MINDURA GAUR
Juan Mari Lekuona

Erroman 1966
Donostiako Apaiztegia, 1966
armiarma.eus, 2016

 

Bigarren Triptikoa - Ez neri esan

EZ NERI ESAN!

 

Zergatik ez naiz oso-osoko?

Gorrotatzen det egirik eza,

maskarapeko heresi beltza.

Grinak baditut;

gizon bat nauzu (zorionean!)

ez nabil beti

arauditako legemenean.

Badet, ordea, nere bidea,

borondatezko gizalegea:

nadin gizon bat bete-betea.

Gogaikarri zait bekatu izkutua:

itxura!

Makurra izanda,

bihotz grinetan mila demanda;

ta gero azaldu santu modura.

 

Penagarri zait

apaizen joko txit aldrebesa,

leialtasun eza,

bekatuan Meza.

 

Penagarri zait

guraso errespetukeriz

josia eta etxean, berriz,

elkarrengandik urrun,

ez bake, ez maitasun.

Penagarri zait

gizalegean zer eskastasun:

diruak diru,

gorputzak gorputz;

gugan daukagun norgeretasun.

Gezurra.

Umildadeari diogun beldurra.

Penagarri zait

maitasunari diogun

harrera txarra:

ezin ikusian bizi beharra.

 

(Aitortu ere

aitortuko det nere egia:

ni naiz lehenengo pekataria.

Jaurti dezaidala

mundu osoak bere harria.

Neronena det erru guzia).

 

Bainan mesedez:

entzun guziek nere eskea.

Ez gezurrikan esan arazi on egiteko.

Ez neri eska

gaizki dagona bedeinkatzeko.

 

Ez neri eman bide lasairik

nere grinetan, zer egin eta eskakizunak

minbera dauden garai onetan.

Gizon osoa azaldu bedi

nigan benetan.

 

Euskalerria: neri ez esan

izan pobrea.

Lagun zaidazu ulert dezadan

bide hobea;

espirituzko dohai bat baita

pobre izatea.

«Jauna detela, laguntza aski... ».

Bainan egi hau ez bortxaz, baizik

goiko emariz behar det arki.

 

Euskalerria: ez neri esan

maite bat gabe zaude bakarrik.

Hori ez dago esan beharrik.

Eska hakidazu, nere bizitza

dedin aitormen,

maite langintza;

biziaz nadin zeruaz mintza.

Bakardadean dezaitzudala

erabateko bihotz emaitza.

Euskalerria: ez neri esan

nadin mendeko;

nere nortasuna

(ez al naiz inor?)

ukatutzeko.

Eska hakidazu: nik dezadala

goiko dohaia:

esanekoan dakusadala

bete detala

Aitaren nahia...

 

Euskalerria: ez neri esan...

(Aski det gaurkoz letani latza;

Bihotz-mindurak eragindako

lelo garratza.

Dezaken Harek susper dezala

nere esperantza!).

 

MINDURA GAUR
Juan Mari Lekuona

Erroman 1966
Donostiako Apaiztegia, 1966
armiarma.eus, 2016