POST TENEBRAS SPERO LUCEM
Jose Manterola

Euskal-Erria, 1884

 

III

 

Atoz, atoz, gaztea

Atozkigu honera.

 

Zer nahi dit, Jauna; zertan

Serbi neza bera?

 

Atoz aurrera, Ama

Gajo bat dago hemen,

Penaz zoraturikan,

Oinazeaz hiltzen,

Bere ume tristeaz

Zerbait jakin nahirik…

 

Zer dezakiot esan

Ume hoietzaz nik?

 

Atoz zu beragana,

Hitz egin zaiozu,

Horrekin ere atsegin

Emango diozu.

 

Atoz, bai, atoz arren.

 

Andrea, zer nahi dit?

 

Atoz, ikus nahi zaitut.

 

Agindu bezadit.

 

Zer dakust, Jaun haundia!

Donosti maitea!

 

Ama, ama laztana!

Ama on nerea!

 

Arkite ustekabe ta

Zorionekoa,

Sinale asmegoki

Dontsu ta onekoa

Zuk dakartzu segurki

Berri zerukoa,

Biziko dala Ama

Euskal Herrikoa!

 

Laztandu nazu berriz

Donosti maitea,

Laztandu mila aldiz

Haur kutun nerea,

Bada ez naute asetzen

Zure maitagoak

Aspaldian hainbeste

Eresitakoak.

Atoz, eseri zaite

Nere ondoan, hemen

Bada ikusi ta ere

Ia ez det sinisten.

Ondoan zauzkatala

Hain gazte ta hain eder

Nola ikusten zindudan

Lehen hainbeste bider.

Atoz, maite-maitea,

Kontsolagarria,

Zuk gaur bihurtzen nazu

Berriro bizia.

Gaur bizi nahi det, Jauna,

Hil nahi banuen lehen

Baina hoen artean

Noizbait bezelaxen.

 

Nere bihotzeko

Ama kutun ta maitea,

Ez nuen asko uste

Hemen arkitzea.

Nolatan etorri da

Bakarrik onera,

Zerk, berriz, ekarri du

Hiltzeko unera?

 

Ai, gaixoa, ezagun da

Zerala gaztea,

Ez dakizula zer den

Penak izatea,

Zeranean horrela

Gauz hoitzaz harritzen,

Jakinik aspaldi  han

Nola bizi naizen.

 

Hainbeste, nere Ama,

Sufritu du beraz?

 

Zuk uste ahal izan baina

Gehiago ere askozaz.

Inork ezin lezake

Pentsatu munduan

Ama baten bihotzak

Zer sufritzen duan

Ikusirik umeen

Eskergetasuna,

Beren alde egitea

Edo hoztasuna.

 

Inoiz ordea, Ama

Pentsatu ere du,

Diogun nahitasuna

Geniola galdu?

 

Ai, bada ez banuen

Pentsatu sekulan,

Sufritu dedan aina

Sufrituko ez nuan!

Zalantz hori ez dakizu

Nere ume gaixoa

Zeinen zorrotza den ta

Zein heriozkoa.

Beragatik egon naiz

Hiltzeko zorian,

Ta hilko nitzan segurki,

Eman ez bazian

Behar nuen indarra

Horlako trantzian

Zuek uzteko penak

Guda zorrotzian.

 

Halare, Ama gajoa,

Berriro arkitzen det

Eta bakarrik inoiz

Gaurtik utziko ez det,

Ordainduaz honela

Lehengo utziera,

Eta erakutsiaz

Nere maitaera,

Ni izango nau aurreruntz

Beti aldamenean,

Nik kontsolatuko det

Triste dagoenean

Gure zortziko zaharrak

Alai kantatuaz

Eta berorren penak

Horla gozatuaz.

Noiz edo noiz izango

Baldin baluke min

Ni izango nau erizai,

Ni ere sendakin,

Eta edukiko det

Bere gaitz-ondoan

Kontu zarrak kontari

Beti far gozoan.

Nik lagunduko diot

Bere beharretan,

Nik alegratuko det

Tristetasunetan,

Ahaztuarazirik oso

Oroitz beltz guztiak

Eta gogorazirik

Farkoi eta alaiak.

Modu honetan laster

Sendatuko da oso

Jarririk berehala

Lehen bezin airoso,

Ta alde batera utzirik

Pena ta tristurak

Berrituko ditugu

Lehengo gure ohiturak.

 

Bai, bai, nere maitea.

 

Ama bihotz-bera!

 

Halare oraindik ere

Euskalduna zera!

 

Zer bada?

 

Beldur nintzan

Nere ez jakinan

Beti erdaldun artean

Erdalduntu zinan.

 

Ez, ez, hori, behin ere....

Hemen jaio nitzan,

Euskalduna izandu naiz

Ta hala nahi det izan.

Ez naiz sekula ahaztuko

Amatxo neria,

Zor dizkadala izate

Ta hizkuntz hau guzia;

Nere seme argidotar

Okendo hilezkorra,

Idiakez ta Isasi,

Etxaide pizkorra,

Eta beste askorekin

Jiron ta Aranburu,

Euskaldunak zirala

Nahiz erdaldun buru;

Euskaldunak bai ere

Ta euskerazaleak

Hizkun ta izkribalari

Eder ta maiteak,

Lariz apaiz jaun hura,

Donostiar fina,

Ta Aita Meager, gizon

Zintzo ta jakina.

Eta nola ahaztuko naiz

Bilintx triste hartzaz?

Nola kantari eder

Ezti-gozo hargaz?

Euskaltzaleagandik

Oso estimatua,

Bere anai guziaz

Beti maitatua,

Berari zor diozkat

Zenbait kanta gozo,

Irakurtzen diranak

Atseginez oso.

Ta zer: izanda gero

Horlako semeak,

Nahi du ahaztutzea euskera

Ta euskaldun legeak?

Ez, ez, hori behin ere!

Hemen jaio nintzan

Euskaldun izandu naiz

Ta hala nahi det izan!

 

Atoz, atoz nigana

Donosti maitea,

Laztandu nazu berriz

Kutuntxo nerea:

Honela zu ikusita

Nago zoraturik,

Ta erotzeko zorian

Hizketan ariturik.

Atoz, laztandu nazu

Mila aldiz, umia,

Gaur bihurtzen didazu

Berriro bizia.

 

Lurreko ama guztien

Artean onena,

Zorion zagun gaurko

Gure zoramena;

Bai, amatxo nerea

Hemendik aurrera,

Amik dohatsuena

Berorri izango da,

Hemen bilduko dizkat

Laster seme-alabak,

Ahazturikan haserre

Madarikatuak,

Eta bat eginikan

Guziak gaurtandik,

Biziko gera aurreruntz

Pakean ta pozik.

 

Ai, kutuntxo nerea,

Hala izan dedila,

Bai, bai, zoaz korrika

Senideen bila,

Ia arkitzen dituzun

Eta etortzen diran,

Zu bezelaxe denak

Laztandu ditzadan!

 

Adio, bada Ama,

Bekar berriz musu,

Eta nere etorreraz

Ez bedila estutu;

Salto bian banoa

Ta hemen naiz berehala....

Jaunak bere laguntza

Eman dizaidala!

 

POST TENEBRAS SPERO LUCEM
Jose Manterola

Euskal-Erria, 1884