MINDURA GAUR
Juan Mari Lekuona

Erroman 1966
Donostiako Apaiztegia, 1966
armiarma.eus, 2016

 

Laugarren Triptikoa - Lo hartzen detanean

LO HARTZEN DETANEAN

 

Lo hartzen detanean

ta ez esnatzeko...

Mila galdera datoz burura

orratz sastada antzeko.

Bainan bihotza beti prest dago

datorrenari heltzeko.

Loaren ordez gugan danean

bizi iraunean amur,

buruak dio: «beldur ote naiz?».

Eta bihotzak: «zeri beldur?».

«Itolarri ote naiz?».

«Bainan zer dala ta

ito?».

«Naizelakoan egon

eta ez banintz?

Kito?».

«Izan nahi honek ez ote nau egin

nerekikoegi?».

«Bainan azken arduraz

asalda leike gizona gehiegi?».

Barru marmar honetan

ez dezaket segi.

 

Lo hartzen detanean...

Susmo sakonaz aurrean gordin

danori zaigu nabari

misteriozko atari.

Izkutapena izkutu dala

hartu behar erabaki.

Geroa gorde ohi dun zapia

bizi-labanez ebaki.

Zenbat eratako bidez!

Bizi nindeke geroaz ahantz,

ezer ez balitz bezela.

Edo eta pentsa zeru oinordez

Aitak jarriak gaudela.

Edo eta bizi-borroka latza

agoni estu eta garratza...

Lo hartzen detanean

eta ez esnatzeko...

Nola nindeke mintza

gai honetaz,

maitasunezko arretaz,

bakea sortzeko gisaz?

Umildadean,

otoitz legean,

misteriozko giro batean.

Geroko izkutu atarikoan,

hau nahi det esan:

bizi diranak lasai, nahikoan,

eta kezkatiak,

maite bagera guztiak,

egiaz maite jadanik,

ez izan beldurrik:

ez esnatzeko lo hartzeak

ez du problemarik!

 

MINDURA GAUR
Juan Mari Lekuona

Erroman 1966
Donostiako Apaiztegia, 1966
armiarma.eus, 2016