Basabürüko ipuinak
Lamina, bidean
Aitzinetik, ürzoak, gure Basabürüko bazterretan, goizik agertzen ziren, irailaren 20-tik landa. Bortütik jaitsirik, ardi behiak alan ari ziren soro eta atandetan. Holatan, kabale lanek bakoitxari üzten züen aizina amiñi bat, ürzoka joaiteko. Ogia ereiten beitzen herri güzietan, agorrila erditsütan bildürik, agorrila ürrentzean edo iraila hatsarrean joiten zen. Ogi joitea egiaz lan tzarra zen, ekia orano bero zelakoz, noizean behin ere üdan beno ago, eta errauts hanitx aidatzen beitzüan ahotzak; ezpalak eta zakü bihiak bizkarka karreiatü behar ziren. Arradailak sartürik, artoak orano zohitzen ari ziren artean, iratze eta ote lanari lotürik ziren gizonak. Iratzea zen eta da beti lantare baliosa. Iraurgei bezala ez dü balderik. Behi eta ardiak xahütarzünean eta berotarzünean etxekitzen dütü. Ote gorotza emaiten bada alorrer, lürra arintzen düalakoz, iratzetik egina soroentako begiratzen da eta ez da honkailü hoberik. Ez zen ordü hetan, orai bezala, mekanika tresnarik, ez epaitekorik; belar, ote eta iratzeak dailüala ebakitzen zütüen. Lan gaitza! Zail eta azkar izan behar zen. Ehikiago egiten zen goizean, ihitzak mardotzen dütüalarik algen zankoak. Goizazkorriak distiratü bait, sail ederrik lürrean etzanik bazen. Noiztenka, üdako goriñetan, gaüaz ere argizagitez, plantatzen ziren epaileak herrokan. Goizean moztü iratzea arratseko metatzen ahal da. Metak ikusten dütügü mendietan herrokatürik. Heben Eüskal herri orotan bezala, haga bat sartzen da lürrean eta horren üngürüan da tinkatzen iratzea, zolan zabal, hersi püntalat bürüz, ebia eta elürra lerra ditean saihetsetarik eta aizeak lopiderik üken ez dezan. Halere uste düt Ziberoan beste arindüra bat badüela, zeren ez diren hain parpaso, bena bai lerdenago. Herrian, ihizteka zen herritarren hütsarte goxo bat. Orozgain arren ürzoka. Hilabetez ahazten zütüen beren lanak eta arrenkürak. Geroztik, arrotzak jinik, bazterretzaz jabe balite bezala, zer kanbioa! Udüri lüke ürzoer ere hoien ürrina ez zaiela gogaragarri, zeren eta zelüan ahal bezain gora igaiten diren. Aldi batez, beraz, Johane, Larraineko motiko gazte bat, joan zen, oihaneko bidea goiti,behar zütüala bai lehenak gozatü; aroa ezti zen, ürzokako haütü haütüa. Abiatü zenean, orano ülüna zen, bena zohardi tipil; egün ederra zatean, larrazkenean Eüskal Herrian egin ohi düan bezala. Gogo bihotzak arin bazebilan. Eta gazte bezala ürrats handiz eta lasterrez bazoan, argitü beno lehen oihaneala heltzeko, ber bidetik jaitsiko zela sarri, ürzoz moinoatürik. — «Egün bai, ürzoak motoka erhoko ditiat», zion. Goizanko ordü hartan, bazterrek ez züen itxürarik, oso bardin ziren. Saihetseko zerrailüak tink zirelakoz, bideari egiten zeioen, bedera gaintitik, marra beltz bat. Holaz, deüs ez züalakoz ikusten, Johane biderditik ebilten zen. Bestalde oro ixil ixila ziren. Ordüan tentüz tentü zoan, üngürüneko herots ttipienari beha. Ez züan entzüten bere ürratsen herresta eta bere hatsalboa baizik. Hortan, hona bere aitzinetik kraskatto bat; prefosta bihotz tximiko bat egiten deio. Jauzi bat egiten dü. Zer ote zaitekean? Begiak armatürik eta armatürik ikusten dü edo segürrago doidoia borogatzen zerbait beltx, emazte ttipi baten heineko bezalako bat, kota lüze bateki. Bürüan zaraman, pastoraletan Türkek ekarten düen arabera, koha bat balde. Ai! orai bai, bazakian zer zen! — «Tenore hontan, lamina bat dük hori», erran züan ahapetik, entzün ez lezan. Etxen, edo aüzoen etxen, arto xurikan, bai eta han edo hor, amiratürik, lotsatürik ere bai, entzüten züan historio zonbait. Batek, Pierra Kolttaltek, harek, hanitx kontatzen züan. Usü aipatzen zütüan belagileen dantzak Holtzarteko arroila gainti Betzülako baxetarat bürüz. Erraiten züan: «Santa Graztar, Larraintar eta besterik ere, Kakuetarik goiti Olatzeberriko ordokiala artino eramaiten ditiae, han egiten dütüen bilküra eta dantza berezien ikustera.» Zonbatetan ez züan uste üken Basa Jaunaren orroen entzütea, hau olak ützirik, negüan, jaisten zelarik Iratirik edo Orririk behera. Hola jakinarazten zeien artzainer elürte handia zatekeala biharameneko eta hala izaten zen. Ezagün ziren ere haren ühatxak Itxelüko arroilatik bere errekalat zoalarik edo errekatik Itxelürat. Bere erreka züan egiaz, «Basa Jaunaren erreka». Han bizi zen. Eta erran gabe, Larraineko erreketan arrain hanitx beita, hartan ere bazen; Basa Jauna arrantzale zen. Eta zer arrantzalea! Larraintarrak beren gaintitik, arrantzale haütüak dira. Dioe Basa Jaunak dütüala eskolatü. Hala izan zen ja Johaneren aitarentako. Nahi beitzüan ikasi nola ari izan, bazter hetan jarten zen ea zerbait bildüko züanez. Horra arren, egün batez, Basa Jaüna, bere aitzinean, erreka erdi erditan arrantzün. «Saias züan, gerria üngüratürik züan aihen puxka batez eta hontarik arrain eder zonbait jadanik txilintxau.» Egiaren erraitera, Johaneren aitak ez züan ihoiz ikusi holako arrainik, ez eta hainbeste! Behar züala bai hüllantik jarraiki. Basa Jauna hurean kokotzen zen, besoak harri petarat lüzatzen zütüan eta hantik, zola zolatik, elkitzen züan arraina, papardetarik lotürik, eta besteen herrokan ezarten. Noiztenka, pützüa barna zelarik, oso osoa galtzen zen hurpealat eta arrain bateki jelkitzen. Hürrün, algar ondozka, biak joan ziren, Johaneren aita xoratürik. Hürrün zirelarik, ke bat borogatzen dü zühaintzeen erditarik goititzen. Bazterxetan da errekatik, zer zebilan begistatzeko. «Badakika zer zen? Basa Anderea, sü baten hasperritzen eta Basa Jaunari so. Bena arauz agertüxeegi beitnintzan, Basa Andereak ikusi nindian, oihü bat egin eta biak, Jauna eta Anderea, hapataka, galdü zütüan.» Johanen aitak, egün hartan, hanitx eta hanitx ikasi züan, arrantzükan trebatü zen, eta gero bere semeari erakutsi zeion. Johanek bazakitzan ere laminen txostakak, Jondane johane goizean, Santa Graziko Jorako baxetako, Larraineko Orriko Pixtodi gaineko arpetarik elk eta, ütürri sorgian xahatzen zirelarik, ürrezko orrazez iresten, eta beren txaskoinüak egiten zütüelarik, bereziki, (ez niz etxearen izenaz orit, orai zentürik beita), ketokia beheiti jaisten zirelarik sütondoala berotzera, arraultze eta urdazpi okela baten jatera, edo sasu zenean, etxenkoeki gaztaina erre zonbaiten milikatzera. Holatan badakizüe laminak, jenteen artean, franko goxoki bizi direla. Zer nahi den hoiek ja, ketokitik hola jaisteko ttipixko izan behar züen, zion Johanek. Bere aita zena etxau batetara ebilten zen ere, askazi beitziren. Entzün üken zeion erraiten: «Gaü batez, hantik ützültzean, ikusten diat emazte lüxe bat, josteko mekanika bat bürüan, ordü hetan egin ohi zen bezala, aitzinean zoakidana.» Ürratsa zaletü züan haren atzaman beharrez; bena aita zena hüilantzen zen bezala, klak emaztea galtzen zeion. Gizona han egon eta berriz emaztea aitzinean, bere ürrats arinean. Aita zena hüilant eta emaztea berriz gal. Bizpa hirutan egin zeiola jokü hori zion aitak. Arren ikusi ondoan emaztea hola itzaltzen zeiola, ützi züan joaitera, eta bere bidea egin deüs ez balitz bezala. Johaneren aitak arrapikatzen zuan: «Lamina edo belagile edo holako zerbait züan». Orai berean hortxe zagon ebiltzale hori, arren, lamina batek izan behar züan, lamina bat zen, Johanek ez züan düdarik. Zeren eta bide puxka bat egin, eta hura eküratzen zen, bürüa gibel ützültzen züala üdüri. Arrunt arma hari bürüz xüxentzen dü, laminak zerbait egin nahi balekio edo eraman nahi balüke bezala; arma esküetan deüsetzaz ere beitü beldürrik. Gero bere arma besapean ontsa segürtatzen züan: «Ohartemak, ez diat tiratü behar, lamina gero bühürt baleiket ere edo beste zonbait ez dadin elk bazterretik.» Prefosta, gaizki egiten deienentako gaixto beitira beitzakian. Holaxe, biak aitzina joan..., lamina eküra..., Johane ere eküra..., eta biak berriz abia..., eta bidea lüze! Bortxaz ere, laminak, ttipi zenaz geroz, ürratsak ttipi zütüalakoz. Bidexka hersi hartan, ülünareki, Johane ez zeion lehentzen ahal, haren saihets kantütik iragan gabe. Etxerat jaits? «Hori ez! Urzoak egün behar ditiat.» Hola bürüan sartürik beitzüan. Ageriko bai zer izanen zen. Gora, franko gora jo düeneko, dailü baten metalezko herots ozena entzüten dü, norbait iratze epaiten ari delarik bezala. Eta gizona, edo zer etaere beitzen, ari zen gustean, zeren besaire bakoitxean dailüak düründatzen züan. Lamina edo aitzinean züan delakoa eküratzen da berriz, eta emazte oihü bat ezagün da: «Hou, Pette, hou! non zira?» Aranak lüzatzen düana hou-u-u pete-e-e hou-u-u non-on-on zira-a-a-a... Prefosta, Johanek ezagütü züan Aina, karrikako bere aüzoko emaztearen botza. Bena nork jakin laminek ez düenez besteen botza ihikistatzen gizonen hobeki inganatzeko! Ordüan, beti beno bermeago etxekitzen züan arma, delakoari bürüz. Besteak berriz aranak beti lüzatzen züan ber deia: Hou-u-u, pet-e-e, hou-u-u non-on-on zira-a-a-a. Aldi hontan odola lazten deion hüxtü zorrotz batek ihardesten dü, botz batek jarraikirik: «Heben, heben, esküin!» «Ainaren senarraren mintzoa dük, hori»... Ordüan, bai ordüan, Johane ohartü zen delako lamina Aina zela, Pette bere senarrari askariaren eramaiten, bülütean ezarririk, ohi zen bezala. Izitürik, harritürik, eraützirik, Johane gibel ützüli zen, gogoan erabiliz zer itxesaren egitera abioan zen.
Basabürüko ipuinak |