Basabürüko ipuinak
Junes Casenave

Izpegi, 1997

 

 

Bi ürxaintxak

 

      Johanek arrastiri osoa iratze metakan igaran züan.

      Santa Graziko zoko zokoan eliza erromanikoak bere gotortarzüna aldepean agertzen züan. Haixkorriko iraztolak gibel ützirik, etxerat ützültzen zen. Larrezabaleko liabide bazterrean jarri zen.

      Ürrieta erditsüko ekiaren beroa bizkarrean egün orotan karreiatü ondoan, zoin laket zeion orai, ekürü, hegoa xuriaren buhadüra! Begitartea eztitzen zeion haren bailaka arina gozatzen züan.

      Tabako üxtütxa sakola barnetik bildü züan. Paperxehe hoila bat berez eta peko ezpainean txilintxautü züan. Belar erpürü zonbait baztertü züan, eskü exkerreko ahürrean marrüskatü, lüxe lüxea biribilkatü; tink tinka etxekitzeko, erhiak kakotü zütüan. Berriz hartü züan paperxehea, xabal xabala tabakoaren gainean ezarri, eskü exkerra esküineala ützüli, paperaren barnean arraidallaren edenarazteko. Eskü bakoitxaren hiru erhien artean üngürükatzen eta üngürükatzen ari zen, kanpo zen paperaren hegia mihiaz busti züan eta erhibehatz eta erhitrebeseki iratsatsi.

      Gero, zurdakei errotaren eraginez, zurdari sü eman zeion eta hareki bere zigarreta piztü züan. Horik oro, Johanek mütsüka bezala egin zütüan, noizean behin bere soa bazterretarat eta karrikalat zabaltzen züalarik.

      Petik, etxetarik, ez zen den mendren herotsik ezagün. Larretarik bai entzün zintirokean behi eta ardi zonbaiten metalüa eta txintxa. Aranak ere asto batek günez güne lüzatzen züan orroak helarazten zeitzon.

      Orano moztürik ez ziren iratzeak erdoila kolore zauden. Maltetan, ardien titakadüra xurien alde gainean, gaztainatzeek bederazka galtzen zütüen beren osto histüak. Haritxek aldiz berenak begiratzen zütüen heinbat berde.

      Gorago, oihana bestan sartzen zen, bere margo ederrenetan. Gorria zen nausi, bena ez zenezakean erran oro bardin zirela. Bagoek güneka jarten zütüen, heben gorri eztiak, han gorri biziak, haratago gorbeltzak, edo lüzaran hedatzen zütüen. Hoien erditan, bena haboro gaingainean, hagintze edo izeiek berdez ülüntzen züen.

      — To, ürzoak!

      Saldo eder batek üngürü zonbait egin züan, pausatü beno lehen. Aurten, ezkür hanitx izana gatik, ürzo apür igaran zen; ez zen düdarik gibeletik izan behar züela. Iratze epaiten ari zelarik, ekiak ez zütüalarik bazterrak orano hunkitzen, Johanek, goiz hartan, ikusi zütüan, gora, zelü urdinaren erditik, xüxen hegoaldealat bürüz zoatzalarik, ürrezko hegaixti elibat üdüri.

      Potiko gaztea zen Johane: bazüan hamasei urte nonbait han. Ihiztekako errabiak hartürik zen eta ürzoka jiten zelarik, ezinegona zen.

      Arratseko ixiltarzünean eta goxotarzünean, eztitarzün bat borogatü züan. Aize hegoa amiñi bat jeikitzen ari zen; düdagbe, gaüaz handitüko zen. Bihar ürzoa apaltüko zen, bagoetarik haritxetara hegaltatüko, errekilletan edatera jaisteko. Arren, bera berantago iratzeka joanen zen, goizanko lehen ürzakatik landa. Gogo horreki xütitü zen, bere zigarreta ezpain xokoan; erdihilik beitzen, arrapiztü züan eta abiatü zen.

      Etxera heltü ordüko, sükaltartean jarririk, bere arma eta kartuxen adelatzen hasi zen. Benia handienareki, armaren barneak ikertü zütüan: ez zen han gütien errautsik ere. Egün zonbait lehen berak egin kartuxak herrokatü zütüan, beren untzian drajeen loditarzünaren arabera ezarririk ziren koloreetan. Gero oro beren ohiko günean goititü zütüan.

      Ordü hetan, ihizlariek bazütüen beren ürzotegiak oihanean. Bata besteari ogenik ez egiteko, algarretarik bost ehün bat metra arte bazüen. Gordagia, abarrez egin etxolaxkot bat zen. Izan zaitekean lürrean eraikirik, bena haboroenetan bago adarrer lotürik zen, hamar bat metra gora. Hantik ürzoen harahonakak ageriago ziren, haüek ikusi gabe apeüen igiarazteko behar ordütan. Johaneren aitak berea bazüan; geroztik oso greütürik izan zen, hürrüntik jin ihizlari sosdünek elki beitzeioen.

      Arren, Johanek bazakian biharamenean ürzoak apalago egonen zirela, haritxen ziez koi beitira eta zi hanitx beitzen. Herri peko harixtoialat joanen zen.

      Aiharitan ari ziren.

      — Bihar ürzoka banoazü, erran züan oroer bürüz.

      — Askaria adelatüko deizüt, erran zeion amak, besteak ixilik zaudelarik.

      Badakigü amak, haurrak etxerik kanpo direlarik, arrenkürak janik direla, eta berriz erran zeion:

      — Haatik, arma horieki! Lotsarazten naüzüe beti... Kasü eginen düzü, gero!

      — Bai, bai, ama... Oraiartino bezala.

      — Abiatüko ziralarik, emeki ari zite, ez herotsik egin. Zure haurride ttipiak ez iratzarraraz.

      Hortan oherat joan zen. Bena lo güti egin züan. Taigabe bere ürzoeki zen. Han ziren, hürrün, saldoka. Gero, hüxtü batetan eta hagaltaka zarta bateki jiten ziren, motoan üngürüneko adarretan jartera. Ari zen nola plantatüko zen: ez zütükeala behar ohiltü. Ejerki, batere iharrausaldi okerrik gabe, beharko zeion arma jeiki, xüxentü, ahalaz ez bati bürüz baizik, bena norat etaere saldoa tinkago zen. Nork jakin? Agian, ihoiz agitü ez zeiona, lauzpabost erhoko züan tiro bakoitx. Eta eliki erritto bat egiten züan. Builtaka, lokartzen zen, bena ordüan ere ürzoek ez züen üzten.

      Goizik, argitü aitzin, jeiki zen, selaurartea zanko pünttetan igaran züan; eskelerek kraskatzen beitzüen, jaitsi zen baratx baratxa, eskaler-besoari bermatzez, hunkitzen ez balütü bezala. Sükalteko borta zabaltü züanean, marraka bat egin zeion; eküratü zen eta beha egon amiñi bat ea ihur ez zenez iratzarri. Deüs ez entzütez, aitzina joan zen, mahain xokoan jarri.

      Bere aitzinean üzküz gora zen zieta barnea bildü züan, baztertü. Haren aldepean zagon zieta goihara jatekoz beterik zen. Bere südürraz üsnatü züan ürrinak hortzak izerdi ezarri zeitzon. Amak adelatü bi arraultze frijitü, piper erre zonbait eta urdazpi okela gozo gozoa jan zütüan.

      Apür batez oritü zen hainbeste jente, gazte, haur, mündü zabala gainti erkoseareki, ahal bezala, bizi zela. Bere gogoak zeion egual züala berak, behar zütüanak oro beitzütüan eta bereziki zoin axola maitagarriki bere amak bera eta bere haurridiak zainkatzen zütüan.

      — Gaixo ama, zion, zoin bihotz hona düzün, oro bihotz zira. Ihoiz aski esker deikezüta?

      Pentsamentü hortan kafe txirrixta bat hürrüpa hürrüpa gaintitü züan.

      Gero, haatik, gaüzak zale joan ziren. Txapatak herresta ützirik, handailoak hoinetan jauntsi zütüan; kartüxak gerrian lotü; ihize zorroa saihets esküinealat txilintxaütü; arma bizkarrean hartü, ahoa lürrealat bürüz. Hola troxatürik, abiatü zen. Peko harixtoialat prefosta, erran bezala.

      Bidea beheiti, ülün beitzen, ütsümütsüka zoan. Bere gogoaren lagün zütüan beti ürzoak. Ungürüan ikusten zütüan, tirokatzen, eta bederazka edo biazka erorten ziren. Berainez ürratsak handi egiten bazütüan, goiz hartan handiago zütüan. Ez züan berak egiten züan herotsa baizik entzüten. Harixtoiala heltü zen, sartü han. Ulünpean moto ülünago baten nabaritzea üdüritü zeion. Hüilantü zen, han eküratü, egürükiko züala argixe lezan. Esküa lüzatü züan, txixta bat senditü. Goroxti zabal baten ondoan zagola orai bazakian.

      Behar zatekean bezain lüzaz haidürü egonen zen eta argitü ondoko güne hon bat haütatüko züan, zeren eta ez zakian sobera non zagon. Arma hartü eta, bi kartuxa ezarri zeitzon eta bere eskerreko ükaraiondoan zabalik pausatü züan. Bera lürrean jarri zen. Artasteak berantzen beitzüan, begiak erreskiñatzen zütüan ea zerbait ikusten züanez.

      Ez hartan bai hartan, kriska bat entzüten dü eta, bere aitzinean züan ametza goiti, bi ürxaintxa bazoatzan algar ondozka, bedera gaintitik, bata besteari lehentü nahi balitz bezala. Arrunt her bürüz arma lüzatü züan. Biak igaiten ziren arin arina, jauziz jauzi, bata goraxeago, bestea beheraxeago. Bere armareki jarraikitzen zütüan:

      — Egüriok, ez zalegi! biak ber heineala heltüko diren bezain sarri, tiratüko diat.

      Askitan, ihizlari Famatü zonbaiti agitü zaio, omen, ürzo edo beste ihize zonbaiten batetan erhaitea. Zerentako ez lizate orai Johaneren aldia? Hona hau ere hebentik harat aipatürik dateala: ihizlari handien balde dateke bertan.

      — Zer arren? Nik ere badikeat bi ürxaintx kolpü bakoitx erhorik!

      Erran behar düt, ordü hetan, bazela, gure bazterretan zernahi ihize melga. Ürxaintxa hanitx ere. Batean jauzka ari ziren adar batetik besteala, bestean hür, intzaur edo gaztaina kurruxkatzen, bestean aldiz ekürü ekürüa büztan harro baten gibelean beren bürüa gordatzen, arauz ustez eta holatan ez zirela ageri. Haatik, beti bederazka agertzen ziren. Egün,beraz, kartuxa baten helmenean, horra bi ürxaintxa!

      — Holakorik ez dük orano izan; hau dük hau ene siratsa!

      Bere goroxti gibeleala, karrakotsa heltü zeionean, ez züan borogatü gizon bat sartzen zela, hura ere arte hartan, harixtoian. Dominika, hini horietan gaztedanik lanean leher eginik, sos puxka bat baztertürik, herriala, bere etxexko xaharreala, azken urteen gozatzera jinik zen. Urzaka hari ere laket zeion eta ez züan egün batez ere hüts eginen. Goiz hartan, ixil ixila, harixtoiala eraitsi zen.

      Gaizoa, herritik kanpo joana gatik eta bazter hanitx ikusia gatik, ez züan halere bere bürüa besteak beno gorago etxekitzen, hanitxetan ordüan agitzen zen arabera. Prefosta, oroek «Buneta eta txapela», Ligetxek hontü kantoria, gogoan dügü. Dominika heintto bat beregisako zen. Pe hartan bildü kraka zerbait begiratzen züan, eta soinetako eta hoinetako herrian ez ohizko zonbait egariten züan.

      Aspaldiko ihizlari gehitü, ez zen ez goizegi abiatü, eta doidoia heltzen zen bere ürzokagiala, esküinetik zelüa gorrailtzen hasten zelarik, hegoa beitzen.

      Bere gaintitik arren, Johanek bi ürxaintxak beti jarraikitzen zütüan bere arma pünttaz. Hona, haatik, biak ber heinean zirelarik, han gain gainean, zelüko argi txirrintan, gizon itzal bat bezala.

      Dominika delakoa ez zen etxerik elkitzen hoinetan larrü koloredünezko oski gorak gabe. Armaren dindeüa urixki beno lehen, aski sarri, Johanek hiritar ohiaren bi oski horiak zirela hartü züan.

      Zer lotseria! Hapataka, bihotza banba banba, izitürik, etxerat ützüli zen.

 

Basabürüko ipuinak
Junes Casenave

Izpegi, 1997