LARROSA TA LAUZIRI
Jose Elizondo

Eskuizkribua, 1910
Euskal Esnalea, 1913 (Martxoak 30, Apirilak 15 eta 30, Maiatzak 15)
Martin, Mena y Cia-ren Echean, 1913
armiarma.eus, 2015

 

VI

IDIXKOA

 

      Aste santua zan.

      Zarauzko eleiza, egun oyetan ohi danez, beltzez soinekaturik zegoan.

      Udaberria izanakatik, egoaldi astunagorik egin ez zezakean.

      Bazirudian Judasen laztanak edo Herodesen errai gaiztoetako kutsuek haizea pozoitu zutela; hain astun eta itzal zegoan.

      Orain ohi ez bada ere, orduan gauerdiko prozesioa egitea ohi zan Zarautzen, eta prozesio berean, gizonezkoak, Nazareno jantzirik joan ohi ziran.

      Baita neskatxetatik bat, Madalen ogendariaren antzera jantzirik, prozesioaren erdi aldean zihoan.

      Haren hurrengo, Jesusen hobi donea zaintzen, gudariz jantzitako aldratxo bat joan ohi zan.

      Gau erdia hurbil zan.

      Zarauzko zeiaren erdian zegoan lauburu oinean, gudariz jantzitako batek otoi zegian ezpata dizdizaria gerritik behera zintzilika zuela.

      Lauburu deunaren besoak, ilargiaren musu zilartsuak ziargi biziakin erakusten zituan; beren errainuak, lurrean etzanda zeudelarik, Jesus berriro iltzez josi zezaten zain baleude bezela ageri ziran.

      Gudariak otoia amaitu zunean, jaiki eta eleiz alderuntz joaten abiatu zan.

      Une berean emakume bat, ileak zintzilika zituala eta Madalen ogendariz jantzirik, gudaria bezela eleiz aldera zihoan.

      Alkar estropozoz jo beharrik hurreratu ziranean, batak besteari begiratu zien.

      Larrosa! —esan zuan gudariak.

      —Lauziri! emakumeak.

      —Orain zaude zure ogenak estaltzeko erosoen jantzita —esan zion Lauzirik.

      —Ez daukat berriketarako gogorik —neskatxak erantzun zion.

      —Birao negargarria! —esan zuan Lauzirik, eta ezpata gerritik atera zuan.

      —Ama! —deadarka esan zuan Larrosak, eta ihasi abiatu zan, Lauziri ondoren zihoakiola, baina ez eleiz aldera, bere etxe aldera baizik.

      Bizi zerraioan mutilak neskatxari, baina biziago zeramaten neskatxa herioaren hegoek.

      Hain zuzen etxera heldu zanean, ikuiluko atea zabalik zegoan.

      Larrosa sartu zanakin batera, Lauzirik iletatik eskua egotzi zion, eta beste eskuakin zeraman ezpata jaso zuan.

      Galtzairu disdizaria Larrosaren biziari zertzena eman beharrik jatsi zuanakin batera, ikuilu barrutik irten zan idixko batek Lauziri praka kurutzetik oratuta airean sartamilaka bota zuan.

      Hari eskerrik, Larrosak ezkaratzeko atea atxitu zuan, eta giltzez barrutik itxi zuan.

      Bertan egon zan ikara bizian, bere ama eta ganerontzeko bizilagunak eleizatik etxeratu ziraneraino.

      Haek etorri ziranean, ikuilura joanta Lauziri kontzu gabetanik zegoala arkitu zuten ikuilu barrutik sortu zan idixkuak eman zion adarkazoak egindako zauritik odol txirrioa zeriola.

 

LARROSA TA LAUZIRI
Jose Elizondo

Eskuizkribua, 1910
Euskal Esnalea, 1913 (Martxoak 30, Apirilak 15 eta 30, Maiatzak 15)
Martin, Mena y Cia-ren Echean, 1913
armiarma.eus, 2015