POST TENEBRAS SPERO LUCEM
Jose Manterola

Euskal-Erria, 1884

 

VII

 

Ama, hemen gaituzu,

Hemen gera denak.

 

Ama, Ama laztana,

Ahizpa anitz maiteak!

 

Zeinen gauza ederra den

Famili osua

Honela ikusitzea

Batean bildua!

Dirudigu txitoak

Ilunabarrean

Biribiltzen diranak

Kolken ondorean.

 

Atozte, atozte nere

Alaba maiteak,

Hain denbora luzean

Ikusi gabeak;

Badakit nahiz frantsesak

Eginagatikan,

Zeraztela euskaldunak

Bihotz-bihotztikan.

 

Atzerrira ere ausartaz

Baginen ezkondu,

Eskual umeak gera

Ta hala izan nahi degu;

Hagaitikan Frantzira

Joan baginan ere,

Han ere gure eskuaran

Mintzatutzen gere.

 

Bai, Ama, Pausutikan

Maule ta harontzago,

Zere ta gere hizkuntza

Bizirikan dago,

Ta baduzu han ere

Ume anitz leialek

Zere oroitzez ahatzeren

Nihoiz ez direnek.

 

Eskualdunek Frantzien

Gera beti eskaldun,

Zeren lege ta hizkuntza

Galdu ez ditugun,

Ta honela Espainie ta

Frantzia batian

Juntatuak arkitzen

Dire Eskual Hirian.

 

Izan zaitezte ongi

Arkituak hemen,

Egun hobean ezin

Etor zindezteken;

Aspaldian desio

Hau ere banuen,

Azkenean konplitu

Det gaur hil baino lehen.

 

Etsi nuen, umeak,

Hil behar nuela

Sekulan egun hauxe

Etorriko ez zela;

Gaur hemen ikusirik

Danak bat-batean

Pozez zoratutzeko

Nago ia trantzean.

Laztan zaitezte bada

Bata ta bestea,

Zelebra zagun denok

Gaurko bakidea,

Ta eska zaiogun gure

Jaun Jaungoikoari

Zoriona diola

Euskal Herriari.

 

Hemen nazu berriro,

Ama txit maitia,

Ekarririk nerekin

Zure herri guztia.

Aitu duten bezela

Hemengo berria,

Datoz zuri eman nahirik

Ongi etorria.

 

Non da Ama Euskera? non da Ama Euskera?

Ama maitea, non zera?

Pozkidaz gatoz zure semeak

Gaur hemen zu ikustera.

Aitorrek jakinarazi digu

Zorioneko etorrera,

Eta guztiok lasterka gatoz,

Ama zu laztandutzera.

Ama Euskera, Ama maitea,

Hemen gaituzu gaur denak,

Zure malkoak txukatutzera

Arintzera zure penak;

Aurrerontz pake txit nahigarrian

Biziko gera anai denak,

Gordeaz garbi lege zahar eder

Antzinako euskaldunenak.

 

Ai, ume maite-maite

Bihotz nerekuak,

Atozte, atozte beti

Honela elkartuak,

Denak zerazte adar

Sustrai batekuak,

Ta bizi behazute

Honela batuak.

 

Eta zein dira haurtxo

Txiki polit hoek?

Zeinek ekarri ditu

Honera oinez, zeinek?

Atozte, gaixo hoiek,

Atozte Amagana,

Eman dizaizutean

Musu haundi bana.

 

Ama, hau dezu nere

Semetxo maitea

Hau dezu Itz-jostaldien

Euskal-batzarrea;

Donostiarrak maite

Dute honen bandera,

Zeinetan agertzen dan

Bizi bedi Euskera.

Hau da, Ama, nire seme

Iruñen jaioa,

Hau da Naparroako

Euskal Elkargoa,

Eta anai batasuna

Egiten dihoa,

Zabalduaz bandera

Jainko ta Fueroa.

 

Hemen deutsu, Ama, neure

Semetxo maitia,

Hau dozu galai ta erne

Geure Euskal-Erria;

Orain dala hiru urte

Jaioa Bilboon,

anai txiki bat ere

Badau Lekeition.

 

Ezkon berrixa nago

Ta ez det neuk umerik,

Binon ez nas luzaro

Egongo gaberik;

Neure senarrak nahi du

Seme euskalduna,

Neu izan nadin beti

Neure ahizpen laguna.

 

Oroitzen zera, Ama,

Ene seme honetaz,

Aspaldian ikusi

Ez dezun umeaz?

Lapurdiko menditan

Nigandik sortua,

Gaur gizon bat eginik

Dago ez ezautua.

Aragorrin jaioa,

Hendaiko hurbilean,

Abbadie jaun jakintsun

Haren jauregian,

Honixe zor diogu

Ongi zori onian

Ume hau hazitzea

Gure Eskual Hirian.

Hogoita hamar urte

Hoetan han dabil

Lan eginikan beti

Eskuara ez dedin hil,

Eta urte oro agerten

Da hiriko pestetan,

Buruan boneta ta

Makila eskuan,

Behin Saran, gero Urruñan

Edo Donepalen,

Beste batean berriz

Eskual pestan Maulen.

Noizbait ere etorri da

Alde hoetara,

Eskuara zaleari

Sari ematera.

Ta honegaz laudatua,

Ama, ekusi zinan,

Irunen ta Elizondon

Ta azkena Markinan.

 

Poz haundiaz, Lapurdi,

Zaitut gaur ikusten,

Napar ta Zuberoa

Zure ahizpakin hemen;

Eta oso atsegin det

Hemen arkitzean

Zure seme galai hau

Gaur gure artean.

Esaiozute biok

Abbadie jaun harri,

Zeinen dan neretzako

Bera laudagarri;

Zenbat egin duena

Hark neregatikan

Estimatzen diotan

Bihotz-bihotztikan.

Eta zuek, nere haur

Kutun ta maitiak,

Nere zahartasunaren

Kontsolagarriak,

Jarrai zaitezte honela

Fedez beti aurrera

Gordeaz gure lege

Maiteak ta Euskera.

 

Gure Amak arrazoi du,

Mutilak ez etsi!

Aurrera, esperantzarik

Ez sekulan utzi;

Gaur guretzat denbora

Bada gau iluna

Etorriko da noizbait

Ondoren eguna.

 

Bai, nere anai maiteak

Goazen beti aurrera

Jaso zagun Zerura

Antzinako Euskera,

Eta bere alabantzan

Pozkidaz eta alai

Kanta zagun zortziko

Eder bat

 

                      Bai, bai-bai.

Bizi bedi Euskera,

Hizkuntz maitatsua,

Zeruan Jaunak berak

Guretzat sortua;

Euskaldunentzat dohai

Guztiz eztitsua,

Hizkuntz denen artean

Paregabekua.

 

Bizi bedi Euskera

Beti Euskal Herrian;

Jarri dezagun hizkuntz

Guztien gainian;

Gorde dezagun garbi

Denok hil artian,

Euskaldunak gerala

Ahaztu ez gaitian.

 

POST TENEBRAS SPERO LUCEM
Jose Manterola

Euskal-Erria, 1884