Basabürüko ipuinak
Bilagorri
Urrieta ürrentzealat zoan. Petirik uste üken züan gatü marraka baten entzütea. Gaü hartan bera zen. sütondo xokoan, gaztaina erre jaten. Haüen marrüskatzea ützi züan. Artexkot bat beha egon zen ea kanpotik berritüko züanez marraka harek. Bena deüs ez zen ezagün. Petiri, herrixkatik bazterxka zen etxean bizi zen. Ez züan txakürrik ez eta gatürik. Horra zerentako desaraü ediren züan gatü marraka baten entzütea. Hanbat üdüritü zeion dei bat bezala zeiola eginik, hanbatez haboro harritü zen. Horrengatik ere gaztaina jatetik eküratü zen. Gero, oro, beste gaüen arabera, ixil zagon. Petiri gaztainetarik landa, ezne gatülütara bat edan eta oherat joan zen. Geroko egünetan bere lankeietan ari zen. Gaü güziez, ohi züan bezala, gaztaina erre jaten züan. Artetarik eküratzen zen, kanpotik jin zaitekean herots bakoitxaren behatzeko, gatü marraka hura bere gogotik ezbeitzezakean elk. Bena marrakarik ez haboro. Ata beharriak, nüsten gaüan ez zeion hüts egin, egiazki entzün züan gatü marraka bat. Bere lanetik jiten zen aldi batez, ezkaratzaren borta ondoan zagon gatü gorrail bat. baluxko bat üdüri, berartara biribilkatürik. Hona haatik ez züala ametsik egin, orai düala egün zonbait. — Ez nündüan, ez okerrean, zion. Bai Petirik beharri honak zütüan, baita begiak ere. Den gütien ohizko ez zen gaüza arrunt nabaritzen züan. Gatüa ikusi züaneko, nahi izan zeion hüilantü: — Miñiñi, egin zeion. esküa lüzatüz, bailakatzeko. Bena, harek, basati, saihets jauzi bat egin züan eta zale hatüa hontü. Bere aitzinean zagona gizon bat zela bazakian, bena hon ala gaixto zenez, hori ez zakian orano. Ordüan, hoberena zen, oraiko pürü. hürrüntto egon ledin. Etxen sartü ordüko, Petirik hartü züan plastizkazko untzi bat, ezne eta ogi porrotez bete, eta ezkaratzari etxekara zen heipexko baten aterbean ezarri. — Ez bada ere orano ausart, berriz jinen dük, zion, zeren gosetürik izan behar dik, eta emeki emeki antzakatüko diat. Gaü orotan ez züan marraka mutik ere entzün, bena ixiltarzüna handiago senditzen züan, uste züalakoz deixkot bat erantzünen zela. Biharamenean, argitü bezain sarri, joan zen ikustera: untzia hütsik zen. Bena düda bat üken züan: nork ote jan züan? Bere gatü gorrailak? Gaüaz, beste gatürik ere kurritzen da, bai eta tzakürrak. Arren antsiaz beterik zagon beste kabale batek ere Jan zezakeala. Bere gatü gorrailarentako min züan. Zeren, lehen gaüko marraka hartarik landa, horren gatik bihotza erdiratürik züan. Jadanik, beraz, gatü ttipi gorraila berea züan. Berriz bete zeion üntzia. Hala izan zen beste egünetan ere. Goiz eta arrats, hütsik edireiten züan untzia Petirik, egünean berritan, arrabetatzen züan. Bena ez züan ihizia ihoiz ikusten. Ez gaüz ez egünaz, deüs ez zen haboro ezagün. Haatik, arrastiri berant batez, Petiri, egün oroz bezala ber tenorexean, etxerat horra zen. Barrioan sartü eta, ikusi züan gatü ttipi gorraila, goxoki biribilkatürik, berari so. Botzik izan zen. — Banakian, goiz edo berant, ene haidürü hintzateala, erran zeion. Deitü zuan. Gatüa xütitü zen, zankoak bederazko gora behera igitzen zütüan, bere bizkarra konkortüxe züan, büztana eraiki eta «ñaü» argi bat egin. Arradeitü züan: — Miñi, miñi Eta kabalea, lotsagabe, büztana aidean, xüxen xüxena, lasterka ttipi batez, haren gana hüilantü zen. Apaltürik bere belaünetan esküa iragan zeion bürütik büztaneala behin, berritan..., hanitxetan, deüs erran gabe. Esküa bürüala ekarten zeion aldi oroz, gatüak goiti püsako bat bezala emaiten züan eta gero korpitz osoa lüzatzen züan. Ordüan bere eskü zabaletan hartü züan eta barna eraman, gatüa elikiz kurrunka ari zelarik.. Ontsa zainkatü züan, jatera eman zeion eta adelatü zeion lasto ohe batetan ezarri züan, gaüa beropean igaran lezan. Biharamenean, bera jin zeion borta aitzineala eta zabaltü züaneko, barna jarraiki zeion. Ordütik, Petirik uste üken züan antzakatürik züala eta etxekotürik. Ikasi züan ere gatü ttipi gorrailaren bizitzea. Etxau batetan sortü zen. Bazüan bi haurride. Bata beltz zen, bestea nabar eta bera arren gorrail. Ez zen haboro orit nola deitzen ziren beste bi hurak, zeren eta galtegin zütüen herritar elibati eman zütüen. Ez zen orit, orano himiñi zirelakoz; doidoia, gogolano batetan bezala, ikusten zütüan berareki amaren herrapeko titier herrokan lotürik. Bera prefosta, gorrail beitzen, betidanik deitzen züen «Bilagorri». Etxen bera egon zen. Amak hazten züan eta hiruen eznea batentako baliaten ahal züan. Bilagorri azkartü zen, loditü ekintü. haren adinekoek ohi düen beno hanitxez haboro, gatütto harro eta propi bat egiten züan. Bestalde, denek gastatzen züen, ez züen sorik harentako baizik. Goiz eta arrats, bere untzian emaiten zeioen jatera, aragi, ezne ogi porroteki. Ez züan aldi bakotx jaten, bena goizankoa arratseko eta arratsekoa goizanko oro üxtiatürik zagon. Egünak osorik, lo ez zelarik, txostakan igaraiten zütüan. Bere amari zer nahi erakusten zeion. Büztana hartzen zeion, usukitzen bürüala eta korpitzeala jauzten, gibeleko zankoetan xütik, dantza bat emaiten aitzinekoez, ihikista keinü egiten zeiolarik. Hala hala, arte honik gozatzen züan haurreki. Hoiek txostaka oroetank asmatzen züen harentako. Kanika edo gaztaina bat urtukitzen zuen kamenet zolala; Bilagorri ziuntaz zoan eta sükaltearen üngürüa, bigabost aldiz eginarazten zeion. Zonbaitetan, üzküz jarten zen, eta amiñi bat haidürü egoiten, lüze lüzea sabelaren gainean, büztana lürrean herresta, exker esküin iharraustez. Gero, batbatetan ützültzen zen eta bere lasterka arrahasten züan. Agitzen zen ere amak sagü bat ekarten zeiola. Ber gaüza egiten züan eta azkenekoz erhaiten züan eta han üzten. Oihalezko pelota bat ere txilintxautzen zeioen. Baraxñi hüilantzen zen, soroetan gatü handiek egiten ohi düen bezala ihizekan ari direlarik. Gero aitzineko zanko esküinaz joiten züan, exkerraz berriz, biez arrabiltzeko usuki zonbaiten egiteko. Noizean behin, aztapar tzorrotzak sartzen zütüan oihalean eta, ezin elkiz, gaizten zen. Azkenean, bi pürnauzka egin eta joaiten zen bere amaren gana. Bena arte hoberenak haurren beso eta belaünetan zütüan. Lüzaz egoiten zen horien berotarzünaren para, begiak erreskiñatürik, mütürra azpian larririk edo besapealat hedatürik; gozamenez kurrunkaz eta kurrunkaz ari zen. Agitzen zeion ere, bazkaritan ari zirelarik,horien aitzinean mahain hegian, bere zankoen lüzatzea, zietan ziren jatekoak üsnatüz. Eta aldi oroz erantzüten zen ahots idor eta kexü bat: — Gatü hori elkazü hortik! Edo: — Gatü hori lürrealat! Bilagorri, balin bazakian bezala zer zion, bera jauzten zen eta sükalterditara baztertzen. Hola zen apairü güziez. Aita eta amak ez zütüen haurrak botzik ikusten ihizearen esküstatzen. Beti beldür bat bazüen haren hatsak kozü zerbait emanen zeiela edo eritüko zirela. Horra zerentako erabakia hartü züen behar zeiela gatüa elki. Erhaiteak min egiten zeien. Hitzartü ziren haren galtzeaz, eta peko karrika bide bazterrean ütziko züela. Pürki nahasirik, hümetxürtx, Bilagorri haizü izan zen Petiriren etxera hüilantü eta marraka baten egitera. Beraz, goiz eta arrats, Petirik jatera emaiten zeion bere untzi berezian. Bilagorrik üdüri züan betidanik hor bizi izan zela. Bena, lehen izidürak ahatzerik, bere etxekominak hartü züan, batere arterik ützi gabe. Bere adixkide gastazaleak arredirenen zütüalako azken lillürak galdürik, pentsamentükan hasi zen, pentsamentükak jateko ganoa elki zeion, eta ez beitzüan haboro jaten, esmeriatzez zoan. Petiri, untzia hüilan beterik ikusi züan hatsarrean, ez zen arrenküratü. Bilagorri, jadanik gatü tipi harro bat eginik, nonerebeita ihizekan zebilan, bere beste lagünen arabera: ihizekatik hazten zaitekean: — Sagükan ari izan behar dik. Haatik üdüritü zeion tristüra batek hartü züala, eta bizkarra, aitzinetik hain lerden eta lein züalarik, egün llabürretan barna konkortü zeiola eta biloaren gorraildüra histen ari zeiola. Egünetik egüneala, bürüa küpüsten zeion, ürrats bakotxak txurdunparazten zeion. Gero begietako argidüra distiranta ülüntü zeion. Gerokoz, büztana herresta zoakon. Txestü txar hortan ez züan lüzaz iraünen. Petirik ez zakian zer nola ari. Uste züan ahalak oro egin zeitzola. Jatera emaiten zeionean, han egoiten zen, bena gatüak ez züan jan nahi. Ilezko eta lastozko ohe bat antolatü zeion, halere goiz güziez edireiten züan Bilagorri zimentaren gainean hotzak aidatürik, hari so, «ñaü» ito bat ezin iretsiz. Eta han zen bürüa ere ezin etxekiz. Ata, goiz batez, gatüa, saihetsezürrak kürkürüz ageri, sükalteala jarraiki zeion, kordoka, moxkor balde; gibeleko zankoek üdüri züen ürrats bakoitxean urtukiko züela. — Gaixo Bilagorri, zer nahi dük, herresta honartino jitez? erran zeion. Gatüa ixilik zagon. Petiriri so zen eta Petiri so zeion. Arte baten bürüan, kabalettoa hüilantü zen haren zankapeala, bürüa goititü züan eta zaragoila hegala aitzineko aztaparrez emeki perekatü zeion. Petirik, argidüra laster batetan, orai üsnatzen züan Bilagorriren eritarzüna nontik sortzen zen. Bere etxen, delako bere aitzineko etxe hartan, haurrek egiten zeitzoen bailakak taigabe gogoan zütüan. Egün batetik besteala hoien mentsa geroago eta handiago nabaritzen züan. Petirik bazakian orai zer egin, nahi bazeion bizia salbatü. Erran zeion: — Aigü! aigü! Hartü züan, ttottotü zen sütondo xokoan, eta bere belaünetan bailakatzen züan. Gero eman zeion aragi buxinka bat. Bi kurrunka egin züan aspaldiko beharrez, eta mütürra lüzatüz jan züan. Eman zeion ere ezne inkaü bat eta bi llapa edan züan. Antolatü zeion etzangia berri batetan, oherakoan, plantatü züan. Biharamenean, jeiki zenean, ikusi züan Bilagorri ez zela igitü eta orano lo zagola. Beste egüinetan hala hala zainkatü züan. Bilagorri sendotü zen, azkartü, Petiriren etxen ohatü, galdü züan maitarzüna berriz ediren beitzüan.
Basabürüko ipuinak |