Orbaibar
HAUR-ZINKURIN ESETSIAK
«Non dago izan nintzen haurra, nire baitan ote darrai ala aldegina ote? Ba al daki inoiz ez nuela maite izan eta berak ere ez ninduela maite? Zergatik ibili ginen hain luzaroan elkarrekin aurka-hazten, banantzeko? Zergatik ez ginen biok hil nire haurtzaroa hil zenean? Eta arima erori bazitzaidan, zergatik jarraikitzen zait hezurdura?» (P. Neruda)
1.
Ontzi berantetsiaren zain uhin-urrategiaren aurrean: neure burua dakusat baina ez naiz ni nintzen haurra baizik korbata jantzirik ilea orrazturik kobalto kolorezko zelai mugagabeari beha eta ortzemugan bafore erraldoi bat bera ote ez ote igurikitzen dudana zahartu naiz ordea eta ontzirik ageri ez nigar egiteko baino ere larriminduago nintzen haurra bekokia zimurrez josia ortzemugari begi ganduz begira listu da igandetako trajea ere ...estatua bat da berez amets harritua.
2.
Haserre hauskan dihardut mut-mutu-mu-trikuarrez neure barruko ume mukizuarekin hauskan haginka Tranpakaletik behera amiltzeko billurrez: galanixa, galanixa, galanixa galanta zuek kapitalekook esate'itt lehengusinak, moilako danborretik salto eta zanga egiteko billurrez ni, buruz behera ez behintzat, tente bai, o sea de pies (euskeria ziero ahaztu zat-eta ixa) ... ... ... eta nahiz eta askotan entzunda dakaten «oroitzapena dela egia bakar literaturan», hori ez da egixa, «usaimenean funtsatuá» gainera, esaten deue, baina ezin leike egixa izan (izekoneko arrautza prejituen usaina, moilako sardina-kaxena, sexu ernebe- rriaren sapa beroarena, hori bai, hori seguru asko bai)
eta badihardut berriro ere ez-dakit zer gogoratzen: ber-bizitzen esan ohi dugu gizaajo alaenok, bizitza norberaren gogara ber-bobina litekeelakoan.
Mutrikuko danborra ez da latorrizkoa, baina, Eta umetako usain guztiak nahastuta dagoz aspaldi Tranpakalean behera oroimeneko tronpabegietan gogameneko toboganaren aldatzetan, bizi eta desio izandakoaren arteko muga dan-danak apurtuta,
3.
Eta garaia ere bada-eta behin eta berriro akordura etorri orduko gomuta esetsioi amoltsuki kanta diezaiegun:
Suminak amodioaren kolore, Amodioak ahazturaren.
Hauts-goroldioak biltzen ditu denon ganbarako estatua zaharrak.
Urmael bitez gure upel umeletan hartzitu gabeko ardo uherrak oro.
Ausiabartza prestuez handi berbera datorkigunerako, gaitezen jasankor, labar amilduen talaietatik begirale.
Egunero bezaturiko grina asegabeen segida inoiz betegintzarre asegarrira ekarri izanak berpiz beza bozkarioa ez bedi nagusi joran mukerra ez eta soraiozko soa nola badoan doan nola badoakigun bizitza ergel bezain argal.
Ez bitez zirrarak izan gurean zahartzen ez diren bakarrak.
Ez ditzagun urrunets biharamunaren esperoan arratsero oheratzen gineneko garai gaurkoak bezain hutsal haiek.
4.
Izan ere, hainbeste «elkhialdi»tan errezibitu izan ditut, hain usu, hain ritualki, nire no man land-etako erresuma ezkutuko gobernarien enbaxadoreak, non susmoa ere bai nik azken finaren finean irudikeria horiek guztiak huts besterik ez ote diren, irudi-ekran deslotu batzuk, non solastatzen baitira esku-itzalezko gignol umetiarreko untxi-belarridun zakur zaunkari itxurako haiek, arrebak ene gaixo aldi sukartsuetan gelako paretan jolas-ispilatu ohi zituenak.
Nekez jakingo dut inoiz oharmenaren langatik harantzagoko langar-eremu horietan zer ote dagoen, ezta zerk bultzatzen nauen ere mintzaira arraro eta eder nahizko honetarantz, Ederrespen-egarri hutsa ote, nork bere estimazioa besteren miresmenean ispilaturik ikusi nahia, larritasunaren antidoto gisa agian? Hori ote ene baitako haur-mutiko mutiri zurbil estatua harritu helduaren background guztia? Erraza litzateke azalpena, beharbada egiatia, apika sinpleegia.
Aztertzen jarraitu beharko, itaunketa tematia harturik itaurlari.
Orbaibar |