MINDURA GAUR
Juan Mari Lekuona

Erroman 1966
Donostiako Apaiztegia, 1966
armiarma.eus, 2016

 

Hirugarren Triptikoa - Porlandi

PORLANDI

 

Errai gabeko lur gogor, antzu,

zementukiko zolera.

Harkaitza bezain tinko gerora;

aurretik, bigun

buztinaren arabera...

Porlandi sorra:

pozik dagiot nere aitorra,

ogibidean pobreentzako

bera baitegu lur emankorra.

 

Ez det ikusten

gauean izarrik,

egunez belarrik.

Nere barrutia,

inguru hesia,

zementuzkoa det bakarrik.

Zementuz eginak

etxea, atari;

zementuz galtzara,

zementuz sorterri.

Bizikera berri.

 

Zementu herrian

ez dago kabirik,

ibai ustelean arrairik,

udazken pausoan usorik...

Bainan utz dezadan

artzai bizitz ezti,

baserri birako

bakezko barruti.

Mindura berrian

kanta nahi det beti.

Min det egiazki.

Bainan hobe degu

gauza asko galtzea

eta ez pobreak

goseak hiltzea.

 

Min det egiaz utzi beharra

baserria...

Artaldeari labaina sartu.

Atzen pagoak orpotik moztu.

Etxeko tresnak erre edo saldu.

Arbaso zaharren sua itzaldu.

Ategaineko sarrail nagia

herdoitzen utzi...

Iturria jan osinak,

huntzak horma zahar berdinak.

Gurdibideak urak ebaki...

 

Mindura hau zer dan

pasa zaionak bakarrak daki!

Gero herrira,

kabi berrira.

Nola onartu nago begira.

Maitasunezko utzitzea det

baserriari agurra.

Bihotzetikan onetsi nahi det

zementuzko lurra.

Ez det ukatzen galera dala;

badu, ordea, etekin.

Baserritikan gutxi dira

bizimodua dutenak;

ta hemen bizi,

ahal dan ondoen

bizi behar degu denak.

Buka dedila egoitz tristea:

gizonak lan jakinik gabe,

umeak ezin jarri eskolaren jabe,

sendakuntzak nahi-ta —gogor da hau ere—

huri haundiz kanpo, non daude?

 

Bedeinkatzen det

porlandiak dun galera.

Izadiaren aberastasun

hori galtzea hobe da,

eta gehienak iritsi bitez

giza-neurriz bizitzera.

Utziko ditut baserria-ta

nentorke dana uztera,

utzi agian euskera;

bainan iritsi bitez,

pobre guziak

eguneroko ogia izatera.

 

Min det gauza asko utzi beharra.

Bainan hau dago bide bakarra

maitaleek etxe bat lortzeko,

gure umetxoak zaldun bihurtzeko,

danontzat zer jana sortzeko.

Porlandi hesiak duan zigorra:

txoriak kaioletan,

loreak ontzitan,

jan-gauzak pototan.

 

Bainan infernura zenbait edergailu

pobreen lepoa estutuko balu.

Zenbait bizikera nik ezin inola onetsi,

gutxiren onean pobreek odola

behar baluteke utzi.

Deabruarentzat guzia!

Betor zementua.

Gauean ez det izarrik,

egunez belarrik;

bainan pobreak,

hain sail luzeak,

horla bakarrik

giza-neurritan litezke bizi!

 

MINDURA GAUR
Juan Mari Lekuona

Erroman 1966
Donostiako Apaiztegia, 1966
armiarma.eus, 2016