Basabürüko ipuinak
Junes Casenave

Izpegi, 1997

 

 

Ezpondari bürüz

 

      Gure Eüskal Herrian ez dü negü gogor handirik egiten, nahiz eta goikerritan elür ontsaxko erorten den. Urte hartan ata, hotz izigarri bat hedatü zen bazter orotara. Jenteek zioen ez zela egündano holakorik ikusi. Zale ahazten dütügü gaüzak eta negü hura ere ahatzeko da, noizean behin aipatüren bada ere, oritü gabe haatik zoin urtez ontsala izan zen. «Ez da haboro sasurik», dioe xaharrek, eta xaharreki batean gazteagoek ere, arrapitzen düelarik haier entzüna. Aldi hartan ja arren, üda idor eta gori izan zen, eta urtarilako lehen hamabost egünak, elürte batetik landa arrunt, hozte handi batek hartürik izan ziren.

      Azken urte hetan, lan hanitx eginik izan zen, orotan aisatarzünaren ezarteko. Hola nola, etxe barnetara ekarri züen hura, eta behi ardiek ere artegietan beretan edaten züen. Bena, Eüskal Herrian ez züen arrenküratü holako hotzik izan zaitekeala, eta prefosta hurodiak ez ziren horri bürüz antolatürik. Ordüan, egün llabürretan barnen, oro karruntatü ziren eta, aroak eztitiü züanean, hanitx zapartatü zen.

      Herritarrek zer nahi ikusi züen. Laborariek bereziki, beren kabaleeki. Aitzinetik egin ohi zen arabera, eroaten zütüen errekala; bena, bi llapa edan eta ützültzen ziren eta edan gabe sartzen. Oroek badakigü abereek, zailago izana gatik, jenteek bezala, goxotarzüna gozatzen düela.

      Üdüri züen negükatzen ikasi züela, beste ihize malgorzale zonbait balde, gatübixarrak sabaietan negü osoa lo igaraiten düan bezala. Güti edatez, hala ere jatez, eta hotzak llokotürik, ardiek ja ez züen ezne apür baizik emaiten. Galtze handia alabadere etxeko bizipidearentako. Galtze handiagoa orano, axuriek, ezin saldüz beitziren, dena ere edaten beitzüen. Azkenean behi ardiak ez ziren hüilanik ere beren hokian.

      Halere bazüen beren aterbüa eta, algarri tinkatürik, doi bat berotarzün. Jatekoa ere bai, belar idor, bedatopo edo artopo, sabai eta topoetan bazeno pürü.

      Aldiz, kanpoko ihizientako beste ahaide zen eta zonbatez haboro txorientako. Gaixo txoriak! Usatürik gira horien txiunten entzütera: bedatsean eta üdan xoratzen gütüe beren hüxtü eta kantoreez. Egün haietan, tapatürik ziren txiunta eta hüxtü eta kantoreak. Oro ixil!

      Nolaz ez egon ixil holako hotz handiak kiskitürik etxekitzen zütüalarik! Ez zen ez horientako aro ez ordü moskoaren zabaltzeko, indar güziak behar zirelakoz bildü hotzari bühürtzeko. Jateko ere ez züen egiten; ezi ez züan balio ere: hozteak erho zütüan azken eltxoak, eta lürra gogorregi zen baratzeko palpa zonbaiten elürpean atzamaiteko, edo belar pünta pildün baten küzkatzeko.

      Zonbait hüilantzen ziren etxetarat. Horik ziren papogorri mantxoak, elürtxoriak orano bürüa gora, erregetxopitak büztana airean, zerrentxoriak hain ejer beren bular eta sabeleko lüma horieki, eliza txoriak beren ohiko kalakak ahatzerik, xoxoak ere ikustera jinik ea zer lilitzepe edo mürrü xoko aztaparka. Horiek oroek egual züen, etxekoiliarrek, bihotza erdiratürik, ez beitzetzakeen gosez hiltzera ütz. Losa baten gainean, xabal xabala aterbüxkan lüzatürik, ezarten züen bihi, ogi porrokiña, exürki eta urin motoxka bat. Hara txoriak igaiten ziren bederazka, bakoitxa bere aldian; zale zalea bi moxko kaldü jo eta besteer leküa üzten züen. Horiek bai egual züen, aski indar biltzen züelakoz bizirik iraüteko.

      Bena besteak? Prefosta, hanitx nahiago zen hürrünxka egon; zeren ontsa ezagützen züen gizona. Ez züena ikusten, bordalakoan, bera edo beste lagün zonbaiteki, astekal, arma bat bizkarrean, bazter orotarat so, beren basahaurrideen ondoan, eta batere arrazurik gabe, arma lüzatzen her bürüz eta banba erhalten! Ordüan, jina jin, nahiago ziren hürrüntto egon. Zonbat eta zonbat hil zen hotzez eta gosez!

      Baziren hegaixtiak, etxetarik hürrün bizi zirenak, agertzen ez direnak holako hozteetan baizik. Holetan azpixuriak edo paneüak. Aidean, beren hegaltaka arin da, eta hegal kaldü bakoitxak eramaiten dütü aitzina batere nekerik gabe. Petik ikusten dütüzülarik, papo sabelak xuri dütüe, bai eta hegal ondoak ere. Hegalak zabal, bele baten heina düe. Bena bele baten eretzean, zoin gari, oro lüma beitira! Bizkarrez aldiz, bereziki ekiak argitzen dütüalarik, zoin diren sirasgarri! Jauntsirik dirade berdez, beltxez, xuriz, gaztaina kolorez, urdinez, ebi erauntsi batetarik landa ortzadarra den bezalaxka, edo orano oihal dirdiradün bat exker esküin igitzen düzülarik, kolore hanitxetara aldatzen den bezala, hur naiaxko elibat üdüri.

      Bena, gaüza güziek badüe beren gainti okerra; azpixuriak ere hotzaren minbera daude. Urtarila hartan ja saldoka hil ziren.

      Hona gaü gaitz batetarik landa, artastean, hotzak orano gogorkiago mingartzen düan tenorean, hoietarik bat, jauziz jauzi ezin lürretik goiti abia. Non dütü honek, beretarik airean eramaiten düen hegalak? Gizon edo emazte xahar bat, adin okitürik, konkortzen eta hertzen den arabera da...

      Hüxtü llabür eta mindün batek goizanko eta negüaren ixiltarzüna ürratzen dü. Beste hüxtü zonbait eta gero deüs.

      Ez hürrün, hantxe, bide bazterrean ezponda batetan, karruak lürra zartarazi dü eta harri zonbait durduilazka erorarazi. Elür et izotz zabaltarzünaren erditan, horra lür beltza! Itsasoan, untzia hurpealatzera doalarik, itsasgigona igerikaiala jauzten den bezala, hona azpixuriak ere bere bizia salba lirokeala! Hotzez eta gosez argillatürik izana gatik, ezpondako lür beltzeala jauzten da. Han aztaparka kaldü bat, mosko kaldü bat; beste aztaparka kaldü bat, beste mosko kaldü bat... Aldi hontan bai biziko da!...

      Bena, arauz ahültüegirik zelakoz, indarka horrek handiegi izan behar züan, eta hola nola azpixuriak bere hegalak, hegal zabalak biltzen dütüan, eta tanpez bideko elürreala bizkarrez erorten.

      Zer eginen zünüan ordüan? Ni bezala hüilantüren. Berartan kakotürik, hegal aztaparrak tink tinka, moskoa lohistatürik, begik gorderik, azpixuria han zagon hilotz.

 

Basabürüko ipuinak
Junes Casenave

Izpegi, 1997