POST TENEBRAS SPERO LUCEM
Jose Manterola

Euskal-Erria, 1884

 

VIII

 

Ongi, mutilak: maitatu zagun

Beti gure Euskal Herria

Ipinirikan hodoiaz goiti

Gure odol ta izen garbia;

Munduan ez da, seguru nago,

Hau baino herri bat hobia;

Gorde dezagun bada osorikan

Ama Euskeraren legia.

 

Oroi gaitean Jaungoikoagaz

Euskal Herriko Jabeaz;

Oroi gaitean guraso zaharrak

Guri utzitako legeaz;

Oroi gaitean Euskera gozo

Munduan paregabeaz,

Ta aurrerontz ere izango gera

Mirestuak erbesteaz.

 

Ta orain, mutilak, ospatutzeko

Anai guztien bilera,

Koroitu zagun erramu koroiz

Gure Ama Santa Euskera,

Arbol hoixek eskeintzen dute

Erramu adarren aukera;

Berehalaxe, gazte ta zaharrak,

Goazen, bada, orain lanera.

 

Bizi bedi beti Ama Euskera

Jaungoikoak gorde dezala,

Ta harekin baita ere Euskal Herria

Eta euskaldun beti leiala.

Jaungoikoak gure lege zaharrak

Noizbait bihur dizaizkigula,

Euskalduna izan dedin dohatsu

Orain arte izan dan bezela.

 

Pakea nahi degu Euskaldunak

Pakea eta anaitasuna,

Ta Jainkoa eta Fueroakin

Dohatsu izango da Euskalduna.

 

POST TENEBRAS SPERO LUCEM
Jose Manterola

Euskal-Erria, 1884