Orbaibar
GOGOANEKO EZPAL SAKABANATUAK
1.
Neuk ere ikusi nuen umetan Harrotasun Beheitituaren Hilerriko Estatua Uhertuen so harritua.
Baita han urrunean itsaso oroahaltsu orohedatuan barrena hainbat arrasto irisatu argitan dizdizari ere, ezin esanezko izen sagaratu aurtemehin ondikotz gure burmuin soilduetara koroa jadanik jadetsezinezko petalo irradatuak murtxikatzean ere otoitz urikaldu urrikalgarri bihurkoi, barne-hustutako moluskoen maskor huts iduri hondartza-bazterretan.
Goroldio nonahitarrez estalirik lizun usaina baitario baratze behinola naro orain zaharminduari, eta higatua da estatuen kare-harria, ozta-ozta dira sudur eta hazpegi igargarri ninfa jolastien keinu irriskoiak eta apaburuen bazka dautza urmaelean gaztain-oskol eta intxaur-hostro horituak asekuntza okaztagarriaren sunda hortz-hagindura ausiabartuan, ..
2.
Et-et-et: eten dezagun, baina, jardun hau. Ezagunegia baita horrek darakuskigun ezinbestetasuna: ni-sortu,
gu-bizi,
ni-hiltzen gara.
Nihil humanum alienum puto (putas, putare, putavi, putatum): jesus-maria-eta jose iharrosten zitzaidan arima-hondoa latin aditz noble alabaina zizkolatsu iruditzen zitzaidanaren erroak ahoskatzean, Eliza Ama Santaren —benetakoaren hiperbole hiperkatolikoaren— altzoan netzalarik, artean gazteńo, artean zimel...
Alfer-solasik ez, othoi. Noan, hoa, goazen bestetara, bada -eta zer jorratua, eta setari non jarraitua
3.
Ene Baitako Aditu Nekagaitzaren eta Talaiari Ekurugaitzaren arteko enegarren autu-talka dantzut, batak besteari eta besteak batari tankera zakar ahakartian hamaika destaina bidegabe egozten diotela (isilarazi beharko ditut biak, eta gainerako ene-estatua bikiak, gure Parlamentua disolbatzeko mehatxupean beti ere),
eta honelatsu mintzatu zaigu —Nekagaitz ospea oso atsegin izan arren— hala ere maizegi arrenguratu ohi den Aditu zinkulintsua:
«Petrolio-eremu murritzotan banabilazu aspaldi prospekzio inspekzio introsprekziotan: baina ur lokaztua jalgitzen gehienbat hodi-dorre herdoildu-koipeztuotatik eta eskuak zikin dauzkat eta aurpegia eta besoak eta lan-buzoa graka beltzez basiturik»
«Eta?» —ihardetsi dio berehala gure baitako Talaiari Ekurugaitz, hots, Erretxinduak— «Poesiaren helburua zauriak sendatzea delakoan, oraindik? Asmo itxuraz tatxarik gabeko horren azpian ezkutatzen den mixeria zuria (miseriari sekula ez baitiot gorria deituko) ederretsiko dizugulakoan? Oker zaude, ba.Oso. Eneatarrok zauria eta guzti dakigu bizitzaz gozatzen eta zilborretik harantz auzoari begiratzen, horratx»
4.
Eta abar. Beti kalapita bera gure Eneak, gure Uliserekin etengabe tupustean: Troiakoan elkarren etsai izanak, bata garaile, bes- tea garaitu, baina biak galdurik, biak itsasoan jitoan baitabiltza, itsasartez eta itsas hegiz. Itaka helburu bigarrenak, eta Laziora iritsi omen lehena, inperio guztiek halabeharrezko patu deitu izan baitiote beti beren historiari, «arma virumque cano/ Troiae qui primus profugus fato/ Laviniaque venit»....
Zentza nadin, baina. Itzul beharrera. Han- hemenkako ezpal sakabanatuok lantzera.
5.
Sentimendu guztien taxonomia zu jaio baino hamaika mende lehenago egina dute poetek, baina zuk zeuk taxo- hori zeure baitako
ergo- bihur dezazun arte, deus ez da existitzen, z ehazki eta egiazki: deus ez.
Zeure gabetasunaz jabe zaitezen arte biologikoki bizi baitzara soilik.
(«Ba ote bestelako bizitzarik, bada?»— ttu-galda dezakezu sarkasmoz, baina alferrik engainatuko duzu zeure burua behin berriro, ondo baino hobeto baitakizu erantzuna zein den bere lanbroan badaere),
6.
Asaldatuko zaren arren behin baino gehiagotan erromes zabiltzalarik gogo-jardunak gogoan beazunezko ahia ezpainetan, honelako «avant propos» mingotsak idazteraino:
«Inazio Lohi-Olak besterik ez baikara azken eta lehen finean geure buruaren eta geure herriaren buru-herri-mespretxua barne-muinetaraino sartua zahartua, ekitaldi mendeurrenkariotan zuri araoka dihardugun arren: mutu diraust neuri ere harri zurtuak neu ere 'barrutik ebagi naroela' isilaren ez-bareak, ezin-egonaren sorbatzak hain zuzen ere hain zuzen haztamukatu baitzenuen zuk gure kare-harri honen higadura-zantzu higidura-zentzuz itzulikatua, eta hain zorrotz igerri ere, hitzaren aieruzko bul- kadaz, norainotuko ginen, Gandiaga, gure buru-suntsipenaren bidegurutze guruzbidetuan.
Harria hitz egin baitzen, baina ez baitzuen gurean habitatu.
Huts egin dugu: mamitu da teoria oteitzarra, kanta dezagun alleluia zahar-karstikoa».
7.
Edo itsas hegira itzultzen, begiespen harrituz honelakoak «post-it» eratzera:
«Marinel langabetuak, arribadan etxeratuak etxean etsi-ezinak, eta mozkor-arraildurik galdezka:
'Egia ote apaizen mende hobe genukeela?'
Moila-puntan hodeiertzera beha beha eta beha egonean marinel dranbalatu tirabiratu amorratzeko ere baino beratuagoak baporea noiz egertuko zain baporea edo agian lanbro artetik antigualeko bergantin oihal-oihandun haietariko bat... Ezin jakin zeren.»
8.
Edo bai. Egonarri sukartsua behar —ardente patience, Rimbaud dixit— hitzen artean noizbehinka soilik sortzen den isilune txundituzko une bakar lipar bizar lizar ozar horrek berak berez balio baitu berba-jariozko bizitza osoko kalakaldi guztiek baino ezin esan-ahal harantzago.
Bitartean, begira diezaiedan ez-goibel ez-arrai baina bai ahalik erneen aurrean ditudan une-guneei. Dena dena da, beharbada huts-sarea, beharbada talka-eremua, baina den hori da dena. degiodan amoltsuki men.
9.
Zenbaitetan lozorrotasuna hain desiragarria izan arren: deus gertatzen ez den egunak, horiek bai gogoko, horiek bai atsegin-sortzaile, oharmen-adimen-ahalmen ahalke ororen ukatzaile den gure ni biziraulearen altxamendu benetan gandhitar hori: hementxe gaude eta hauxe gara, badugu hemen egon eta hau izateko eskubidea.
Orbaibarreko makal gangar horiei begira, neu ere makal sentitzen, eta gangar noski, eta nagi noskiago, baina beharrik, ez damurik.
Arrazoi zuten zaharrek locus amoenus beatus ille eta ondikotz topikotzat jarauntsi ditugun zuhurtzia horaziotar haiek guztiak goraipatzean.
10.
Hondakinen kearen keruaz gogait, errauts hilen eta hilen hautsez minbera, gure baitako —inguruko— nonahiko zorigaitzaren ereserkiaren nota goren horiek aditu ordez, landare bat nahi nuke izan hainbatetan, gogamenaren, zirrararen, ekimenaren, sentieraren horren guztiaren ezaren plazerra dastatzearren.
Ezin, baina. Edo bakan oso. Gizakia izaki.
Orbaibar |