Basabürüko ipuinak
Pierrainiren arrabita
Pierraini Altzaiko etxe bazter batetako etxeko semea zen. Han bizi izan zen betidanik eta orano han bizi zen; bere anaiaren familia handiari eta bere aita eta amer bigabost zerbütxü egiten züalarik: urtorotako egitekoetan, bedatsean alorretan eta soroetan, üdan bedakan eta arradailkan, noiztenka ere bortükan, larrazkenean iratzekan, kabale harahonaketan, negüan egürkan, ardi jeisten edo txütxükan. Etxen bazütüan aterbea, jatekoa eta doi bat jaunstekoa. Beste zerbait nahi bazüan, edo igantetako jauntsi bat, edo atorra berri bat, edo egünorozko eskalanpuetzaz beste hoinetakorik, etxeko muzkinetarik kanpo bildü behar züan, ordü hetan diharüa xühür zelakoz. Haur danik, herriko bestak zirenean, edo aüzoko herri batenak, Pierrainik ere parte hartzen züan oroen boztarioan. Orozgain, sonüari sohikika zagon. Txülülak bere hüxtü gora eta apalak emaiten zütüan, txülülariaren aho haspoak bere hiru erhi haren hiru xiloetan jauzkan erabilten zütüalarik. Tabalak ürratsak otzatzen zütüan makila kaldüen arabera. Bena arrabita zeion gustatzenena; arrabitariak txurdunpatzen züan, amak besoetan bere haurra zainkatzen düan bezala eta, makila kakoitx batetan hedatürik zen korda batez, karrakatzen zütüan arrabitak berak zütüan kordak. Aldi bakoitx, bürüa saihets küpüstü eta haren pünta lepoaz eta maxelaz tinkatzen züan eta oihü ezti bat lüzarazten zeion. Altzaiko elizabesta egün batez, han zagon jarririk arrabitaren eretze eretzean. Gogoa xoradüra batek hartürik, bere bürüa jada arrabitari ikusten züan. Kosta ledin behar zena kosta, bat erosiko züan: — Ni ere arrabitari izanen nük. Potiko gazte bat egin zen, azkar, lana maite züan, arte bat bazükealarik harat eta honat joanen zen bere besoen indarraren eskentzeko sos inkaü baten orde, aski irabazi ondoan arrabita baten jabe izateko. Hala egin züan. Bat ederra erosi züan, larrüzko hede batez txilintxautzen züana. Hantik harat, egünoroz demendren arte puxka bat bazüalarik, sonü joiten ikasten ari zen eta bertan trebatü, eta bestetan bai ezteietan agertü zen eta bere gano bereziaz harrotzen zütüan. Basabürüa, Pettarra gainti bazoan. Gero eta haboro haren omena hedatüz beitzoan, hanitx galteginik zen orotarik, bai eta Manexetik ere. Larrazkena zen, Lekunberriko sonü joile izanik, Pierraini etxerat ützültzen zen. Eki bero batek bazterrak argitzen zütüan, Behorlegiko oihana gainti zoalarik, Ahüzkira igan eta Altzairat eraisteko. Behiak larretan eta ardiak soroetan barreiatürik zauden, beti sortzen ari zen bazkaren ondoan. Haritzak orano berde balin baziren, saats, ürrüts eta gaztainatzeak hori ziren, gorago bagoek jada margo ezbardinak jausten zütüelarik, gorrailetik haste gorriagoetara. Arrastiri erditsü hartan, abereen txintxa edo joairetzaz beste herotsik ez zen ezagün, ixiltarzün ezinago barna bat orotara hedatzen zen. Gazte zelakoz eta zale, ülüntzeko heltü gei züan etxera. — A! bai, lo hona eginen dük, gaur. Ahüzki traukatürik, Ibarnaba hartü züan, gogoan herrokatzez bi saihetsetarik ziren olak: Ütürrieta, Hegillore, Olatzezarre, Nabolegi, Potto. Eltzegaine ützi berri züan eta Atagiko etxeko semeari agitearen pentsamentüak eta haren hiltzeak Herensügeari sü eman zeionean lazdüra beltz bat emaiten zeioen. Lexarreala heltü bait, bere herriko lürretan sartüko zen. Nabako maxeletan iraztoien erditan zühaintze bekan zonbait baizik ez zen sortzen: bago bat edo beste, beste hanbat leher, bena elorritze hanixko. Alforjak exkerreko soinean lotürik zütüan, hatü zonbaitek doi hantüxerik. Esküan makila bat, ürrütx makila, ürrütxa Ama Birjinaren egürra dela beste herritarrek bezala sinesten beitzüan. Hola zoan arteka hüxtülotsez. Arrastiri apala zen orai. Pierrainik ordüan hürrünetik aranatzen, entzüten dü ohülgü latz eta lüze elibat. Lehentze züan entzüten, eta arrunt asmatü züan zer zen: otsoak bazter hurak gainti zauden. Gibelealat sogin züan eta ikusi otso saldo bat, zoin lehenka üdüri, südürraz usnatzen haren herexa, ihizorak ihiziaren atza bezala. Zer egin? Bat bera izan balitz, bere makila txarraz heltübada lasterkatüko züan; bena saldo bat!... — Aieia! galdürik nük! Begistatü züan üngürüan züan elorritze handienetarik bat eta hartara igan zen eta egürüki züan. Jin zeitzon gogoala otso historia zonbait, beste mündü batetarik elki zirela oraiartino uste beitzüan. Zioen otsoak arkoi direla. Hartakoz züen ere artzainek ordü hetan bereki bi lagün jarraikarazten: makila gorria eta artzanora. Larraineko batek bazüan olan axuri bat. Ardiak alatzera horabiatzen zütüan artean, tarta bazterretan ützi züan, gaztegi beitzen haien ondotik joaiteko. Oren baten bürüan edo zerbait, ützüli zen eta han ikusi züan otsoa axuriaren jaten. Hüilantzera abiatü zen eta oihü bat egin züan ohiltzeko. Otsoak haatik leitak erakutsi. Ordüan joan zen ardietara artzanoraren bila. Ekarri züan korda bateki estekirik eta günüala heltü ziren. Artzanora ezin züan haboro etxeki: bere kordarareki abiatü zen, builtada hartü, otsoa ikusi bezain sarri. Oihan bazterrean büztana atzaman zeion eta lahardeki. Johane Ezpeleta, Santa Grazikoa, olan zelarik, otsoak agitü zeitzon han üngürüan. Haatik ez züen deüs egin ahal izan, tzakürra han beitzüan. Berak erraiten züan beste egün batez biga elki zeitzola Anauko oihanetik eta ardi bat atzaman. Ez beitzüan ordüan artzanora berareki, ez zen haizü izan makilareki bühürtzera. Biek bedera gaintitik hartü züen ardia eta bakoitxa bere puxkareki joan zen. Elorritze gainean begiak zerratü zütüan. Otsoak jin aitzin, jada ikusten zütüan haien leitak, bai eta, lotsa ikara batetan, ardia bi erdi eginik. Agitzen zeion bezala, agitü zeion Santa Graziko potiko bati, Sabükikoari, mügatik beste gaintitik, jiten zen egün batez hatü zonbait bizkarrean. Jaisten zen ixil ixila, Ihizkondizeko oihana beheiti, txakürrik gabe ez lezan sala, gardak han gainti balira. Zardai Ziloko zübüala heltzean, bi otso agertü zeion eta, bi aldetarik jarririk, gibeletik jarraikitzen zeitzon. Gizona prefosta lotsatü: bi otsoak beti ondoan zütüan gero eta hüilantzenago. Etxera heltü gabe beitzüan arroiloa itsusi bat traukatzeko, berartan igaran züan. — Otsoek üngüratüko niae eta bizia han ürrentüko zitak. Pentsamentü latz horien erditan, gogoala jin zeion artzanora: — Etxen dük; deitüko diat; kanpoan balin bada, harek salbatüko nik. Ordüan, arroilala heltü gabe, botxe batetara igan zen, otsoak beti kantüan, apairüa eginen züela haidürü. Ahür hüxtü lüze bat egin züan, tzakürraren deitzeko. Kanpoan agitü beitzen, bere nausiaren gana jin zen eta otsoak lastertü zütüan. Pierraini goraxko iganik zen elorritzearen pean, orai bospasei otso üngürükan ari ziren, hurak ere haidürü, begi urdin südünak hari bürüz lantatürik. Zühaintzean iraüten züano pürü bizirik zen. — Eztiat behar etsitü, heben egoiten nizano salba nük. Bena noiz artino? Ez züan ja artzanorik egürükitzen. Bestalde tenore berant hartan eta larrazkena zelakoz, ihor ez zen bazter hetan. Ahüzkiko ostatüa ere hütsik beitzen bedatseala artino. Bere makila otsoer bürüz lüzatzen züalarik, gaiztenago ziren eta marraka ito bat entzünarazten. Ordüan uste üken züan behar zela ekürü ahal bezain lüzaz etxeki. Ageriko zer izanen zen: agian otsoek bai etsitüko züen. Han zen batean zanko bat aidean, bestean bestea, beste batetan biak jarten zenean adarxko batetan. Adar bati txilintxaütü zütüan bere alforjak, berantxeago bi usuki eginen züala barnen zütüan ogi eta gazna puxker. Arrabita saiheska beitzüan, eta traba, elorritze adar xehe hanitxen artean, bizkarretik elki züan, adarxkot bati lotzeko. Hainbestenareki, korda batek, llabürrenak, karrakatü züan eta nota oihükari lüxe bat eman züan. Otsoak ordüan jauzi bakoitx ützüli ziren eta harritürik lasterra hartü eta Ibarnaban galdü ziren. Pierraini ere zentzorditürik bezala zagon, zer agitü zeion ezin sinetsiz. Gero berebeitalatü zen eta erriz eta nigarrez bere ürrütx makila, Ama Birjinaren egürrari, pot eman zeion eta arrabita besarka tinkatzen züan. Elorritzetik jaitsi zen, abiatü eta lüzaz etxerako bidean bestetako ahaideak jo zütüan. Gaü hartan ja otsoak ahatzerik, lo goxo bat egin züan arrabitaren sonüak ametsetan txurdunpatürik.
Basabürüko ipuinak |