duten horietako harremanetan ibilitakoa naiz maiz, baina bikote guztien artean egoten den lehenengo zaparradaren ostean, amatatu egiten zitzaizkidan niri desio guztiak. Askotan nahikoa izaten da ur tanta bakar bat kandelarik sendoena itzaltzeko. Leku zehatzean emaniko kanka txikiena aski izaten da kristalik lodiena pitzatzeko. Halakoxea nintzen ni orduan, edozein huskeriagatik, emakume ederrenarekiko lilura, edozein gertaera axaleko dela medio, alferrik galtzen uzten duen horietakoa. Oroitzen naiz nik gehientxoen maitatu izan dudan emakumeetako bat, esterako, zergatik apartatu nuen nire bidetik. Eta lotsatu egiten naiz hemen esateaz, hain baitzen kaskarra eta ezgauza nik erabilitako aitzakia. Baliteke sakonagoko arrazoi ezkutu batean egotean jokaera horretarako arrazoia, misogino xamarra ere izan ninteke, baina gaurdaino ez dut azterketa horretan denborarik alferrik galdu. Niretzat gona eta bihotzeko kontuak eguraldia bezalakoak baitira: euria egin bitartean soilik bustitzen duten horietakoak.

      Egun batean goizago alde egin nuen gure ospitaleko laborategitik, nire lantegitik. Diputazioak Zientziaren Ohorezko Domina eskaini nahi zidan egun hartan, baina nik nahikoa lan neukan neure buruarekin eta ospakizunera ez agertzea erabaki nuen. Politikariei, gaur ez bezala, asko gustatzen zitzaien garai hartan nire alboan argazkietan irtetea eta nik asmatutako aurrerapenaren zipristinetan bustitzea. Gure laboratorioko beste edozeinek jaso zezakeen nire ordez domina zorionekoa. Desagertu egin nintzen, beraz, eta mundutik apartatzen nauen paraje maite batera egin nuen alde.

      Joan zen mendean egindako parke bat da leku eder hori. Hortxe aurkitzen nuen nik sarri, beste inon ez bezala, neure buruarentzat parada bakarretakoa garai hartan. Hortentsia eta magnolioen artean, neskameak, umeak, agureak, zakurrak eta korrikalariren batzuk baizik ez ziren ibiltzen han normalean. Leku oso ederra izango da hura oraindik ere, baldin eta ziega honetan sartu nindutenetik ez badute alferrik galtzen utzi.

      Itsasoari begira eta mimosa zahar baten hegalean dagoen jarlekua izaten nuen gogokoen. Harantz abiatzen nintzen, bada, egonezak edota goibel puntu batek ukitzen ninduen bakoitzean. Labar gaineko kaio eta kuliskei jostailuzko kometa zuriak bailiren begiratzen nien euren hegaldi askearen inbiditan. Uso eta txolarreei erreparatzen nien, elkarren arteko lehian, ogi apurren bat nork lehenago zintzurreratuko. Halako kharma lasaigarri batek harrapatzen ninduen orduan eta halaxe egoten nintzen ordu luzeetan, itsaso urrunean pasatzen zen untziren baten karelean izan ezik burua beste ezertan eta beste inon jarri gabe.

      Gogoko nuen jarlekuan emazte txiki samar bat zegoen trikota bat egiten arrastiri goibel baina, hala ere, epel hartan. Haren ondoan eseri eta arratsalde on opatu nion. Berak, begiak orratzetatik ia apartatu ere egin gabe.

      — Bai, arratsalde on, ederra dago eta —erantzun zidan.

      Orduan ez nuen jakin neure tristura eta etsipenaren beharrak eraginda ote zen, edo benetan gozoa duelako ahotsa nire emazteak, baina emakume hari arreta handiagoarekin behatu nion handik aurrera. Txiki samarra zen, ilea motz eta beltz, mutilen antzera moztuta. Beltzaren beltzez, errainu gorriak ere ematen zituen haren ileak, mimosaren adarren artetik eguzki izpi galduren batek jotzen zuenean. Bi begi biziak ere ileen antzekoak zeuzkan: ikatzezkoak. Tristuraz beteak zirela iritzi nien. Ahoa eta ezpainak handiegiak zituen halako emakume txikiarentzat.

      Itxura batean, esan zitekeen emakume hura ez zela nire neskalagun izandako asko bezain ederra, baina bazeukan zerbait, oraindik ere ez dakit zer, jarleku hartara betiko lotu ninduena.

      — Trikota polita egiten ari zara —esan nion, nonbaitetik hizketan hasi nahi eta.

      — Ez nuen gaurdaino sekula entzun trikota hitza. Guk jertsea esaten diogu honi —erantzun zidan— Ez zara hemengoa ala?

      — Bai, hemen ingurukoa naiz baina ama nuen urrutikoa. Haren hitzak geratu zaizkit nire hizketan itsatsita.

 

      Galdetzen segituko zuela uste izan nuen. Gure ama nongoa ote zen galdegingo zidala. Baina ez. Biok geratu ginen isilik luzaroan, jakinik isiltasunak bakarrik eraiki zezakeela bi ezezagunen arteko zubia edo dena delako zeozer.

      Zeharka begiratzen nien bere esku trebeei. Korapilo bat eta beste bat, izugarrizko abiadan zerabiltzan trikota egiteko orratzak, bere kasa lanean ziharduten inurrien antzo. Egun hartan ez nien askorik erreparatu ahal izan labarretako hegaztiei.

      —Trebea zara triko... jertseak egiten. Ezin da orratzen abiada begiez segitu —esan nion.

      —Egia diozu, ez da hau egiten dudan lehenengo jertsea. —Saldu egiten dituzu?

      —Ez, ez, hau nire lagun batentzat da —erantzun zidan— preso dago kartzelan eta harixe eraman nahi diot.

      Berriro geratu ginen isilik, batez ere bere lagun kartzelatuaren albisteak ustekabean harrapatu ninduelako. Harritu egin nintzen ezagutzen ez ninduen emakume batek hartara hitz egiteagatik. Ni polizia izan nintekeen, edo presoek kartzelan egon behar dutela uste duten horietakoa. Egia esan, edozein eta edozer izan nintekeen arratsalde hartan bizi nuen malenkonia eta zozoegoeran.

      Inork uste ez duenean, arrakasta betean, itxura guztien kontra, beren buruak trenera jaurtitzen dituzten horien sendian sartuko nintzela etorri zitzaidan burura pare bat egun lehenago. Nondik eta nola jakiteke, neure buruaz neukan gogaitaldia finitzeko beste erarik asmatzen ez eta halako gogoeta ilunak nagusitu zitzaizkidan. Neure buruaz beste egiteko tentaldia. Ez zen lehenengo aldia, maiz gertatzen ez bazitzaidan ere, egoera itogarri hura ez zen berria nigan: ezerk asetzen ez, horixe nuen gaitza eta erremedio bakarra ezagutzen nuen horretarako.

      Harrezkero, galipota oinpean bezala itsatsi zitzaidan nire buruaz beste egiteko burutapen hura sabelean, eta pentsamendu beldurgarri huraxe uxatze aldera bilatu nuen nik mimosapeko eserlekua. Ez nintzen hain gaizki ere bizi, heriotza azkena zela banekien, ez nengoen kexatzeko moduan, baina ezin kendu nuen burutik pentsamendu hura ukan izana. Kea denean beti da suterako arriskua.

      Neurotiko samarra naizela iruditzen zait batzutan, izan ere, bizarra kentzen ari naizenean, aitzurrarekin azalean zauria egingo dudala pentsatzen dudan bakoitzean, zauria egiten dut aurpegian. Aldapa batean eroriko naizela etortzen bazait burura, erori egiten naiz aldapa horretan, erremediorik gabe.

      Horregatik beldurtu egin nintzen pentsamendu harekin: zerbait sartzen baldin bazait buruan, gertatu egiten zait azkar edo berandu. Banekien zozoa behar nuela izan neure bizitzako ederrenean horrela pentsatzen hasteko, baina pentsamenduak betizu aztoratua izatea erabakitzen badu, ezin zaio kontrarik egin. Bere oldarraren menera makurtzen dira beti zentzu guztiak eta hala egin ezean, norberak jakiten du gezurretan eta alferrikako bidean dabilela, ez dagoen lekuetan atsegin izpiren baten bila.

      Alboan neukan emakumeak eten zidan gogoeta, mataza hariltzen lagunduko ote nion galdeginez, ausardia handiegia ez bazen.

      — Inola ere ez —erantzun nion— ez da ausardia. Atseginez lagunduko dizut. Oso gogoko ditut eskulanak. Nire amama zenari laguntzen nion lan honetantxe txikia nintzenean —eta bi eskuak luzatu nizkion, mataza bertan jarri eta harilkoa egin zezan.

      Ez didazue sinetsiko baina mataza desegiten eman genuen ordu laurden hartan, halako barne zirrara batek harrapatu eta busti egin zizkidan begiak. Matazako haria askatu ahala, neuk ere askatzenago nabaritzen nuen neure barrua, baretzenago eta sentiberatzenago. Bake gozo eta handi bat nagusitu zitzaidan, manta epel batek bilduko banindu bezala. Behin baino gehiagotan pentsatu izan dut, haur nintzeneko garaiak berbizi izan nituela orduan eta horregatik bigundu nintzela hainbeste, emakume ezezagun baten aurrean. Beharra ere edukiko nuen, seguru, barnea lasaitzeko.

      Rita ohartu egin zen nire malkoez.

      — Zer duzu gizona?

      — Ezer ere ez, triste samar nabil aspaldion. Barkatu beharko didazu umekeria hau.

      — Ez gizona, zaude lasai, ez kezkatu nigatik, ohituta nago malkoetaraerantzun zidan lasaitze aldera, irripar eder baten erditik— Leku aproposa da, gainera, parke hau horretarako. Toki zoragarria da benetan, ia egunero etortzen naiz ni, ahal dudan guztietan.

      Ez nintzen neure buruaz lotsatzen baina ez neukan inoren aurrean horren argi agertzeko ohiturarik. Ez naiz negartia izaten normalean. Emakumeak, ordea, ez zion inolako garrantzirik eman gertatutakoari eta halako lasaitua eman zidan horrek, leku hartatik altxatu eta alde egin gabe bertan geratzeko. Handik aurrera errazago joan ziren gauzak, batez ere emakumeak ez ninduela ezagutzen ohartu nintzenean.

      — Simon Azkue esan duzu? Ez zaitut sekula ikusi. Non ibiltzen zara? — Ospitalean. Hantxe egiten dut lan.

      — Erizaina zara?

      — Ez, sendagilea naiz, ginekologoa.

      — Kontxo, gizon handia zaitugu, orduan.

      Bere berri eman zidan ondoren nik galdetu ere egin gabe. Rita Zabaleta deitzen zen eta idazkari lanak egiten zituen herriko garaje batean. Orduz kanpo, itzulpenak ere egiten zituen frantsesera eta alemanierara.

      — Hainbeste hizkuntza jakiteko, zeu ere dezente ibilitakoa zara munduan.

      — Bai, gaztetan dozena bat urte egin nuen kanpoan lanean, batzuetan hemen eta besteetan han, ahal zen gauzetan.

      Txiki samarra baina ederra zen benetan. Ezpainak eta begiak izan ezik, gainontzeko guztiak proportzioan zituen: dena txiki eta estu, tamainan.

      Bularrak ere txiki eta gazte sumatzen zitzaizkion blusaren azpian, niri gustatzen zaizkidanak bezalakoak, gora begira titiburuak. Bere ahotsak bazuen musika epel bitxi bat, guztiz baretzen ninduena. Esan bezala, mantape gozo batean bilduta sentitzen nintzen bere alboan, ezerk eta inork kaltetu ezingo banindu bezala.

      Ritaren begiei begiratzen nien bakoitzean, jaitsi egiten zituen bereak orratzetara eta piztu egiten zitzaizkion era berezi batean, hariak hari izateari laga eta jantzi bihurtzen zela ikusten zuenean.

      Arratsaldea eta elkarren ezagutza aurrera joan ahala, trikota norentzat egiten ari zen galdegin nion berriro. Neuretzat izan zedin nahi nuen. Esku haiek egiten zutenak, begi haiek begiratzen zutenak, neuretzakoa behar zuen izan. Obsesio gotor eta inozo bat-batekoak lotsarazten ninduen, beste ezerk baino gehiago. Banekien neurrigabekoa eta gehiegizkoa zela gutizia hura ezagutu berri batentzat, baina ezin geratu nuen antsia oldartsu hura inola. Jertsea zuzenki eskatzera ausartu gabe, neure desioa uler zezan saiatu nintzen, ez naiz ondo oroitzen nola.

      — Esan dizut lehen. Nire lagun batentzat da, nire lagunarentzat hobeto esanda.

      Goiak jo zuen supituan behea, itsasoa harrotu eta goibelagotu egin zen arratsaldea. Ipurpeko eserlekua ere ezeroso hasi zen agertzen, hostoak itxi berri zituen mimosaren pean. Galdurik sumatu nuen neure burua eta “zer egiten duk hemen babua?” galdegin zidan barrenak. Lotsatu egin ninduen nor zen ere ezagutzen ez nuen emakumea desiratzen hasi izanak. Lotsatu, haren mataza eskutan euki izanak. Nola ausartu nintzen ezezagun haren aurrean malkoak askatzera?

      Alde egin behar nuen handik berehala. Aski nuen horretarako gezurtxoren bat asmatzea, ospitalean hasi beharra neukala aipatzea, esate baterako, baina lehen ere esan dut ez dakidala gezurrik esaten. Katramilatu egin nintzen, lotsagarri, beharrik ez zegoen lekuan. Barretxo bat egin zuen Ritak, elkarrizketa eten ezinik, agur nola esan asmatu ezinda nenbilela konturatu zenean.

      — Zoaz lasai, gizona. Asko poztu nau zu ezagutzeak —esan zidan bere aurpegi beltzaska argituz.

      — Ni ere bai Rita. Agur. Beste bat arte.

 

      Parkea bizkarrean laga ahala, gero eta jabetzenago nintzen, han, mimosaren hegaleko jarlekuan jazotakoa aparta izan zela niretzat eta beste batzuk ezagutu banituen ere, Rita besteko emakume osorik ez nuela kausitu sekula. Haren ahotsak gozatzen zuela, eta aldi berean aztoratzen, nire barren terrala. Egiazko oinarririk ez neukan horretara pentsatzen jartzeko, elkarren artekoa ez baitzen azaleko harreman hasi berria baino izan. Hala ere, azaletik antzematen zaio haranari nolakoa duen mamia eta halako zerbait gertatu zitzaidan niri ere Rita ezagutu nuenean: ataritik bertatik ikusi nuen etxe hark zeukan barnealdea, palazio bati zegokiola. Hala iruditu zitzaidan niri, behintzat.

      Zergatik ezin esan nezake zehatz baina gerora obsesio bihurtuko zitzaidan irudipen bat nagusitu zitzaidan gainerako sentipen guztien gainetik: emakume haren alboan egindako denborak beste kalitate bat zeukan eta, ez hori bakarrik, benetako angulen antzera, alferrikako egiten zituen beste guztiak.

      Liluraz gain, egonezina eta lotsa izpi bat ere baneramatzan parke hartatik bueltan, etxerako bidean. Ezinegona, ez nekielako Rita gehiago ikusiko ote nuenentz, eta ikusita ere, nirekin egon nahi izango ote zuen asmatzerik ez neukalako. Lotsa, ostera, emakume hura neure egiteko sentipen oldartsuak eragiten zidan, bai bainekien hala sentitzeak umetu egiten ninduela haurrak jostailu bat beretzat nahi duenean bezala. Nor nintzen ni, bada, hain azkar inoren jabe egiteko?

      Jezarleku hura, emakume eta paraje hura, arratsalde hura azken finean, kaparra bezala itsatsi zitzaidan memorian eta hainbeste urte igaro diren arren, gaur ere, zorigaizto edo tristura uneetan, sarritan ekartzen dut istant hartako nire sentipena gogora, behiak belarra hausnarrean bezala. Neure burua ikusten dut Ritaren ondoan, mataza harilkatzen. Munduko gizonik zoriontsuena izaten asmatzen dut horrela, baita lau horma puta hauen artean nagoelarik ere, nola aingira lokatzetan.

 

Arrainak ura baino
Hasier Etxeberria

Elkar, 1999