MINDURA GAUR
Juan Mari Lekuona

Erroman 1966
Donostiako Apaiztegia, 1966
armiarma.eus, 2016

 

Banakoa

JAINKOA HIL DA

 

Jainkoa hil da bihotz askotan.

Hileta hotsa senti det nonahi

—tenplu santuan ere bai—.

Batzuek azkena eman diote

bortxazko heriotzaz.

Besteek, berriz, ahantzi dute

ardurik ezako hotzaz.

Egiaz degu ostiral santu:

barru askotan hezurmendia;

Kalbarioko etena,

Jaungoikoaren azkena.

 

Jainkoa hil da bihotz askotan,

badanik ere oroitu gabe

bizi diran askorentzat,

batez ere gaizkileentzat...

Hoien jokerak adierazten du:

mundua ez da inoren bihotz,

mundua ez da inoren hitza,

ez da inoren ardatzez eiho

gure bizitza...

Ertzaz haruntzik

ez duan mundu itxia:

eguzkipean erabaki ohi

txarra eta onaren auzia,

zigorra eta saria.

Aita gabeko mundu umezurtz,

mundu itxia.

 

Jainkoa hil dute herri askotan

bera dalako

jakin ezaren tapaki,

gizon nagien osaki,

kalte emateko aitzaki,

lokartutzeko opio.

Bestalde, berriz,

nola diteke hainbeste negar

Jainkorik bada?

Nondik gerrate, heriotz astun,

on izateko hainbeste traba

Jainkorik bada?

Aberatsen mahaikide omen...

(Birau zakar hau barkatu)

Bainan askotan (gurea da errua)

hori ez al da gertatu?

 

Jainkoa hil dute aurrerapenak,

bihotz sentipenak,

mindura zuzenak...

Bedeinkatzen ditut denak!

Hil bitez betiko

hilkor ziran eranspenak.

Ez dan gauzarik ez dezala adieraz

Jainkoaren izenak!

 

«Jainkoa hil da» diotenekin behar det mintza

alkarrizketa batean,

arrisku artean;

maitasun berak hortaratzen nau

onginahi betean.

Bizitz berri bat sortzera doa.

T’egunsentian,

nahi nuke nigandik irten,

inoiz galdezka,

inoiz azalduz sinismen kezka,

sagaratua non arki,

korapiloa non eten...

Gaurko giroko ahots zabalak

hau esaten dit:

«Sagaratuaren leku,

ez aldare aurrean,

baizikan munduan dezu;

hor, gizartean,

behartsu artean,

hori ta zuri, beltzen tartean,

berdin izateko arrazek dagiten

borroka latzean.

Hurietako giza-piloen amets berritan,

edertilarien bihozkada argitan...

Hau da Jainkoa arkitzea:

gizarte-uretan murgiltzea».

Leial izan nahi det

pentsamen hauekin.

Lehenago ere Jainkozalea,

lagun hurkoa maite ezean,

gezurti zala banenkin.

Bestea baldin bada

Egile baten sorkera argi

nere burua detan hainean estimagarri,

bide-urrats jakina det: maitasuna.

Hau ez duanak, zail izango du

Jainko zentzuna.

 

Bainan nerea esan dezadan.

Aitor biziro

sinistun baten samina:

Jainkoaz ziur biziki eta

Jainko susmoak izaki eta

ezer azaldu ezina.

Aitortzen det: pentsatzeak

gu bakarrikan gaudela egian,

Jainko-egian,

pentsatu hutsak lotsa ematen dit,

jardun gogorik ez det inondik,

isildutzea nahiago det nik...

Zenbat eta ziurrago

Jainkoaz senti,

hainbat eta umilago

jardun behar beti.

Sinisgabeko lagun hurkoak,

gehienak ditut jantziagoak,

gizalegean osoagoak,

jakintsuago, hobeagoak...

Hau da neregan misterioa:

Jainkoa bera dohaia detela,

bizilagun bat nigan bezela.

Nere hutsean maite nauela;

maite, jakiteko eran.

Bainan bizi naiz minberan

naizen ontziaz,

nere «izan» da «egin» guziaz;

edozertako lurrontzi,

makurkeri eta eskastasunak

ezin utzi!

 

Hasiko banintz hemen esaten

senti ez detan gauzikan,

konzeptu soilak baizikan,

neri ez sinista:

tupiki hots joa

besterik ez naiz ta.

Ez badezu ikusten nigan maitasunik,

nigan ez bada agertzen pozarik, bakerik,

espirituzko fruiturik,

ez nauzu egiaz

pikondo huts bat besterik...

 

Jainkoa hil da bihotz askotan.

Nigan ote du arrisku?

Auzi garratz hau ez leike egon

edozerkerien esku.

Gaur eguneko bidegurutzak

esperantza baizik ez du.

Jainkoa hil zan Kalbarioan...

Zer da hil zana?

Gizakuntz legez hilkorra zana.

Jainkoa hil da bihotz askotan.

Bainan sinismendunentzat,

inoiz bada ta gaur, ez leike eman

Jainkoa hiltzat.

Sagaratuen heriotz trazan

galzorian degu, horra,

giza-eranskun hilkorra...

Mundu berriko atarikoan

badakust eguna

beste aitormen bat emango deguna.

Beste Jainko bat Jainkoagoa,

beste gizon bat gizonagoa...

Ostiral santu ondoren,

ikus goizargiz Kalbarioan,

lehen zapi beltzez zegon muinoan,

pazko egun, udaberri,

Jainkoa Jainko nahi dutenentzat

pozgarri;

mundu muinean argituago

Jainko berri!

 

MINDURA GAUR
Juan Mari Lekuona

Erroman 1966
Donostiako Apaiztegia, 1966
armiarma.eus, 2016