Basabürüko ipuinak
Marraka arroilatik
Üda betea zen Basabürüko herri hartan,egiaren erraitera Santa Grazin. Bero handiak egin zütüan eta laborariek belar hanitx sartü züen kolore berde mardul bat züan eta ürrin hon berezi bat. Holako egün zonbait haboroz lagüntürik. bazakien, kabaleek, negüan. gogor bazatean ere, ez zükeela goserik. Ordünko mekanikeki, belar epaiteko, ützültzeko, biltzeko eta tinkatzeko, lana zaletto egoixten zen: sail zabal bat egün bakoitx ürrentzen zen; goizan ebakia, arratseko haxe tink sabaian edo artegi berrian mototürik zen. Egün hartan, gizon emazteek, ekitoltzean, lanean erauntsi züen. Orai, arrastiri berantean, ülüntzearen jiteak lüzatzen düakarik, atseden amiñi bat gozatzen züen kanpoko eztitarzünean. Haurrak ere hor ziren, txostakan. algar atzamanka, ez beitzüen biharameneko eskolaren antsiarik, üdako hüsarteak zirelakoz prefosta. Behinkoz ja ahatze züen telebistaren inganioa. Holen ühatsez eta jenteen elestaz beste, deüs ez zen ezagün. Mekanikek, traktürrek beren herotsa sartü züen barrioetan, ixil zauden eta üdüri züan bazterrak, gibelka, urte eta urte hanitx lehen, berriz igan zirela, naiak arrestelüz biribilkatzen eta haxeak bizkarrean karreiatzen zirenean bezala. Ixiltarzün horren erditik, doi doia botz batek aranatzen züan. Potiko gazte bat kantan ari zen eta botzak üdüri züan Ehüjarretako botxeak jo eta, oihana beheiti lerratzen zela, hantik karrikala heltzeko, azkar eta argi. «Santa Grazi» pastoraletik bildürik zen ahaidea. Bertsetek oihükatzen züen herria miragarri eta maitagarri dela behazale ororentako.
Santa Grazi da ene Herria, Uz bakotxik ere üdüria. Ütsütürik deiot so egiten, Ederrena segür edireiten. Hürrün izana gatik han nago, Besterik ez beitüt nahiago. Arrotzek düe kanpoz gozatzen, Eta nik aldiz barnez maitatzen.
Hitz horik bakoitxak berartan erabilten zütüan, orano kanpoan zagolarik, goxotarzünak lüzarazten beitzeion aiharitako tenorea. Eramaiten züntüen airez aire egünko bizitzetik hatsarrekoala, herriaren bazter batetik besteala: ametsaren hegalek antsoat erakarten züntüen. Ametsa, ametsa!... Amets bat zena, ala egia? Horra karrikala ezagün zela marraka itsusi eta lüze bat... Hantik, pe hartarik jiten zela üdüri zükean, Betatü zoalatik. Bazterrak batitsü baziren züala apürtto bat, orai ixiltarzün pezü bat hedatzen zen orotarat, marrakak emaiten züalarik beti ber builtadan. Lazdüra batek herritarrak hartzen zütüan, hatsa llabürtzen zeiena. «Aiei!... bena zer daite ote oihü hori?» Eta haur bat balitz? Bakoitxak bereak bildü zütüan behin, bai eta berritan... Ez, karrikako haürrak oro hor ziren. Ata, ez zen düdarik haur batek izan behar züala: tinkatzen eta itotzen den haur baten boirüa bezalako bat zen. Betatüa da Santa Graziko karrikala heltü beno lehen den larre bat. Hortik igaraiten ziralarik goiti bürüz, lekü basa eta ohila da. Hur eküragiatik elk eta, esküin düzülarik Kakoetako arrolla lütoa, horra Betatü sargian berberean botxe bat, txüt, tzarra, errekala drano jaisten dena: Zeinagia. Hola deitzen da, zeren iragaileak hüilantzean zein atzen beitira. Zergatik? Erronkarriko naban diren Izaba eta Uztarroz herrien artean eraikirik da Santa Anaren txapela bat, Zeinagiaren xüxenean dena. Ene ama zenak, gaineko herritarren ogia etxen etxekitzen beitzüan, hainbestetan hortik ogikara zoana, astean hirutan, bide handia zilatü beno lehen, zion Santa Anaren ohoretan zela egiten. Bena uste düt zeinatzen zirela ere, Betatüak bere historia beitü. Günea patar da eta erreka barna. Zola hortarik züan, düala mente bat, Arbel zenak bizkarrean ekarri Santa Graziko elizako sargiaren harlazea. Lan ederra alabadere gainti batetik, zilo ülün hortarik harri piña horren elkitzea, ifernütik bezala, eta bestetik Jinkoaren etxearen sartzearen zain ezartea. Arbel zena ere zeinatü zen, harria bizkarreala eraiki züanean, debrüaren ohiltzeko, behaztopü gabe hel ledin bere leküan pausatzera. Zihaurk bazanakike zer den Betatüa, hartan sar bazinte arrain zonbaiten ondoan, irurzia karraskaz ari delarik. Karraskaz bai, zeren uste zünüke ordüan, zure üngürüan eta zure aldegainean, botxüak erdiratzen direla eta lehertüko zütüela. Ez dizü balio ere harpe batetan jar zitean, han tximixtek heltübada erre beitzetzakee. Ülüntzean, zure merkaltalgoa eginik eta nonbait berant egonik karrikalat zoazalarik, güne horien ixiltarzüna ürratzen entzün detzakezü, omen, laminak eta belagileak beren lanetan, batak marrakaz, besteak harri pikatzen. Nihaurk, aitortü behar düt, ez düt ihoiz holakorik entzün, bena bai bigabostetan ühainaren oihüak, goseak hortaratürik, bere zilotik jelk eta arrantzüka abiatzen delarik. Ez bada orai, aitzinetik zioen bezala, otsoaren ohülgürik, noiztenka harzkoak ere bere bürfadak erantzüten dütü, kexü beita ez düalakoz haboro han gainti arto bürürik kurruskatzeko. Arren marraka hen entzütean, kales güziek, gizonek eta bereziki emazteek horik oro beren gogoan begiratzen zütüen, ahalke zirelakoz besteer agertzera. Haurrak bai ehiñere lerratzen ziren, zoin haboro, aipatzera hau edo hori, bena üsüago laminak eta belagileak. Oro emeki emeki hortaratü ziren: ez zaitekean izan marraka handi hura lamina edo belagile batena baizik. Zer nahi den, jenteak ez ziren algarri so edo beha egoiten ahal. Zerbaiti lotü behar zen. Egiazki, gero eta gehiago marraka harek güzier bürüala emaiten zeien, eta irauzten zütüan oro. Ordüan, bateek armak hartürik, besteek aldiz makilak, gizonak abiatzen dira ikustera zer izan daitekean. Oro badoatza, ixil ixila edo ahapetik baizik ez mintzo, batere espantü handirik gabe, bena ürrats honean, arauz algar süstatzen beitzüen beren saldoaren gatik ere. Emazteak, ikare daldala, bederazka etxeetara sartü ziren, beretan ari zirelarik zer otean agitüren zen. Haurrak harro ziren, beren aita haizü zelakoz belagile, lamina, herensüge edo nork jakin zoin alimale izigarri bati, bühürtzera eta haren ixilaraztera, atzamaitera edo erhaitera. Nontik jiten ziren marrakak, arroilaren peko gaintitik ala gainekotik, ez zaitekean erran. Gaüko ixiltarzünean, botxe batetik besteala aranatzen züen. Behera bürüz behatzen zirelarik, üdüri zükean gainetik iten zirela; gora bürüz, petik edo beste zoinahi aldetik. Gizonak güneka eküratzen ziren, hobeki entzüteko: deüs egitekorik; hobena zen xüxen jarraikitzea. Ageriko bertan. Eta bazoatzan oro algarreki, bildürik egoitez indar haboro ükeiteko. Aldi hontan, ez züen düdarik: gaineko gaintitik zen heltzen oihüa. Eta oro harat bürüz...Hüilantzenago eta marrakak latzago. Erreka iragan züen eta han, botxe baten aldepean, ahüntz bat etzanik, ixiltü zena hurak hara bait, entzünik izan zela beitzakian orai. Arrastiri hartan, arroilalat jaisten zen papatxean, ezagün izan ziren ihizorak. Agitzen da horik okerrealat doatzala, zeren ihizearen orde ardiaren herexa hartzen düen, eta basahüntzarenaren orde ahüntzarena. Hala izan zen aldi hontan. Ahüntza, basatürik, bere biziaren begiratzeko, batere beldürgabe, jaüzi zen errekalat bürüz. Ez zen lehentze egiten züala, beitzakian non ezar bere aztapar meheak. Bena oraikoan, arauz heltü beharra, bere jauzian, zankoa hautse züan eta marrakaz ari zen güne ohil eta itsusi hartan, heltüra galtoz. Pilta txarrean ediren züen gizonek. Gaixoa, hoier bürüz egoiten zen sohikika, begiak altxatürik zütüalarik, hainbeste nigar egin ondoan. Txorta zonbait orano lerratzen zeion mütürra gainti bere südür xiloen bustatzeraari. Batek eztiki bizkarreala arintü eta eraman züan Gregori bere nausiari. Heltzean, «mee» ikare apal bat egin zeion. Haren ahüntz bakoitxa zen. Eznea emaiten zeion, ügari, eta zer eznea! Gain lodi bat egiten zeion untzian. Maite maitea züan; «Begigorria» deitzen züan. Ezkaratzean, iratzezko iraurgei beroan, antolatürik zeion bere xoko berezia. Berberak baratü zirelarik, Gregoriri begietarik lürreala erori zeion bi muzilla tzapasta. Biak Gregori eta ahüintza, bürüz bürü zauden, algarri so. Ez züen ele beharrrik algar entzüteko. Gregori elki zen; adar puxka bat hartü züan, arrailtü, eta biga edo hiru eskail mehatü züan. Bide bazterrean, süharrosto bat bildü züan. Gero, baldean goititürik züan lioihaletik zerrenda bat ürratü züan, eta, milgorrez, ünpürü olioz eta izei izerdiz berak adelatü gantzükailü bat hartü. Hau süharrostoan hedatu züan. Minik egin gabe, ahüntzari zankoa xüxentü zeion eta, bere aitaganik ikasi bezala, herskailü batez üngüratü zeion. Sendotü zen ahüntza. Batere txainkü krakarik gabe, aitzinetik bezain arinki, botxeak gainti jauzten zen. Gregorik, egünaren lüzean, jarraikitzen zütüan haren harahonakak, ihizorik hüilant ez lekionari «Begigorria» urte hanitx eta hanitx bizi izan zen eta Gregori bere nausiari eznea orano hobeago eman zeion.
Basabürüko ipuinak |