POST TENEBRAS SPERO LUCEM
Jose Manterola

Euskal-Erria, 1884

 

IV

 

Zoaz, bai, ta atoz laster

Donosti maitia,

Bihotz-bihotz erdiko

Kutuntxo neria,

Zure Ama gaixoaren

Kontsolagarria,

Euskal Herri osoaren

Joia nahigarria.

 

Zeinen ederra dagon,

Zeinen sasoikoa!

Aingeru bat diruri

Zeruetakoa!

Jaunak gorde dezala

Beti honen garbi,

Gloria eman dizaion

Euskal Herriari!

 

Hemen al zera, Aitor?

Ahaztu nitzan zutzaz.

 

Ni behinik behin harritzen

Ez naiz batere hortaz.

Zer Ama ahaztutzen ez da

Guziaz munduan

Ume bat ikusirik

Berriz bere onduan?

 

Aitor, arrazoi dezu

Nago zoraturik          

Mundu hontan neretzat

Zer gloria hoberik?

Ikusi al dezu?

             —Ez nuen

Bada ikusiko?

Eta bestela ez nuen

Inoiz sinetsiko.

 

Zeinen ederra, Aitor,

Zeinen maitatsua,

Bera da gaur neretzat

Sendakai gozua.

Diruri Jaunak berak

Bialdu duela

Izan nadin dohatsu

Berriz lehen bezela.

 

Jaunak berekin dauka

Ama guziz ona

Zeini ukatze' ez dion

Eskatzen diona,

Eta ama dan aldetik

Errukiz beterik,

Bialdu dizu Aingeru

Horixe zerutik.

 

Bai, bai, Aitor, hala da;

Nere Donostia

Zerutik jetsitako

Da mandataria,

Ta orain, seguru nago,

Gaur laguntza horrekin

Dituela ekarriko

Txit laster berekin

Euskal Herrian diran

Nere seme denak

Betiko aitu ditezen

Noizbait nere penak.

 

Bai, bai, Ama gajoa,

Nik ere hala uste det

Ta gauza horren gainean

Dudarik ere ez det,

Ikusi ezkeroztikan

Hemen Donostia

Nahitasunez zuretzat

Osoro betia.

Zure seme guziaz

Aurki, Ama Euskera,

Hemen ingurutua

Arkituko zera,

Eta espero dezagun

Izanik hori hala

Denak pake gozoan

Biziko gerala.

 

Ixo... alde hontatik

Dira entzuten hotsak,

Ez banau engainatzen

Senti detan pozak;

Ikus zazu ote diran,

Aitor, nere umeak…

 

Ia bada azkentzen diran

Zure nahigabeak.

 

Han ageri da aurrean

Donosti galaia

Dakarzkiela ondotik

Giputz ta Bizkaia;

Bai ta ere datoz hantxe

Beraren atzetik,

Naparroa eskuitara

Araba ezkerretik.

Lauak datoz presaka

Atsegin haundiaz

Hizketa gozo eder

Oso nahigarriaz.

 

Nere ume maiteak,

Aurreruntz honela

Gure Jaungoiko ahaltsuak

Gorde ditzatela,

Eman dizaiozute

Euskal Herriari,

Elkarte oso batekin

Ontasun ugari.

 

Atozte, ume maiteak,

Atozte nigana,

Zuen zai hemen dago

Ama bat laztana;

Atozte laster lauak

Bere besotara

Ta berriro dohatsu

Gaur izango gara.

 

POST TENEBRAS SPERO LUCEM
Jose Manterola

Euskal-Erria, 1884