POST TENEBRAS SPERO LUCEM
Jose Manterola

Euskal-Erria, 1884

 

VI

 

Zenbat desio nuen

Aspaldi honetan

Honelaxe arkitzea

Nereen artean!

Ez dakizute ondo

Zenbat malko joan dan

Nere begietatik

Lau urte hoetan!

Nahaspil gogor artean

Zuek ikusirik

Nere bihotz guztia

Zegon partiturik,

Eta esperantza ere

Ia galdu nuen.

Zuek ikustekoa

Berriro inoiz hemen.

Ai, zenbat dohakabe!

Zenbat negar samin!

Ai, zenbat ama gaixok

Duen bihotzan min!

Zenbat galgarri eta

Zenbat odol eder!

Zenbat negar garratz! Ta

Azkenerako zer?

Gu danok oinazpian,

Danok bentzuturik,

Euskal Herri maite hau

Odolbageturik,

Eta Arbola Santu,

Gure Legeena,

Etsaiaren aizkoraz

Puskatua dena.

 

Ama, Ama, ez beza

Egin gaur negarrik!

Ez gaitu hemen ikusten

Urrikiz beterik?

Denak kulpa izan degu,

Egia da hori,

Botatzea ez da aski

Batak besteari.

Denok, denok, Amatxo,

Beltz eta zuriak

Sakondu ditugu oso

Berorren zauriak.

Baina, doluz beterik,

Oso damutuak,

Itsumen ero hartaz

Noizbait sendatuak,

Geranean etsaien

Oinpean arkitu,

Ama, gure begiak

Dirade oso argitu,

Ta izuturik geronek

Egin degun gaitzaz,

Oroiturikan gure

Ama ta legeaz,

Aurrerontz, atsekabe

Hontan ikasiak,

Berorrentzat biziko

Gerade guztiak.

 

Bai, bai, aski da, Ama,

Gerra ta atsekabez,

Asti franko zaitugu

Iduki negarrez;

Gura badogu osatu

Orain geure minez

Bizi behar dogu denok

Pakean lehen legez.

 

Arrazoi du Gipuzkoak,

Arrazoi Bizkaiak,

Pakean nahi degu izan

Guk ere Naparrak...

 

Baita neuk ere, ahizpek,

Ta Ama txit kutuna

Gura dot pakea ta

Geure anaitasuna.

 

Bedeinka bitza Jaunak

Zuen desioak,

Iraun-aziaz beti

Gaur bezin sendoak;

Bedeinka zuen asmo

Damu egiazkoak,

Garbi ditzaten erru

Oraindainokoak.

Egiaz nahi dezute

Nere osasuna,

Herri honen pakean

Eta ontasuna?

Betiko zoriona

Dezute denok nahi?

 

Bihotz guzi-guzitik,

Ama, nahi degu, bai.

 

Bada hortarako ez da

Bide bat besterik,

Beste guziak daude

Irriskuz beterik.

Zer bide dan hau orain

Jakin nahi dezute?

Bada kontuz, umeak,

Entzun nazazute:

Aski ez da Euskaldun  

Umea esatea,

Baizik beti euskalduna

Behar da izatea,

Maitatuaz munduan,

Jaunaren hurrena,

Gauz guzien gainetik

Sorterria aurrena.

 

Behar da beti bizi

Jaunaren legean,

Antzina-antzinetako

Dotrina zaharrean,

Gordeaz Jainkoaren

Hamar aginduak

Ta dauzkanak Eleiza  

Santak ordenduak.

 

Behar da Arbola Santu

Gernikan dagoena,

Iduripen ederra

Euskaldun legeena,

Nahi izan erbesteko

Guzien gainetik,

Irmeki maitatuaz

Bihotz-bihotzetik.

 

Behar da izan beti

Euskera zalea,

Utzi gabe ahazturikan

Gure hizkuntz maitea,

Garbiro gordetzeko

Eginaz ahalegin,

Dohai miragarri hau

Inoiz galdu ez dedin.

 

Behar dira ere erdaldun

Bando pilak utzi,

Bestela haik dira izango

Beti hemen nausi,

Ekarriaz seguru

Gero azkenerako

Gerra eta nahaspilak

Gure gaitzerako.

 

Izan gaitean beti

Euskaldun garbiak

Ta han konpon ditezela

Beltz eta zuriak.

Nahi badegu hemen izan

Zorionekoak,

Guretzat asko dira

Jainko ta fueroak.

 

Utzirik bada alde bat

Lehengo etsaitasunak,

Noizbaitko leikitz ta otin

Dohakabedunak,

Aurrerontz bat eginik

Euskaldun guziak,

Betiko izan zaitezte

Dan-danak anaiak.

 

Senideak gera ta

Amak arrazoi du,

Senideak bezela

Bizi behar degu;

Izan gaitean bada

Gaurtik pake osoan

Euskal Herria beti

Eukirik gogoan.

 

POST TENEBRAS SPERO LUCEM
Jose Manterola

Euskal-Erria, 1884