Arrainak ura baino
Hasier Etxeberria

Elkar, 1999

 

 

Jazz apur bat

 

      Bere pausoak egurrezko mailadian gora somatu nituen lehendabizi eta atean bertan ondoren. Louiseren giltza zerrailan somatu nuenean, ahal bezala itxi eta arrapataka itzuli nuen bere lekura begiratzen niharduen argazki album lodi bat. Bertan ziren izkutatuta normalean etxeko alaza eta hormetan agerian beharko luketen argazkiak. Louise beltx txiki bat eta bakarra ageri zen, argazkietako askotan, bere familia eta lagunen inguruan. Haur eder eta polita baina, egia esan behar bada, argazki guztietan bera zen lehenengo nabarmentzen zena, kolore zuriko lore artean jarritako larrosa gorria bailitzan.

      Argazkietako beste batzuk lanekoak ziren eta Louise antzezle ospetsu askoren alboan ageri zen. Batez ere frantziarrak ziren nagusi bere alboan agertzen zirenak: Depardieu, Delon, Deneuve, Belmondo... Bestelakoak ere baziren, ordea: lehen aipatutako De Niro, Ford, Rourke.. Niri gehien gustatu zitzaidana, Mastroianirekin eta Papasekin zegoenetako bat izan zen. Mahai baten inguruan jezarrita, hirurak ageri ziren algaraka olibondo baten azpian. Ematen zuen argazkitik kanpora gertatutako zerbaiti egiten ziotela farre hiruek.

      Seguru asko, argazki hura La Tempete du primtemps13 filmearen errodaiari zegokion, nik dakidala, Louisek ez baitu beste inoiz Mastroianirekin batera lanik egin.

      Hirugarren multzo bateko argazkiek, Louise modelo lanetan erakusten zuten. Jostun haundienekin ageri zen. Denen artetik Yves Saint Laurent eta Karl Lagerfeld bakarrik ezagutu nituen nik, beren betaurreko gehiegizkoen atzean babestuta.

      Albumean itsatsi gabe, aldizkarietatik moztutako ebakin asko ere baziren. Batzuk publizitate hutsa ziren, xaboiak, perfumeak, kremak, arropak... eta gainerakoak Louiseri buruzko argazki eta artikuloak ziren.

      Askoz ere gazteagoa zeneko Elle aldizkari bat ere bazegoen eta azalean bera ageri zen, Louise. Letra handitan idatzita: Le nouvel visage Lancome pour 1987: Louise Orthez14.

      Denak bildu eta itzuli nituen presaka zeuden lekura, liburutegiko apalera. Estuturik joan nintzen aterantz ez bainuen nahi Louisek bere gauzak arakatzen ibilia nintzenik pentsa zezan. Topo egin nuen baina egongelako mahaitxo batekin eta telefonoa atera zen zilipurdika lurreraino.

      Louise sartu zenean, makurtuta aurkitu ninduen telefonoa lurretik jasotzen eta ia jarrera hori den lagun zaharrak diosaltzeko era berria galdegin zidan irrifarrez. Nik utzita baino zaharragoa zegoen baina ederra zinez. Bere begietan, nik ondo ezagutzen nuen tristeziari leku apropos bat bilatua ziola ikusi nuen lehenengo begiratuan eta horrek baretu egin ninduen deblauki: beste emakume haundi baten aurrean nengoen.

      Louisek ez zidan ezertarako astirik eman. Besarkatu baino lehen, eskutan zekarren zorroto bat laga zuen bazter batean eta ondoren berokia hartzeko eskatu zidan. Atea itxi eta eskaileretan behera eraman ninduen presaka, iji eta aja ugariren artean. Atarian taxi bat zegoen eta bertan bikote bat zain: Jannine izeneko modelo bat eta Eric izeneko argazkilari bat. Taxilari lodikote lehorra ezik, denak ziren auto barnean ni baino dezente gazteagoak. Gehienez ere hogei eta hamar bete berriak zituzten denek.

      Batera joan ginen afaltzera Osaka izeneko jatetxe japoniar batera. Astirik ere ez nuen euki larritzen hasteko. Hirurek zuten algararekin eta japoniar hartan zerbitzatu zizkiguten sushi nazkagarriekin, nahikoa lan euki nuen irrifarrea galdu gabe, esaten zituzten pitokeriei jarraitzen. Urte batzuk lehenago Donostian ezagutu nuen Louise hark ezer gutxi zeukan ikustekorik nire alboan ijirijika zegoen emakume fribolo harekin. Erabat axalekotuta ikusi nuen aspaldiko adiskidea.

      Louisek munduko ginekologorik onena nintzela esan zien bere lagunei eta esfortzu handia egin behar izan nuen Azkue Doktorearen zizareen sistima bi txoriburu haiei kontatu behar ez izateko. Bidaiak nekatuta nengoela esan behar izan nien azkenerako baina egia, ohitura faltagatik, Sapporo garagardoagatik, edan genituen sake beroengatik edo, agian, egoeraren beraren aldrebesagatik, neu ere txoriburutzen hasi nintzen afariaren azken alderako eta guztiz txoromorotuta nengoen, Louise eta biok, etxera itzultzeko taxi bat eskatu genuenerako.

      Han, taxi barnean, besotik heldu zidan Louisek eta nire sorbaldan jarri zuen burua amultsuki. Berriz ere lehengo emakume dotorea zen, betiko Louise, alegia, baina ni ordurako abiatuta nintzen pipatutakoen autopistan behera eta lau hitz soil erabiliz, nire egoera zein adierazi nion telegrafikoki: Rita izeneko emakume batez maiteminduta nengoen, bi seme egin nituen berarekin eta hirugarrena, neskatxo bat, Urtarrilerako espero genuen. Horretaz gain, Ritak lehendik zeukan Vladimir izeneko beste seme bat ere bizi zen gurekin. Emakume aparta zen, zeruak niretzat asmatutakoa, (zozokeria horixe esan nion bai, zeruak niretzat asmatu zuela Rita), baina ez nengoen erabat ziur berak neu benetan maite ote ninduenentz. Horrexetan neukala erotuko ninduen atsekabea.

      — Nor da bestea? —galdegin zidan Louisek, begietara parez-pare.

      — Ez da inor —erantzun nion— hilda dago.

      — Gaisoa Simon, tu es perdu, galduta hago. Ez daukak hildako batekin borrokatzerik —erantzun zidan azkenik eta ferekatu egin zidan aurpegia bere eskuarekin, nigarrez hasi behar duen umeari egiten zaion antzera.

      Biharamonean esnatutakoan, kolonia merkearen gustoa neukan eztarrian. Horixe gertatzen zait niri jatetxe japoniar kaskarretan jaten dudan bakoitzean. Lurrun merke eta gogaikarri bat agertzen zait eztarzuloan eta bertako biztanle egiten da ordu batzutarako. Ahoa garbitu arren bertan segitzen du pixkatean. Komunean sartutakoan, ispiluaren gainean itsatsita aurkitu nuen oharra: Bonjour Simon. Je reviendrai vers 22 heures. Heureuse journée. Un bisou. Louisel5.

      Arratsaldeko hiruak aldera arte, Louiseren argazkiak arakatzen egon nintzen berriro. Bere gelan sartu nintzen eta hango horma eta mahai gainetan ere argazkirik ez zegoela egiaztatu nuen. Izugarria zen halako emakume ederrak, inori baino argazki gehiago egiten diotenak, bere irudi bakar bat ere ez edukitzea agerian. Neuri ginekologiarekin gertatzen zaidana baino larriagoa zen hori, zalantzarik gabe. Izan ere, osagilearen alde hori da, besteak beste, nigan batere gustatu ez eta erabat arrotz egiten zaidana. Louisek, ordea, bere buru guztiarekin dauka arazo berori. Muinetatik egon behar du belztasunak janda, nahi eta ez, barnetik ustelduta polikipoliki erortzen den pago lerdena bezala.

      Montparnassera iritsi nintzenean, ez zidan lan handirik eman Joxe Elosegi aurkitzeak: hantxe zegoen bere itxura lotsagarrian jantzita. Postale kitschetako txistularia ematen zuen, laburu eta guzti kaikuaren paparrean josita. Bere inguruan pasatzen zirenek, txihuahua bati bezala begiratzen zioten goitik behera. Bost axola horrek, ordea, Elosegiri.

      Kafe baten inguruan bildu ginen, geltokiko kafetegian bertan. Antza, oso zaila izaten da T8 izeneko “zera hori”, lortzea, batez ere nik behar beste kilo. Kamioietan izkutaturik edo trenez, Bulgariatik ekartzen ei da Europako inguru hauetan dabilen gehiena eta ez omen dago beste biderik, Didier Dorise izeneko jaun batekin hitzegitea baino.

      Zenbat diru beharko nuen galdegin nion Elosegiri eta zehatz ez zekiela erantzun zidan baina errazki joango zela kiloko prezioa lau mila liberatik gora. Berehala egin nituen kontuak, hamazapi kilo bider lau mila libera, hirurogei eta zortzi mila libera edo gauza beretsua, milioi bat eta zazpirehun mila pezeta.

      Ez neukan hainbeste dirurik. Milioi bat pezeta bitarteko aukera neukan.

      Aski izango zela pentsatuta etorria nintzen Parisa. Hortik gora ezin.

      Ez larritzeko agindu zidan Elosegik. Berak nahiago zuela berari eskatutako kloratita eta “zera hori” guztia eramaten banuen, baita horretarako berak aurreratu behar bazidan falta zen dirua.

      — Laborategiaren izenean pasatuko dizkiat fakturak, material arrunta balitz bezala. Hori bai, ehuneko hamabosteko irabazia ezarriko zioat, egindako mesedearen truke.

      Lotsatu egin nintzen proposamenarekin. Neronek ordaintzeko asmoa ekarri nuen baina, egia, Elosegik luzatutako amua, edozeinek heltzeko modukoa zen, babo hutsa izan ezean. Errazki joango ziren faktura guztiak laborategiaren izenean eta, neronek kontrolatzen nituen urteroko aurrekontuetan, pare bat milioi pezeta gora edo behera, ez zen ezer izango. Boxeatuko nuek neuk ondoren, neure buru egiazalearekin.

      Kontua Parisetik esku hutsik ez itzultzea zen. Men egin nion, beraz, Elosegiren proposamenari. Kloratita, “zera hori” eta Elosegiren beraren komisioa batuta, bi milioi eta zortzirehun izango ziren guztira. Elosegik zazpirehun mila pezetako lau faktura bidaliko zituen, Poulenc-en izenean.

      Era zaharrean egin nahian tratua, eskua luzatu genion elkarri mahaiaren gainetik eta aldi berean Elosegik kafea isuri zuen mahukaren ertzarekin. Nire fraketan amaitu zuen kafe guztiak eta izterrean nabaritu nuen erreak, areagotu baino ez zidan egin parean neukan epotx lotsagarri harenganako kontrakotasuna.

      Le Caveau de la Huchette, Saint Michelgo auzo turistikoan dago eta gu joan ginenean, arratsaldeko zazpi t’erdiak ez ziren oraindik izango, sarreran zegoen jendetzaren kausaz ez zegoen inola ere sartzerik. Bi atezain beltz eta haundikotek gordetzen zuten atearen atzetik, ke lodi eta ugaria irteten zen atariko bonbilla kolorezkoen argitara. Joxe Elosegik aurrera egin zuen hala ere, eta arraiki agurtu zuen atezainetatik haundienak.

 

      — Bonsoir, Monsieur Le Basque16 —esan zion.

      Bistan zen Elosegi ez zegoela han estrainekotz . Turista ugarien protesten artetik sartu ginen barnera bultzaka.

      Fuensaldaña aldeko bodega bat gogorarazi zidan niri Le Caveau de la Huchette delakoak. Lurpean egindako arku erdiko hodi luze bat baizik ez baitzen taberna hura. Bazterretan, jendea eserita eta musikari adi zegoen. Nonahi, turisten ondotik zebiltzan emagalduak ageri ziren garagardoa eskutan zutela. Ezkerrera barra bat, lau neska-mutil airoso eta izarditurekin. Aurrean, oholtza txiki bat eta bertan musikariak Jacko, jacko my dead supiztua jotzen.

      Baterijolea seinalatu zidan Elosegik. — Horixe duk Didier Dorise.

      Hirurogei urte inguruko lodikote burusoila zen, blai izerditan. Danborren erritmoan betaurrekoak ez galtzeko, zapata lokarri bat zeukan adar bakoitzari lotu eta buruari buelta emanda. Gu ikusi bezain azkar, keinu egin zion Elosegiri taularen gainetik eta jotzeari laga barik.

      — Bulgariarra baino gehiago, Lyongoa dirudi —esan nion Elosegiri.

      — Nik ez diat esan Didier bulgariarra denik. “Zera hori” lortzeko berarekin mintzatu beharra dagoela, ez diat besterik esan —erantzun zidan berotuta eta nik bere hitza auzitan jarri izan banu bezala.

      — Ez zaitez horrela jarri gizona —gaineratu nion.

 

      Zorrotz begiratu zidan eta ondoren bizkar emanda bi presione eskatu zizkion barrako neska ederretako bati. Jendea erotuta zegoen Jacko, jacko my dead harekin. Guztiak txaloka, builaka eta koruka, azkenerako euren lekuetatik jeikita. Hogeitamar gradutik gora egingo zuen han barnean eta irtendakoan, batek baino gehiagok harrapatu behar zuen marranta galanta kaleko hotzarekin.

      Txalo zaparrada amaitu zenean, Didier Dorise hurbildu zitzaigun eta hitzik esan gabe, bere ondoren joateko agindu zigun, keinu sotil batez.

      Taberna bera zulo bat bazen, oraindik ere beheragoko zulo beltzagoak ere bazirela han konturatu nintzen. Burnizko eskailera haiek jaitsi ahala, zernahi gerta zitekeela pentsatzen hasi nintzen. Pariseko bi piratarekin, infernurako bidean nindoala iruditu zitzaidan eta inork ez zuela errezatuko nire alde. Inork ez baitzekien non nengoen eta zertan nenbilen, ez Ritak, ez Mendiondok ez eta Louisek ere. Une batez makalduta nabaritu nituen belaunak, argi gutxiko giro hartan pausoak artez eman ezinda, eta pentsatzen hasi nintzen lan handiegitan sartuta ez ote nenbilen. Bere lekutik oso urrun ez ote zebilen Simon Azkue doktorea, ezagutzen ez zuen langintza batean sartuta. Erabat galduta nengoen, bada, nola zakurra hiri handiaren erdian.

 

Arrainak ura baino
Hasier Etxeberria

Elkar, 1999