Orbaibar
RAPSODIA NAHIZ PROSODIA,
«In mir streiten sich Die Begeisterung über den blühenden Apfelbaum Und das Entsetzen über die Reden des Anstreichers.Aber nur das zweite Drängt mich zum Schreibtisch.» (Schlechte Zeit für Lyrik, Bertolt)
Nire baitan elkar-liskarrean beti sagarrondo loratu-berriarekiko liluramendua eta Brotxa-Lodiko-Pintorearen hitzaldiekiko sarrakioa. Baina bigarrenak bakarrik nau idazmahaira bultzatzen. (Garai txarrak Lirikarentzat, Brecht)
1.
Aspaldiko partez aurtengo udaberrian izana naiz Goittiko lehengusuagaz barriro Barrueta bailarako behialako uda ez-gozo baina bai oraingo hau baino itxaronpetsuagoak bederen gogoan, Harri-Etzinagaren babesean, Done Mikel Arkaingeruak Beltzebu bentzutuko zuela oraindinoko igurikapen beharbada inozoari artean eusten genionekoak, uste izanik bihotz osoaren bulkoz desio genuena egiazki jazo eginen zela, hala nola jasotzen duen harri-etzana jasotzaile bulartsu orok, (ondikotz,jazoera ezaguna da Barrueta bailarako goittitarrok ez ditugula eseak eta zetak bereizten, nahasi egiten ditugula txistukariok, eta dagoeneko lar belu dela bele arrotz zein arroztuak gure Alostorreko ugazaba bakar bihurtuak gure Barrueta bailaratik oiltzeko)
Baina izana naiz halere, atxikimenduz, maitasunez, begirunez, Goittiko lehengusuagaz, gu sortu gaituen eta guk lantzen dugun paisaia karstiko zaharreko lur bigun hezeari begira: «a txarie dok leen artadixe zana, zelan esate'otzue kiputxok?» «sastraka» «ez, ez dok sastrakie» «sasitza» «ez, ez dok sasitze...euskal gaizto zarie orratiño... txarie txarie dok!» «Etxakixat, Julien, kaletarra nok Baina uste joat 'txara' esate jakola kiputxeraz be,Arbola-klase direrentiak alkarregaz naasixan, eztok?» «baaiii, alantxe dok..»
Txara mehar bat besterik ez Euskal Herria. Zuhaitzak elkarren ondoan hazten-itotzen diren elkarren arrimurik gabeko basoska.
Sasi-sastraka bihurturik txara, lehen artadi izana.
Eta inguruko mendi gehienak —Santa Eufemia, Zapola, eta Oiz bera ere beharbada— noblezia espainoleko putre handikien jabego oraindino.
(«Euskal gaizto»: ederto,Julien, heuk bai arrazoie... «Arrozoi dozu, baina kartzela bi-ozu», jakina, gure osaba Agustinek esate'ebanez. Baekixen arek bere zeozer, ezteritxok?)
2.
Oinaze-lantegi da gehienbat Oroimena. Gizakiagotzen gaitu, baina tamainan bakarrik gizartekoiagotzen: eta neurriz gain norberekoiagotzen, hori bai ziur
Oinazea sortzen, hemen ez dagoen edo ez dugun, izan ginen baina ez garen edo sekula ez izan ez izanen ez garen norbait zein zerbait etengabe gogora dakargulako edo desio dugulako sortzen omen dugu.
Hobe, beraz, dugun autuaz dihardugula, isilik egotea, isilik irautea, isiltasunera biltzea. Dena esana dago-eta behar den sakontasunean —ez naiz eguneroko berbaro barbaroaz ari— pairamenaz zoramenaz suntsimenaz beste paturik ez duela dirudien gure herri hil-hurrenaz.
Isiltasuna. Bai, agian horixe onena. Aski joera nabarmenskoa baitute hizketan utziz gero ene baitako hamaika aldartek sino-mino etsiarazgarrietara, zenbaitetan esperantza-izpi ororen ehorzketaren segizioan gozatu ere egiten dutela iruditzeraino.
3.
Berez, beraz, es dirudi hautu txarra dugun autuari begira. Baina, ia beti bezala, déjà vu, déja déçu: Aspaldi egin zuen isiltasunaren aproba ere Handiagak: «Haragi bizitan/ uluka bizi dudan/ isiltasun honek/ hitzen ukituei/ beldur latza die/ Nire isiltasunak/ munduko dolorea/ dolore bizi du/ erremediorik/ ez duen dolorezko/ dolore mortala. Lotsa bizi du nire/ isiltasun honek/ gertatzen ari den/ ezbehar ororen/ gaizkide nolabaiteko/naizela bait daki,/norberaren bekatu/ ezin ukatua,/ager nahi ez lukeen/ aurpegian duela. Itxura batean ezer/ egin ezina du/ isiltasun honek/ ihardun alferriko»
Es dago nora joanik.
Alferrik nator ihesi Orbaibar aterpe alderantzitu honetara, errealitatea Valdorba baita. Eta Valdorba benetako honetan azken agramondar bizirauleak, zangarrak izan arren, bada... Ez. Ez da komenigarritasun hutsa. Ezina da. Ezintasuna. laztasun to- tala. Tout est pérdu sauf l'honneur.
Eta lagunak —ni bezelako agramondarrak— bi bandotara bi bandatara banatzen ari egunetik egunera: batzuek —diodan Gandiagaren hitzen, nahiz eta behar- bada ez zentzu berdinez— «ezpatak zorroa bezala/ barrutik ebagi/ naroe,/ ta amor emoten/ deutsedanetan/ kanpotik maz- pildu/ Hilteak ardurarik/ ez deutsanak legez/ jokatu behar nik/ hala behar gaitzez»
eta besteek, berriz, herri-ohi honen burujabetasun- garritasunaz igurikapen oro galdu bide duen behialako Itxaro(pentsu)ren hitzez erranik:
«eta apalik erranen dugu: ez gara aldatu espero denborak gaitu higatu»
4.
Gerla giroko zer hau: garaite garaien zarata ehortzia auzoak dabiltza uso-espaloietan odol-ausiabartzen eskalaproi zurrunak lokatzetik jalgi berriak. Distirante.
Hondoratu ziren eite aratzak. Nagusitu ziren sorbatzak, Beleek ohiko zegiten kirrinka-batza. Sakeatu zituzten upel-arasak barnean geuntzan eskeletook urrezko hortz-haginez oraindik zurrun artean ere oldarti egurastera atera gintuztelarik.
Inoiz bere buruaren jabe izan ez eta urlats gorako nigar lanturudun izokin halere iraukin hil etsitzera etsi nahi ez duen herri iratoa itsasoak goittika gaitzan arte okazko oroigarri.
Ozeaniako atoloiren bateko eskrezenzia bolkanikoa ustez koralezko baizadi avant propos post-it-eratua letania sorgor soraio lits-urratu transpaperatua Euskal Herria «irrits mingarriz gogo duzuna berbera zaizu izurri»
Gandiagak zioenez...
(Aski da! Dobla eta Fini! —eten nau nire baitako ahots batek, baina norenak?— Lirikak erosta-deitore antzuotara baldin bazaramatza, hobe duzu alde batera uztea— zergatik? nork agintzen du ene baitan?)
5.
Ez dakit. Baina maiz iruditzen zait, lagun hainbat espetxetan sakabanatuok, funtzionario ankerrek nahasitako ziega izan ohi dugula nork geure barrena, atxilo edukitzeari aski iritzi ez nonbait eta zital bezain petral liburuak zangopilatu zirriborroak aldrebestu gutunak deboilatu eta kuttunak desgogaratu arteko onik ez dute izaten demontre alenok.
Karnaben kantua urrundik bada ere beti entzuten omen duzue dena den ziega itsuaz landatik zuengana heltzen, hala esan izan diguzue behintzat (agian gu lasaitzearren?): eta sumatzen ere bai nonbait pentze-larre mardulen eta galsoro horail lehorren usain-aieru beleen karrankak ozta-ozta zizkolatua,
Horiek ez baitakite ez dela gauza bera gure hizkuntzan bederen eskuratzea eta menderatzea eskumenean izan da ere.
Ezta atzematea eta antzematea ere.
(Nahiz eta irudika dezakedan —soilik irudika— zeinen opakoak diratekeen jolas semantiko manierista-kontzeptista hauek norbait —zuek bezala— borreroen mende bost-hamar egunez hamabost-hogei urtez egotera behartua denean gorputza ia gorpu habeas corpusik gabeko gau eta egun amaiezinetan. Barka, bai: garai txarrak Lirikarentzat. Edo beharbada ez, ala? Zer deritzozue? Bisitaldietan kristal lodizko horma horien aurrean isilik gelditzea ere ez da gozoa izaten. Ez da errraza asmatzen, ez horixe)
6.
Nork bere hautuak eta autoak baititu: ene baitan ere promenatzen dira arranditsu aski maiz asko mini-estatuetako kotxe ofizialetan ikurrinadun velociraptore aunitz sakaildura dariela ahutz lerdejarioetatik, Tiranosaurus Rexek utzi hondakinetatik elikatu-zale Hiroshima-Nagasaki jadanik errauts direla jakin nahi gabetanik oihanean hisiatuki hara-kirikatzen dirauten samur-arrain zangar zabarrekin deman.
Orbaibar |