Basabürüko ipuinak
Laminazain
Jantto bizi zen herri hartan, laminak orano baziren. Gaüza hanitx jada hoietzaz bazakian; Bere amaini eta ama ganik orozgain ikasi zütüan. Bera ipuinkoi zen eta taigabe ari zen non nola zerbait berri bildüko züan. Bereziki bürüan alan ari zeion zentako tximinietarat arrimatzen ziren eta nola hantik sartzen eta elkitzen ziren. Hori argitü ez zükeano bakerik ez züküan. Üda zen; egüna, arrastiri apalealat zoan. Prefosta laminen agertzeko tenorea hüilan zen. Uste züan, aro ederra izanez, püntü hoberena zela laminentako. Aspaldixkoan haütatü eta joaiten zen sogüneala jokatü zen. Han zagon otoitz handietako eraikirik izan zen kürütxe bat. Urtean behin edo berritan, ontsa orit bazen, ebia jaits ahala ari eta jenteak herrokan han algarretaratzen ziren. Herriko apezak, atorra zabal xuri bat jauntsirik, zerbait — Janttok ez zakian zer — murmuzikatzen züan eta oroek haren ondotik — hori ontsa gogoan züan zioen: — Ora pro nobis, ora pro nobis... Kürütxea sartürik zen harri pikatüan tototü eta haidürü zen. Karrikako etxeak oro beherago bere aitzinean zütüan eta tximinia bakoitxik ere ez züan bere sotik bazter. Ekia etzan berri zen. Haren argi zeharrak oihaneko izeiak eta bagoak gainti, berde uxter bat lerrarazten züan, eta haratago botxü gorak margotzen zütüan: güneka gorrail, güneka hori, edo nabar, edo beltz, güneka übel, übeldüra ezbardin bat orotarat hedatü aitzin, batean ülünago, bestean argiago, urdinaren egite balü bezala. Jantto ederdüra hain aberatsak xoratürik zagon, ala lamina eta tximiniak ahatzerik zütüan, ala segürrago, bere ameskaldian, üngürüko bazterreki nahasten zütüan. Zer nahi den, ez zen batere harritü bere ondoan ikusi züalarik emazte bat. Zaia lüze bat, gaztaina kolore, gain behera marra beltz eta gorriz apaintürik, gerritik hoinetara jaisten zeion. Goiti bürüz, bularraintzin xuri ozkatü bat tinkatzen zeion lepoala heltzen zeion. Bürüan bilo harrotüek büraztün bat egiten zeioen, erditarik moto bat jalkitzen zelarik. — Zer ari hiz heben pottikoa? galtegin zeion eztiki. — O! hola, bazterrer so nüzü. — Bai, badakiat; laminen ondotik hiz; eta ez hiz lehentze hortarako jiten hizala. — Bena, zük, nolaz hori dakizü? — Arrunt erranen delat. Laminak nik ontsa ezagützen ditiat, nik beitütüt biziarazten. — Eta zihaur jin zira? Nahi nitekezü ikusi. — Bai, bai, ez dük halaxe. Bena ikusi dütük ordü datealarik. — Zü, ama eta amaini bezala mintzo zira. — Bai, haien erranak ontsa jarraik itzak. — Nola deitzen zira? Nor zira? Ni, hebenkoa nük, beti danik heben bizi izan nük. Abiloa orai etxerat, ülüna jinen beita. Ni banoak bidexka hortarik. Berriz algarreki mintzatüko gütük. Izan hadi! Gaü hartan, Jantto lamineki ametsetarik egon zen. Bazoatzan egünak eta asteak. Janttok bere güne haütüa hanitxetan joiten züan, laminen haidürü prefosta. Larrazkena ere jin zen. Bere jargütik miresten zütüan ostoak, aldika berde, hori, gorri ere, emeki emeki erdolla bezala, azkenean histü eta oso itsustürik. Gero aize hegoak aidean üngürükaraz eta lürrealat urtukitzen zütüan, zühaintzeak pikarraitzen zütüalarik. Hantik ere jarraikitzen zütüan txoriak, melga hanitxetako txoriak, bortü hegialat bürüz hegaltatzen, herrialde beroetan negüaren igaraiteko: kürloak beren marrak taigabe xüxentzen, ürzoak batean gora, bestean oihan zoko batetik besteala ezkürraren bila, landetak eta beste txori ttipiak üdüri aidean builtada hartzen hürrünago jauzteko bezala, ainerak elektra harietan saihetsondozka beretan biribilkatürik. Behiek iraztoran, eta ardiek soroetan, orano sortzen ari ziren azken belarrak mastamasta mozten zütüen. Horik oro miresten zütüan artean, ixiltarzün zabal bat orotarat hedatzen zen. Bena ixiltarzün ülün bat bezala zen harentako. Ez laminarik haboroziz eta laminazainik ez zeion agertzen. Negüa jin zelarik, hotzak eta elürrak jente kabaleak barnen tinkatzen beitzütüen, hala izan behar zen laminentako ere; hanbat haboro nola tximinia beroak üdan ere maite beitütüe. Beren xilo berotüetan egoiten ziren. Halere, Jantto, bere harriala, ekiak hara emaiten beitzüan, bekan bekana jartera zoan. Zen günea, herria eta üngürüak lürbeltz baziren, gorago elürrak bortüko alagiak oro gordatzen zütüan. Haren xuritarzünaz ütsütürik izana gatik, ez zen akitzen hari sogitez. Noizean behin, aroak eztixetan züanean, baxetarik abiatzen zen elürroso bat; tronbilka alabareko karraska bateki, arroila zolalat erorten zen. Pottikoak ikare bat borogatzen züan bere korpitza gainti. Ez laminarik ez eta laminazainik ez zeion orano agertzen. Arrastiri epel batez, kantüko üngüradatik heltü zeion emazte bat. Beltxez jauntsirik zen bürütik hoinetara, konkortürik zebilan makila oker adartsü bati bermatürik, herresta bezala hüilantü zeion eta erran: — Arrastiri hon! Jantto. — Bai, zuri ere. Zük ezagützen naizü? — Orit hiza igaran üdan heben berean mintzatü hüan emazteaz? — A, bai! Hitzeman zitadazün berriz jitea. — Ez dik harek hitzik jaten. Ni nük emazte hura! — Bena hura gazte eta lerden eta...zü aldiz... — Bai, bai! sogik zer agitzen den mündü hontan. Bi etsai jin ziztadak, gaixki erabili niae eta jo, erranez ez dela ez laminarik ez laminazainik haboro izan behar. Horik oro, historia xaharrak eta gezürrak direla, ahatze behar düela, mente hontako jakitateak holako eilokeriarik ez dezakeala har. — Gero pilta txar hortan ützi zütüe? Bena etxen entzüten dit gaixtoentako ez dela deüs honik. Goiz edo berant ordaritü beharko zaiela. — Hala dük. Hik beti etxekak hire esperantxa; ez dütük ez laminak holaxe hiltzen. — Ez badüt orano bakoitxik ere ezagützen, halere maite ditit eta ahalak oro eginen ditit haien lagüntzeko. — Ene egünak llabürtürik dütük; ez dakiat algar ikusiko dügünez. Adio, Jantto! Eta joan zen. Jantto ülün ülüna etxerat sartü zen. Negü ondarra hala hala izan zen: hotz, beltz, esperantxa gabeko bat. Horik hola, etxen beti aipü ziren laminak, eta Jantto botzik behatzen zen. Bedatsa jin zen. Soroetako belarra piztü zen, alorretako azia arpatü, oihanetako zühaintzeak ostatü ziren, bazter güziak margo ezbardin liliz parpiñatü. Bizi berri bat sortü zen eta gure pottikoaren gogo bihotzak hunki zütüan. Ez zakian nola eta nontik, bena boztario batek bete züan, esperantxak hazten eta sütatzen düan boztario batek. Berartan entzüten züan botz bat: — Potikoa, ez hadila etsit! Horra dütük laminentako egün hobeagoak. Ez düda, azkenean agertüko zaitzak. Beraz, Jantto haratonat zoan, hainbeste edertarzün eta eztitarzün gozagozatüz. Arratsan bere goaitagiala biltzen zen. Hainbestenareki, behinbatez, emazte bat kantüala jin zeion. Kolorezko kota gorri eta berde bat aztaletara heltzen zeion, lili xuriz takatürik; mantar xuria aldiz gorri eta berdez. Bera xüxen zagon, bürüa txüt, bilo üxürtüak bizkarreala lüzatzen zeitzolarik. Pottikoak, begiak bazterren koloreek argitürik eta jauntsi ederretako emaztearen agertzeaz han itzatürik, ordü hartan laminen arrenküra gogotik galdürik züan. — Arrastiri hon! erran zeion emazteak. — Arratiri hon! Ihardetsi zeion. Eta so egoiten beitzeion, haren kraka ederraz beti lillüratürik, emazteak jarraiki züan: — Ez naik arren ezagützen? — Ez, bena zure botza ez zaitadala arrotz üdüri zitadazü. — Hori nian entzün nahi. Ni nük orano delako emazte hura, bestordüz hiltzeko menean bezala ikusi hüana. Hi bezalakoak beste herrietan ere baratü ditiat. Adixkide hanitx. Oroen beharra banian, süstatü naizüe eta arrapiztü nük. — Bena azkenean, erradazü nor ziren. — Ni, laminazain bezala, eüskara nük. Janttok orai bazakian laminen egongiaren eta segretüaren giltzaren jabe zela. Biak, besapez, jauzka jauzka eta dantzan karrikalat bürüz, joan ziren.
Basabürüko ipuinak |