Orbaibar
ORBAIBAR OSTERA GOGARTE
1.
Nitaz landako landa-oihanak alfer-solas eneatar barreiatuen mingostasunaren ordez, beraz. Desiren azal hezeez eta sentsazioen hondakin papurtuez mundu paraleloak eraikitzea: horratx, beraz, Helburua (bai ote?) Eta munduok zenbat eta birtualki ez-bertutetsuagoak izan, hainbat hobe gainera, nonbait, uneko kanon poetikoek hala agintzen baitute.
Edestea omen benetako poetika, hitz alferren alferrikako edertze hau baino jarduera askoz ere osasuntsuagoa inondik ere, eta dudarik gabe —hala diote, eta nik sinetsi ere bai behar baino maizago— mesedegarriagoa alde handiz norbere hazkure zaharren gaineko hatz- eta hitz-jardun errepikatua baino.
Hala ote da, baina, zinez?
... ... ... ... ... ...
Ez.Ezein nobelak.Ezein saiakerak.Ezein erlijiok ezin izango du inoiz sendatu Pessoaren hitz dardartioi darien hauskortasun minbera:
«Eta, nire inguruan, arrastiri ezezagun guztiek urreztatzen dituz- te, hiltzean, inoiz ikusiko ez ditudan paisaiak»
«Nire arimaren hondo beltzean, ikustezin, hainbat indar ezeza- gunek ziharduten gudukan, nire izatea zoru, eta ni neu osorik dar dar, gatazka ezezagunean.»
2.
Lantegi korapilatsua, bistan da. Ahots bakarrera errendiaraztea gure baitako estatua-itzal berbarotar apetatsuok: hor dihardu berriro, esaterako, ene Zirtolari-Txerpolariak poesia fantasia omen dela kalaka, ohi dituen hitz-joko ergelak eginez: Ito-Hitz omen nire poesia, porlanezko harresi gangarra eta abar. Gazte-koodrila hari deitu beharko niokeela esateraino ere ausartu ez zait, ba: kableak moz diezazkidaten (sic!)
«Hoa,Txerpolari» —esan behar izan diot azkenean— mila esker, baina hoa hire pheridikiekin türken oholean behera, ez sumin, ez ernegu, ez haserre, asperturik baizik, arras aharrausika, besterik gabe.
Gezurra baitirudi hitzen luze-labur-sakonean trebatua behar lukeen edonor oraino ere poesiaren habia nahigabean datzala jabetu ez izanak.
3.
Nahigabea. Kezka. Egonezina. Ezinegona. Ahalegina. Eginahala. «Pentsaera argia, genetikoki, kontzientzian zuzendutako fantasma» omen, diraust orain ene Aditu Nekagaitz leial bezain aspergarriak «errealaren datuekiko erkapena egin ondoren» erantsiz. Zer ote, baina, erreala, nazionalfutbolismoaren txiste txarretatik harantza? Eta zer axola hori niri, edonori, baldin ustez hurbilen duguna zinez urrunen zaiguna bazaigu-badugu, hots, gu geu?
Zelako lizun-usaina darion ezinbestean, aspaldi handi honetan «Gnothi seauton» orori!: geure barrua ikertzen uzten ez didatelakoa (bestek) egia baita, baina egiaren erdia bakarrik.
Beste erdia nigan datza. Nire beldurrean, zehazki. Zer ezagutu behar dut? Ni neu, aurrena? Zer naiz ni, baina, gomuta gormutuen borbortegia eta ehundaka irudiren kliskada kateatuen zorabioa besterik?
Zernahi emango genuke eta ematen dugu eguneroko arruntasunaren baitan larritasunezko nahigabe honi ihes egitearren.
4.
Hainbeste paper zahar, hainbeste liburu, hainbeste bitakora-kaiera handinahitsu, eta ezerk eragozten ez niri une jakin-ezjakin honetako aztoramendu arnaspeitu hau, ezinegon mehezko amaraun berretu hau: ... ... ... (Ez dakit, ez dakusat, ez dantzut, ez dusnat, ez dastat, ez dikut, ez digogot: aski da)
Nahigabea. Baten bat izatekotan, horixe bai hitz definiezina gure hizkuntzak. Mugaezina.
Bachelard-ek esana da, nik uste: «La poésie est un examen d'inconscience» zeinen hitz aiutua gure «nahigabea»a («guek iziotu dugu, guek aiutu ez dugu») poesia ororen eta pessoa guztien abiapunturik samurrenaren adierazgarri. Zeren, baldin poesiaren gakoa gure baitako oldargai obsesiboen errepikapen nahigabea bada, zein ote nahigabearen iturburu? Nahia ote? Nahikundea?
5.
Gure barren-baratze hau, Lau kantoiko esparru huts. Edo, agian, ezker-paretako frontoi umel: porlana zoru, zerua sabai, besteren soa eskuin-marra, eta ezaupide lausoa jokaleku, jakin ezinik inoiz non dagikeen pilotak hurren punpa.
Baina demagun Gaston Bachelard hark arrazoi zuela: gogogabetasun-jarduna behar du poesiak.
Beraz, gogo-jardunik ez: aski egina dugu halakorik lohi-olatar kumeok (besterik ez baikara, lehenago ere esana naiz, ondamuaren harra barne-muine- taraino itsatsia daramagun euska-tolikook nahiz ohiok) bai bailiteke poesia errealitatearen islada ez izatea, irla erre baten bristada soila baizik, gure baitako Zirtolari-Txerpolariak liokeenez...
Dena den, ez da hitz-kontua. Ezta joskera-kontua ere. ikuskaritasuna da. Gure mendebaldar kontzeptu zihatu baldartuon bir-fundizioa. Nola egin hori, ordea. Ezin.
Zer egin genezake honako hau ezik: Sant Elmo suaren gisa baga beltz atergabeen gainean hitz-ontziaren uberan tarteka izarniatzen diren ardora eta erlantzei begiratzea, hainbat arbaso langile presturen lanbide begirunetsuaren ildotik.
6.
Zutik baitirau bere urratuan ere bizi-zantzuen barne-oihal oihanduak goi-gangako bi argiguneotarantz erne bere lausoan bada ere. Haizu ez izaki haizea hesiz galgatzea, non hezur hezezko xirula-xuxurla bilakarazten ez dugun.
Hilartitzak zenbat eta lakonikoagoak hobe izaten baitira.
Orbaibar |