Orbaibar
GOGOANEKO EZPAL BERRETUAK
1.
Odol-igeltsuzko eraikin sukarretan errauskizunak besterik ez bagara, zer zentzu du geure baitan sarekaturik, nahaspilduraz lits-urraturik bizitzeak?
Ezin bizi ote gintezke ez-iraunkortasun horretaz jabeturik garen izakerarekiko adosago?
Baina horretarako jakin egin behar zer-nolakoa den izakera hori; areago, eta errotikago, zer den dena-delako «da» edo izate hori: azken finean, horretan baitatza Dena. bilioika milioi gizakik bere buruari eta inguruari hizkuntza eta are orotan eginiko galdera bera, baina: aiher naiz, alfer naiz, lotsa naiz, ahalge naiz, ez dut uste zera, alegia galdetzeko gogorik ere duda... nik... (Ene, aharrausia: asperra ala gosia, esaera zahar zuhurrak dioenez: Noan sukaldera, antxoa oliotako otartekoa jango dut: ala txorizozkoa hobe?...Ez dakit: aukeratu beharra omen existentziaren libertatearen fun ...tsa..., ai ene)
2.
«Ergela, ergel halakoa, pare bat boutade galaniosorekin arazorik larriena kitatuko dualakoan bahago» jaukikatu dit ene baitako ia Batzar Osoak Aditu Nekagaitzarengandik hasi eta Zirtolari Axalekoarenganaino, oso jende serioa baita ene baratze ez-garden honetakoa: serioegia, zurrunegia, hain zuzen eta hain oker ere...
Ez lukete, baina, zer harriturik eta are gutxiago zertan eskandalizaturik.
Ahantzi al zaie, ahaztu al zaigu aspaldiko eta benetako doinu zahar eta edozein esames kalakari baino askoz ere zuhurrago haien durundia? ... ... ... Urteak joan-urteak etorri, noizbait aurkitu-edo eta sekula gogotik ezabatuko ez zitzaizkigula uste izandako zenbat aurkikunde ohi datza gure liburu eta koaderno lizunduetan ehortzirik.
La banalité quotidienne: hori da gure ia-dena, euskal telebistako ohiko magazine nahiz megazineak baino oihesagoa (edo derragun: cutre-agoa) da gure egunerokotasuna, izateraino iritsi gabe baikaude izatera behartuak denok, hemen eta munduan.
Etenda gaude iturburuetatik. Umilki, beraz, nahiz eta jokabide estupidoa izan, noan, bai, sukaldera: antxoatakoa prestatuko dut, euskal letretan lata horiek koipe-lustre ospetsua bai baitute erdi-etsia honezkero.On degidala.
3.
Azken finean, oso ongi baitakit ene belaunaldiko beste askoren antzera zer naizen ni ere hondar-hizkuntza honetako hondarkin hizkin-mizkin idazkinau kontzientzi korrontearen dogmaren kume neofito bat. Barne-bakarrizketen esklabo.
Ene baitako kristal hautsien zatikiek eragindako zaurien inguruan vudu-festa huts bat edo beste antolatzen besterik ez dakiena.
(Hunkigarria baldin bazait ere —izango ez zait, bada, hunkigarri—, ene baitan uneotan garrasika, ia erdi-negarrez, ari zaidan Talaiari Ekurugaitzaren ahotsa: ez etsitzeko diost, Maiakovsky tabernaren mostradoretik eupadaka, edo Bukovsky ote zen, Ametsen Gaina ez galtzeko nolanahi ere, harako harresi hura duela hamaika urte eraitsi zuten arren: zorrotz bezain gozo ari zait, bihotz-burutsuki, ciofarlá esanez, belarrira ere xuxurlatuz, our day will come, lagun, egun-argituko duk Aurora berriro, ekingo ziok kainonazoka ostera, berreskuratuko dizkiagu neguko jauregi harrotuak, mara-maratuko gaituk robespierre burugabetu ororen gainera, ez etsi, othoi, arren, baga luze ahaltsua duk iraultza,tsunami erraldoia, eta ez hire garaiko kromo nouvelle vague infame hura, edota haren epigonoxkak, hau auzo langilea duk, egia diotsaat, ez hazatela itxurek engaina, jende gehiena nazional-futbolismoaz gaixorik egon arren, ilintiak ez dituk itzali halere, eta ciofarlá, gaelikoa ordea aspaldi duk hila, klinikoki hila, kinikoki zendua, gure euskara baino ere are gehiago, desnazionalizatu gaitiztek de facto, baina ez gogoz, ez nahikariz, mintza hadi beti, arren, egiaren alde, santoraleko santu guztiak porrontxotuz, lohi-olatik gora beti ere, hire erdigune burges apez-kondotar horretatik honantz, ibaitik honantz, hire baratze hau ere gure auzoan zagok eta, ez ahaztu, arren, gladystu itzak atzera hire kontsolamendu giristinoak, utzi lanturuak, utzi erromesaldiak, eutsi egiari, ez bekik herdoil hire baitako hatsa, ezkila erdi-lizun heurea, ibarrera ez,auzora irten gaitezen,hertsi diguten arren baratze ondoko tabacalera ere, kaleratu ditiztek beharginak, panem badiagu baina circenseak anoetara eraman, hire auzo burges arroztu horretara, mintza hadi, othoi, baina geroa ere izanen den atzoko eran, ulertzen diagu nekea, gu ere etsipenez mozkortzen gaituk arrail asteburu-ero, baina behar ditiagu cioforlá hitzak, ez huts egin, arren, betikoak betiko nagusi daitezen ez utzi, betiko espetxean eduki gaitzaten...)
4.
Ezin, baina, utzi alde batera eta behin betiko erromesaldiok ad Deum qui laetificabat (et terrebat) iuventutem meam, ez baikara bi mendetako —mende berria hasi berria izan arren— eta horrexegatik dihardut hemen gong-jardunean ostera ere, gogozkoago nukeen arren beharbada gogogabetasunezko axolagabezia xaloa, baina ez ninduten horrela hezi, eta honezkero alferrik izango da noski alda-bortxatzen ahalegintzea, berez doana zertan behartu? aspaldi ikasia baitut beste maisu batengandik
zeren eta nik ere iduleztara jarri nahi bainuke buru hau, Gandiaga, eragon deragoidan zaldiko-maldiko birakari zorabiozkoa behingoz eten dadin, eta gure artean hain ohiko diren kultur marketin nekrofiloak gorroto ditudan arren —ustez bederen—, berriro diarabiltzut gogoan Athos mendi sagaratuan antolatu zizuten omenaldi handios hartako gomuta eta haren kariaz neure kautan idatzi nuena: zeren eta neuk ere zurearen antzeko elorri-lorrak zor ditudala uste baitut elorri bertsuaren inguruan nabilela beti zor-zor liztor temoso burrunbatsu, betiko ene hegada-kera zurea ez bezela- ko astun honetan, adigalkor, sor-gor, barreiakor hitzak berbatzeko ahalegin amaiezin tirandurazkoan, hots behialako gogo-jardunak gogoan, gogo jardunerako gogoeta-bide, ispilu edo islagailu bide bila, gogo-hausnarketan edo, nahiz eta hain bitxia izan gure metafora neolitiko kurioso hori, hain artzain-plegu apalekoa, agian re-flexio latinoa baino aiutuagoa gure lantegi honetarako, zergatik ez, hala uste dizut nik behintzat, erre-flexioak errauts bilakarazten baitu, liserigaitz eta goitikagarri, hausnargai xume den gogo-mendebeldar-ahia, ez dakit ados ote zeundekeen ene iritzi honekin— hilekin mintzatzeko ohitura oihes hau gaindiezina baitugu munduko animalia rumianteenak—, bai baitakit usadiozko konbentzionalismoetatik harantz, ezin izango dudala zurekin elkarrizketarik egin, zure hitzak liburuetan bizirik gorde diren arren, eta nolabait —nolobait deitzen badiogu akordu huts beteari— baita gure ingurune honetako paisaia karstiko udaminezko honetan ere...
Arantzazuko zure gotorleku sakratuan, nora berriro etorri naizen erromes, hain ezpal- diko partez.,.
Aspaldi gelditua baita iraungirik zure deiadar amaiar hura: «Ibarrera, azkar ibarrera, denak ibarrera: itotzen ari bait da euskaldun arima»
epetik at, fosildurik, zure apostolu oteitzarren oihu harrituen gisa.
Aspalditxo urpekatu baikintuen maelstromak, itsas ikara erraldoiak mendean hartutako Atlantida arlote bat besterilk ez gu urpeka(ta)riok, aurri gorbelduetan barrena nola-hala igerian ikasiak izanik ere, igel-gizaki urlurtar arraunean azaleratzen garen aldi gero eta bakanagoetan eta iraunean gehienbat urpean zizare, birikak ohitu egiten baitira kataklismo ezinbestekoetara, ez pentsa, nahiz eta asko eta asko ahaleginean ito diren, jakin ere gabetanik garbi dordoka ala izurde zer ote garen, ugaztun kontzientzia erabat atzendu ez bazaigu ere, baina agian lehenagotik ginen arrain, edo saurio, edo pterodaktilo, txantxarik gabe esanda, airerako ere gauza baikinen: dena dela aspaldi oso aspaldi...hizkuntza trakets hilzoriko endemiko hau eutaniasatzen inori utziko ez diogun arren, horretan zaude lasai, Gandiaga, gurpil-aulkitxoan ezindua bada ere, zainduko dugu, elikatuko dugu, amoltsuki jasanen ditugu dituen lapsus aldiz irrigarri aldez amorragarriok, ezkatak ere sortu bait- zaizkigu behinola larmintz leun izanda- koetan, baina hori ez, Bitoriano, ezin gaituzu ibarrera joan, ibarrean gaude, ibarrean diraugu.
Orbaibar |