Basabürüko ipuinak
Junes Casenave

Izpegi, 1997

 

 

Txori kalakaria

 

      Basabürüan sartzen ziraenean, Atarratzera hei eta, har ezazüe esküin, Alozeko zübüa igaran. Ibar Esküinean sartü zirae. Beste Basabürüko xokoek bezala, honek badü bere berezgoa, bai bazterretan, bai bizitzeko zekürüan, bai eta mintzajean.

      Alozerik haratago, hona Ziboze, eta Ahixe eretzean Aporo erreka traukatü eta, berehala heltzen zirae Zunartara, hantik Altzabehetira; bi herrixka, beren eliza xaharren ondoan. Jarraik bidea, ibarra gainti, mendixkek bi aldeetarik lagüntürik, gibelean düzüelarik Maidalena aipatüa, eta aitzinean Harsüdürraren konkorra: horra Altzai. Herria barreiat da, ez dü üdüri karrikarik badela ere. Eliza jalkitzen da gaineko bixkarretik, txüt, zeinütegi zabal batek orano gorago lüzatürik, lehenagoko gotorgüne batetan eraikirik, gure herrietan frankotan agitzen den arabera.

      Zoazte züen ürrats honean; hartzen balin badüzüe Aporo errekaren bidea, Ategarreko naba harritsütik heltüko zirae, bena hürrünago, edo Zuhurreko oihaneala edo Azalegiko maxelala, Ahüzkiko ütürriala eraman zentzakeen papatxeala. Nik ja, nahiago düt saihets egin, zeren ez nizan haizü harat hüilantzera, Azalegiko karbetik berriz elk baledi ere behi ardiak iresten zütüan Herensüge lazgarria.

      Ordüan, motz dezagün bigerren aldikoz Aporoa, ütz exker Arane, Ibarbordala eta hantik Arreta Lepoko Saintütegiala petigora eskatzen dena. Utz ere Xarrikotagaine esküin, bere etxe moto ejerrareki, joan goiti Epelbero errekilla jaustez, agurtto bat eta eskü keinü bat egitez Lamindain Habian bizi diren laminer.

      Heben dügü Lakarri, Ibar Esküineko azken herria. Orai düala urtexko zonbait orano herri azkarra, bi eskolek biltzen züelarik hirutan hogei bat haur. Egün herri zahar okitüa, etxeak eder, bena erdi hütsik, gaitz berezi batek, ez jakin zoinek jo balütü bezala. Non dira, Lakarri, zure etxauetako behien arramak, ardien marrakak, txakürren txanpak, etxeko nausiaren hüxtüak? Non, Ziberotik eta bestetarik, zure mainüen hartzera jiten zirenak? Non haurren ühatxak eta karkazak, non gazteen botz ozenak, zure etxauetako bideetan basahaideak aranarazten zütüelarik, non bestaliarren zinkak? Galdürik? Bai, galdürik! Oh, zer mina! Oh, zer mina! Bena zühaintze egotxien kantüan beste elibat arpatzen eta handitzen diren arabera, basa ihizeak galtzera zirela eta ügaritzen diren arabera, üdüri lüke azi batek zure lürra ürratzen düala, üzta berri baten esperantxa. Aitzineko Israela bezala aurritzera zoalarik, beti egoiten zen ondar bat, herria salbatzen züana.

      Arren, Lakarrin girade, abentü erditsü hontan. Abentü eder ederra, egiaz, aurten. Zelüa zohardi tipil da. Sasu hortan ekia apal balin bada, berant jeikitzen eta goizik etzaten, halere egün argitzen dü ihoiz ez bezala. Hegoa amiñi bat balizate, üdüri lüke zelüa beste egün hoietan beno urdinago tintatzen düala. Ihon, bazter orotarat begiak ützülirik ere, odei bilumarik ez da ageri.

      Larrazken hontan, haboroziz eta azken urteetan ez da ürzo güti baizik agertü hebenko bixkar eta oihanetan. Ata, ezkürra eskaz izana gatik, zi hanitx bazen haritxetan, bereziki zi xehetik ametzetan. Ihizlariek egürükitzen züen ürzoka hon zateala; bena ez zen hala izan. Ürzoka txarra beraz. Balinba dagün urtean hanitx hobe date, ürzokaria inganioz ehiki bizi beita. Zer nahi den, ürzoak orai joanik dira, eta azken laketüek ere leküa hontü düe.

      Txori igaraile hanixko berant egon da, larrazkena lüze izatez, negüaren haidürü. Kürlo zonbaiten krukrua erantzüten da. Horik harat honat doatza, ez balekie bezala norat abia, batean bortüalat bürüz, bestean beheiti bürüz; edo herrokan xüxen xüxena bi gaintietarik, bat düela gidari aitzinean; edo barreiat, üdüri nahasirik, bidearen ediren beharrez. Gero ixustean hegoaldealat eramaiten dütü beren üsnak.

      Lakarriko herriaren karrika, eliza saihetsean, jarririk dago. Iparraldean xütitzen da Beligaine, Altzaiko Harrartea goiti alde batetik, Gamere Sobe goiti bestetik Otsibarre mehoka lepotik abiatzez. Etxauetarik harat, sartaldean, Harsüdürraren botxe beltzetik jaisten dira bi oihan aberatsak, esküin Zuhurre Altzaikoa, exker Marüle Lakarrikoa. Belozkarreko alagietarik berehala Akittiola küküla hegoaldean, eta beheraxeago Bosmendietako bost bizkarrak prefosta, izenaren arabera: goizean, artastean, edo arratsan goibeltzean, üdüri lüke kamelü herroka bat, hariña erremüa barna doana. Gibel ütz eta Mürüxe, jaits daiteke, Hartzpasütik eta Hartzerrekatik, Aramendi aitzinean delarik, Arreta lepoala. Esküinetik zünüke Etxebarre, bere bi gotorgüneen artean.

      Egün arren, Lakarri ixil ixila da. Ihitza handi egin beitü, abereak ere barnen dira. Han hor ezkaratzetarik elkitzen da elestots zonbait, zeren urtaro hortan urdankan ari diren. Ibar Esküinean, ohidüra zaharra etxekiz, nork bere etxen orano egiten dü.

      Ixiltarzün horren erditik, haatik, ezagün da herots bat, entzün ohi ez den bat, kalaka bat balde:

      — Talak, talak, talak...

      Herritar zonbait biltzen dira ordüan; bata besteari so, galtoz ari dira:

      — Oi! bena, zer ote da herots hori?

      Eta kalakak edo zer eta ere beita, batean joiten dü, bestean ez.

      — Talak, talak, talak...

      Eta gero deüs; eta berriz:

      — Talak, talak, talak...

      Zer daiteke otean? Ardi joare ala küxküilot? Behi, mando ala zaldi joalte edo metale? Bena Lakarriarrek kabale bakoitxarena ezagützen düe. Batere düdarik gabe erran liroe:

      — To!, Hori holako edo halako etxekoa dük.

      Aitzinetik, Basabürü orotan baziren eiherak hur bazterretan, Ibar Esküinean ere herroka zintirokean Aporoaren piko azkarraren baliatzen, hala nola Kanboko eihera Altzain, Lamindainekoa ere Lakarrin. Prefosta, eihera hüilan egün oroz ari zen, bakoitxa bere egünean eiherazain beitzen, bere eiheramenaren erhaiteko, aste baten edo biren etxogiarentako edo abereen arto irinarentako. Ordüan entzüten zünüan eiheraren klaka. Bena eiheraren klakak taigabe joiten züan eta orai zentürik ziren eiherak. Egün, Lakarriarren beharriala ezagün zen kalaka:

      — Talak, talak, talak...

      Ez zaitekean izan eihera baten klaka. Bestelan ere, ez züan üdüri errekatik heltzen zela.

      Düala berrogeita hamar hirutanogei bat urte nonbait han, Ibar Esküineko aldapetan, sortzen ziren mahastiak, ontsatto zaintürik, urteko etxeko ardua emaiten züelarik. Orai txoriek gerezi eta beste frütü hanitx küzkatzen düen bezala hontzera diren bezain sarri, ordü hetan ere mahatsez mihikatzen ziren. Ahalak oro egiten zütüen haien ohiltzeko. Baziren küsoak, beren lastoztatü edo belarreztatü zanko beso okerren ezin ekürü begiratzen. Baziren xederak; üztei elibat ziren, barnea zamari büztan biloz egin ürkabüilürrez antolatürik. Aihenen artean ezarten zütüen eta beraz, txoria mahats mühüriaren ondoan zolarik, han ürkatzen zen eta txilintxau egoiten.

      Bazen ere kalaka. Hau bi oloxkaz eginik zen, algarri lotürik bazter batetarik, eta laxü bestetik. Igitzen zelarik, bi esküez etxekirik, algarri joiten züen bi oloxkek; eta egünez eta egünez kaskatzen züan mahastiak gainti kalakaren klaskak, aste saintüz elizako kalakak eiten züan bezalaxka, Jaunaren hiltzearen oritzapenaren dolüan ez beita zeinürik erabilten. Haurrak ja gozatzen ziren: botzik urtekal txoriak egürükitzen zütüen, eskola ahatzerik, kalakaren iharrausteko parada üken lezaen. Bena Ibar Esküinean mahastiak, ez badira oro zainetarik idokirik, apürnitürik dira. Zer nahi den, negüan, abentü erdian, ez da haboro mahatsik. Egün Lakarriarrek entzüten züen:

      — Talak, talak, talak...

      Hori ez zaitekean izan mahastitik txorien ohiltzeko kalaka.

      Ixil ixila, algarri so eta so bazaudelarik, hona Beligaine aldetik, agertzen, gora gora hegaltaka, zelü urdintarzünaren erdian, txori beltz handi bat. Noiz eta bere hegalak igitzen dütüan, ordüan ezagün da kalaka:

      — Talak, talak, talak...

      Noiz ere hegalak zabal zabala doan, ordüan ez dü kalakarik erantzüten. Ungürü zonbait egin eta, edo hegalak joitez:

      — Talak, talak, talak...

      Edo hegalak lüze ixil ixila, txori beltz handia galtzen da, mendi eta oihanak gaintitü eta, Santa Graziko edo Larraineko bortüetarat bürüz. Geroztik, Lakarriarrak ari eta ari dira pentsamentüka zer ote zen txori kalakari handi hura.

      Txoriek galtzen dütüe beren lümak, edo urtaroa beita, edo algar moskoka erauntsi düelakoz, edo ere beste arrazu zonbaiten gatik. Ordüan, hegal lüma mensdünek herots bat egiten düe, hüxtü ürratü baten üdürikoa. Bena egün bezalako:

      — Talak, talak, talak...

      Holakorik ez.

      — Eta ez leitekea izan haur batek edo norbaitek lepotik txilintxautü deiola zerbait, joalte edo...?

      Zion batek. Hori agitü da. Santa Graziko gazte elibatek, egün batez, bortüan, atzaman züen sae bat arakei hilkinez aserik eta ezin hegaltatüz. Esteki zeioen txintxa bat lepotik eta hareki hegaltatü zen.

      Hala hala ere gertatü zen Altzabehetin. Bele, pika, ülantxek besteak beste, beren habiak egiten dütüe gora gaztainatze, haritx edo beste zühaintzeen adarretan. Haur eta gazte ginelarik, txostaka bat zen guretako, hen habien barreiatzera pünttetara igaitea. Hola egin züan Altzabehetiko Pierra Etxeberrikoak. Bere maltako haritx batetan zen ülüntxa habiala hüilantü zen, ülantxa hüme bat hartü eta lepoan txintxaxko bat txilintxautü zeion. Urte hanitxez eta hanitxez, ülantxak, handitü eta, Altzabeheti alde gainean, üngürükan eta üngürükan erauntsi züan. Trüfaz ala zoaza jakitera zer harrak hortaratürik, Pierra Etxeberriren barriola bürüzpiko jaisten zen...txitxa jatera. Bena, Lakarriko txoriaren:

      —Talak, talak, talak...

      Hura entzüten zen, hegalak joiten zütüan aldi oroz eta ez ordüan baizik; ez haatik hegalak lüze lüzea zütüanean.

      Oritzen niz, hatsarre hetan, Eüskal Herrian, beren zekürü eta geroari bürüz, ikertzen zütüela txorien hegaltakak, erran lizaen ea siratsgaixtoa ala siratsona egürüki behar lükeenez. Hala egiten zen ere beste herrialdeetan. Erroman, auspitxak antsia handireki so zauden hegastiek hartüko züenez Pomerium-eko exkerra edo esküina. Gü, Ziberoan, ardüra so eta beha gira txorier, norat doan ürzoaren bidea, noiz agertüko den Behibidetako Andere Xuria, zoin eder den errexiñularen txiunta, zer mixterio düan basoilarraren kantoriak.

      Hona egün, Lakarrin, jarraikitzen düela txori beltz kalakariaren bidea. Hogei ehün urtez geroz, mündüak ospatzen dü Egüberri.

      — Ene hegaltakak, ene kalakak: Talak, talak, talak... dio txori kalakariak, Egüberri baten egürükantxa ekarten deizü, Lakarri, Ziberoko eta Eüskal Herriko gazteria batek entzünen düalakoan.

 

Basabürüko ipuinak
Junes Casenave

Izpegi, 1997