Orbaibar
RAPSODIA ITSASMENDITAR BAT
1.
Hainbeste ate eta kalez aserik hara noa han galdu gabearen bila nire baitako estatua eraikiak, aletuak, zirkulu hertsian itsasoak ez bestek ikus ditzan. Haiek berreskuratu, haiek berreraiki behar baitítut neure etxe iraungian. (P. Neruda)
Erre-kapitulazioaren tenore ostera mintzagune bakar bila ahots erre-belatuen gainetik marmar marmalotu melatu berbera atzera berriro errai-muinetako aiuri temoso orotara link-estekatua behin eta berriro da capo hizkuntza arre nabar baldar apetatsu baten zein baino zein ulertezinagoko letania lelotuen ildoari segika Atsekabe benazkoan atsegin ustezkoa. Poesia, dena den. Errepikapen erresuminen erresuma hisikatu iraule irulea. Enegarrenez. Plazerra eta beronen arbuioa beti auzigai noizbehinkako haratuzte hauetan haragi-uzte etimologikotik harantzagoko haragi-uste hiperbolikotan ibili arren: gurari gordinen eta arnasa bareen berba- tzeleku bila, nolanahi ere edo inola-nahi-ezta ere. Poesia, omen.
2.
Barne-maizter zaituztedan estatua harro-etsiok: beldur natzaizue, abegikor bezainbat, hain luzaroko nabastarrez Diosala zuei, Moaï hieratikook, idolo anker egonarri gotorrezko sanson-harri mehatxu mutu finkozko totem zurrun baina usterik gutxienean maskor marrumatien oskol urguri bihurtzen ere badakizuenok, hitz bakar baten araoz bihurtu ere sarritan, dela amoltsu dela suminkor hitza, baina hitza hitz beti ere: ailitz samur gurean gaurkoz, unerako behar dugun ukendu.
Izan ere...
«agian estatua maskorra baita, marmolezko oskola, brontze edo harrizkoa, joan egin zen animalia zauritu batena, kondar izoztu bat utziz, keinu bat, higidura higigaitz bat, arima-kondo bat»
Gaur itsasotik urrun dagoen arren, itsaspe izana baita Orbaibar hau ere. Ba omen da bazterrotan hamaika fosil baliotsu orogenesia behialakoaren testigu.
Itsaso lehortu honetan. Ibar alderantzitu honetan.
Hizkuntza ere ote den duda daitekeen eleanizkera honetan.
3.
Halakoxea baita nire ele hau: hitz zabukaria, laino artean osten-agerian isil-zaratatsua, zamaontzi urrunen baten sirena-ulu marrantatua tarteka, buia argi etenkariduna ala izotz-mendi erraldoiren baten erpin hotza ote den inoiz ez dakidana: argibide ala amets edo hainbatean biak batera eta ez bat eta ez beste.
Zor natzaio, ordea, eta banarraikio ahal bezainbat: agian noizbait Olandres Errebelatuaren ontziaren bizkarrera salto egin ahal izateko itxaropen ia ezabatua agian berpiz daitekeelakoan agian inoiz zeharo galdu gabea ere izaki beharbada.
Orbaibar |