Orbaibar
EGONARRI SUKARTSUA
1.
Ene baitako altzariak zeinu isilez albaintzen ohi diharduzun itzal moduko hori, zirkulu zentrokidetan barna beti gogoeta-hausnar-etenka ohi narabilazuna:
Zu zaitut, ala? ... ... ... Ez dizut ongi etorririk opa, bixitzau jatan leguna, baina zatozkeenean nola ote nagokeen, horrek kezkatzen nau gehiena, eta zure etorreraren nolakoak ere bai, noski. (Oso ongi ditut ulertzen-eta katolikoon errezuak, nunc et in hora)
2.
Bil nadin arnasara, nolanahi ere den:
Erne. Begira. Hats. Huts. Hats huts. Hutsaren hats hartzea. Besterik zer? Zurrunbiloa kaosa Ikasi beharko larriduratik honantz arnasa hartzen. Beharbada ez da dirudien bezain alferrikakoa. Hitz-hausnar hauskara. Isiltasunaren xuxurla. Ez du inork erraza denik esan. Bizitza bete saialdi bazik. Oinazea haustea, hots, hustea.
Agian.Arnasarekin batera begirada ere zaharberri liteke.
3.
Errepara diezaiodan, beraz, arrastiriak suturiko hostailari galsoro larrainduen distira geldoari hainbat belaunaldiren izerdien izardiari...
(Larrazken erraten ote zioten udazkenari duela berrehun urte Orbaibar bazter honetan?)
(Beharbada. Ez baitzen oso apartekoa, nahiz eta bai aspaldiagokoa, Joan de Amendux hura: Nigar begi bapederak bere aldias oroiturik, 1567 urtean,Tafallakoa omen)
... ... ...
Horra, baina: bost minutuz ere ezin eutsi izan diot begiespen hutsari, liburu-zita(I)etara gabe: amor fati, barre ere begi ene begiak azken belaunaldi liburujaleko kidea naizelako harrotasunez.
4.
Aldatzear da eguraldia.
Ihesean dabil tximeleta, euri-mehatxukor zerua ageri. Makalen abaroan ur-murmurio etena, laster zurrunbiloz ozengai. Ene larria lo datza hurbil den ekaitzari soraio.
... ... ...
Heldu da euritea hosto mardulegien isiltasun horiztatua mezulari. Nagitasun bihurtu da arestiko (hain arestiko ere!) narotasun hutsala.
... ... ...
Ziri-zara. Euria ari du, Zirri-zarra, Isila nigan. Mintzo oro lozorroan. Ziri-zara. Ziri zaidana orain bare.
Gereziondo erantziak begi aurrean: haizeak daramatza hegan aleak euri lerdenaz blaitzen ari makalak erreka-erreten apalean. Maite dut isil-bazter naro hau. Olleta. Orbaibar Valdorba. Nafarroa. Agramondar setiatuen istorio zaharrak elestatzen dituzte ametz egartsu aseek.
Orbaibar |