POST TENEBRAS SPERO LUCEM
Jose Manterola

Euskal-Erria, 1884

 

II

 

Noizbait halare argitutzen du,

Jaungoikoari graziak!

Hauxe da gaua! O, zer ekaitza!

Zer tximist eta turmoiak!

 

Geneuzkagula bazirudien

Mendi tontorrak gainian,

Burrunban jetsiz, zelai ta etxeak

Hondatu nahirik azpian;

 

Zuhaitz guztiak dar-dar zebiltzan

Alde bat jo ta bestera,

Haize gogorra txistu ta txistu,

Tximistak gora ta behera;

 

Itsaso beltza gehitu eta gehitu

Izugarrizko orruaz

Euri ugaria gelditu gabe,

Baso abereak marruaz;

 

Ibaiak mur-mur, errotak klaun-klaun

Beldurgarrizko dunbadan,

Kazkarabarra geratu gabe

Harrigarrizko boaldan;

 

Gariak driz-draz mugiturikan

Haruntz-honera gogotik

Arbolak zirt-zart, zerizkatela

Adarrak hemen eta handik;

 

Hega-piztiak jira ta bira

Garrasi zorrotz ta latzez,

Diaskiturik dunbots gogorra

Beren txilio garratzez;

 

Behi ta zekorrak intzirika ta

Kurrinka txerrikumeak,

Astoak berriz maiz emanikan

Arrantz hotsdun ta luzeak;

 

Leiho ta ateak pin-paun eginaz

Behin ta mila aldiz indarrez,

Haurtxo gaixoak izuturikan

Amai oihuka negarrez;

 

Emakumeak zoraturikan,

Atso-agureak otoitzan,

Gizasemeak beren azienda

Galduko zuten zalantzan;

 

Hauxen da gaua! Arrats betiko

Guretzat negargarria,

Gure sementzat kaltetsua ta

Danentzat oroigarria!

 

Zorigaiztoan zoaz urruti,

Zoaz lehenbailehen gugandik!

Bide egiozu Eguzkiari

Ager dedin sortaldetik.

 

Zer ikusten det! Emakume bat

Hilik zuhaitzan oinian,

Korderik-gabe tximisten batek

Utziko zuen agian.

 

Ama euskera da! Ama tristea!

Ez al du honek umerik

Bere urteakin honela uzteko

Leku hoetan bakarrik?

 

A, eskergabeak! Dizaizutela

Hoben hau Jaunak kontuan

Zuengandikan zer lezake inork

Itxogon inoiz munduan?

 

Halare oraindik asnasa hartzen du,

Bizirik dago gajoa,

Pultsua badu ta aterako da    

Eskerrak Jaun Jaungoikoa!

 

Ama Euskera, hemen naukazu,

Jaso ezazu burua,

Ekaitz gogorra igaro da ta

Gozatu ene zerua:

Zabal itzatzu, Ama maitea,

Berriro zure begiak

Ta Euskal Herria alai bezate

Zure behaldi argiak.

 

Utzi nazute, ametsak, hiltzen,

Utzi nazute pakean…

 

Esna zaitea, sosega zaite,

Aitor daukazu aurrean!

 

Aitor, diozu? Zer nahi didazu?

 

Zer nahiko dizut! Lagundu,

Leku hontatik atera eta

Zure pen hoiek bigundu.

 

Non nago bada?

 

          Non zauden? Ibar

Bakartsu baten erdian.

 

Ai hala da, bai, oroitutzen naiz,

Oroitzen naiz doi-doian.

Ta nere umeak?

 

          Zure umeak

Badarabilte zer egin

Beren artean orain dakarzten

Deserakida hoiekin.

 

Ume tristeak! Hoen ekoizko

Eskergabeak hiltzera

Ekarri naute, eta halare

Mundu hontatik bestera

Ez nuke joan nahi ikusi gabe

Berriro nere aurrean,

Laztandurikan behin ta mila aldiz

Heriotzako unean.

 

Heriotza!... Ba! Utzi zazkizu

Pensamentu hoiek alde bat,

Euskal Herriak behar zaitu ta

Bizi behazu honentzat.

 

Ume ergel hoiek aseko dira

Noizbait guda triste hoitzaz

Ta orduan oso damuz beterik

Euren eskergabe beltzaz

 

Barkazio eske bihurtuko dira

Zure oinetara den-denak

Txukatutzera zure malkoak,

Arintzera zure penak.

 

Zeinek orduan ahaztuarazi

Euren arteko bekaitzak,

Gerra ondoan gelditzen diran

Oroipen beltz ta leikitzak?

 

Zeinek hoietxek zu hilko bazina

Bihurtu lehengo pakera,

Piztuarazirik sorterriari

Zor dioten maitaera...?

 

Behin ere baina beharrago zaitu

Oraintxe Euskal Herriak....

Zu hiltzen bazera galduak dira

Ebroz honunzko alderdiak.

 

Egia da hori, Aitor laguna

Neronek ere badakit,

Bainan, zer egin bihotz guzia

Pusketan badihoakit?

 

Zer egin, Ama? Biziagatik

Ahal dan guzia ahalegin,

Espainiako bazter lehenen hau

Betiko hondatu ez dedin.

 

Nola ordea? Nik ez nezaket

Pena gehiago sufritu....

 

Jesusen Amak askoz gehiago

Ez zituen padezitu?

 

Bai hori hala da, baina hura zan

Jaunaren Ama laztana.

 

Jainko honek berak emango dizu

Behar dezun eramana.

 

 

Nola ordea, nere haur tristeak

Zuzendu bide onera?

 

Oso etsirik, berak berriro

Bihurtuko dira etxera.

 

Ai, Aitor, Aitor! deitu diotet

Mila bider, baina alperrik,

Itsumustuak, ez dute aditzen

Ama zaharraren esanik.

 

Jainkoarena aituko dute

Hala konbeni danean,

Ta zeinek daki ekaitz triste hau

Sentiturik gaur gainean,

Turmoi gogor ta dunbadarian,

Tximist argi ta azkarrean,

Ikusi duten, izugarrizko

Jaunaren boza batean,

Guzi-ahalduen begi zorrotza

Berai begira bestean?

 

Ai bada Jaunak, noizbait halare

Balitu ikutu bihotzean !

Zalantz honetan, Aitor maitea,

Ez nago ordea soseguz,

Ta inola ere ezin mugi niteke

Bakarrik ta nere buruz;

Zoazkit, bada, ia agertzen dan

Nor edo nor ingurutan

Nere ume triste hoien berririk

Inondik dakienikan.

 

Bat edo beste agertutzen dan

Oraintxe joango naiz pozik

Ta ageri balitz hemen da laster,

Hortaz ez euki beldurrik.

 

Zoaz, bai, Aitor, zoaz Jaunagaz,

Ia ekartzen nazun berririk.

 

Euskal semeak atozte laster!...

Aizu, gaztea, hemendik....!

 

Gazte polit bat lasterka dator

Aditurik nere boza

Jaun ahalmentsuak, ekar dezala

Bazter hoetara poza!

 

POST TENEBRAS SPERO LUCEM
Jose Manterola

Euskal-Erria, 1884