Orbaibar
RAPSODIATIK HONANTZA-EDO
Ongi dago esana, Baina Nerudatarrez. Eta ez da aski. Bila nabilen larritasunezko bake eta etsipenezko egonarriaren uberan erlantzik ez. Irrits agian gordinegia, egartsuegia agian, nere-udazken honena. Agian-tasuna lapurtarrez ulerturik, hots, beharbada-tasun gipuzkoarretik franko harantzago, edo honantzago, tasunak sarriegi bihurtzen baitira lika likits askaezin gure desioen bulko berretuen poderioan. Bego esana. Baina betor izana. Niketz erasana.
ENE BAITAKO ERROMES OHARKABEARI AHOLKU:
Araztegia behar du poesiaren lantegiak. Hitzaren gardentasunaren bila. Metafora-pilaketa obtusoa baino areagoko zerbait. Dobla eta fini kalakak. Izan bitez poemak pondo-harrien gisakoak, ura ahalik eta gutxien uhertuko dutenak, uhin-ikara sor badezate ere.
1.
Min ematen, ordea, norbere baitako oroi-kantoletara begiratzeak Amiantozko jantziek apenas balio izaten holakoetan Orduan ekin ohi diogu hildakoekin balizko elkarrizketa laudoriozkoak antolatzeari —konbentzionalismo aski oihesa den arren— herio-ondoko panegirikoz ok egiterainoko Ok-Zitalia izeneko ghetto galantean bizi baikara euskaldun-edo diraugunok.
Gandiaga, Bitoriano, of course, jakina, nola ez, ..
«Ikusten dotanak/ ixpilu gura ninduke/ edo ta erantzun/ Sentitzen dotanak/ hitzen hegoak eskatzen deustaz/ ta,haien truke,/ lasaipide bat emon/ Eta erantzunak irudia ukatzen deust/ eta hitzek,/ alde egiten deuste/ behar dotazanean»
eta parkatuko ahal deustazu zeure berbak horren txarto berbaturik imini izana, izan bere holantxe, etzunda, tarteko marra taketa legezko horreikaz, ez dabe-ta zeureak diranik bere emoten, baina izan, badira, zeureak eta neureak bere bai, ardura ez badeutsu, tresna barri honeik horixe daukee-eta onura: sorginen modura, batzuetan eurak bakarrik idatzi daroezala berbeak, gu geu saguagaz olgetan gabizan bitartean, ordena- gailuan geure gogoa orden- etan,eta idatzi bere, nox «edari samin, minkotx, otsitu eta errai guztiak irabildutekoak gatxa ezagutu baga abespeluan, urten dogianak urten dagiala» lako berbeak, zure eta nire maisu Peru Abarkak inoenez, nox ostera bere gozo, zuk zeuk zoragarriro dinozun legez: «Begian jaio zan. Nire eskuak ez eutsan ikutu sekulan. Iruntz-tanta bat zan okaran baltzean. Begian jaio zan.»
Laster idatziko dira, baina,Word-ek berbea zeharo jaten ez badu behintzat,estekadun poema webikoak, www. wide world whining, pentsa egizu: Ume Erostari izeneko hitz-sintagma sintomatiko bat ezarten dozula makinean eta berorretan eskutxo bat iminten, eta eskutxo hori saguagaz sakatzea erabagitzen dozula, link-beterik basoa: hortxe izango dituzu, berehala, uxoldean, ume-planta horregaz zer ikusia daben berbaketa guztiak, tobogan batean legez, pantailaz pantaila ekranik ekran, ziber-ernetikoki sareen sarean harrapatuak...
Eskerrak zu horretatik dagoeneko jaregin zaren, Gandiaga, zorionak.
2.
Bere mamuen begi karroinduei so egiteko ausardia duenak bere buruaz barre ere egin baitezake, «ahal-gará»ka egin ere, Pessoak, gizabanako mende-baldar norbere-zilborzale zilborjalearen poeta paradigmatiko zoragarri hark tarteka egin ohi zuenez (non eta ironiatzat hartzen ez dugun berez etsimendu zena):
«Kontaktuari itzuri eginez, isolatuz, sentiberatasuna gorbiztu besterik ez da egiten. Hots: huts egin dut ihes-metodoa.Itzulinguru deseroso baten bidez egin dut ihes, nengoen toki berera itzultzeko, ordea; bizitzearen berezko sarrakioari, orain, alfer-bidaiaren nekea erantsi behar.»
3.
Aitor dut deblauki sarritan zuela arrazoi XX. mendeko mendetarron ele(eder)dun paradigmatiko hark:
Koldarrak gara. Hantusteak gara. Dohakabeak gara. Eta dohakabeak garelako gara hantuste. Eta hantusteak garelako gara koldar. Eta horrela ad fnitum. Palindromo kirrinkari hutsak: hasi ala buka, atzekoz aurrera zein alderantziz, autoerrukior urrikalgarri bezain edozein unetan ankerki lehergarriak nonbait Pauloven zakurrak baino ere lobotomizatuagoak iragarki subliminal iragazien be(g)irazko beita nazionalfutbolismoaren edota edozein asperduraren aurkako zeinahi antidotoren eraginez —erudizioa ere barne—
... ... ... (kultura ere barne? poesia ere barne? maiuskulaz idatzi behar al dira hitz hauek oraindik?)
4.
Azken batean, aterpe egokia izan daiteke poesia mendekoi-baldar arruntontzat, zergatik ez? Honetan ere arrazoi, gure Arestik bezala, otsein ezainaren jaka-idun almidoizkoa poetaren samaren gainean airoski ohi zeraman Lisboako kontalari-poetak:
«Haserrea indartsuentzat, etsimena prestuentzat, isiltasuna handien- tzat. Eta ni ez naiz ez indartsu, ez prestu, ez handi. Sufritu eta amets egiten dut, Kexatzen naiz ahula naizelako, eta, artista naizelako, neure intziriak musikalki ehuntzen entretenitzen naiz eta neure ametsak ongi deritzodan moduan ontolatzen»
5.
Ahal izanez gero. Ghettoan ere ezin izaten baita zenbaitetan, Hain urrun izan arren poesia etorkizunez ernalduriko arma omen zeneko gaur histrioniko derizkiegun garai arestiar (bai, arestiar) historiko haiek. Bizio pribatutzat ere susmagarri bihurtzen hasia baita poesia dagoeneko ostera ere.
Ezin antzemanik nago jazarpen horren arrazoia zein izan ote daitekeen.
Noizdanik da animalia arriskutsua agintarientzat bitxikeria ulergaitzak besterik idazten ez dakien poeta-edo dena delako hiri-txakur domesti-katua? Edo, agian, ez da hain ezteusa izanen norberaren eta munduaren (edo norbera-munduari-lotuaren) errealitateari apur batean bederen zuzenean, geure kabuz eta geure baitako isiltasun apaletik so egitea.
Gauzei berriro zabaltzea, alegia.
Orbaibar |