Orbaibar
UDAZKEN BATEZ ATERPE
1.
Hodei alderraien zorabio eranitzezko gangari so: udaren azken arnasaren kopa beteegiaren umotasuna.
Liztor-burrunbadaz hanturiko masustondoak ibar-zoko makalduaren ezponda jorietan
Gogoeta atezatu trumiltsuak baketsu behar omen lukeen isiltasun xuxurlatian.
Gogo-jardun lohi-olatarren aztura mingotsa baretze totelaren ezabagarri.
Bego.Mintza, bada. Bekit mintzoa hutsartearen gaineko unama isil-holtzaren gaindi zabukari naramana.
2.
Zozo moko-hori goseztoak larrainik larrain adaskaz adaska: hegada beltz lasterra egin du Horko horrek eta kanpandorre lerdena hartu pausaleku gotor gotor bezain iragankor.
Eta argia. Eta eguratsa. Eta bizia.
Aineki tasunk gabeko unea dastatzen. Ainendi aienerik gabe aiena.
3.
Umotu dira pikuak. Lur-zorua intxaurrez ihaurri
(Mamitsuak dasta. Bihotzean muindunak. Makestuak bazter Barren-huts mikaztunak)
Hitz-zuztar xehetua gera bedi lekukotasun arrasto bakar
4.
Ametzen adaburuak euripean haizearen peko intziri.
Arteen azal hezea kilimakur gurari zaharren ikur.
Samur Beldur...
Ez.Ez gara bionbo zuri, itzal txineskoen antzeztoki huts.
5.
Ezkila arrats-mezulari goiztar eta azken errainu ilunabartarrak irribarre bare argitsuaren ekarle, ene barne-ahots batek xuxurla diraustala: «Ez garbatu iragana, ez kezkatu etorkizunaz. Bosnia-Herzegovina bana gara denok hiru Estatu ustez bakarrean banatuak. Eta alferrik bidaliko ditugu gure onu-unoko indar parapolizialak Crska Errepublikara Srebenica gogoan hango gerra-kriminalen bila. Bakea da irabazi beharrekoa, ez justiziaz mozo- rroturiko mendekua. Eta, horretarako, suntsitu egin behar duzu zeure zama zurrun hori, zeure buruaren borrero izanarazten zaituena (eta inoiz beharbada besteren ere bihurtaraz zintzakeena)»
6.
Erauzgaitza nolanahi ere den oroimenari itsatsia ohi dirakigun ohi diraukigun mintz-geruza anabastua idazketak igurtziaren igurtziz gorbiztua.
Leihotik barnera soa bilduz: gela ilun ausiabartuan adreilu eta azuleiu zati erdi-birrinduak: hitzen haustura berba noiz egingo ibilian dabilen liztor-zorabio menderagaitza.
Aspaldiko ezpalez josia arestiko azalez estalia ene hitza beti dena den.
Orbaibar |