Basabürüko ipuinak
Zankamehe
Arrastirian, aize mingar bat jeiki zen, iparreko aldetik jiten zena. Laster, petik agertü ziren odeiak; ekia, jadanik zurpail, orano zurpailagotü zen. Bortü aldegainean, hedatzen hasi ziren, bertan zelü osoa bete beno lehen, ekia itzali züen odei beltzak. Ordü zonbait gaütü aitzin, oro ülüntü zen. Gero, iñazi batek aidea zeiharka ürratü züan, izigarriko karraskaz arrunt jarraikirik. Uhülgü eta bürrunbotsen erditarik kaskaburra erorten hasi zen: lürra xuritü züan. Kanpoan, hotza apaltü beitzen eta jauzia handitü barneko berotarzünaren eretzean, hats busti batek leihoko bitreak nahasi zütüan. Esküareki xahatü arte batetarik, ageri ziren ebi txortolak, gero elürra abiatü zen xehe xehea. Leiho gibelean ziren haurren soa, lüma bakoitxareki edo lüma saldoareki, taigabe lürrealat jaisten zen, gero goititzen, berriz jaisteko, ezin bildüzko amets baten ondoan. Hor ziren orano gaüa jin zenean. Gaü orotan, elür egin züan: xehe zelakoz, hobeki lotü zen eta ehikiago loditü. BEINAT jeiki zenean, goizik beti bezala, begi kaldü bat eman züan üngürüalat: zohardi tipil zen, ekialtetiko aize batek begitartea jo zeion. Elürra orotarat zabaltzen zen: okolia, soro alorrak, eretzeko maltak, gorago prefosta oihan bortüak xuri ziren. Zühaintzeen adarrek üdüri züen eskü gorde batek etxekitzen züan baheaz irinstatürik zirela. Etxetako hegatzetan, estalki zuri lodi bat hedatürik zen: gizonaren arabera, bi zehe nonbait üken behar züan. — Holako zohardi eta aizeareki. erran züan bere bürüari, elürra ontsa karruntatürik dükek. Hau negüa dük. Leihoa zerratü züan eta süaren piztera plantatü zen. Bere lanak ützirik. BEINAT-ek maite züan ützüli baten egitea, bortüan. Bülarra hantzen zeion eta pizdüra bat biltzen züan. Bena elürra zenean, berehala hartzen züan arte bat, pentsatzen züan behar zeiola nolabait bühürtü, zeren eta laket zeion erraitea: — gizona izadiaren ekeien goitzeko eginik dük. Egünko egüna haitüa züan hortarako. Mendi patarra karruntatürik zen, bazüan hortan bürkide bat azkarra, horreki sarrixe borrokan sartzeko. Bizkarrean züan zarpan, jateko xühür bat eta bospasei sükre tarrok ezar eta abiatü zen. Maxela lein ejerreala heltü zen, gora bürüz sogin züan. Hats lüze bateki erran züan: — Hau, hau, ene oraiko sail ederra! Koneska joanen nük; haratago, bazterrean nizateanean, olhaneko bidexetik jaitsiko nük. Berareki ekarri zütüan bürdüin kakoak oski zoletan tinkatü zütüan; hona BEINAT elür zurian petigora bürüz. Ikasi züanaren arabera, makila gorriari bermatüz, aitzina ezarten züan zankoaz zapatzen züan elürra, xilonka bat egiten, bere oski bürdüin hortzak sartzen, hor berriz bermatzeko eta ber gaüza egiten züan beste zankoaz. Baratx baratx zoan, ürratsez ürrats, bere bürüaren elürrean ontsa segürtatzez. Bestalde, elürra ñür eztiala erori beitzen, axala bera züan karruntatürik, zola busti züan; hola delarik, agitzen dira elürrosoak. BEINAT tentüz zoan, holakorik ez ledin hei, elürpean ehortzirik, arrabaski ez ledin arroila zolan. Zeren askitan durduilazka doatzan elür meta handiak, beren ützülükak baxen eta naba orotan aranatzen düalarik, dünda karraska handi balde. Egün hartan ja, iratzarririk egon behar züan. Behin ontsa abiatü ondoan eta begistatü norat ari zen, ez züan sorik bere ürratser baizik. Maxela erdixeala heltü bait, elürra makatürik ikusi züan. Haurtzarotik ezagügarri güzier soegitera ekarririk zen eta ihize oroen herexen berezten bazakian. Zale ezagütü züan orkatzaren bi azüzkülüen xiloa, elürrean. Saldoxka batek izan behar züan, hamar baten kuntatzea uste üken züan, xiloak hanitx beitziren. tloietarik bata orkatz Zankamehearena zen. Denen gibeletik zagon ere ihizor baten aztaparraren atza. Honek, elürraren gatik oihan zolan bildü ziren orkatzak üsnatü zütüan eta tipilünealat lasterkatü. — Ata, elürra deno, ez dük ihizekarik, zion berartan BEINAT-ek. Tzakürrek barnean estekan etxeki behar düe. Gure orkatz horiek, beste orkatzek bezala, oihanean züen beren bizitzea. Saldoxketan, harat honat zoatzan, bai ordokilla batetan etzanik, bai soraki alan edo bagasta axal jaten, bai izerdiz hantü izei axal eliki mihikatzen, bena beti haietarik bat bazterrer so edo aizearen üsnatzen zagolarik, mütürra lüzatürik, eta beharriak bakotxa bere gaintialat ützülirik. Hola ere bizi zen Zankamehe bere lagünen erditan. Noizetik noizean, agitzen zeion baztertzea bere amareki; honek, bago edo izei baten ondoan, egoxkitzera emaiten zeion, edo alan ari zeno, üngürüak kukuxkatzen zütüan, bere hümeari deüs minik ez leikeon hel. Ikasten zeitzon beren ohiko iragangiak, ürrats arinez lasterka ebilten ihork ez entzüteko heinean, botxe batetik besteala hegaltaka bezala jauzten, zankoen ezarten harlaxe baten hegian. Ama eta Zankamehe hanitx gozatzen ziren algarreki. Bai, algarreki zer ordü honak iragaiten zütüen! Bürü kaldüa jiten zeiolarik, berbera bestetarik ixil ixila hürrüntzen zen. Ordüan libertate gozo bat iresten züan, üdüri zeion bazter güzien jabe zagola. Berbera emeki zoan, zanko arinagoz, büztana txüt, beharriak ere, büztana exker eta esküineko beharria esküin, büztana esküin eta exkerreko beharria exker, bularra hantüz eta bürüa gora. Taldeareki zelarik oihanaren erditan, bizpalau aldiz, oihü herroka bat entzünik hürrünean, behartü zeion lagüneki lasterka hartü. Zerentako? Ez zakian. Bena zerbait gaixtok izan behar züan, zeren eta oihü horiek aranatzen züen aldi bakoitx, saldoa zale zalea ihes zoan. Frefosta, borogatzen züan lagün güzietan erreüstarzün bat eta bera ere ez zen hain harro eta ikare batek bezala hartzen züan. Ez ezagüna zeion ihizoren txanpa, bere lagünen herexan zoatzalarik. Behin haatik, bera zen egün batez, oihaneko batiaren ixiltarzünean, oihüak entzün zütüan. Ezaxol, ebiltez aitzina joan zen. Bena bertan, ezagünago izan ziren oihüak. Txanpareki batean, hasi ziren haren beharrien taigabe joiten. Ez zen düdarik, orai berartarat hüllatzen ari ziren. Jiten ziren gaintialat bürüa ützüli züan, ikusi bi ihizor lodi, txanpaz, mütürra lürreala lüzatürik eta lotürik, gizon baten botzaz bere ürrats bakoitxari haxitürik. Gizona ezagützen züan, bazakian, saldoko lagünek salatürik, bere etsai handienetarik bat zela. Hanitxetan, berak ikusten züan, noiz bago edo izei egoixten, esküetan tinkatzen züalarik zur zahi barrasta bat iraurten züan burrunba handi egile bat; noiz lürrelat küpüstürik, onddo txapel belxdünen zankotik mozten; noiz ere makila bat esküan, txakür llabrit bat ondoan artola eder bat bortü alagiak gainti harroki horabiatzen züalarik. Bena beti hartarik ahalik hürrünenean egoiten zen. Iragaitean, ez zeion so laster bat baizik egiten, eta hori, bere bürüa erakütsi gabe, bagasta edo goroxti moto baten gibeletik. Ordüan, gizona ikusi züanean, haren botza eta ihizoren txanpa ber izarian ari zirela, oritü zeion saldoaren lasterka eta berak mütsüka lasterra hartü züan. Bihotz tximiko batez aküilatürik, oihanetik leküa hontü züan. Lehen aldikoz züan oihana üzten, zeiharka eta marratüz jaitsi zen, gizonenak ziren ezagützen ez zütüan etxeak ikusi zütüan, kihilla baten pean hatsa hartü züan etzanik. Gero, delako oihü lüze hurak hürrünealat hurtü bezain sarri, indarrak berritürik, oihanealat arrajokatü züan. Egün hartarik landa, bere beste orkatz lagünetarik ez zen haboro baztertzen, hoieki saldoan egoiten zen. Beti bezala zaharrenetarik bat oroen zain beitzagon, bakean besteeki alan ari zen edo etzanik atseden amiñi bat gozatzen züan. Oihanaren erdi erditan arren bizi ziren. Zerbait mehatxü sortzen zelarik, hürrünxeago joaitez ejerki bühürtzen ziren. Bago eta izei petan aterbüstatzen ziren. Han behar zen bezain beste zagotzan, gero berriz oihanaren erditarat biltzen ziren. Bekan, beharrüneak eramaiten zütüan hantik baztertzera. Hola agitzen zen bai ihizorer, bai basabere gaixtoer, hala nola hartzer, ihes egiteko. Elürte handi zelarik ere, jaisten ziren oiharen hegiala, han ehikiago edireiten beitzüen bazka, bereziki ekiak joiten züalarik, zaleago ere elürra hurtzen zelakoz. BEINAT-ek orkatzaren herexak begistatü zütüalarik, ihizorak zütüan beraz oihanaren zolatik ohiltü. Lehenik tink tinka zoatzan saldoaren herexak, gero bat, oroen artetik berezten zen: Zankamehearena. — To, gaixo hau, erran züan goratik BEINAT-ek, tzakür tzar horrek herexatü dik eta saihets eraman bestetarik baztertü eta. Aztapar sardeak beheiti bürüz zoatzan, ihizoraren hatzak jarraikirik. Han zolan, BEINAT-i üdüritü zeion, botxe hegitik, azken horik baizik ez zirela goiti bürüz berriz joaiten. — Bere lan itsusia bürütü dik, igaran züan berartan. Jaitsi zen baxa behera, orkatzari xüxen zer ote agitü zeion jakin beharrez. Goiti bürüz bezala, bena benia handiagoreki orano, beheiti zoan, saihetsez, oski bakoitxa bere bürdüin kakoeki elürrean aldizka ontsa segürtatzen züalarik. Hegiala heltü zen, elürra zapatürik zagon güneala drano. Arroilarat sogin züan: ddala apürtto bat asmatzen züana agitü zen. Zankamehek, askitan bere lagüner gertatzen den arabera, nahiago jiken züan ihes egin jauztez, bere bizia han galdürik ere, eziez ihizoraren llago eitzi bere korpitza. Han zagon, errekaren bazterrean, berrogei metra beherago, lüze lüzea, arrabaskirik, haatik odol palparik gabe, bere negüko jauntsi ederrenean. BEINAT, bihotza erdiratürik. so egon zeion, etxerat ützüli zen, esker gaixto bateki bazkaltü.
Basabürüko ipuinak |